Cerdá egitasmoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cerdá egitasmoaren hasierako proiektua

Cerdá egitasmoa Ildefonso Cerdá y Sunyerrek Bartzelona berritzeko aurkeztu zuen egitasmoa izan zen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1859an, Bartzelona, Ildefonso Cerdá y Sunyer polifazetikoak –arkitektoa, ingeniaria, urbanista, jurista, ekonomialaria eta politikaria zen– hiria zabaltzeko proiektua aurkeztu zuen, eta zabalgunea hirigintza plan horri jarraituz eraikitzen hasi ziren, errege agindu baten bidez onartu ondoren[1].

Cerdá egitasmoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasun baldintzak hobetzeko, erdian patio zabala zuten “etxebizitza uharteak” diseinatu zituen. Kaleek hamar metrotik gorako zabalera izango zuten –ordura artekoak gutxitan iristen ziren lau metrora– eta errailen gaineko zirkulazioa ere aurreikusi zuen. Ez da jakin egungo trafikoa aurreikusiko ote zuen, baina egun, Bartzelonako zabalguneko kaleek oraindik autoentzat egokiak direla erakusten dute. Etxebizitza blokeetan angelu zuzenak ebaki zituen. Hala, kale-gurutze guztiak plaza oktogonal modukoak bihurtu zituen. 20 edo 25 bloketik bat ekipamenduetarako bideratu zuen. Lana eta bertan bizitzea uztartzea ahalbidetzen zuen hiria diseinatzea izan zuen xede. Proiektu progresista zen, baina gizakiaren neurrira egina. Aldirietan antolatutako hiriak baino arrazionalagoa eta humanoagoa zen[1].

Egitasmoaren eragina eta onarpen eza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo urtetan zenbait hirik Cerdáren plana aintzat hartu zuten Erdi Aroko harresiak bota eta zabaltzen hasi zirenean, besteak beste Donostiak (1864) eta Iruñeak (1901). Hala ere, oro har, Cerdáren ekarpenak ez zuen merezitako onarpenik jaso. Jarduera ekonomikoa eta atsedena uztartzeko ahalegina alde batera utzi eta hiri sateliteak bultzatu ziren, kasurik onenetan. Bartzelona bustitzen duen Mediterraneo itsasoaren kostaldean kontrolik gabeko urbanismo basatia nagusitu da gaur arte[1].

Hirigintza plan horren balioaz eta ordutik burutu diren gehiegikeriez jabetuta, Kataluniako instituzioek 2009a Cerdáren urtea izendatzea erabaki zuten[1].

Garaiko instituzioek ez zuten begi onez ikusi proiektua eta Espainiako gobernuak nahiz Bartzelonako Udalak ez zioten urtetako lan eskergagatik zor zioten soldata ordaindu. Ildefonso Cerdá sosik gabe hil zen 1876an[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Nagore Irazustabarrena, «Bartzelona berriak 150 urte», Argia, 2009-11-15, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]