Christina Miller
| Christina Miller | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Coatbridge, 1899ko abuztuaren 29a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | 2001eko uztailaren 16a (101 urte) |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Heriot-Watt University (en) Edinburgheko Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | kimikaria |
| Jasotako sariak | ikusi
|
| Kidetza | Edinburgoko Errege-elkartea |
Christina Cruikshank Miller (Coatbridge, Eskozia, 1899ko abuztuaren 29a - 2001eko uztailaren 16a) eskoziar kimikaria izan zen, Edinburgoko Errege Elkarteko kide bezala aukeratutako lehen emakume kimikaria (1949ko martxoaren 7a).[1][2][3] Christina Millerrek gorreria pairatu zuen haurtzaroan, eta begi batean ere galdu zuen ikusmena, 1930ean laborategian izandako leherketa baten ondorioz. Edinburgoko Unibertsitateak eraikin bat izendatu zuen bere omenez. Heriot-Watt Unibertsitateak ere badu eraikin bat bere izenean: "Christina Miller Hall".[4]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Christina Cruikshank Miller 1899an jaio zen Coatbridgen, Eskozian. Geltokiko nagusi baten alaba, bi ahizpetan zaharrena izan zen. Elgorria eta errubeola izan zituen bost urte zituenean, eta baldintza horrek belarria kaltetu zion. Gainera, pixkanaka okerrera egiten jarraitu zuen bizitza osoan.[5] Kimikaz interesatu zen aldizkari batean artikulu bat irakurri ondoren. Aldizkari horretan kimika analitiko industriala agertzen zen, emakumeentzako karrera-aukera potentzial gisa.[2]
Christina Millerrek aldi berean ikasi zuen Edinburgoko Unibertsitatean (1917-1920) eta Heriot-Watt Unibertsitatean (1917-1921).[6][5] Lehen Mundu Gerran gaueko klaseetara joan zen. Garai horretan kimikako diploma bat lortzeko ikasten ari ziren hiru emakumeetako bat zen. Edinburgoko Unibertsitatean graduatu zen 1920an, eta Zientzian lizentziatu zen, sari berezi batekin. Ikasgelako domina irabazi zuen, eta Vans Dunlop beka eman zioten.[3] Beka horri esker, karrera zientifikoarekin jarraitu ahal izan zuen doktoregoan. Hurrengo urtean Heriot-Watt Unibertsitatean graduatu zen. 1920an, James Walkerri berarekin lan egiteko eskatu zion Edinburgoko Unibertsitatean. Garai hartan literatura zientifiko gehiena alemanez idatzita zegoenez, Walkerrek alemanez ikastea eskatu zion aldez aurreko baldintza gisa. Christina Millerrek 1921etik 1924ra egin zituen doktoretza ikasketak, James Walkerren beraren babespean.[2]
Ibilbide zientifikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esan bezala, James Walkerrek zuzendutako doktorego-lana (PhD) egin zuen. Stokes-Einstein legea disoluzioetan egiaztatzen lan egin zuen. Biskositateak eta tenperaturak nola eragiten zuten iodoaren difusioan hainbat disoluziotan aztertu zuen.[1][7] Bere lana Proceedings of the Royal Society-n argitaratu zen.
Doktoretza egin ondoren, fosforo oxidoen propietateak ikertzen hasi zen.[5] 1928an fosforo trioxido puruaren lehen lagina lortu zuen eta aurreko laginetan ikusitako lumineszentzia fosforo disolbatuaren presentziaren ondorio zela erakutsi zuen.[8] Bere argitalpenak Edinburgoko Errege Elkartearen Keith Domina jaso zuen.[1][3] Lan honen arrakastak 30 urte bete baino lehen zientzietako doktoretza (DSc) lortzeko balio izan zuen.
Ikerketa mugatuta geratu zen laborategiko leherketa baten ondorioz begi batean ikusmena galdu ondoren.[3] Istripuaren ondoren, arrokak eta metalak aztertzeko mikroanalisi-teknikak ikertzen eta garatzen aritu zen Miller.[9]
Ann Jonesen arabera, "Christina Miller benetako aitzindaria izan zen. Aurkikuntza berritzaileak egin zituen kimika analitikoan, batez ere gizonezkoek menderatzen zutenean eremua, eta hainbat ikasle belaunaldiren inspirazio iturri izan zen irakasle eta aholkularia izan zen.[1][10]1933an irakaskuntza laborategiko zuzendari izendatu zuten.
1949an, Edinburgoko Errege Elkarteko kide hautatu zuten, James Pickering Kendall, Sir Edmund Hirst, John Edwin Mackenzie eta J. Norman Davidsonek proposatu ondoren. Elkartearen Keith Domina jaso zuen 1927-29 denboraldian.[11]
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Keith domina (1929)
- Edinburgoko Errege Elkarteko kidea (1949)
- Heriot-Watt Unibertsitateko ohorezko kidea (1951)
- Edinburgoko Unibertsitateak eraikin bat izendatu zuen bere omenez. Heriot-Watt Unibertsitateak ere badu eraikin bat bere izenean: "Christina Miller Hall".
Gutun pertsonalak J.P. Ward-i
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu honek (PDF) Christina Cruickshank Miller doktorearen eta J. P. Warden, bere ikasle ohietako baten arteko korrespondentzia pertsonaleko hogei gutun biltzen ditu. Eskutitzak 1984 eta 2001 bitartean idatzi ziren, eta urte horretan hil zen Miller irakaslea, 102 urte zituela.[12]
Aipamenak artean eta kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chrissie Miller pertsonaia gisa agertzen da Julian Wagstaff musikagile eskoziarraren Respira Libremente operan (Opera honek James Kendall kimikariak idatzitako izen bereko liburutik hartzen du izena).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2017-08-29). «Christina Cruikshank Miller, química» Mujeres con ciencia (kontsulta data: 2025-10-30).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Chemistry was their life : pioneering British women chemists, 1880-1949 | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ a b c d «"Christina Cruickshank Miller"» www.royalsoced.org.uk (Royal Society of Edinburgh. Royal Society of Edinburgh) (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ (Ingelesez) «Christina Cruikshank Miller (1899 - 2001) | Alumni Services» Alumni 2024-10-28 (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Pioneering British women chemists : their lives and contributions | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ Raynor-Canham, Marlene. (2008). Chemistry Was Their Life: Pioneering British Chemists, 1880-1949.. Imperial College Press., 286-288 or..
- ↑ Miller, Christina Cruickshank. (1997-01). «The Stokes-Einstein law for diffusion in solution» Proceedings of the Royal Society of London. Series A, Containing Papers of a Mathematical and Physical Character 106 (740): 724–749. doi:. (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ (Ingelesez) Miller, Christina Cruiokshank. (1928-01-01). «CCXL.—The preparation and properties of pure phosphorus trioxide» Journal of the Chemical Society (Resumed) (0): 1847–1862. doi:. ISSN 0368-1769. (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ (Ingelesez) Chalmers, Robert A.. (2001-07-30). «Chrissie Miller» The Guardian ISSN 0261-3077. (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ (Ingelesez) Harry. (2013-07-30). «Do You Remember…? Chemistry Trailblazer Christina Miller» The Watt Club (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ «Biographical Index of Former Fellows of the Royal Society of Edinburgh 1783–2002» www.royalsoced.org.uk (The Royal Society of Edinburgh.) ISBN 0 902 198 84 X. (kontsulta data: 2025-10-29).
- ↑ «LETTERS FROM DR CHRISTINA CRUICKSHANK MILLER (1899-2001)» james.wardware.com (kontsulta data: 2025-10-29).