Concha Laca

Wikipedia, Entziklopedia askea
Concha Laca
Bizitza
JaiotzaMadril1925eko martxoaren 21a
HeriotzaIrun2018ko azaroaren 14a (93 urte)
Jarduerak
Jarduerakartista, diseinatzailea, zeramikaria, artisaua, eskultorea eta dekoratzailea
Enplegatzailea(k)Porcelanas Bidasoa
Porcelanas Bidasoa  (1953ko urtarrilaren 3a -  1984)

Concha Laca Ugaldebere, "Conchita" izenez ezaguna, (Madril, Espainia, 1925eko martxoaren 21aIrun, Gipuzkoa, 2018ko azaroaren 11) zeramikaria, artisaua, dekoratzailea eta eskultorea izan zen.[1][2][3]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Concha Madrilen jaio zen. Aita Doroteo Laca Markina-Xemeinen (Bizkaia) jaiotako mekanikaria zen, Naviera Aznar enpresak Madrilen zituen 6 autoren arduraduna. Ondorioz, 7 hilabetez Madrilen eta 5 hilabetez Berrizen (Bizkaia) bizi behar izan zuen. Ama Soledad Ugaldebere izan zuen, Bilbon jaioa. Bi ahizpa izan ziren, eta bera izan zen txikiena.

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrari izateko ikasi zuen, baina lanbide hori gustatzen ez zitzaionez, 1939an Francisco Alcántara jaunak zuzentzen zuen Madrilgo Zeramikako Udal Eskolan sartu zen. Aitak honen berri izan zuenean, mertzeria bat jarri nahi izan zion arteari ekin aurretik. Horregatik, amak zuzendariarekin hitz egin zuen, ez baitzuen nahi alabak denbora galtzerik, eta 6 hilabeteko froga ematea adostu zuten. 6 hilabetera, irakasleak adierazi zuen gaitasun handiko pertsona zela eta beka baterako proposatu zutela. Lehenik beka horrekin, eta gero Artisautzako Obra Sindikaleko beste batekin, 1947ra arte egin zituen ikasketak.[2]

Lan ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak amaitu eta 1952ra arte irakasle laguntzaile gisa aritu zen, eta eskolan egiten zituzten lan batzuekin osatu zuen, hala nola goi mailako joskintzarako zeramikazko botoi batzuekin, erliebedun garagardo pitxer batzuekin eta abarrekin.

Mariano Benlliure jaunak portzelanaz erreproduzitu nahi zituen bere obra batzuk, eta Conchita laguntzaile izan zuen.

1952an Irungo Porcelanas del Bidasoa enpresa dekoratzaile bila zebilela jakin zuenean, bere burua aurkeztu zuen Conchak eta, hilabeteko probaren ondoren, postua lortu zuen. Garai hartan enpresa horretako zuzendari artistikoa Manuel Benedicto jauna zen.

Madrilgo eskolari agur esan zionean, Jacinto Alcántara zuzendariak (sortzailearen semea) ondorengoa esan zion:

Asko pozten naiz enpresa horretan onartu zaituztelako, Europako onenetako bat baita, baina ohartarazpen bat egingo dizut: enpresa askok eskatu didate pertsonala, baina maskulinoa besterik ez dute nahi, eta ez ahaztu esango dizudana: gizon baten kategoria bera eman diezazuten, gizonek baino gehiago erakutsi beharko duzu, halere, inoiz ez zaituzte kategoria berean jarriko.

Horrela gertatu zen, baina Conchari bere lana asko gustatzen zitzaionez, urte luzez iraun zuen. Porcelanas del Bidasoan 1952tik 1984ra egin zuen lan, 34 urte guztira, lehenik dekoratzaile gisa, 12 pertsona ziren sail batean, denak gizonak, bera izan ezik. Diru-sarrera txikiak osatzeko, Artes Graficas enpresan egin zuen lan, orduka, fotolitoetarako marrazkiak prestatzen.

1957an Manuel Benedito jaunak galdetu zion ea ezagutzen zuen portzelanazko loreak modelatzen zekien ikaskiderik. Pentsatu gabe, berak egin zezakeela erantzun zion, eta froga batzuk egiteko eskatu zion. Horrela, une horretatik aurrera, inoiz egin ez zituen loreak egiten hasi zen, baina portzelanaren teknika oso ondo ezagutzen zuenez, gaia lantzen hasi zen. Hasieran, portzelanarekin arazoak izan zituen, eta, horregatik, plastikotasun handiagoa lortzeko, arrautza zuringoa gehitzen hasi zen (labur esanda, albumina, gero fabrikan destrinarekin egiten zena). Bi arrosa, bi krabelin eta bi dalia egin zituenean, Madrilen bizi zen fabrikako zuzendaria joan zitzaien bisitan, eta hark esan zion: Horixe nahi nuen. Une horretatik aurrera bere bizitza aldatu egin zen. Handik aurrera ez zuen inorekin lehiatu behar izan fabrikan. Une horretatik aurrera, Arte Graficas enpresa utzi eta Porcelanas del Bidasoan baino ez zuen lan egin.

Handik gutxira, fabrikan lan egiten zuen eskultore oso on bat Lladro lantegira joan zen, eta, Conchari eskaini zioten postua, onartu eta une horretatik aurrera eskultore bihurtu zen.[4]

Jubilazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984an Porcelanas del Bidasoan jubilatu zen, nahiz eta 2000. urtera arte beraiekin lankidetzan aritu, enkargatu zizkioten diseinu batzuk eginez. Jubilazioa hartu zuenean, lantegi txiki bat jarri nahi izan zuen etxean loreak egiten jarraitzeko, baina sei milioi pezeta eskatu zizkioten metro kubikoko edukiera zuen labe batengatik, eta, diru asko zenez, ideia bertan behera utzi zuen.

Halere, ez zen geldirik geratu, 1984tik akuarela (astean bi egunetan) eta portzelanazko dekorazioa (astean behin) irakatsi zituen Catalina de Erauso arte eskolan. 2006an egindako dedikazio altruistiko horregatik, eskolak eta ikasleek merezitako omenaldia egin zioten.[1]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Concha Lacaren lanetako batzuk Bilboko Euskal Museoaren bilduma iraunkorrean ikus daitezke, Euskal Lozei eta Portzelanei eskainitako aretoan.[4]

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eskulangintzako Obra Nazionalak eta Madrilgo Udalak saritu zuten bere lana.
  • 1995ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Artisau Kutun titulua eman zion.
  • 2006an Catalina de Erauso arte eskolan egindako dedikazio altruistagatik, eskolak eta ikasleek merezitako omenaldia egin zioten.
  • Otzazki galeriako bazkide sortzailea izan zen, Ohorezko Bazkidea izendatu zuten.[5]
  • 2018an omenaldia egin zioten Hondarribiko Garabateando arte tailerreko partaideek. [5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Deia. «Flores en porcelana de Conchita Laca, arte con pasión y talento» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  2. a b «Concha Laca. Artista de la porcelana: Artesano - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  3. AGUIRRE SORONDO, Antxon. (2008-02-22). «Concha Laca. Artista de la porcelana: Artesano» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).
  4. a b Conchita Laca – Historias vascas. (Noiz kontsultatua: 2022-05-21).
  5. a b «Conchita Laca omenduko dute igandeko Garabateandon» Bidasoko Hitza 2018-11-16 (Noiz kontsultatua: 2022-05-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]