Chiara Civello
| Chiara Civello | |
|---|---|
(2025) | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Erroma, 1975eko ekainaren 15a (50 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Berklee College of Music |
| Hizkuntzak | italiera |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | abeslaria, egile abeslaria, jazz musikaria, musikagilea, piano-jotzailea eta estudioko musikaria |
| Genero artistikoa | jazza |
| Musika instrumentua | pianoa ahotsa |
| chiaracivello.com… | |
Chiara Civello (Erroma, Italia, 1975eko ekainaren 15a) italiar abeslari, konpositore eta piano jotzailea da.[1][2][3][4][5]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurtzaroa eta lehen ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erroman jaio zen, ama psikoanalista (Apuliakoa) eta aita medikua (Siziliakoa) zituela. Artearekiko sentiberatasuna zuen familia-testuinguruan trebatu zen. Hiru urte besterik ez zituela hasi zen musikan, amona Biancak animatuta. Solfeoa jakin barik, pianoa jotzen hasi zen, eta, hortaz, esperimentatu eta noten arteko lotura deskubritzen joan zen. 13 urte zituela, Erromako Saint Louis College of Music-en izan zen, eta hantxe ezagutu zuen bere lehen irakaslea, Edda Dell'Orso, Ennio Morriconeren laguntzailea, Cinzia Spata irakaslearekin jarraitzeko, zeinak eskolako ikasleentzako Umbria Jazz saioetan parte hartzera bultzatu zuen. Michel Legrand-en What Are You Doing The Rest Of Your Life abestiarekin Bostongo Berklee College of Music-erako beka lortu zuen. Bitartean, musika arloan mugitzen hasi zen, baita Italia barruan ere, Mario Raya Big Band-erako jotzen; han hainbat artistarekin kolaboratu zuen, Stefano Di Battista, Roberto Gatto eta Danilo Rea esaterako.
Hastapenak eta lehen diskoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1994an, Bostongo Berklee College of Music-en, Antonia Bennett ezagutu zuen, laugarren mailako laguna eta Tony Bennett abeslari ezagunaren alaba. Bennettek Bruno Martinoren Estate lanaren bertsio bat grabatzera gonbidatu zuen, eta Alain Mallet, John Lockwood eta Jamey Haddadekin jazz-talde bat osatu zuen. Graduatu ostean, New Yorkera joan zen. 2002an James Taylor-en October Road albumerako abesti batzuk grabatu zituen. Paul Simonekin jo zuen jazz bandari esker, Russ Titelman musika-ekoizlea ezagutu zuen, 2005ean Last Quarter Moon ekoiztu zuena. Hala, Verve Recordsentzat grabatu zuen historiako lehen artista italiarra izan zen. Albuma 46. postura heldu zen Billboardean, eta 32.000 kopia baino gehiago saldu zituen Italiako eta Japoniako zerrendetan. "Jazzeko top album" gisa kalifikatuz. Sasoi horretan Trouble abestia idatzi zuen Burt Bacharachekin batera, Chiarak bere lehen diskoan atera zuen hamargarren abestia.
2006an Italiara itzuli zen, Erromako Jazzaldian Michael Bublé eta Laura Pausinirekin aritzeko. 2007an, Steve Addubok The Space Between bigarren albuma ekoitzi zuen Emarcyrentzat. 2007an, Juan Luis Guerra abeslariarekin ere lan egin zuen, eta La Llave de Mi Corazón diskoko Algo Bueno kanta abestu zuen bikotean. Disko horrek bost Grammy Latino sari lortu zituen.
2008an Umbria Jazzen parte hartu zuen eta Pino Danielerekin batera L'Ironia di Sempre abestia idatzi zuen, Ricomincio da 30 albumean jasoa, uztailaren 8an Piazza Plebiscitoren garaipen-kontzertuan parte hartzeko, Danileren hogeita hamar urteko ibilbide musikalean. Nicola Conte DJ eta ekoizlearekin ere kolaborazioak egin ditu, Rituals albumean abeslari gisa parte hartuta, Karma Flower eta Paper Clouds kantuetan.
Brasilerako bidaia eta 7752 albuma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo urtean Brasilera joan zen, non Daniel Jobim zain zuen. Rio de Janeiron, Rocco Papaleorekin 2007an idatzitako Isola abestiarekin sarao batean (musika bilera) jardun zuen, eta hor aurkitu zen Ana Carolina, Dudu Falcão eta Totonho Villeroy bezalako artistekin.
2010ean Andres Levin-ek ekoiztutako 7752 diskoa kaleratu zuen, Ana Carolinarekin batera Resta kantuan arituz. Gero, Rede Globok ekoiztutako Passione brasildar telenobelaren soinu-banda bilakatu zen kantua. Albuma hurrengo urtean berrargitaratu zen luxuzko edizio batean, eta aurretik Chiara Civelok Rocco Papaleorekin batera idatzitako Tre xumea izan zen. Chiara Civellok Dudu Falcaorekin idatzi zuen, Simplesmente Eventeceu (Guerra dos sexos telenobela brasildarraren soinu banda) [20], 8 estoria, 10 minutos eta Traiçao, aipatutako Resta ez ezik, Ana Carolinaren N9ve diskoan ere sartu zirenak. Gero, Paola Turcirentzat Cuore distratto abestia konposatu zuen, Giorni di rose albumean dagoena, eta abeslari gisa parte hartu zuen Lacrime di cooodrillo kantuan, Joe Barbierik grabatutako singlean.
2011ko maiatzaren 1ean Fabrizio Bossorekin batera aritu zen, Erroman, Maiatzaren Lehenaren kontzertuan. 2011n ere, Mario Biondiren Due albuma sortzen lagundu zuen, azken horrekin All I Really Want abestuz.
2012 - 2021
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2012an Sanremoko Jaialdian parte hartu zuen, sailkatu barik, Big kategorian, izen bereko diskoaren irteera aurreratzen zuen Al posto del mondo abestiarekin. Nazioarteko artistekin duetoei eskainitako gaualdian, Shaggy rap kantari jamaikarrarekin agertu zen eszenatokian, You Don't Have to Say You Love Me kantatzen (abesti originala: Io che non vivo (senza te)). Duo klasikoen emanaldian, berriz, pianoan eta ahotsean Francesca Michielin izan zuen lagun, X Factor (talentuen telebistako lehiaketa) bosgarren edizioko irabazlea.
2012ko martxoaren 17an hasi zen Al posto del mondo bira. 2012ko uztailaren 9an Verona Arenan aritu zen, Antonello Vendittiren Unica tour delakoaren Io, l'orchestra, le donne e l'amore etapa berezian parte hartuta, Antonello eta Annalisarekin binaka kantatzeko. Al posto del mondo diskotik Ana Carolinarekin idatzitako Hey caro ragazzo eta Problemi singleak ere atera ziren. 2012an ere Musikultura musika jaialdian gonbidatu gisa parte hartu zuen. 2012ko abenduaren 24an, Rai 2 aretoan, Gabonetako Kontzertuaren hogeigarren edizioa izan zen ikusgai. Bertan, Chiara Civelok ere parte hartu zuen, Al Jarreaurekin batera. Era berean, Gabonak zirela eta, Al posto del mondo lanaren portugaldar eta espainiar bertsioak argitaratu zituen, hurrenez hurren, No lugar do mundo eta En lugar do mundo.
2014ko maiatzaren 6an, Nicola Contek ekoiztutako Canzoni albuma kaleratu zen, Bari, New York eta Rio de Janeiroren artean. 60ko hamarkadatik aurrerako italiar abestien 17 bertsiok osatu zuten albuma, jatorrizko bertsioetan Rita Pavone, Mina Mazzini, Vasco Rossi, Gino Paoli eta Lucio Battisti bezalako artistek interpretatuak, eta nazioarteko gonbidatuek ere parte hartu zuten, hala nola Gilberto Gil, Chico Buarque, Esperanza Spalding eta Ana Carolinak. Diskoaren soinu-arkitekturak Eumir Deodadok konpondu zituen eta Pragako Orkestra Sinfonikoak interpretatu. Diskoaren errealizazioan Magnus Lindgren saxofoi-jotzaile suediarra, Teppo Makynen bateria-jotzaile finlandiarra, Luca Alemanno baxu-jotzailea, Pietro Lussu piano-jotzailea, Gaetano Partipilo saxo altuan eta Guilherme Monteiro gitarra-jotzaile brasildarra ere izan ziren. 2014ko apirilaren 26an, Chiara Civelok Canzoni albuma estreinatu zuen UNESCOren Jazz Jaialdian Alberobellon eta apirilaren 30ean Bariko Showville Zinema Antzokian.
2014ko maiatzaren 26an, Musica e Comunicazione saria jaso zuen publizitatearen Grandprixean. 2014ko uztailaren 6tik aurrera Erromatik abiatu zen Canzoni diskoaren udako bira nazionala, irailaren 20an Beneventon bukatu zena. 2014ko irailetik, Chiara Civelok Gigi Marzullo eta Manuela Morenorekin batera egin zuen lan Rai Uno Settenote telebista saioaren gidaritzan. Urriaren 3an, Sanremon, gonbidatu berezi gisa parte hartu zuen Tenco Sariaren bigarren gaualdian. Canzoni bere azken diskoarekin lehiatu zen "Beste batzuen kantuen interpreteak" kategorian izendatutako artistetako bat da.
Azaroaren 3an, Vevo webgunean, "Io che non vivo senza te" eta "Io che amo solo te" abestien bideo ofizialak argitaratu zituen, non Gilberto Gil eta Chico Buarquerekin duetoak egin zituen, hurrenez hurren. Azaroaren 14az geroztik, ordea, albumaren nazioarteko birarekin konprometitu zen, eta Italiako eta atzerriko hirietan ibili zen. 2014ko azaroaren 25ean, albumaren bigarren singlea kaleratu zuen, Have yourself a merry little Christmas, 1944an Julie Garlandek Meet us in Saint-Louis filmerako grabatutako izen bereko abestiaren bertsioa. Abenduaren 1ean, Gino Castaldok eta Ernesto Assantek gidatu zuten Webnotte saioko gonbidatua izan zen jazz abeslaria, eta RadioCapital TVk eman zuen; Va bene così eta kaleratu berria zen Navidad soila interpretatu zituen. 2014ko abenduaren 7an, Canzoni albuma ere Japonian kaleratu zen, Sony Jazz & Classics-ek banatua. Civelok mundu japoniarrari aurkeztu zion diskoa, Tokio hirian egin ziren hiru ekitalditan. 2014an Brasilen, beste artista askorekin batera parte hartu zuen (Tosca, Chico Buarque, Fabrizio Bosso, Samuele Bersani, Maria Gadu, Giovanni Ceccarelli, etab.) Ivan Linsen InventaRIO incontra albuma egin zuen, eta Melhor Album Popular Brasileira kategorian Latin Grammy Award sarietarako aurkeztu zen.
2015eko urriaren 9an Kanzoni album arrakastatsua kaleratu zen Sony Music zigilupean Ameriketako Estatu Batuetan ere. New Yorkeko alkate Bill de Blasiok Metropolitan Museum-en aurkeztu zuen bere burua italiar herentzia ospatzeko. Gero, Estatu Batuetan zehar bira bat egin zuen New York, Boston, Miami eta Washington hirietan.
2016ko azaroaren 25ean Io argitaratu zen, Kalabriako kantautore ospetsu Sergio Cammarieren estudioko bederatzigarren albuma. Chiara Sergiorekin dueto batekin parte hartu zuen kantuan, latinezko doinu klasikoekin, Con te o senza te, abestiaren bideoklip ofizialean ere agertu zena, YouTubeko kanal ofizialean argitaratua.
2017ko martxoaren 31n kaleratu zuten Eclipse albuma, Nouvelle Vagueko Marc Collinek ekoitzia eta Parisen, New Yorken, Rio de Janeiron eta Barin grabatua.
2018ko udan gonbidatu berezi gisa parte hartu zuen, baita pianoa jotzen ere, Mayra Andrade abeslari caboverdetarrarekin eta Mestrinho akordeoilariarekin batera, Gilberto Gil Refavela 40 biran, Gilek 1977an Nigeriara egindako bidaia baten ostean grabatutako Refavela diskoaren berrogeigarren urteurrena zela eta, non lehen aldiz Fela Kuti abeslaria ezagutu zuen. Bira Europako 14 hiritan egin zen, Arlesko Jazzaldia, Montreaux, Umbria Jazz, Vienneko Jazza, Berlin eta Londresko Barbican Centre barne.
Chansons-en: Chiara Civello Sings International French Standards, Chiarak interpretatu zituen 12 klasiko 1945etik 1975era, guztiak frantziar konpositoreek idatziak. Michel Legrand, Charles Aznavour, Charles Trenet, Édith Piaf, Jacques Brel, Gilbert Bécaud eta Francis Lai: musika frankofonoa maite dutenentzako izen familiarrak, baina ez nazioarteko publiko zabalarentzat; beren sorterriko mugak gainditu zituzten abestiak, publiko musikal handiak Frantziako historiarenak zirela jakin barik. Hemen itzaletik argira pasatzen ziren abestiak. Nork pentsatuko zuen Feelings, The Good Life edo My Way frantziar egileek sinatu zituztela? Frank Sinatra, Julio Iglesias, Elvis Presley, Madonna, Lady Gaga, Luciano Pavarotti, Céline Dion, Dalida, Sex Pistols edo Caetano Velosok grabatu eta nazioarteko arrakasta lortutako piezak ziren. Chanson albuma 2021eko azaroaren 19an kaleratu zen.
Kritika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kritikoek beti estimatu izan dute Chiara Civelloren lana. 2005ean, Billboardek honakoa idatzi zuen kantautoreari buruz:
"Chiara Civello kantautorearen debut diskografikoaren edertasuna, xarma eta karisma etorkizun handiko hasiera dira, zalantzarik gabe, eta munduarentzat urte berriaren lehen errebelazioa adierazten dute".
Hala adierazi zuen International Herald Tribune-k ere:
"nortasunaren, sakontasunaren eta sofistikazioaren konbinazioa... ikaragarria".
Tony Bennett abeslari estatubatuarrak "bere belaunaldiko jazz abeslaririk onena" deitu zion kantautore italiarrari. Burt Bacharachek, bestalde, zera esan zuen:
"Superizar bihurtzeko kredentzial guztiak ditu".
Cyndi Lauper abeslari eta aktoreak Last Quarter Moon-i, bere lehen diskoari, "kezkagarria eta zoragarria" deitu zion. Phil Woodsek "abeslari bat baino gehiago, benetako musikari eta inprobisatzaile bat, pianista eta konpositorea" zela esan zuen.
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepublikako presidente Sergio Mattarellaren ekimenez, 2018ko abenduaren 19an Italiako Errepublikako Merituaren Ordenako Zaldun ohorezko titulua eman zioten (Cavaliere dell'Ordine al merito della Repubblica Italiana).
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Last Quarter Moon (2005)
- The Space Between (2007)
- 7752 (2010)
- Canzoni (2014)
- Eclipse (2017)
- Chansons (2021)
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2014an, Musica e Comunicazione saria.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Cuando los elefantes sueñan con la música - Las canciones de Chiara Civello - 13/12/24» RTVE.es 2024-12-13 (kontsulta data: 2025-02-01).
- ↑ (Ingelesez) Chiara Civello – Sito ufficiale di Chiara Civello. (kontsulta data: 2025-02-01).
- ↑ «Chiara Civello - Vertigo Music» www.vertigomusic.it (kontsulta data: 2025-02-01).
- ↑ «Chiara Civello _ AcademiaLab» academia-lab.com (kontsulta data: 2025-02-01).
- ↑ (Ingelesez) «Chiara Civello» Discogs (kontsulta data: 2025-02-01).