Clemencia Hardisson Wouters
Clemencia Hardisson Wouters | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | San Cristóbal de La Laguna, 1908 |
Herrialdea | Spain |
Heriotza | 2000 (91/92 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | aristokrata eta giza eskubideen aldeko ekintzailea |
Clemencia Hardisson Wouters (San Cristobal de La Laguna, Kanariak, 1908-2000) aristokrata franko-belgikarra izan zen, aktibista antifaxista eta giza eskubideen aldekoa, La Laguna hiriko Santa Maria de Gracia auzoko bizilaguna.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1908an jaio zen La Lagunan. Bere familia XIX. mendearen hasieran iritsi zen Kanariar Uharteetara, Frantziatik. Bere ama, Clemencia Wouters, Copperseko baronesa zen, eta Europako bost errege-etxerekin lotua zegoen. Eta bere aita, Augusto Sabin Hardisson, Casais-eko nobleen ondorengoa zen, eta Santa Cruz Tenerifeko ontzi-enpresa frantziar bateko kontsignatarioa.[1]Bere familia Irlako burgesia ekonomikoarekin oso lotuta zegoen, eta lursail eta jabetza ugari bereganatzea lortu zuen. Horri esker, Clemenciak ahalik eta heziketarik onenaz eta bizimodu erosoaz gozatu ahal izan zuen.[2]
Bere haurtzaroko eta gaztaroko ekitaldirik aipagarrienen artean, Ángel Guimará literatur jaialdian parte hartu zuen 7 urte besterik ez zituela 1915ean, Probintziako edertasunaren erregina izan zen 1929an —geroMiss Tenerife izenez ezagutzen dena—, eta CD Tenerife eta Marinoren arteko futbol partida baten ohorezko sakea egin zuen.[3]
Ibilbide antifaxista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere familiak Belgikako komunitatea babestu zuen, I. Mundu Gerran Alemaniak bere herrialdean egindako indarkeriazko erasoaldiaren aurrean.[3]Kondesa gorria bezala ezaguna, bere posizio aristokrata eta burgesak kontaktu faxista eta frankistak, komunistak, gorriak edo errepublikarrak izatea ahalbidetu zion. Eta beti erabili zituen bere kontaktuak eta pribilegioak pertsona behartsuen mesederako.[2]
Ezkerreko zirkulu intelektualei lotua, ohikoa zen garai hartako solasaldi literarioetan.[2]Francisco Francok estatu-kolpea eman aurreko gauean, Gustavo Adolfo Bécquerri egindako omenaldian izan zen, Santa Cruzeko Arte Ederren Zirkuluan. Tenerifeko ezkerrak asko erabili zuen leku hori, baita Bakearen Orfeoia eta Ateneo bera ere.
Erregimenaren aurkako figurekin lotu zen ideia errepublikanoekin, komunistekin edo anarkistekin.[3]Eta Gerra Zibilean uhartea aztoratzen ari ziren faxisten aldeko indarren arreta erakartzen hasi zen. Maynar La Lagunako Unibertsitateko errektore ohiarekin egindako paseoetatik abiatuta hasi zen erregimenaren ezinegona pizten. Erregimenaren kezka areagotu zen, Juan José de Luque ingeniari anarkistarekin, Tenerifeko Santa Cruz Portuko Obren Batzordeko zuzendariarekin, Tabakalarien Sindikatuarekin eta Langileen Konfederazio Nazionalarekin lotura izan zuenetik, 1931tik harreman estua baitzuen harekin. Hau Bartzelonara joan zenean, Luquek penintsulatik bidaltzen zizkion materialen hedatzaile bihurtu zen. Horren ondorioz, alertak piztu ziren agintari frankisten barruan.[3]
Kartzela eta erbestea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Agintari faxistentzat oso pertsona arriskutsutzat jo zuten, Britainia Handiko Inteligentzia Sekretuko Zerbitzuko kidea zelako. 1937ko abenduaren 31n eraman zuten preso Tenerifeko San Miguel kalean dagoen espetxera. Kartzela horretan 150 emakume preso politiko baino gehiagorekin egon zen, besteak beste, Blanca Ascanio Moreno maistra gorriarekin. 1939ko martxoaren 27an utzi zuten aske. Uste da Francisco Francoren lehengusu eta biografoarekin, Franco Salgado Araujorekin, izan zuen harremanak eragin zuela hura askatzea. Aske geratu ostean, etxean atxilotu zuten, Poliziaren zaintzapean. Era batera edo bestera, agintari frankistekin harrapaketan jokatuz behin eta berriz ihes egitea lortu zuen zaintzatik.[2][3]
Etxe barruko atxiloketak eta errepresioaren indar gero eta handiagoak eraman zuen Belgikara lehenengo eta Frantziara gero, garai hartan tropa alemaniar naziak herrialdean sartzen ari ziren tokira. 1939tik 1945era Gurutze Gorrirako lan egin zuen. 40. urtean, zehazki, frantziar erresistentzian sartu zen, eta De Gaulle jeneralak Ohorezko Legioaren intsignia eman zion 45. urtean.[2][3]
Filantropia lanak Tenerifen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera lan filantropikoa egin zuen, Santa Maria de Gracia La Lagunako auzoan kokatutako bere lurren zati bat baliabide gutxien zituzten pertsonei dohaintzan eman eta oparituz. Auzokide askok gogoratzen dute nola lagundu zien senideen lanarekin eta beren etxebizitzak eraikitzeko materialak emanez edo uharteko goi gizartearen barruan izandako kontaktuen bidez.[2]Gainera, gaur egun Domingo Pérez Minik BHIa, Zientziaren eta Kosmosaren Museoa, Kanarietako Institutu Astrofisikoa edo auzoko Zentro Hiritarra eraikita dauden lursailak laga zituen, bertan eskola bat eraikitzeko ilusioa baitzuen.
“Bihotz oneko pertsona zen eta auzoan bizi garen lur ia guztiak berak oparitu zizkien auzotarrei, garai hartako bost pezeta baino ez baitzituzten ordaindu behar izan eskriturengatik. Uste dut auzoko antzinako jende guztiak, asko jada hilak, berari esker izan zutela etxea”, auzokideek 2021ean egindako omenaldian.[2]
2000. urtean hil zen, Uharteko familia askorentzat aztarna ezabaezina utziz eta, adibidez, bere izena daramatzaten bi kale ditu, bat Tenerifeko Santa Cruzen eta bestea La Lagunan.[2]

Sariak eta aitorpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1929 Tenerifeko edertasunaren erregina.[3]
- 1945 Frantziako Ohorezko Legioaren intsignia jaso zuen.[3]
- Tenerifeko Santa Cruz herriko kale batek bere izena darama.[1]
- La lLagunako kale batek bere izena du.
- 2021eko Omenaldia eta bere izena La Lagunako Udal Harrerako (RAM) baliabide bati esleitzea.[4][5]
- 2023 Tenerifeko Kabildoak alaba kuttun izendatu zuen, hil ondoren.[6]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]40ko hamarkadan familiaren etxera itzuli zen Grazian eta 1947an jaiotako Florencio semearen hazkuntzan zentratu zen.[7] Luquerekin zuen harremana apur bat lehenago amaitu zen.[8]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Tenerife, Equipo web-Ayuntamiento de Santa Cruz de. (2023-05-18). «Nombres de las Calles de la Ciudad. Calle Clemencia Hardisson» www.santacruzdetenerife.es.
- ↑ a b c d e f g h «Clemencia Hardisson: la 'condesa roja' tinerfeña que combatió a los nazis» diariodeavisos.elespanol.com 2024-10-04.
- ↑ a b c d e f g h Hernández, Sara. (2023-04-10). «Clemencia Hardisson - Mujer Canaria y Aristócrata Lagunera» Mujeres Canarias.
- ↑ «La Laguna homenajea a Clemencia Hardisson» diariodeavisos.elespanol.com 2021-01-04.
- ↑ «El RAM Clemencia Hardisson de La Laguna atiende a más de 130 personas y tres familias en su primer año de funcionamiento» Portal web del Ayuntamiento de San Cristóbal de La Laguna 2022-04-10.
- ↑ (Gaztelaniaz) Canarias, Tiempo de. «Tiempo de Canarias - El digital de las islas» Tiempo de Canarias (Noiz kontsultatua: 2025-02-12).
- ↑ Felipe, Mari Carmen Martín Buenafuente / Jesús Montesinos Afonso / Antonio Pérez Monje / José Francisco López. (2024-09-21). «La vida irrepetible de una mujer canaria del siglo XX» eldia.es.
- ↑ Rubens Ascanio. (2024-10-03). Clemencia Hardisson, luchadora contra el fascismo. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lopez, J.F (2023). "Clemencia Hardisson Wouters. Mujer y proyecto" (“Clemencia Hardisson Wouters. Emakumea eta proiektua”), EXPE aldizkaria, VII. zenbakia, 39-46 or.)
- Studer Villazán, Luana (2023). "Voces silenciadas. La represión franquista sobre las mujeres en La Laguna" ("Isildutako ahotsak. La Lagunako emakumeen gaineko errepresio frankista"), Santa Cruz Tenerifekoa
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Clemencia Hardisson, luchadora contra el fascismo" ("Clemencia Hardisson, faxismoaren aurkako borrokalaria"), 2024ko urriaren 3a