Aholatz bostbixar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ciliata mustela» orritik birbideratua)
Aholatz bostbixar
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
OrdenaGadiformes
FamiliaGadidae
GeneroaCiliata
Espeziea Ciliata mustela
Linnaeus, 1758

Aholatz bostbixarra (Ciliata mustela) Lotidae familiako ur gaziko arraina da, ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan bizi dena[1].

Ez du arrantza balio handirik.

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aholatz bostbixarra izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian, batzutan ophidion barbatumekin nahasturik[2]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
aholatz bostbixarra[3]
aingira-bizarra, aingira-bixarra[2] Mundaka
aingire-bixarra[2] Bermeo
aingira-matxo[2] Elantxobe
mustela[4]
lamproye[4]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aholatz bostbixarra 25 cm inguruko luzera duen arrain luzea da. 45 cm-ko aholatza ere aurkitu da. 3 urte arte bizi daiteke.

Gorputza ezkatarik gabeko azal bigunak estaltzen du. Bizkarraldeko bi hegats ditu, lehenengoa laburra, izpi batzuk baino ez, bigarren hegatsa aldiz oso luzea da. Hegats horrek hasieran arantza bat du eta ondoren erradio bigun ugari. Uzki hegatsa ere oso luzea da, mintzez elkarturiko erradioz osatua[5]. Bizkarraldea matroi-gorrixka iluna da eta sabelaldea marroi-gris argia[6].

Burua nahiko txikia du eta ahoa ere txikia da. Izena ematen dioten bost luzakin ditu aho ingurua, bina sudurtzulo bakoitzaren gainean eta bosgarrena azpiko barailan. Ahoaren gainean ez du tolesturarik[5].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko uretan bizi den arrain espeziea da, Ozeano Atlantikoaren ekialdean. Islandiatik eta Norvegia iparraldetik behera, Britainiar uharteak eta Bizkaiko golkoan barrena, Lisboa ingururarte hedaturik dago[6]. 8-24 ºC arteko tenperaturatan bizi dira. Klima larrialdiaren ondorioz uraren tenperatura igotzen ari da eta espeziearen populazioen jaitsiera ekar dezake horrek.

Marea arteko eremuan aurkitzen da, itsaso hondoko arroka artean ezkutatuta, edota alga ugari duten hondo hareatsuetan. Alga berdeak hazten diren puntutik behera ez da ikusten, gehienez ere 20 metrotako sakoneran[6].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aholatz bostbixarraren burua, aurrealdean dituen bost luzakinak ongi nabarmentzen dira.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie demertsala da. Arroketako zuloetan ezkutatuta egoten da zelatan eta eraso azkarrak eginez krustazeoak, itsas zizareak, gastropodoak eta batzuetan arrain txikiak jaten ditu. Dieta osatzeko algataz ere elikatzen da.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errunaldia otsaila eta maiatza artean gertatzen da Britainiar uharteen inguruan. Aholatz bostbixar eme gazteek 9.000 arrautza askatzen dituzte, eme handiagoek 30.000 arrautza ere bai. Arrautzak ur sakonetan askatzen dituzte baina ondoren ur azalera igotzen dira. Handik jaioko diren larbak ere pelagikoak dira, eta handitzen direnean arrain txikiak kostaldera hurbiltzen dira[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Systema naturae 2000 (classification) - Taxon: Ciliata mustela
  2. a b c d Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode1137-439X..
  3. Fundazioa, Elhuyar. «aholatz» Elhuyar Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2024-01-15).
  4. a b «OEH - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-15).
  5. a b (Ingelesez) «Five-bearded rockling (Ciliata mustela) - MarLIN - The Marine Life Information Network» www.marlin.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-01-15).
  6. a b c d «Ciliata mustela, Fivebeard rockling : fisheries» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-15).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]