Christina Koch
| Christina Koch | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Grand Rapids, 1979ko urtarrilaren 29a (47 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Ipar Carolinako Estatu Unibertsitatea North Carolina School of Science and Mathematics NASA Academy (en) |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | astronauta eta ingeniaria |
| Enplegatzailea(k) | Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionala |
| Jasotako sariak | ikusi
|
| Astronauta | |
| Denbora espazioan | 473.158 minutu |
Christina Hammock Koch (Grand Rapids, Michigan, 1979ko urtarrilaren 29a) estatubatuar ingeniaria eta NASAren 2013ko promozioko astronauta da.[1] Ingeniaritza Elektrikoan eta Fisikan diplomaduna eta Ingeniaritza Elektrikoan masterduna da Ipar Carolinako Estatu Unibertsitatean.[2][3]
2019ko martxoaren 14an Koch Nazioarteko Espazio Estaziora joan zen 59., 60. eta 61. espedizioetako hegaldi ingeniari. 2019ko urriaren 18an soilik emakumez osatutako lehen ontziz kanpoko ibilaldia egin zuten Jessica Meirrek eta biek.[4] 2019ko abenduaren 28an emakume batek espazioan jarraian denbora gehien egondako marka hautsi zuen. 2020ko otsailaren 6an itzuli zen Lurrera, denera espazioan 328 egun, 13 ordu eta 58 minutu igaro ondoren.[5][6]
2026ko apirilaren 1ean, Artemis II misioan aireratu zen, eta Lurreko behe-orbitatik haratago bidaiatu zuen lehen emakumea izan zen, baita Ilargiari buelta eman zion lehen emakumea ere.[7]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grand Rapidsen jaioa, Jacksonvillen hazi zen. Durhamgo Ipar Carolinako Zientzia eta Matematika Eskolan graduatu zen 1997an. Unibertsitate-ikasketak Ipar Carolinako Estatu Unibertsitatean egin zituen, Raleighen. Han Ingeniaritza Elektrikoan eta Fisikan diploma bana lortu zituen 2001ean. Hurrengo urtean, 2002an, Ingeniaritza Elektrikoan masterra burutu zuen.[8] Horrez gain, 2001ean NASAren Akademian graduatu zen Goddard Espazio Hegaldi Zentroan.
2013an NASAk 21. astronauta talderako hautatu zuen Koch. 2015eko uztailean astronautagai entrenamendua gainditu zuen, astronauta izateko gaituz.
Lehenengo espazio-misioa 2019ko martxoaren 14an izan zuen. Nazioarteko Espazio Estaziora joan zen Soiuz MS-12 espazio-ontzian, Aleksei Olevtxinin eta Nik Hague astronautak eskifaikide zituela. Han 59., 60. eta 61. espedizioetako kideekin bat egin zuen. 2019ko martxoaren 29an soilik emakumez osatutako lehen ontziz kanpoko ibilaldia egin behar zuen Anne McClain astronautarekin batera, baina NASAk bertan behera utzi zuen segurtasun-arrazoiak zirela medio.[3] 2019ko urriaren 18an soilik emakumez osatutako lehen ontziz kanpoko ibilaldia egin zuen Jessica Meirrekin. 2020ko otsailaren 6an itzuli zen Lurrera, denera espazioan 328 egun, 13 ordu eta 58 minutu igaro ondoren. Horrekin, emakume batek espazioan jarraian denbora gehien egondako errekorra bereganatu zuen.[6]
2020ko abenduan, Koch Artemis programaren barruan ilargirako hegaldietarako hautagai izendatu zuten.[9] 2023ko apirilean, NASA AEBetako espazio agentziak jakinarazi zuen nortzuk izango ziren Artemis misioko astronautak: Gregory Wisman komandante, Christina Hammock Koch misioko espezialista, Victor Glover pilotu eta Jeremy Hansen CSA Kanadako Espazio Agentziako astronauta kanadarra.[10] Hegaldia 2026ko apirilaren 1ean hasi zen, eta bost egun geroago ilargiaren inguruan orbitatu zuen. Horrela, Koch Ilargiaren inguruan orbitatu zuen lehen emakumea izan zen.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) NASA. 2013 Astronaut Class. (kontsulta data: 2020ko martxoaren 2a).
- ↑ (Ingelesez) NASA. Christina Hammock Koch NASA Astronaut. (kontsulta data: 2020ko martxoaren 2a).
- 1 2 Lartzanguren, Edu. (2019ko martxoaren 29a). [ https://www.berria.eus/paperekoa/1936/030/001/2019-03-29/nasa-emakumeei-neurria-hartu-ezinean.htm « NASA: emakumeei neurria hartu ezinean»] Berria (kontsulta data: 2020ko martxoaren 2a).
- ↑ (Gaztelaniaz) Salas, Javier. (2020ko urriaren 18a). «Meir y Koch, protagonistas del primer paseo espacial solo de mujeres» El País (kontsulta data: 2020ko martxoaren 2a).
- ↑ Urrutikoetxea, Ane. (2020ko otsailaren 7a). «Christina Koch, bidaia espazial luzeenaren errekorra» Gaztezulo (kontsulta data: 2020ko martxoaren 2a).
- 1 2 [ https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2020-02-07/hemeroteca_articles/errekorra-hautsita-itzuli-da-christina-koch-astronauta «Errekorra hautsita itzuli da Christina Koch astronauta»] Gara 2020ko otsailaren 7a (kontsulta data: 2020ko martxoaren 2a).[Betiko hautsitako esteka]
- 1 2 Karrion, Iratxe Muxika. (2026-04-11). «Itsasoratu da ‘Orion’, eta bukatu da Artemis II misioa» Berria (kontsulta data: 2026-04-16).
- ↑ (Ingelesez) NASA. (pdf) Astronaut Biography: Christina H Koch. NASA Astronaut.. (kontsulta data: 2020ko martxoaren 2a).
- ↑ (Ingelesez) NASA names 18 astronauts for Artemis moon missions – Spaceflight Now. (kontsulta data: 2026-04-16).
- ↑ Garmendia, Jon Ordoñez. (2023-04-03). «Artemis misioaren lehen astronautak aurkeztu ditu NASAk» Berria (kontsulta data: 2026-04-16).