Edukira joan

Charaxes jasius

Wikipedia, Entziklopedia askea
Charaxes jasius
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaNymphalidae
LeinuaCharaxini
GeneroaCharaxes
Espeziea Charaxes jasius
Linnaeus, 1767
Datu orokorrak
OstalariaBerlinia, Copaifera, Elaeodendron, Isoberlinia, Maytenus, Brachystegia, Burkea, Afzelia quanzensis, gurbitz, Pseudocedrela eta Schotia

Laubuztaneko herensugea[1] (Charaxes jasius) Nymphalidae familiako lepidoptero ditrisio espezie bat da. Saharaz hegoaldeko Afrika osoan zabalduta dago, baita Iberiar penintsulako itsasertz mediterraneo eta atlantikoetako eskualdeetan ere, eta Frantziako hegoaldean, Italian, Grezian, Albanian, Dalmaziako kostaldean, Mediterraneoko uharteetan eta Afrikako iparraldean. Euskal Herrian, Nafarroako erdialdean jaso dira espeziearen behaketak[2].

Haren beldarrak gurbitza izeneko zuhaitzetik elikatzen dira. Charaxes generoak Europan duen ordezkari bakarra da; izan ere, Afrika tropikalean bizi diren espezieek osatzen dute gehienbat genero hori.[3]

Charaxes jasius-en beldarra.

Tximeleta honen beldarrak luzangak dira, berde kolorekoak. Buruaren goialdean sei bat irtengune dituzte, adarren antzekoak. Pupa ere berde kolorekoa da. Tximeleta helduek buru txikia dute, begi handiak eta tamaina ertaineko antenak; bularraldea zuri-beltza eta marroi gorrixka, eta sabelalde txikia gris kolorekoa. Hegoen barrualdeak zerrenda beltzak, laranjak eta horiak ditu. Kanpoaldetik, marrazki-figura konposatuak ditu, zuria, beltza, laranja eta marroi gorrixka tartekatuz, eta atzeko hegaletan ozelo batzuk ageri dira. Arrek 65-75 mm-ko hego-zabalera dute, eta emeek 75-90 mm-koa. Europako eguneko tximeletarik handiena da. [4]

  • C. j. jasius (Europako hegoaldea, Afrikako iparraldea).
  • C. j. brunnescens, Poulton, 1926 (Gabon, Angolako iparraldea, Afrika Erdiko Errepublika, Kongoko Errepublika Demokratikoaren hego-mendebaldea).
  • C. j. epijasius, Reiche, 1850 (Senegal, Gambia, Ginea-Bissau, Ginea, Mali, Sierra Leona, Liberia, Boli Kosta, Burkina Faso, Ghana, Togo, Benin, Nigeria, Niger, Kamerun, Afrika Erdialdeko Errepublika, Hego Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kenyako ipar-mendebaldea).
  • C. j. harrisoni, Sharpe, 1904 (Ugandako hego-mendebaldea, Kenyako hego-mendebaldea, Tanzaniako ipar-mendebaldea).
  • C. j. pagenstecheri, Poulton, 1926 (Etiopiako hegoaldea, Somalia).
  • C. j. saturnus, Butler, 1866 (Keniako ekialdea eta ipar-ekialdea, Tanzania, Malawi, Kongoko Errepublika Demokratikoaren erdialdea eta hegoaldea, Angola, Zambia, Mozambike, Zimbabwe, Botswana, Namibiako ipar-ekialdea, Hegoafrika, Swaziland).

Afrikako populazioen larbak Sorghum roxburghii, Lonchocarpus cyanescens eta Cassine landareez elikatzen dira; populazio mediterraneoek, berriz, gurbitza (Arbutus unedo) jaten dute ingurune naturalean. Ingurune antropizatuagoetan, Brachychiton generoko hainbat espezie ere hauteman izan dira elikadura-landare gisa (hiri-lorezaintzan erabiltzen diren zuhaitz exotikoak dira), eta, batzuetan, laranjondoa.[5] Helduek, oro har, fruta heldu edo ustelen zukuak zupatzen dituzte, baita gorotzen lixibiatuak eta usteltzen ari diren gorpuak ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Gaztelaniaz) Listado de especies de las mariposas de España. .
  2. ↑ Boletín de la Sociedad Entomológica Aragonesa
  3. ↑ Charaxes, funet.fi
  4. ↑ Woodhall, Steve. Field Guide to Butterflies of South Africa, Cape Town: Struik Publishers, 2005.
  5. ↑ Charaxes, funet.fi

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]