Che Guevara

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Che Guevara
Che Guevara
Datu pertsonalak
Izen osoa Ernesto Guevara
Ezizena Che
Jaio 1928ko ekainaren 14a
Rosario (Argentina)
Hil 1967ko urriaren 9a
La Higuera (Bolivia)

Ernesto Guevara[1] (Rosario, Argentina, 1928ko ekainaren 14a - La Higuera, Santa Cruz, Bolivia, 1967ko urriaren 9a), "Che" Guevara ezizenez ezagunagoa, iraultzailea, hainbat gerrilletako buruzagia, militarra, Kubako ministroa, medikua, politikaria eta pentsalari ezkertiarra izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi urterekin asma harrapatu zuen, bizitza guztian jasango zuena; hau dela eta, familia osoa Alta Graciara aldatu zen, non nahiz eta klima lehorragoa izan Ernestoren osasunak ez zuen hobera egin. Lehen hezkuntza etxean hartu zuen, bere ama Celia de la Sernaren tutoretzapean. Bere aitaren liburutegian zeuden Marx, Engels eta Freuden liburuen irakurle sutsua bihurtu zen. 1941ean Deán Funes Eskola Nazionalera joan zen, non literaturan eta kiroletan nabarmendu zen. Aro horretan bere pentsamenduan Espainiako Gerra Zibileko errefuxiatuen presentziak eta Argentinako krisi politikoak (non bere familiak parte hartu zuen) nabarmen eragin zuen.

Gaztaroa, Hegoameriketan egindako bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ernesto Guevara gaztea 17 urterekin

Gertaera horiek guztiek Guevara gaztearengan demokrazia alderdikoiari, armadari, kapitalismoari eta, batez ere, inperialismoari buruzko mespretxua eragin zuten. Haren gurasoek politikan parte hartu zuten arren, berak politikarako interes gutxi erakutsi zuen Buenos Airesko Unibertsitatean (1947), Medikuntza ikasi zuen tokian.

1949an Argentinan zehar bidaiatu zuen motorrez, eta lehen aldiz harremanetan jarri zen behartsuekin eta indigenekin.

1951ean are bidaia handiagoa egin zuen bere lagun Alberto Granados Jimenezekin. Argentinako hegoaldea, Txile (non Salvador Allende ezagutu zuen), Peru, Kolonbia (non atxilotua izan zen), Venezuela eta Miami bisitatu zituzten, eta Hego Amerika miseria ezagutu.

Boliviatik Mexikora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Che, gerrillari Santa Claran (1958).

Ondoren, La Pazera (Bolivia) joan zen, hango Iraultza Nazionala gertatzen zen aldian. Gero Guatemalara, non alderdi komunistan parte hartzeari uko egin zion. Han ezagutu zuen Hilda Gadea, indigena jatorriko marxista bat. Hildak aurkeztu zion Fidel Castroren adiskide Nico Lopez. 1954an, CIAk bultzatutako estatu kolpeak gobernu ezkertiarra bota ondoren, Guatemalatik kanporatu zuten. Hilda Gadearekin eta Nico Lopezekin batera, Mexiko Hirira joan zen, non Raul eta Fidel Castro ezagutu zituen. Orduan, Che Guevara bila zebilen buruzagia aurkitu zuela konturatu zen.

Granmaren lehorreratzea, Kuban[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Castroren jarraitzaileei batu zitzaien, eta Alberto Bayok, Espainiako armada errepublikanoko kapitainak, komando eta gerrilla ikastaroak eman zizkion. Taldearen entrenamenduak poliziaren arreta bereganatu zuen, eta kubatar guztiak eta Che ere atxilotuak izan ziren; hilabeteren buruan askatu zituzten. 1959an Kuba inbaditu zutenean, Che haiekin joan zen, aurrena mediku lanetan eta gero komandante jardunez. Fulgencio Batista diktadorearen indarrak menperatu zituztelarik, iraultzaileak nagusitu ziren.

Iraultzaren garaipena, Banku Nazionaleko presidente[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cheren irudia Habanako Barne Ministerioan.

Che Fidel Castroren laguntzaile nagusia bihurtu zen, eta Kubako Banku Nazionaleko lehendakari eta gero Industria Ministro izendatu zuten.

Garai hartako nazioarteko buruzagi nagusiekin elkarrizketatu zen (Nasser, Tito, Khrustxev, Mao...), eta Nazio Batuen Erakundearen eta Amerikako Estatuen Erakundearen aurrean hitzaldiak egin zituen.

1959an Aleida Marchekin ezkondu zen, eta biek elkarrekin bisitatu zituzten Egipto, India, Japonia, Indonesia, Pakistan eta Jugoslavia. Kubara itzulita, Industriako ministrotzat, SESBekin negozio hitzarmen bat izenpetu zuen, Kuba AEBen menpekotasunetik atera zuena. Chek, iraultzan izan zituen esperientzietatik, axioma bat sortu zuen: «ez dago zertan iraultzarako baldintza guztien zain egon, matxinoek berek sor ditzakete». Maok bezala, nekazari herrialdeetan landak hirietara iraultza eman behar zuela pentsatzen zuen. Gizaki berriaren sorrerari buruz asko idatzi zuen. Berak esana da «Gizakia bere erabateko gizatasun egoerara heltzen da produzitzen duenean, bere burua salgai gisa saltzera behartua izan gabe».

Internazionalismo proletarioa, iraultza Ameriketara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Che Afrikako hainbat herrialdetan izan zen, gehienbat Kongon, hango iraultzaileei laguntzen. Belgikarrek iraultzaileak garaitu zituzten, eta 1965an Chek Fidel Castrori laguntza hura bukatutzat ematea eskatu zion.

1966an Boliviara joan zen, handik iraultza kontinente osora zabaltzeko asmoarekin. Hainbat kubatarrekin batera Boliviako Askapen Nazionalerako Armadan sartu zen. Hala ere, Boliviako Alderdi Komunistak bakarrik utzi zituelarik, eta bertako nekazarien laguntzarik gabe, Che eta haren taldea CIAko agenteek gidatutako komando batek atzeman zituen. Urriaren 9an La Higuera herrian (Santa Cruzko departamendua) sekretupean hil zuten.

Cheren gorpuaren nondik norakoa sekretupean egon zen, harik eta 1997an, DNA proba batzuen bidez, Che eta haren kideak lurperaturik zeuden zuloa aurkitu zen arte, Villagrande herriaren inguruan. Gorpuak Kubara itzuliak izan ziren, eta ohore guztiekin lurperatu zituzten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Che Guevara
Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Che Guevara