Clemente Ezkurdia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Clemente Ezkurdia
Bizitza
JaiotzaGorriti1904ko azaroa
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaElizondo1985eko urtarrilaren 15a (80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria eta tratularia

Clemente Ezkurdia Balda, izengoitiz Gorriti (Gorriti, 1904ko azaroa[1] - Elizondo, 1985eko urtarrilaren 15a) nafar bertsolaria izan zen.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clemente Ezkurdia Larraungo Gorriti herrian jaio zen, 1904ko azaroan. Azienda tratularia lanbidez, Elizondora ezkondu zen Crucita Espinosa arizkundarrarekin, eta hil arte bertan bizi izan zen. Manuel Lasarteren arabera, "bertsotarako afizio ikaragarria zuen, eta bazekien poliki kantatzen ere".[3] Bertso saio gehienak Baztanen egin bazituen ere, Principe de Viana erakundeak antolatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketetan parte hartu zuen 1961etik 1966ra. Horrez gain, askotan ibili zen Mariano Izetaren laguntzaile Baztango bertsolari jaialdiak antolatzen.[3]

1974ko azaroaren 17an, beste hamabost bertsolari zaharrekin batera, omenaldia jaso zuen Donostiako Anoeta pilotalekuan.[4] Omendutako hiru nafar bertsolarien izenean, hamar bertso kantatu zituen; hona hemen lehenbizikoa:[5]

Hementxe nago anai maiteak

zerbait esan beharrian,

euskeraz danik esateko ni

bate ez nago bildurrian.

Gizon zarraren laguntzaliak

badira Euskal Herrian

esposiziuan jarri gaituzte

zartu ta ondorian.

1976ko azaroaren 7an, Xalbadorri Urepelen egin zitzaion omenaldian parte hartu zuen. Bertso hau eskaini zion:[6]

Aizu, Xalbador, zure omenian

euskalduna nola dabilen,

zure izena Euskal Herrian

ez da inoiz ere hilen.

Bertsolari ona, gizon aipatua

sortu ziñan Urepelen,

beste Xalbador bat herri maite honek

eman dezala lenbailen.

Elizondon hil zen, 1985eko urtarrilaren 15ean.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Klemente Ezkurdia "Gorriti". BDB Bertsolaritzaren datu-basea, bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-7).
  2. Ezkurdia. antzinako.org (Noiz kontsultatua: 2021-12-7).
  3. a b Lasarte, Manuel. Uztapide gogoan. Auspoa Liburutegia, 261. zenbakia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-7).
  4. Izeta, Mariano. Bertsolari zaharren omenez. Principe de Viana, 105-106. zenbakia, 1974ko azaroa-abendua, culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-6).
  5. Anoetan bertsolari zar batek. Principe de Viana, 105-106. zenbakia, 1974ko azaroa-abendua, culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-7).
  6. Zavala, Antonio; Iriondo, Joxemari. Mattin eta Xalbador. Auspoa Liburutegia, 301. zenbakia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-7).
  7. Larogei urtekin zendu zen "Gorriti" bertsolari nafarra. Argia, 1044. zenbakia, 1985eko urtarrilak 20 (Noiz kontsultatua: 2021-12-7).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]