Edukira joan

Clovis kultura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Clovis punta bereizgarria.

Clovis kultura kultura paleoamerikarra da, 1932an Clovisen (Mexiko Berria) egindako aurkikuntza batzuetatik izena hartzen duena. Clovis herriak Ameriketako herri indigena gehienen arbasoak direla uste da. Baina eztabaidagarri da ea Amerikarainoko gizakien iritsierako lehen populazioa diren, edo ondorengo bat.

Datazio arkeologikoetan Ipar Amerikako azken glaziazioaren amaieran agertzen dira kultura honetako aztarnak. Ehiztariak ziren, eta mamut-hezurrekin eta hezur eta bolizko erremintekin agertzen dira aztarnategiak, baina "Clovis puntak" bereizgarriak dira kulturaren adierazgarri litiko nagusia. Akeologoek egin dituzten zehaztapenek iradokitzen dute duela 13.200 eta 12.900 urte artekoa dela gutxi gorabehera kultura hau, eta Folsom kulturaren aurrekoa.

Uste denez, euren arbasoak Beringiako lurzubian barrena iritsi ziren Siberiatik Ameriketara ehizakien atzetik, eta glaziazioaren izotz-xaflako hegoaldeko lurretaraino sartu ziren, izotzik gabeko korridore estu bat ibilgarri gertatu bezain laster. Clovis ehiztariek eraginkortasun zinegetiko galanta eduki zuten, eta tokian-tokian triskantza hondatzaileak burutu zituzten. Dirudienez, animalia-saldo osoak bideratzen zituzten paduretarantz edota amildegietarantz suaz uxatuz, halatan non, ehizaldi bakar batean dozenaka ale akaba baitzitzaketen, ehunka beharbada. Era horretara, ugaztun handien populazioek erreka joko zuten, oso laster minimo bideragarrietatik behera jaitsiz. Hortaz, uste da Clovis kulturako ehiztariek zuten Ipar Amerikako megafauna desagerrarazten lagundu zutela: gameluak, mastodonteak, mamutak, zaldi-behorrak eta beste zenbait.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Altonaga Sustatxa, Kepa. (2006). Etxepare, Aldudeko medikua. Euskaltzaindia; Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea, 41-43 or. ISBN 978-84-95438-27-0. (Noiz kontsultatua: 2024-07-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]