Cicerbita plumieri
| Cicerbita plumieri | |
|---|---|
| Sailkapen zientifikoa | |
| Erreinua | Plantae |
| Ordena | Asterales |
| Familia | Asteraceae |
| Leinua | Cichorieae |
| Generoa | Cicerbita |
| Espeziea | Cicerbita plumieri Kirschleger (en), 1852 |
| Basionimoa | Sonchus plumieri |
Cicerbita plumieri Asteraceae familiako landare belarkara da. Piriniotan[1] eta Alpeetan bizi da[2] eta Euskal Herrian Leitzaranen, Aralarren[3] eta Nafarroako eta Zuberoa arteko Piriniotako haranetan soilik azaltzen da.[4]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frédéric Kirschleger botanikari frantsesak deskribatu zuen zientziarako 1852. urtean.[5]
Cicerbita plumieri-ren sinonimoak dira Sonchus plumieri L. eta Lactuca plumieri (L.) Gren. & Godr..[6]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errizoma etzana du eta handik zurtoinak tente ateratzen zaizkio 40-150 cm arteko altuera hartuz. Alboan dauden landareen zurtoinak elkar nahasturik ikustea ere ohikoa da.[7]
Zurtoinen oinarrian ateratzen dira hostoak erroseta bat sortuz. Zurtoinean gorago ateratzen direnek zurtoina bera besarkatzen dute. Hostoak triangeluarrak dira, zabalak badira ere zatikatuak daude eta ertzak horzdunak dira. 60 cm-ko luzera ere har dezakete[8]. Hostoak zabalak eta jangarriak direnez landare honek "mendiko uraza" izena hartzen du hainbat hizkuntzatan[9].
Infloreszentzia oso bereizgarria da. 3 cm-ko diametroko egitura osatzen duten ligula urdinak ditu eta inbolukru biluziak. Lore horien pedunkuluak altuera desberdinetatik abiatzen dira baina loreak maila berean daude kokatuta.[8] Fruitua akenioa da.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurzoru heze eta freskoak atsegin ditu, horregatik hazten da belarra handi dagoen tokietan, baso hezeen argiunetan, haitzarte ospelen oinarrian eta mendiko ibaien ertzetan. Normalean 1.400-2150 metro artean hazten bada ere[7] Euskal Herrian Leitzaran ibaiaren ertzean aurkitzen dugu.[3]
Ugalketa eta bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Uztaila eta iraila artean loratzen da. Honen infloreszentziek erleak, tximeletak eta hainbat hegazti erakartzen dituzte, eta horiek burutzen dute polinizazioa[10]. Haziak akenioak izanik anemokoriaz barreiatzen da, hau da, haizearen bidez.[11]
Landare hemikriptofitoa da, hau da, neguan zati aereoa galtzen du baina udaberrian adar berriak ateratzen zaizkio errizoma etzanetik.[12]
Mehatxuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian oso bakana da eta populazioak elkarren artetik isolaturik daude, Gipuzkoan bereziki. Leitzaranen esate baterako gune bakarrean aurkitzen da eta populazioak beheranzko joera du.[13]
Hibridazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cicerbita plumieri Cicerbita alpina espeziearen antzekoa da, baina C. alpina iletsua da eta C. plumieri ez. Espezie bien arteko hibrido bat existitzen da, Cicerbita × favratii Wilczek.[14]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zurtoinak.
- Infloreszentzia.
- Hostoa.
- Akenioak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Atlas de la Flora de los Pirineos -- Proyecto POCTEFA» www.florapyrenaea.com (kontsulta data: 2025-01-01).
- ↑ «Cicerbita plumieri» galasearch.de (kontsulta data: 2025-01-01).
- 1 2 Maialen García Otero, Nerea de Goñi Corthay eta Mireia Ugarteburu Amuategi. (2020). Estrategia de Sostenibilidad Energética de Gipuzkoa 2050. Gipuzkoako Foru Aldundia, 25 or..
- ↑ «Guía Visual de la Biodiversidad de Navarra» www.guiavisual-gorosti.org (kontsulta data: 2025-01-01).
- ↑ «Mindat.org» www.mindat.org (kontsulta data: 2025-01-01).
- ↑ «Herbario digital Xavier de Arizaga» herbario.ian-ani.org (kontsulta data: 2025-01-01).
- 1 2 (Gaztelaniaz) Barbatus. (2019-05-08). «Cicerbita Plumieri» Son de Aragón (kontsulta data: 2025-01-01).
- 1 2 Garrote, Jose Luis Iglesias. (sábado, 17 de mayo de 2008). «FLORA DE PIRINEOS: Cicerbita plumieri (L) Kirschleger (Hospital de Benasque, Vallhibierna, Bassa d'Oles)» FLORA DE PIRINEOS (kontsulta data: 2025-01-01).
- ↑ «LECHUGA DE MONTAÑA - cicerbita plumieri» LECHUGA DE MONTAÑA - cicerbita plumieri (kontsulta data: 2025-01-01).
- ↑ (Ingelesez) «Achicoria (Cicerbita plumieri)» PictureThis (kontsulta data: 2025-01-01).
- ↑ «herbarium» www.plantasyhongos.es (kontsulta data: 2025-01-01).
- ↑ P. M. Uribe-Echebarría. Herbario de Jaca. Gobierno de Aragón.
- ↑ Aranzadiana 16 zenbakia, Aranzadiko berriak 2015. Aranzadi Zientzia Elkartea, 160 or..
- ↑ (Ingelesez) «Cicerbita × favratii Wilczek | Plants of the World Online | Kew Science» Plants of the World Online (kontsulta data: 2025-01-01).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]