Community of La Oroya v. Peru

Wikipedia, Entziklopedia askea
Community of La Oroya v. Peru
Irudia
La Oroya (Peru)-ko Doe Run korporazioaren konplexu metalurgikoa.
MotaAuzitegi prozedura
HerrialdeaPeru
AuzitegiaAmerikarteko Giza Eskubideen Batzordea

Community of La Oroya v. Peru (1473-06 eskaera) Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordeak 2009an ikusitako kasua izan zen.[1] Aurrera eramandako eskaeran, La Oroyako herrian kokaturiko gune metalurgikoak sorturiko kutsaduraren ondorioz (besteak beste, berun (Pb), artseniko (As), kadmio (Cd) eta sufre dioxido (SO₂) kantitate arriskutsuen esposizioa), komunitatea osatzen zuten kideen eskubideen urratzea salatu zen. Sorturiko kutsaduraren kontrola eta gune metalurgikoaren ikuskatzea Peruko estatuaren erantzukizuntzat hartu zenez, estatua izan zen eskubideen urratzearen erruduntzat hartu zena. [2]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Oroyako herria egungo Yauli probintziako hiriburua da eta Junin departamentuaren barne, Peruko erdialde geografikoan kokatzen da. 3.750 metroko altuerara aurkitu daiteke, Andeetako puna lehorrean. Gaur egun 33.000 biztanle inguru erroldaturik dauden arren, XIX. mendearen hasiera arte ez zen jendeztatu.[3]

La Oroyako historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguruko aurkikuntza arkeologikoen arabera, sorterriko populazio andinoek zeramika, nekazaritza eta kultibo mugatu bat garatu ahal izan zuten. Klima hotz, boreal eta lehorrak ez baitzuen nekazaritza intentsiboaren garapena baimentzen.[4] Baina La Oroyan zehazki, ez da berezko gune urbanorik aurkitu. Inka inperioaren garaian, bidaiari eta chasqui inkek beste garrantzizko guneetara heltzeko igaro behar zen bidenabar bat bezala ezagutzen zuten La Oroyako gune geografikoa;[4][5] izan ere, oroya edo uruya deituriko "zubi eseki" edo "ontzi aereoak" eraiki zituzten Mantaro ibaia gune eberdinetan zeharkatzen zuen bidea gurutzatu ahal izateko.[6]

XVI. mendearen hasieran, espainiarren kolonizazioa garatu eta Inka Inperioko konkista eman zen,[10][11] 1542an Peruko Erregeorderria ezarriz.[12][13] Erregeorderrian zehar, Peruko ustiapen metalurgiko nagusiena Huancavelicako zilarra eta azoguea (edo merkurioa) izan ziren, Ichu ibaiaren ertzean (Mantaro ibaiaren ibaiadarra, Huancavelicako departamentuan, Junin departamentuaren hegialdean).[14] Ondorioz, Mantaro ibaiaren harana eta erregeorderriaren hiriburua (Lima) lotzen zituen bideak (La Oroya igarotzen zutenak) garrantzitsuago bilakatu ziren, La Oroya igarotzen zuen bidea sarriago erabiliz. Erregeordetza amaitzean eta Errepublikaren jaiotzearekin, errepublikaren askapen-mugimenduko pertsonaia famatuek (Simon Bolivar besteak beste) zein erregeordetzaren aldeko tropek igaro zuten La Oroya, XIX. mendearen erdialderako lehen jendeztatze txiki bat eman zelarik.[6]

La Oroyako burdinbide-geltokia (1921).

Bigarren Industria Iraultza garatu bitartean, Perun Errepublikaren une gorena edo Guanoaren garaia bezala ezagutu zen denboraldian (1845-1866), Peruko lehen burdinbidea eraiki zen. Lima hibiruburua eta Callao portu-herrira bidaia azkarrago batean lotzeko helburuarekin.[15] Urte batzuk geroago (1869-1893) Peruko Burdinbide Zentrala edo transandinoa eraiki zen, aurretiaz aipaturiko gune neuralgikoa Andeetako Erdialdeko Mendikatean kokaturiko herriekin lotzeko eta ordurarte sufrituriko isolamendu geografikoarekin amaitzeko helburuarekin.[16] La Oroyako geltokia 1893ko urtarrilaren 10ean sortu zen. Garaian La Oroyan oraindik gune metalurgikorik garatu ez zen arren, bere inguruko herri meatzarien eta burdinbidearen arteko lotura-gune bezala jardun zuen, hauen artean meatze nagusiena Cerro de Pascokoa izanik.[4] Gainera, Compañía Mercantil La Oroya enpresa sortu zen, irabazi ekonomikoekin industriaren eta hirigunearen garapena uztartuz.[4][17][18]

"Egoitza estatubatuarra Cerron, meatzariak ordaintzen" (1914), Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuaren Liburutegiko Argazki eta Inprimakien Saila.[19] 1909ko greba ostean, meatzarien soldata eguneko dolar batera hitzartu zen (lanpostuaren hilkortasunaren arabera aldatuz), dirua hilabetearen amaieran jasotzen zutelarik. Gainera, diskriminazio arrazista argiak jasaten zituzten; langile atzerritarrek peruviarrek baino soldata altuagoa jasotzen baitzuten lan bera egiteagatik (adibidez, kraneoperatzaile atzerritarrek 5 dolar irabazten zituzten bitartean, langile peruviarrek 2 dolar baino ez zituzten irabazten).[20]

XX. mende hasieran, burdinbideak zekarren garraio-erraztasunak, Eduardo López de Romaña gobernuburu liberalaren atzerritar-inbertsioaren sustapenak (zergak 25 urtez kenduz adibidez) eta meatzaritzaren industriak behar zituen berriztatze teknologikoek enpresari estatubatuarrak erakarri zituen Perura.[4][21][22] Aipatzekoa da Cerro del Pascoko meatzearen kasua, non espainiar koroaren 400 urteko zilar ustiaketa ondoren urrea, zilarra eta interesa berpiztu berri zuen kuprea erauzi zitezkeen.[23] Meatze honi etekina ateratzeko inentzioarekin James Ben Ali Haggin eta Alfred W. McCune inbertitzaile estatubatuarrek 1901an Cerro de Pasco Mining Corporation finantza-sindikatua eratu zuten New Yorken; J.P. Morgan, Henry Clay Frick, Phoebe Hearst, Darius O. Mills eta Vanderbilt familiaren (H. M.Twombly-ren eskutik) ekarpen batuekin lortutako 10 milioi dolarrak erabiliz.[4][24][25] Enpresak inguruko meatze ugari erosteaz gain, 70.000 akre (283,28 km2) lur, eta enpresa txiki ugari (besteak beste, Compañía Mercantil La Oroya) ere erosi zituen. Hala, monopolio eta enklabe ekonomiko indartsu bat osatuz, inguruko biztanleria abeltzainen mantenu tradizionala (behi-azienda) ezeztatuz eta meatzaritza proiektu industriala betetzeko behar zuten proletario masa bilakatzera behartuz.[18][26][20]

Aipatzekoa da, garaian meatzaritzan lan egitearen ondorioz garatu zitzateken gaixotasunak aztertzen ez ziren arren, Indigenen Aldeko Elkartea (Asociación Pro Indígena) bezalako erakundeek eta Minero Ilustrado aldizkariak meatzeetako langileen lan-baldintza gizagabeak salatu zituztela. Salaketek gehienbat meatzarien bizi-baldintza tamalak, soldata eskasak eta bonu bidezko ordainketa, meatzen segurtasun falta, eta azken hauen ondoriozko istripu larri zein hilgarriak biltzen zituzten. Halaber, lan baldintzen adierazle nagusia meatzarien lan-bizitzaren luzera da: gehienez 5 urtekoa. Bestalde, kutsadurarekin erlazionaturiko aipamenetako bat grisuaren meatzetako presentzia konfirmatu eza da, gas sukoi hau detektatzeko beharrezko tresneria enpresa-buruek ez zutelako hiriburutik ekartzen.[20]

1920ko hamarkadan, Cerro konpainiak Cerro del Pasco-ko gune metalurgikoa (smelter) itxi eta La Oroyako herrixka txikira mugitu zuen (garai hartan burdinbideko geltokia eta etxe batzuek osatua)[27] galdategi eta findegi bat eraikiz (1922).[4][18][28] Honek eradaketa demografiko bat ekarri zuen; ordurarteko herrixka, "enpresa hiri" zeritzon gune demografikoki aglomeratua bilakatu zen (25.000 biztalerekin),[23] Cerro korporazioan lana egiten zuten langileentzat bizi-guneak gehitzen joan ahala. Gaur egun, gune hura "La Oroya Antigua" auzoa bezala ezagutzen da.[18] 1925ko urriaren 15ean, 5216. lege bidez, La Oroya Yauli probintziako hiriburua bilakatu zen.[29]

1928rako, kobre (Cu) eta zilarraz (Ag) gain, beruna (Pb) eta bismutoa (Bi) prozesatzen ziren Oroyako zentro metalurgikoan. Honek Cerro konpainia mundu mailan bereizteaz gain, enpresak Depresio Handiko krisialdi ekonomikoa bizirautea ahalegindu zuen. Baina enpresaren dibertsifikazio eta handitzeak ondorio ekologiko larriak eragin zituen: Mantaro, Rimac eta San Juan ibaien kutsatzea, La Oroyaren inguruko lurren kutsatzea, inguruko larrearen desagertarazpena eta abereen heriotza. Hala, historia peruarrean kutsadura hau "cuestión de humos" edo "kearen kontua" bezala ezagutzera heldu zen, 700.000 hektareatan (7.000 Km2) eragina edukiz. Zonaldeko abeltzainak kexatu ziren eta estatuak bitartekari bezala jokatu zuen arren, konpainiak ez zuen beharrezko ekipamendua (kutsadura ekiditeko aparatuak, filtrodun tximiniak, etb.) 1936 arte erosi. Gainera, instalazio osoa ez zen 1942 arte amaitu,[23] kexak hasi zirenetik ia hogei urte beranduago. 1942ko irailaren 18an, 9606. lege bidez, ordurarteko La Oroyako villa edo hiribildua, hiri kategoriara altxatu zen.[30]

Gobernuak La Oroya Peruko metalurgia eta meatzaritza industrien erdiguna bilakatu zuen, Cerro konpainiak metal ez-ferrosoen meatze eta prozesamenduaren monopolioa eskuratu zuelarik.[31] 50eko hamarkada heltzerako, La Oroyan prozesatzen ziren metalen %99a kuprea (Cu), beruna (Pb) eta zinka (Zn) ziren arren, denera 22 mineral eta hauen azpiproduktu ezberdinak lantzen ziren (bismutoa (Bi), urrea (Au), kadmioa (Cd), selenio (Se), telurio (Te) eta indioa (In), besteak beste).[23][31]

1968an Juan Velasco Alvaradoren gobernu militarra ezarri zenean, sinesmen nazionalistak aldarrikatzen zituzten erreformak habiaratu ziren, besteak beste sektore ekonomiko garrantzitsuen (meatzaritza, petroleoaren industria zein metalurgikoa) nazionalizazioa. 1971 eta 1973 urteen artean Meatzaritza Lege Orokorra sortu eta Cerro konpainia expropiatu zen, 1974an Empresa Minera del Centro del Perú (Centromín Perú) sortuz.[32] Enpresa publiko berri honek, bere aurrekari pribatuaren meatze, galdategi, findegi, hondakin, proiektu, zerbitzu, kontextu fisiko, finantziero eta sozialak oinordetzan hartu zituelarik.[31]

1990ean, Alberto Fujimori politikaria Peruko presidente bilakatu zen. 1997an Doe Run Konapainiak, baliabide naturalen konpainia estatubatuarrak, La Oroyako (Peru) galdaketa eta kupre mina bat erosi zion Centromin enpresa perutar publikoari; estatu mailako pribatizazio proiektu handiago baten parte bezala.[33]

Lehen salaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002ko abenduaren 6an, Pablo Miguel Fabián Martínez, Digna Ortega Salazar, Alfredo Peña Caso, Rosalía Tucto Ortega, José Chuquirachi Anchieta eta María Elena Cárdenas Sotok Peruko Ingurumen Osasun Zuzendaritza Nagusiaren (Dirección General de Salud Ambiental, DIGESA) aurka demanda bat aurkeztu zuten, La Oroyan "Larrialdiko Osasun Publikorako Estrategia" bat diseinatu eta ezarri zedin. 2005eko urriaren 11an Limako Justizia Gorte Nagusiak bidegabetzat epaitu zuen eskakizuna. Baina 2006ko maiatzaren 12an, Peruko Auzitegi Konstituzionalak funtsezkotzat epaitu zuen eskakizuna.[34][35]

2003ko urrian, Estatu Batuetako Nazioarteo Garapen Agentziak (United States Agency for International Development, USAID) Gaixotasun Kontrol eta Prebentzio Zentroei (Centers for Disease Control and Prevention, CDC) laguntza eskatu zien La Oroyako berun-kutsadura arazoak konpontzeko. 2004ko martxoan, CDCko teknikariak Perura joan ziren egoera aztertzera, eta inolako ikerketa edo analisi propiorik egin ez zuten arren, 1999an DIGESAk egindako ikerketa berrikusi zuten.[36]

Kutsadura eta osasun arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Oroyako gune metalurgikoaren aktibitatearen ondorioz sorturiko konposatu ezberdinek aireko kutsadura eta metal astunen kutxadura sortu dute, kutsadura mota bakoitzak osasun arazo ezberdinak eragiten dituelarik.

Airearen kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kutsatzaile kritikoak kontsideratzen diren hainbat molekula aurkitu daitezke La Oroyako airean, eta osasunean ondorio larriak daramatzen haien kontzentrazioaren arabera.[37]

  • Karbono dioxidoa (CO2).
  • PM10 partikulak. 10 μm-ko diametroa duten atmosferako partikula esekiei deritze. Egoera solido zein likidoan egon daitezke eta haien tamainak ehun ugari igarotzea ahalbidetzen die, beteak beste, biriketako epitelio-ehuna (trakean, bronkioetan, bronkioloetan zein albeoloetan). Partikula hauek ingurune ezberdinetan aurkitu daitezke, baina meatzaritzak eta galdaketek erabiltzen dituzten material zein mineralak bereziki arriskutsuak izan daiteke giza osasunarentzat, hauen prozesamenduan sortzen den kea bereziki kaltegarria izaik.[38][39] Ke honen konposizioa sorguneko metalen arabera aldatzen da; La Oroyako gune metalurgikoan urrea, zilarra, beruna eta zinka prozesatzen direla jakinik saturnismoa (berun toxikotasuna), zein metal kearen sukarra (zink oxidoak,[40] zilar, urre, artseniko, berun eta zink keak ere sortua)[41] bezalako gaixotasunak garatzea gerta daiteke.
  • Sufre dioxidoa (SO2). Meatik mineral zein metalak erauzteko prozesuan sortzen den konposatuetako bat da.[42] Gas hau arnastean, epe motzean, bronkokonstrikzioa eragin dezake; arnastea zailtzen duen sintoma.[42][43] Horrez gain, epe-luzeko kutsaduraren ondorioz, fetoen jaiotza goiztiarra eragin dezake.[44]

Metal astunen toxikotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beruna (Pb) La Oroyako biztanleriaren odoalean aurkitu zen metal astun nagusia da. CDCak eta Munduko Osasun Erakundeak ezarritako muga konzentrazioaren, 5µg/dL (5µg berun, 1 dL odoleko)[45][46] neurri bikoitz zein zortzikoitzetan.[47]

Azken urteotan egin diren esfortzu sistemikoen ondorioz, beruna eduki dezaketen eguneroko produktu gehienak ordezkatu edo seguru bilakatu dira (berundun gasolina, pintura etb.). Ondorioz, berun intoxikazio edo Saturnismoaren jatorri ohikoena helduetan lanbidea da.[48][49] Umeen kasuan, gurasoen bidezko kontaminazioa edo beruna lantzen duen prozesamendu gune batengandik urre bizitzea direlarik.[49][50] Intoxikazioaren sintomak banakoen eta berunarekiko esposizioaren araberakoak dira, toxikotasun kasu larrietan sintomatik eman ez daitekeelarik.[51] Eragin nagusiena nerbio-sistema zentralean eta garunean izaten du, gernu-aparatuaz gain.[52][53] Epe luzeko berunaren sintomak ez dira gehiegi aztertu, baina egindako ikerketen arabera bizi-luzera murrizten du eta sintomak ezberdinak garatu daitezke, besteak beste odol-presio arazoak, minbizia garatzea, bihotzeko gaixotasunak eta heriotza goiztiarra dakarten beste hainbat gaixotasun.[50]

Eskaeraren aurkezpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordeak 2009ko abuztuaren 5ean 76/09 zenbakiko informea (1473-06 eskaera) aztertu zuen. Bertan erabaki eta deklaratu zuen:[54][55]

  • Eskaeraren ikerketa onargarria zela, Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordearen 4, 5, 13, 19, 8 eta 25. artikuluetan kontsakraturiko eskubideen eta 1.1 zein 2. artikuluetan ezarririko betebeharren arabera.

    I. ZATIA - ESTATUAREN BETEBEHAR ETA ESKUBIDE BABESTUAK
    II. KAPITULUA - ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOAK
    4. Artikulua - Bizitzarako eskubidea
    1. Pertsona orok dauka bere bizitza errespetatua izateko eskubidea. Eskubide hau lege bidez, eta orokorrean, babestua izan behar da, sortutze momentutik. Inor ez da bere bizitzaz gabetuko nahierara.
    2. Heriotza-zigorra indargabetu ez den herrialdeetan inposagarria izango da; soilik delitu larrienetan, eta delituaren komisioa promulgatu aurretik, legeak ezartzen duen zigorraren arabera, auzitegi gai batek halako ebazten final bat aurkitzen badu. Halako zigorraren ezarpena ez da zabalduko ez dagokien delituetara.
    3. Heriotza-zigorra ezingo da berrezarri dagoeneko indagarbetu duten estatuetan.
    4. Heriotza-zigorra ez da, inongo kasuan, delitu politiko zein ohikoengatik ezarriko.
    5. Heriotza-zigorra ez da ezarriko, delitua eginiko garaian, 18 urte baino gutxiago edo 70 urte baino gehiago zituzten pertsonengan; ezta haurdun dauden emakumeengan.
    6. Kondenaturiko pertsona orok amnistia, barkamena edo sententziaren kommutazioa eskatzeko eskubidea du, kasu guztietan aitortua izan daitekeena. Heriotza-zigorra ez da ezarriko aipaturiko eskakizuna erabakitzear badago autoritate konpetente baten eskutik.

    5. Artikulua - Tratamendu errukitsurako eskubidea
    1. Pertsona orok dauka bere osotasun fisiko, mental eta morala errespetatua izateko eskubidea.
    2. Inor ez da tortura edo zigor zein tratamendu krudel, gizazpiko edo iraingarripean jarrikko. Beren eskubideak kenduriko edonor errespetuz tratatua izango da, gizkien berezko duintasunagatik.
    3. Zigorra ez zaio delitugilea ez den beste inori ezarriko.
    4. Akusaturiko pertsonak, kasu berezietan izan ezik, pertsona kondenatuengandik bananduko dira; eta beren kondenatu gabeko pertsoen estatusaren arabera, tratamendu desberdin bat jaso dezakete.
    5. Prozedura penalak igaro bitartean adin-txikiko pertsonak helduengandik banandu eta auzitegi espezializatuetan aurkeztuko dira, ahal bezain azkar, beren adin-txikiko estatusaren arabera tratatuak izan daitezen.
    6. Askatasunaren galeradun zigorrek presoen erreforma eta berradaptazio soziala izan behar dute funtsezko helburu gisa.

    13. Artikulua - Pentsamendu eta adierazpen-askatasuna
    1. Pertsona orok dauka pentsamendu eta adierazpen-askatasunerako eskubidea. Eskubide honek edonolako informazioa eta ideiak bilatzea, jasotzea eta zabaltzea barneratzen du; hitzezko, idatzizko, argitaraturiko, arte formatuko, edo beste edozein medioko mugak kontuan izan gabe.
    2. Aurreko paragrafoan aipaturiko eskubideen ezarpena ez da zentsuragarria izango, nahiz eta eskubideen ondoriozko erantzukinen ezarpenaren menpe egon daitekeen; hala, eskubideen ezarpena legearen bitartez azalduko da, esaterako hurrengoak bermatzeko:
    a. gainontzekoen eskubide edo ospea errespetatzea; edo
    b. segurtasun nazional, orden publiko, osasun pubiko edo moralen babesa.
    3. Adierazpen-askatasuna ezingo da zeharkako metodoz mugatu; ideia eta iritzien zirkulazioa ekiditeko gobernuen aldeko gehiegikeria edo botere pribatuen inprenta, irrati-frekuentzi, informazioa zabaltzeko ekipazio, edo beste baliabideen gaineko kontrol bidez.
    4. 2. paragrafoko xedapeneak kontuan izanik, ikuskizun publikoek legearen araberako zentsura jasan dezakete; haurtzaro zein nerabezaroaren babes morala ezartzeko, ikuskizun publikoen eskuragarritasuna erregulatuz.
    5. Edozein guda propaganda eta edozein pertsona edo talderen kontrako indarkeria ilegala bultzatzen duen gorroto nazional, arrazagatiko edo erlijiosoaren defentsa; arraza, kolore, erlijio, hizkuntza edo jatorri nazionala argudiatuz, legez eraso zigorgarria bezala ikusiko da.

    19. Artikulua - Umeen eskubidea
    Adin-txikiko ume orok dauka bere estatusak ematen dizkion babes neurriez gozatzeko eskubidea, bere familia, gizarte eta estatuan.

    8. Artikulua - Epaiketa justu baterako eskubidea
    1. Pertsona orok dauka bista baterako eskubidea, berme eta denbora dezenterekin, aurretiaz lege bidez finkaturik dagoen auzitegi independente eta inpartzial baten eskutik.
    2. Delitu bat egiteaz akusaturiko pertsona orok dauka errugabetzat hartua izateko eskubidea, lege bidez bere erruduntasuna frogatu ez den bitartean. Prozedura hauen bitartean, pertsona orok, berdintasun osoz, dauka hurrengo berme minimoetarako eskubidea:
    a. itzultzaile edo interprete baten laguntzarako eskubidea, auzitegiaren hizkuntza ez badu ulertzen edo hitz egiten;

    25. Artikulua - Babes juridikorako eskubidea
    1. Pertsona orok dauka berehalako errekurtso sinple baterako, edo beste inolako errekurtso eraginkorrerako, eskubidea; baita epaiketa edo auzitegi konpetente baterako eskubidea, Batzorde honek zein intereseko estatuaren konstituzioak onarturiko oinarrizko eskubideen urraketen aurka babestuko duena; nahiz eta urraketa horiek beren beteberhar ofizialak aurrera zeramatzen pertsonek egin badituzte.
    2. Estatu partaideek onartzen dute:
    a. konponbidea erreklamatzen duen edozein pertsonak, beren eskubideak estatuaren sistema legalak ezarritako agintari eskudun batek determinatuko dituela bermatzea.
    b. konponbide judizialen posibilitateak garatzea; eta
    c. aitortzekotan, agintari eskudunek konponbideak bermatuko dituztela ziurtaraztea.

    I. ZATIA - ESTATUAREN BETEBEHAR ETA ESKUBIDE BABESTUAK
    I. KAPITULUA - BETEBEHAR OROKORRAK
    1. Artikulua - Eskubideak errespetatzeko betebeharra
    1. Batzorde honetan parte hartzen duten Estatuek onartzen dute hemen aipaturiko eskubide eta askatasunak errespetatzea, eta beren juridistikzio barneko pertsona guztientzat bermatzea arraza, kolore, sexo, hizkuntza, erlijio, iritzi-politiko edo edonolako iritzi, jatorri nazional zein sozial, egoera ekonomiko, jaiotze edo beste edozein baldintza sozialengatik diskriminatua izan gabe.
    2. Artikulua - Efektu legal nazionalak
    Aurreko artikuluan aipaturiko eskubide edo askatasunak ez badaude dagoeneko bermatuak beren botere legegileengatik edo beste xedapenengatik, Estatu partehartzaileek onartzen dute; beren prozesu konstituzionalak eta Batzorde honen xedapenak jarraituz, eskubide edo askatasun hauek bermatuko dituzten beharrezko neurri legegile zein bestelakoak hartzea.

  • Eskaeraren ikerketa onartezina zela, Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordearen 11. artikuluetan kontsakraturiko eskubideen arabera.

    I. ZATIA - ESTATUAREN BETEBEHAR ETA ESKUBIDE BABESTUAK
    II. KAPITULUA - ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOAK
    11. Artikulua - Pribatutasun eskubidea
    1. Pertsona orok dauka bere ohorea errespetatua eta bere duintasuna onartua izateko eskubidea.
    2. Inor ez da interferentzia arbitrario zein iraingarriaren xede izango bere bizitza pribatuari, familiari, etxeari, edo korrespondentziari dagokionez, ezta bere ohore zein ospearen aurkako eraso ilegalen xede.
    3. Pertsona orok dauka legearen babeserako eskubidea halako interferentzia edo erasoen aurrean.

  • Erabakia Estatuari zein eskatzaileei jakinaraztea.
  • Auziaren inguruko prozesua abiaratzea.
  • Erabakia argitaratu eta Urteko Txostenean barneratzea, Amerikako Estatuen Erakundearen (AEE) Batzar Nagusiaren aurrean aurkeztuz.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021eko irailaren 30ean, Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordeak Community of La Oroya v. Peru kasua Amerikarteko Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean aurkeztu zuen. Halaber, batzordeak ondorioztatu zuen Peruko Estatua erantzule dela bizitza duinaren, osotasun pertsonal, ziurtasun judizial, ingurumenaren infromazio sarbide, haurtzaro, partehartze publiko, babes juridiko, osasun eta ingurumen osasuntsuaren eskubideen urraketagatik.[56]

2022ko urriaren 17an, Doe Run Peru empresak Metalurgia Business Peruri bere aktiboak trasferitu zizkion, azken enpresa honen jabeak La Oroyako Konplexu Metalurgikoan (Complejo Metalúrgico de La Oroya, CMLO) lan egiten duten 1.200 langile metalurgikoak direlarik. Enpresaren zuzendaritzak "Ingurumenarekiko, La Oroyako biztanleriarekiko, gizaki bizidunekiko eta langileekiko errespetua" aipatu zituen enpresaren funtzionamenduaren oinarri bezala, transferentzia eman zen eguneko prentsaurrean.[57] Urte bereko abenduan, Metalurgia Business Peruko gerenteak, Ángel Calixto, konplexu mealurgikoaren bueltaera iragarri zuen 2023ko otsailerako La Oroyako Konplexu Metalurgikoa zentro teknologiko-metalurgikoa bilakatuko zela. Hutseko Labe Elektriko (Horno Eléctrico al Vacío, HEVa) bidez,[58] ostera ongarri kimikoa sortzeko kalitate altuko karea sortu eta zentro metalurgikoa karbono neutroko prozesua bilakatzea proposatzen zuen.[59][60][61] 2023ko ekainean, znetro metalurgikoa oraindik ez da ireki.[62]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Community of La Oroya v. Peru | Global Health & Human Rights Database» www.globalhealthrights.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  2. «Community of La Oroya v. Peru | UNEP Law and Environment Assistance Platform» leap.unep.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  3. (Gaztelaniaz) Historia de la Oroya – Municipalidad Provincial de Yauli La Oroya. (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  4. a b c d e f g Vega Centeno, Pablo. (2007). El ocaso de un modelo de ciudad minera: Una mirada a Cerro de Pasco y La Oroya. (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  5. (Gaztelaniaz) «Chasquis, los mensajeros del Inca» historia.nationalgeographic.com.es 2020-07-13 (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  6. a b Tschudi, Johann Jakob von; Kaulicke, Peter. (2003). El Perú. Esbozos de viajes realizados entre 1838 y 1842. Pontificia Universidad Católica del Perú. Fondo Editorial ISBN 978-9972-42-581-3. (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  7. Oroya. Tarabilla, modo de pasar el agua. Museo de Arte de Lima (Juan Carlos Verme-k emana).
  8. (Ingelesez) «Puente Y Rio De La Oroya» CardCow.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  9. (Ingelesez) abbyw. «Eduardo Polack-Schneider» Dumbarton Oaks (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  10. Yupanqui, Titu Cusi; Bauer, Ralph. (2005). An Inca Account of the Conquest of Peru. University Press of Colorado ISBN 978-0-87081-821-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  11. «Historia general del Peru :» Biblioteca Digital Hispánica (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  12. Historia Universal: Civilizaciones precolombinas y conquista de América. Salvat 2005 ISBN 978-84-345-9180-6. (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  13. Historia de América Latina. 2: América Latina colonial: Europa y América en los Siglos XVI, XVII, XVIII. Crítica 2003 ISBN 978-84-8432-494-2. (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  14. (Gaztelaniaz) Perú, Historia del. (2014-09-20). «Minería en el virreinato» Historia del Perú (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  15. (Gaztelaniaz) GESTIÓN, NOTICIAS. (2021-05-17). «El primer tren de la Sudamérica hispana, el Lima-Callao, cumple 170 años | PERU» Gestión (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  16. FORMULARIO DE PRESENTACIÓN LISTA INDICATIVA: FERROCARRIL CENTRAL DEL PERÚ. REPÚBLICA DEL PERÚ, MINISTERIO DE CULTURA.
  17. Hurtado G., José. “Reseña Histórica de La Oroya”. En: “Revista El Serrano”. Cerro de Pasco Corporation. N° 100. 1958
  18. a b c d «Vista de Los efectos urbanos de la minería en el Perú: del modelo de Cerro de Pasco y La Oroya al de Cajamarca» revistas.up.edu.pe (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  19. (Ingelesez) «[Cerro de Pasco, Peru. March 1914. Copper mine.»] www.loc.gov 1914 (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  20. a b c (Ingelesez) Mayer, Dora. (1913). The conduct of the Cerro de Pasco mining company. Lima, Peru: Asociación Pro-Indigena.
  21. Txantiloi:None SIM Microfilm Canister of IA1532315-01 Raw Scan. (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  22. (Ingelesez) Miller, B. L., Singewald, J.T.. (1916). «The Mining Industry of Peru» The Engineering and Mining Journal 101(20): 845-850..
  23. a b c d (Gaztelaniaz) Kruijt, Dirk; Vellinga, Menno. (1983-01-01). Estado, clase obrera y empresa transnacional: el caso de la minería peruana, 1900-1980. Siglo XXI ISBN 978-968-23-1236-6. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  24. «Central Hidroeléctrica La Oroya Cien Años Generando Historia (1914 – 2014)» Docslib (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  25. (Ingelesez) «High in the Andes, A Mine Eats a 400-Year-Old City» History 2015-12-02 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  26. Humanities, National Endowment for the. (1915-10-31). Bisbee daily review. [volume (Bisbee, Ariz.) 1901-1971, October 31, 1915, MINING SECTION, Image 10. ], TWO or. ISSN 2157-3255. (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  27. Pajuelo, Ramón. Medio ambiente y salud en La Oroya. Lima, Coperacción. 2005.
  28. (Gaztelaniaz) «Informe sobre la situación de La Oroya : cuando la protección de los inversores amenaza los derechos humanos» Federación Internacional por los Derechos Humanos (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
  29. (Gaztelaniaz) DePeru.com. «Ley 5216 - PDF» www.deperu.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  30. (Gaztelaniaz) DePeru.com. «Ley 9606 - PDF» www.deperu.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  31. a b c (Gaztelaniaz) Ramírez, Augusto V.. (2022). «Apuntes para la historia de la minería en los Andes centrales del Perú» FlippingBook (Revista Minería) 541: 108-118..
  32. (Gaztelaniaz) DePeru.com. «Ley 20492 - PDF» www.deperu.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  33. (Gaztelaniaz) Caribe, Comisión Económica para América Latina y el. (2002-07-01). El proceso de privatizaciones en el Perú durante el período 1991-2002. CEPAL ISBN 978-92-1-322053-5. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  34. «Pablo Miguel Fabián Martínez, Digna Ortega Salazar, Alfredo Peña Caso, Rosalía Tucto Ortega, José Chuquirachi Anchieta y María Elena Cárdenas Soto c/ el Ministerio de Salud y la Dirección General de Salud Ambiental (Digesa) | InforMEA» www.informea.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  35. «jurisprudencia | Tribunal Constitucional» jurisprudencia.sedetc.gob.pe (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  36. "Development of an integrated intervention plan to reduce exposure to lead and other contaminants in the mining center of La Oroya, Peru". Centers for Disease Control and Prevention National Center for Environmental Health/ Agency for Toxic Substances and Disease Registry Division of Emergency and Environmental Health Services. (2005)
  37. «Niveles de Estado de Alertas de la Oroya | DIGESA» www.digesa.minsa.gob.pe (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  38. (Ingelesez) Welding, Cutting, Brazing – Environmental Health & Safety | The University of Alabama. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  39. (Ingelesez) Kim, J Y. (2005-03-01). «Exposure to welding fumes is associated with acute systemic inflammatory responses» Occupational and Environmental Medicine 62 (3): 157–163.  doi:10.1136/oem.2004.014795. ISSN 1351-0711. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  40. (Ingelesez) Chastain, Steve. (2004). Metal Casting: A Sand Casting Manual for the Small Foundry. Stephen Chastain ISBN 978-0-9702203-2-5. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  41. Kaye, P. (2002-05-01). «Metal fume fever: a case report and review of the literature» Emergency Medicine Journal 19 (3): 268–269.  doi:10.1136/emj.19.3.268. PMID 11971851. PMC PMC1725877. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  42. a b (Ingelesez) US EPA, OAR. (2016-06-02). «Sulfur Dioxide Basics» www.epa.gov (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  43. (Ingelesez) Balmes, John R.; Fine, Jonathan M.; Sheppard, Dean. (1987-11). «Symptomatic Bronchoconstriction after Short-Term Inhalation of Sulfur Dioxide» American Review of Respiratory Disease 136 (5): 1117–1121.  doi:10.1164/ajrccm/136.5.1117. ISSN 0003-0805. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  44. (Ingelesez) Shah, Prakesh S.; Balkhair, Taiba. (2011-02). «Air pollution and birth outcomes: A systematic review» Environment International 37 (2): 498–516.  doi:10.1016/j.envint.2010.10.009. (Noiz kontsultatua: 2023-06-17).
  45. (Ingelesez) «CDC updates blood lead reference value | Lead | CDC» www.cdc.gov 2022-12-16 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  46. (Ingelesez) «Guideline for clinical management of exposure to lead» www.who.int (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  47. (Gaztelaniaz) «Informe sobre la situación de La Oroya : cuando la protección de los inversores amenaza los derechos humanos» Federación Internacional por los Derechos Humanos (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).
  48. (Ingelesez) «Lead poisoning» www.who.int (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  49. a b Sanborn MD, Abelsohn A, Campbell M, Weir E. Identifying and managing adverse environmental health effects: 3. Lead exposure. CMAJ : Canadian Medical Association Journal = Journal de L'association Medicale Canadienne. 2002 May;166(10):1287-1292. PMID: 12041847; PMCID: PMC111081.
  50. a b (Ingelesez) Needleman, Herbert. (2004-02-01). «Lead Poisoning» Annual Review of Medicine 55 (1): 209–222.  doi:10.1146/annurev.med.55.091902.103653. ISSN 0066-4219. (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  51. Kosnett MJ (2005). "Lead". In Brent J (ed.). Critical Care Toxicology: Diagnosis and Management of the Critically Poisoned Patient. Gulf Professional Publishing. ISBN 978-0-8151-4387-1.
  52. «Lead | Toxic Substances | Toxic Substance Portal | ATSDR» wwwn.cdc.gov (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  53. (Ingelesez) «Lead Poisoning - Injuries; Poisoning» Merck Manuals Professional Edition (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  54. «Perú  Petición 1473-06 Comunidad de La Oraya» www.cidh.oas.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  55. «:: Multilateral Treaties > Department of International Law > OAS ::» www.oas.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  56. (Gaztelaniaz) «CIDH presenta caso ante la Corte IDH sobre responsabilidad de Perú por efectos de la contaminación en la Comunidad de La Oroya» www.oas.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  57. (Gaztelaniaz) Salomé, Percy. (2022-10-17). «La Oroya reinicia actividades en febrero 2023, luego de trece años, anuncian trabajadores HYTIMES.PE» HYTIMES.PE (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  58. (Ingelesez) «Hencon Vacuum Technologies» Mining Technology (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  59. (Gaztelaniaz) Periodista. «La Oroya: En su reinicio en 2023 incluirán producción de fertilizantes para la agricultura» Energiminas (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  60. (Ingelesez) «LA OROYA REINICIARÍA EN 2023 Y DIVERSIFICARÁ NEGOCIO CON PRODUCCIÓN DE FERTILIZANTES PARA LA AGRICULTURA PERUANA» es.linkedin.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  61. Txantiloi:Es-PE «La Oroya reiniciaría en 2023 y diversificará negocio con producción de fertilizantes para la agricultura peruana» Revista ProActivo 2022-12-05 (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  62. (Ingelesez) https://www.facebook.com/FRANCE24.English. (2023-06-05). «Focus - In Peru, the reopening of La Oroya foundry sparks controversy» France 24 (Noiz kontsultatua: 2023-06-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]