Celeste Caeiro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Celeste Caeiro
Celeste Caeiro.png
Bizitza
Jaiotza Portugalgo Erresuma1933ko maiatzaren 2a (85 urte)
Herrialdea  Portugal
Jarduerak
Jarduerak zerbitzaria

Celeste Martins Caeiro (1933ko maiatzaren 2a) 1974ko apirilaren 25ean Portugaleko diktaduraren aurkako estatu-kolpea egin zuten militarren artean krabelinak banatu zituen emakume portugaldarra da. Ekintza hori dela eta, Marcello Caetano dikadorearen aurkako altxamenduari Krabelinen Iraultza esaten zaio.

Krabelinak kanoietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mural2

Celeste Caeiro hiru neba-arrebatan gazteena da. Ama espainiarra zuen, eta aita ez zuen ia ezagutu ere egin, emaztea eta seme-alabak utzita alde egin baitzuen.

1974ko udaberri hartan, Celeste Caeirok Lisboako Braancamp kaleko jatetxe batean lan egiten zuen; jatetxea urtebete lehenago inauguratu zuten, 1973ko apirilaren 25ean hain zuzen. Lehen urteurrena ospatzeko, kudeatzaileek bezeroen artean loreak eta Porto-ko ardoa banatzeko asmoa zuten; baina, altxamendua zela eta, ez zuten jatetxea zabaldu, eta langileei esan zieten etxera joateko. Bezerorik ez zegoenez, biltegian gordeta zituzten loreak langileei eman zizkieten, eta, hala, langile bakoitza krabelin zuri-gorrien sorta banarekin atera zen jatetxetik.

Etxerako bidean, Caeirok Rossio-rako metroa hartu zuen, eta Chiado auzora joan zen. Han, iraultzaileen tankeekin topo egin zuen. Haietako batera gerturatu, eta zer gertatzen zen galdetu zuen. Soldatu matxino batek erantzun zion: “El Carmo-rantz goaz, Marcelo Caetano atxilotzera. Iraultza da!”. Soldaduak zigarreta bat eskatu zion Caeirori, baina berak zigarretarik ez. Zer edo zer eman nahi zion jateko, baina, denda guztiak itxita zeudenez, eskura zeukan bakarra eman zion: krabelin bat. Eta halaxe esan zion: “Nahi baduzu, hemen duzu; edonori eskaintzen zaio krabelin bat”. Soldaduak krabelina onartu zuen, eta fusilaren kanoian ipini zuen. Hori ikusita, Caeirok krabelin bana eskaini zien Chiadotik Martirien Elizarainoko bidean aurkitu zituen soldatu guztiei, eta haiek beren fusilen kanoietan paratu zituzten.

Keinu hori dela eta, Caeirori Celeste dos cravos [krabelinen Celeste] esaten zioten. 1999an, Rosa Guerreiro Dias poetak “Celeste em Flor” poema eskaini zion.

Celeste Caeiro Lisboako Askatasunaren Etorbidetik metro gutxira dagoen etxe txiki batean bizi da, 370 euroko pentsioarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu hau portugesezko Wikipediako artikulutik ekarri dugu euskarara. Erreferentziak han aurkituko dituzu.