Clostridium perfringens

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Clostridium perfringens
Clostridium perfringens.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacteria
FilumaFirmicutes
KlaseaClostridia Clostridia
OrdenaClostridiales Clostridiales
FamiliaClostridiaceae Clostridiaceae
GeneroaClostridium
Espeziea Clostridium perfringens
Datu orokorrak
Gram tindaketa Grampositibo

Clostridium perfringens Clostridium generoko bakterioa da, janari-intoxikazioak eta gangrena gaseosoa eragiten dituena.

Habitat ezberdinetan bizi da: lurzoruan, itsaso hondoetan, hondakin-uretan eta gizakia eta beste animalia batzuen hesteetan, besteak beste (gure heste-floraren partaide saprofitoa da).

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clostridium perfringens bazilo Gram positiboa da, anaerobioa (nahiz eta oxigenoaren kontzentrazio txikiak jasateko gai izan). Ez da mugikorra eta endosporak sortzen ditu, Clostridium guztien antzera.

Gluzidoak ez ezik, aminoazidoak ere hartzitzen ditu. Laktosaren hartzidura ere (+) da.

Eskakizun nutritibo zorrotzak ditu eta sulfatoak eta sulfitoak erreduzitzen ditu, sulfuroak sortuz (ezaugarri honetan oinarriturik hazkuntza-inguru hautakorrak erabiltzen dira laborategian bakterioa isolatzeko).

Giza-gorozkietan sarritan dagoenez, kutsadura fekalaren adieraletzat jotzen da mikrobio hau, eta ohikoa da bere bilaketa laborategian edateko ur-analisietan, beste bakterioekin batera (Escherichia colirekin, esaterako).

Bere birulentzia areagotzen duten hainbat toxina eta entzima ekoizten ditu: alfa toxina edo lezitinasa, enterotoxina bat, O hemolisina, kolagenasa eta hialuronidasa, besteak beste [1].

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi dira bakterio honek sortzen dituen patologia nagusiak: janari-intoxikazioak (gastroenteritisa eragiten dutenak) eta gangrena gaseosoa.

Janari-intoxikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clostridium perfringens da janari-intoxikazioak sortzen dituen mikrobio ohikoenetariko bat. Okela kutsatua eta gaizki kozinatua da intoxikazio horien iturri nagusia.

Janari-intoxikazioa gerta dadin Clostridium perfringens-ek kopuru handietan egon behar du elikagaietan [2]. [3]

Bakterioak egosteko tenperaturei aurre egiten dieten endosporak sortzen dituenez, kontsumitu aurretik elikagaia inguruko tenperaturan uzten bada esporak hozitu daitezke, eta bakterio berriak agertu egingo dira, janari-intoxikazioa sortuko dutenak. Horregatik, funtsezkoa da kozinatu ondoren eta kontsumitu aurretik janariak hozkailuan sartzea [4].

Enterotoxina bat da janari-intoxikazioaren sintomen eta gastroenteritisaren errudun nagusia. Enterotoxina hori ez da elikagaian sortzen, organismo barruan baizik, eta gaitzaren beherakoak eta okak eragiten ditu.

Gastroenteritisa ez da larria, eta 24-48 ordutan berez sendatzen da.

Gangrena gaseosoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «gangrena gaseoso»

Gangrena gaseosoa Clostridium perfringens zauri zikin eta sakonetan sartzen denean agertzen den patologia da. Beste Clostridium baten antzera (Clostridium tetani, tetanosen eragilea), Clostridium perfringensek zauri sakonak aprobetxatzen ditu organismoan sartzeko eta bere toxina kaltegarria askatzeko. Toxina horrek ondoeza orokorra eragiten du odolera iristen denean, heriotzarekin bukatzen dena tratamendua ezarri ezean.

Zauri sakonetan mikrobio patogenoak bere hazkuntzarako behar duen giro anaerobioa topatzen du.

Gaitzaren izena Clostridium perfringens-ek eragiten duen sintometatik dator: mikrobioak kaltetzen duen gorputzaren zatia ilundu egiten da eta zorne kiratsua jariatzen du, gas burbuilak dituena (bakterioak burutzen dituen hartziduren ondorioz askatzen da gas hori).

Bakterio patogenoak ehunen suntsiketa burutzen du ekoizten dituen toxina eta entzima hidrolitikoen bidez.

Lehenengo Mundu Gerran zauri traumatikoek gangrena gaseosoaren ugaritzea ekarri zuten, soldadu asko hilez edo elbarri geratuz. Tratamendurik gabe, bizia salbatzeko ohikoa zen garai hartan gangrenatutako gorputz-zatiaren ebakitze edo anputazioa.

Esklerosi anizkoitzarekin lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ean egindako ikerketa batek Clostridium perfringensen andui bat esklerosi anizkoitzarekin lotuta egon litekeela proposatzen zuen. Saguekin egindako saioek andui berezi horrek ekoizten zuen toxina batek (epsilon toxina) esklerosi anizkoitzaren antzeko sintomak eragiten zituela animalien burmuinean agerian jarri zuten. Era berean, ikertzaileek esklerosi anizkoitzaren gaixoek toxina horren aurkako antigorputzek zituztela antzeman zuten [5]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 240 orr.
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:984-985 orr.
  3. Ingraham, J; Ingraham, C: Introducción a la Microbiologia, vol. 2: 567-568
  4. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:984-985 orr.
  5. [http://www.foxnews.com/health/2014/01/29/bacterial-toxin-may-trigger-multiple-sclerosis-research-finds/?intcmp=trending Bacterial toxin may trigger multiple sclerosis, research finds