Edukira joan

Coronelgo gudua

Coronelgo gudua
Irudi
Mapa
Motagudua
Honen parte daLehen Mundu Gerra
Data1914ko azaroaren 1a
KokalekuOzeano Barea
Koordenatuak36°59′01″S 73°48′49″W / 36.983611111111°S 73.813611111111°W / -36.983611111111; -73.813611111111

Coronelgo gudua Lehen Mundu Gerrako itsas gudu bat izan zen, 1914ko azaroaren 1ean Alemaniako Itsas Armada Inperialak Royal Navyri irabaztea eragin zuena, Txile erdialdeko kostaldearen aurrean, Coronel hiritik gertu. Alemaniako Itsas Armada Inperialeko (Kaiserliche Marine) Ekialdeko Asiako Eskuadroiak (alemanez, Ostasiengeschwader —"Ekialdeko Asiako eskuadroia"— edo Kreuzergeschwader —"Gurutzaontzi eskuadroia"—), Graf Maximilian von Spee almirante ordeak zuzenduta, Sir Christopher Cradock almirante ordea buru zuen eskuadroi britainiar batekin topo egin eta menderatu zuen.

Gudua, ziurrenik, gaizki-ulertuen ondorioz gertatu zen. Almiranteetako batek ere ez zuen espero bestearekin indar betean topo egitea. Behin aurrez aurre egonda, Cradockek ulertu zuen bere aginduak amaierara arte borrokatzea zirela, nahiz eta aukerak oso kontrakoak izan. Speek garaipen erraza lortu bazuen ere —hiru zauritu izan zituen, baina etsaiaren bi gurutzaontzi blindatu suntsitu—, borrokan ere ia munizio hornikuntzaren erdia erabili behar izan zuen, zerbait ordezkaezina zuena.

Britainiarren galerekin izandako talkaren ondorioz, Almirantegoak itsasontzi gehiago bidali zituen, haien artean bi gudu-gurutzaontzi moderno, eta horrek, aldi berean, Spee eta haren eskuadroiaren gehiena suntsitu zituen abenduaren 8an, Falkland uharteetako guduan.

Gerra hasi zenean, Royal Navy eta Australiako Errege Itsas Armada, Zeelanda Berriaren eta Japoniako itsas eta lurreko indarren laguntzaz, Kaiser-Wilhelmsland (egungo Papua Ginea Berriko iparraldea), Yap, Nauru eta Samoako alemaniar koloniez jabetu ziren, Maximilian von Spee almirante ordeak zuzendutako Ekialdeko Asiako eskuadroi alemaniarra bilatu beharrean: horrek Tsingtaoko alemaniar kontzesioan zuen basea utzia zuen, Japoniaren aurkako gerraren beldurrez. Ekialdeko Asiako eskuadroia Marianetako Pagan uhartean berreraiki zen 1914ko abuztuaren hasieran. Azkenean, alemaniar eskuadroiak Ozeano Bareko merkataritza eteteko zuen ahalmena aitortuz, Britainiar Almirantegoak suntsitzea erabaki zuen, eta Ozeano Bareko mendebaldea miatu zuen, Ekialdeko Asiako eskuadroiak Papeeteko bonbardaketa egin ondoren (1914ko irailaren 22an): hor, frantses lurrunontzi batek bere presentziaren berri eman zuen.

Bagan uhartea, Marianak uhartedian

1914ko urriaren 4an, britainiarrek atzemandako irrati-mezu baten bidez jakin zuten Speek Hego Amerikako mendebaldeko kostaldeko merkataritza-bideetan itsas garraioari eraso egiteko xedea zuela. Alemaniar komandantearen asmoa egokiro asmatu zuenez, Sir Christopher Cradock almirante ordeak ingurua patruilatu zuten HMS Good Hope (bandera-ontzia zen) eta HMS Monmouth gurutzaontzi blindatuek, HMS Glasgow gurutzaontzi arin modernoak eta HMS Otranto merkatari armatuak osatutako eskuadroi batekin. Almirantegoak eskuadroia indartzeko asmoa zuen, HMS Defence gurutzaontzi blindatu berriago eta indartsuagoa Mediterraneotik bidalita, baina behin-behinean desbideratu zuen ontzi hori Atlantikoaren mendebaldea patruilatzeko. HMS Defence gudua gertatu eta bi egunera iritsi zen Montevideora, eta Cradockek, aldiz, HMS Canopus korazatu aurrekoa jaso zuen.

Egitasmoa aldatzeak esan nahi zuen britainiar eskuadroiak ontzi zaharkituak edo arinki armatuak zituela, HMS Good Hoperen kasuan esperientziarik gabeko itsas erreserbistek tripulatuak. HMS Monmouthek eta HMS Good Hopek [1] sei hazbeteko kanoi ugari zeuzkaten, baina HMS Good Hopek bakarrik 9,2 hazbeteko (233 mm) bi kanoi zeuzkan, banakako dorretxoetan muntatuta. Speek bost ontzi modernoko indar handiagoa zuen (SMS Scharnhorst eta SMS Gneisenau gurutzaontzi blindatuak eta SMS Dresden, SMS Leipzig eta SMS Nürnberg gurutzaontzi arinak), Alfred von Tirpitz almirante handiak berak aukeratutako ofizialek zuzenduta. SMS Scharnhorstek eta SMS Gneisenauk 8,2 hazbeteko zortzina kanoi zeramatzaten eta horrek abantaila handia ematen zien irismenari eta su-indarrari zegokienez; bi ontzietako eskifaiek gerra aurretik sariak irabazi zituzten beren artilleriarengatik. Almirantegoak Cradocki "haiekin laguntzaz biltzeko prest egoteko" agindu zion, Spee aurkitzekotan zein neurri hartzea espero zen argitzeko ahaleginik egin gabe. Aginduak jasotakoan, Cradockek Almirantegoari bere flota bi indarretan banatzeko baimena eskatu zion, bakoitza Speeri modu independentean aurre egiteko gai izanik. Bi taldeek Hego Amerikako ekialdeko eta mendebaldeko kostaldeetan jardun behar zuten, Spee Cradock atzean utzi eta Ozeano Atlantikoan igarotzeko arriskuari aurre egiteko. Almirantegoak ekialdeko kostaldeko eskuadroia adostu eta ezarri zuen Archibald Stoddart kontralmirantearen agindupean, hiru gurutzaontzik eta bi merkatari armatuk osatua.  

Gainerako ontziek mendebaldeko kostako eskuadroia osatu zuten, eta HMS Canopusek indartu zuen urriaren 18an. Gerra hasi zenean, HMS Canopusek 18 korapiloko (33 km/h) abiadura zuen. Ontzidia itsasoratu ondoren, ontziak 16 kn (30 km/h) baino ezin zituela egin eta ingeniari nagusia burutik gaixo zegoela ikusi zen. Almirantegoak adostu zuen HMS Canopusekin flota motelegia izanen zela gurutzaontzi alemaniarrekin borrokatzeko eta HMS Canopus gabe mendebaldeko kostaldeko eskuadroiak ez zuela inolako aukerarik. Cradock urriaren 20an itsasoratu zen Falklandetatik, artean HMS Defence laster iritsiko zelakoan eta Almirantegoaren aginduz alemaniar merkantzia ontziak erasotzeko eta Ekialdeko Asiar Eskuadroia bilatzeko. Britainiar eskuadroiak Hornos lurmuturra gurutzatu ahala, SMS Leipzigetik haririk gabeko transmisioen indarra areagotu egin ziren, eta bazirudien britainiarrek ontzia harrapatuko zutela bakartuta zegoen bitartean, baina Spee urriaren 14an SMS Leipzigekin elkartu zen, eta haririk gabeko isiltasuna betearazi zuen beste ontzietan.

Komunikazio-ildoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 30ean, gudua baino lehen baina komunikazioen atzerapenak zirela kausa —ondoriorik izateko beranduegi—, Jackie Fisher almirantea Itsasoko lehen lord eta izendatu zuten berriro, Louis Battenberg printzearen ordez; horrek, Churchillekin batera, Itsasoko Lehen Lord eta Itsas armadako Estatu Nagusiko Burua izaten segitzeko bere posizioa mantentzeko borrokan buru-belarri ziharduen eta kezka handia sortu zion Britainia Handiko almirante nagusia alemaniar jatorrikoa zelako. Battenberg almirante zaildua eta fidagarria zen baina ordezkatu egin zuten, iritzi publikoa baretzeko. Krisiak Almirantegoko kide nagusien arreta erakarri zuen, Hego Amerikako gertaeretatik aldenduta: Churchillek, geroago, distraituta egon ez balitz, itsasoan zuen almirantearen asmoak sakonago aztertuko zituela adierazi zuen.

Urriaren 27an, Churchillek Cradocken seinale bat jaso zuen, Almirantegoari bere abiadura motela zela eta HMS Canopus atzean uzteko asmoa aholkatuz eta, aurretik esan bezala, geratzen zitzaizkion itsasontziak Speeren bila eramateko. Berriz adierazi zuen oraindik HMS Defenceren bidez errefortzuak espero zituela —aurrez agindua zioten bazetorrela eta lehenbailehen hari jarraitzeko agindua eman zuela. Nahiz eta HMS Defence Cradock indartzera bidalia izan zen garai batean, bidean kendu zen, Mediterraneora itzuli eta gero berriro bidali zuten Hego Amerikako ekialdeko kostaldea patruilatzen zuen beste eskuadroi bat osatzeko. Cradock eta Almirantegoaren artean gaizki-ulertu bat sortu zen itsasontziak esleitu eta erabiltzeko moduagatik. Cradockek uste zuen espero zela Speeren aurka aurrera egitea berak zituen indar haiekin, eta Almirantegoak, berriz, zuhurtziaz jokatzea espero zuen, HMS Canopus defentsarako erabiliz eta soilik etsaiaren bila edo etsaiaren indarraren zati batekin topo egin zezakeen edozein egoeraz baliatzeko. Churchillek seinaleari erantzun zion, Cradocki HMS Defence ekialdeko kostaldean geratuko zela esanez eta Cradockek bere zereginerako indar nahikoak zituela uste zela, HMS Canopus bertan behera uzteko bere planari buruzko komentariorik egin gabe. Churchillek mezua helarazi zien Almirantegoko langileei, Cradockek zer nahi zuen ez zuela behar bezala ulertzen esanez.

Ziurrenik, Cradockek azaroaren 1ean jaso zuen Churchillen erantzuna, HMS Glasgowk Coronelen bildutako mezuekin: horrek denbora eman zion guduaren aurretik irakurtzeko. Hala, Cradockek espero zena egiten ari zela baieztatzen zuen azken baieztapentzat hartuko zuen mezua. Stanleytik irten aurretik, gutun bat utzi zuen, hilko balitz Sir Hedworth Meux ontzidiko almiranteari bidaltzeko. Horretan, Cradocken lagun Ernest Troubridge kontralmirantearen patua jasateko asmorik ez zuela komentatu zuen, une hartan gorteko martzialaren zain baitzegoen etsaiari eraso ez egiteagatik. Falklandetako gobernadoreak eta haren laguntzaileak jakinarazi zuten Cradockek ez zuela espero bizirik irautea. Luce-k jakinarazi zuenez, "Cradock izaeraz ez zen gai ekintzari uko egiteko edo are atzeratzeko ere, arrakastarako aukera txikiena baldin bazegoen".

Azaroaren 3an, Fisherrek Londresen Valparaísotiko albisteak jaso zituen, Spee begiztatua izan zela esanez. HMS Defenseri Cradockekin premiaz bat egiteko aginduak eman zizkion, eta HMS Canopus beste ontziekin batera mantentzeko beharra azpimarratu zuen. Azaroaren 4an, guduari buruzko alemaniar txostenak Londresera iristen hasi ziren.

Prestaketa britainiarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Admiranteorde Graf Maximilian von Spee
Admiranteorde Graf Maximilian von Spee kondea
Admiranteorde Sir Christopher Cradock
Admiranteorde Sir Christopher Cradock

Urriaren 22an, Cradockek Hornos lurmuturra inguratu behar zuela jakinarazi zion Almirantegoari kable baten bidez eta HMS Canopus atzean uzten ari zela bere ikatzontziak eskoltatzeko. Urriaren 27an, John Fisher almiranteak Battenberg ordezkatu zuen Itsasoko Lehen Lord eta Itsas armadako Estatu Nagusiko Buru gisa, eta biharamunean, Fisherrek HMS Canopus gabe Speeren aurka borrokan ez hasteko agindu zion Cradocki. Ondoren, HMS Defence agindu zion Cradock indartzeko. Aurreko astean Cradockek HMS Glasgow bidali zuen Coronelera, Almirantegoaren bidalitako mezurik baldin bazegoen, haiexek jasotzera. Spee, HMS Glasgow Coroneletik gertu zegoela jakin ondoren, Valparaísotik hegoalderantz abiatu zen bost gerraontziekin, bera suntsitzeko asmoz. HMS Glasgowk Alemaniako gurutzaontzietako baten irrati trafikoa atzeman zuen, eta Cradock jakinaren gainean jarri: horrek bere flota iparralderantz biratu zuen, gurutzontzia atzemateko.

Alemaniarrek abiaduran, su-ahalmenean, eraginkortasunean eta kopuruan zuten nagusitasuna ikusita, Cradockek zergatik erabaki zuen haiei aurre egiteak historialariak txunditzen ditu. Garai hartan Ernest Troubridge kontralmirantea, Cradocken laguna, gorteko martzialaren zain zegoen, etsaiari aurre ez egiteagatik, eta Almirantegoak esana zion haren indarra "nahikoa" zela. Cradocken lankideen artean onartutako ikuspuntua zen "izaeraz, ez zela gai ekintzari uko egiteko". Urriaren 31n, bere eskuadroiari eraso-formazio bat hartzeko agindu zion. Pentsatzen da bi aldeek ontzi bakar batekin topo egitea espero zutela, azaroaren 1eko 16:40an elkar begiztatu zuten arte.

Itsasontzien mugimenduak Coronelgo guduan. Erresumabatuar ontziak gorriz ageri dira; alemaniarrak, urdinez.

Urriaren 31n, HMS Glasgow Coronelgo portuan sartu zen, kontsul britainiarraren mezuak eta albisteak biltzeko. Portuan Göttingen hornidura-ontzi bat ere zegoen, Speerentzat lanean ari zena, eta berehala zabaldu zen portuan sartzen zen itsasontzi britainiarraren berria. HMS Glasgowk irrati trafikoa entzuten zuen, eta horrek iradoki zuen alemaniar gerraontziak gertu zeudela. Gauzak nahastu egin ziren, alemaniar ontziek denek dei-seinale bera erabiltzeko agindua jaso zutelako, SMS Leipzigena. Speek bere ontziak Coronelera eramatea erabaki zuen, HMS Glasgow harrapatzeko, Cradock almirantea iparraldera SMS Leipzig harrapatzera oldartzen ari zen bitartean. Ez bata ez bestea ez ziren konturatu arerioaren indar nagusia gertu zegoela.

Azaroaren 1eko 09.15ean, HMS Glasgow portutik abiatu zen, Cradockekin eguerdian elkartzeko, Coronelen mendebaldetik 40 mi-ra (34,8 nmi; 64,4 km). Itsasoa latza zenez, ezinezkoa zen itsasontzien artean txalupa bat bidaltzea, mezuak emateko, itsasoan flotatutako kable batean transferitu behar baitzen. 13:05ean, itsasontziak lerro batean elkartu ziren, 15 mi-ko tarteaz (13,0 nmi; 24,1 km): HMS Glasgow ekialdeko muturrean zegoen eta iparralderantz nabigatzen hasi ziren hamar korapiloko abiaduraz (19 km/h), SMS Leipzigen bila. 16:17an, SMS Leipzigek, Alemaniako beste ontziekin batera, britainiar ontzien kea ikusi zuen. Speek abiadura osoa agindu zuen, SMS Scharnhorst, SMS Gneisenau eta SMS Leipzig britainiarrengana hogei korapilora (37 km/h) gertura zitezen, SMS Dresden eta SMS Nürnberg gurutzaontzi arin motelagoak nolabait atzerago zihoazela.

16:20an, HMS Glasgowk eta HMS Otrantok kea ikusi zuten iparraldean eta, ondoren, hiru ontzi hamabi milako irismenean (10,4 nmi; 19,3 km). Britainiarrek atzera egin zuten, eta bi ontzidiak hegoalderantz zihoazen; 90 minutu iraun zuen jazarpena hasi zen. Cradockek aukera baten aurrean zegoen: 20 kn-ko abiaduran (37 km/h) ibiltzeko gai ziren bere hiru gurutzaontziak har zitzakeen, HMS Otranto atzean utzita eta alemaniarrengandik ihes egin, edo bertan geratu eta HMS Otrantorekin borrokatu, 16 kn (30 km/h) bakarrik egin zitzakeena. Alemaniar itsasontziek abiadura 15.000 yarda (13.720 m) ingurura jaitsi zuten, posizio onenetan berrantolatzeko eta ikuspen onenaren zain egoteko, britainiarrak mendebaldean zituztela, ilunabarreko eguzkiak argituta zeuden bitartean.

SMS (Seiner Majestät Schiff, hots, "Haren maiestatearen itsasontzi") Scharnhorst

17:10ean, Cradockek borroka egin behar zuela erabaki eta bere ontziak hurbildu zituen. Norabidea hego-ekialderantz aldatu zuen eta alemaniar itsasontzietarantz ixten saiatu zen, eguzna zen bitartean. Speek ez zuen parte hartu nahi izan eta bere ontzi azkarrenak baztertu zituen, 12.800 metroko tartera gutxi gorabehera paraleloan nabigatu zuten indarren arteko distantzia mantenduz. 18:18an, Cradock berriro ere ixten saiatu zen, etsaiarengana zuzenean joz, eta horrek, berriz ere, 18.000 yardako (16.460 m) tarte handiago batean urrundu zitzaion. 18:50ean, eguzkia sartu zen; Spee 10.970 metrora hurbildu eta tiroka hasi zen.

Alemaniar ontziek 210 mm-ko hamasei kanoi zituzten, HMS Good Hopeko 234 mm-ko bi kanoien parekoak. Horietako bat guduaren hasieratik bost minutura jo zuten. Britainiarren ontzietako 152 mm-ko gainerakoetatik, gehienak itsasontzien alboetako kasamatetan zeuden eta urek etengabe gainezka egiten zuten, idi-begiak itsaso zakarretan tiro egiteko irekitzen zirenean. HMS Otranto gurutzaontzi merkatariak —bakarrik 120 mm-ko zortzi kanoi zituen eta beste ontziak baino jomuga askoz ere handiagoa zen— mendebaldera gibeleratu zen ziztu bizian.

Britainiar 152 mm-ko kanoiek alemaniarren 210 mm-koekin parekatzeko irismen eskasa zutenez, Cradock alemaniar ontzietara hurbiltzen saiatu zen. 19:30erako, 152 mm-ko 6.000 yardara (5.490 m) zegoen, baina gerturatu ahala, alemaniarren suaren zehaztasuna handiagoa izan zen. HMS Good Hopek eta HMS Monmouthek su hartu zutenez, alemaniar kanoilarientzat jomuga errazak bilakatu ziren; aldiz, ilundu zuenean, alemaniar itsasontziak ilunpetan desagertu ziren. HMS Monmouth isilarazi zuten aurrena. HMS Good Hopek tiroka segitu zuen, alemaniar ontzietara hurbiltzen segitu zuen eta gero eta su gehiago jaso. 19:50erako, tiro egiteari utzi zion; ondoren, haren aurrealdeak eztnada egin zuen eta, jarraian, hautsi eta hondoratu egin zen, hondoratzearen lekukorik gabe.

SMS Scharnhorstek sua HMS Monmouthera aldatu zuen eta SMS Gneisenauk, berriz, SMS Leipzig eta SMS Dresdenekin bat egin zuen, HMS Glasgowren aurka. Alemaniar gurutze-ontzi arinek 105 mm-ko kanoiak baino ez zeuzkaten, HMS Glasgow ia onik utzi zutenak, baina orain, SMS Gneisenauko 210 mm-ko kanoiekin elkartu ziren. John Luce HMS Glasgowko kapitainak erabaki zuen ez zela ezer irabaziko geratu eta borrokatzen saiatuz gero. Konturatu zenez, tiro egiten zuen bakoitzean beren kanoien distira salba berri batean apuntatzeko erabiltzen zutela alemaniarrek; beraz, berak ere tiro egiteari utzi zion. Ontziaren konpartimentu bat urez bete zen, baina oraindik ere 24 kn (44 km/h) egin zitzakeen. HMS Monmouthera itzuli zen lehenik, ilun baitzegoen, baina oraindik ur gainean. Ezin zen deus egin ontziaren alde, poliki-poliki hondoratzen ari baitzen, baina Txileko kostaldean hondartzara joaten saiatu zen. HMS Glasgowk hegoaldera jo eta alde egin zuen.

HMS (His Majesty's Ship, hots, "Haren maiestatearen itsasontzi") Good Hope. Monarka erregina denean, Her Majesty's Ship esan nahi du

Alemaniarren artean nahasmena sortu zen bi gurutzaontzi blindatuen patuaz, behin tiro egiteeari utzi eta ilunpetan galdu baitziren, eta ehiza hasi zen. SMS Leipzigek zerbait sutan ikusi zuen, baina hurreratzean hondamena besterik ez zuen aurkitu. SMS Nürnberg —beste alemaniar itsasontziak baino motelagoa— berandu iritsi zen borrokara eta HMS Monmouth begiztatu zuen, hondatuta, oso kaltetuta, baina oraindik mugitzen. Bere argiak itsasontziaren zabalgunean nabarmen zuzendu ondoren, amore emateko gonbidapena jakinarazirik —baztertu zena—, tiro egin zuen eta azkenean itsasontzia hondoratu. Informazio sendorik gabe, HMS Good Hopek ihes egin zuela erabaki zuen Speek, eta bilaketa bertan behera utzi zuen 22:15ean. Erresuma Batuko korazatu bat nonbait zebilela zioten txostenak gogoan, iparraldera jo zuen.

HMS Good Hope eta HMS Monmouthetik inor ere bizirik atera ez zenez, 1.660 britainiar ofizial eta marinel hil ziren, Cradock almirantea barne. HMS Glasgowk eta HMS Otrantok ihes egin zuten (lehenak bost talka jaso eta bost zauritu izan zituen). Bi jaurtigaik bakarrik jo zuten SMS Scharnhorst, eta ez batak ez besteak ez zuten eztanda egin: sei hazbeteko jaurtigai batek blindajearen gainetik jo zuen, eta biltegi batera sartu zen: hor, Speeren hitzetan, "izakia besterik gabe han zetzan, diosal moduko bat bezala". Beste batek inbutu bat jo zuen. Aitzitik, SMS Scharnhorstek gutxienez 35 kolpe jo zizkion HMS Good Hoperi, baina 210 mm-ko 422 jaurtigai erabilita, 350 geratzen zitzaizkion. Lau jaurtigaik jo zuten SMS Gneisenau, eta haietako batek ia urpetu zuen ofizialen ostatu-gela. HMS Glasgowko jaurtigai batek bere popako dorretxoa jo eta aldi baterako bota zuen. SMS Gneisenauko hiru gizon zaurituak izan ziren; SMS Gneisenauk 244 jaurtigai erabili zituen eta 528 geratzen zitzaizkion.

HMS Canopus Stanleyn hondartua; geroago berriro flotatu zuten eta Gallipoliko kanpainan parte hartu zuen.

Hura izan zen Britainia Handiko lehen itsas porrota 1812ko angloamerikar gerran Champlain lakuko guduaz geroztik, eta britainiar itsas eskuadroi baten lehena 1810eko Grand Porteko guduaz geroztik. Almirantegora porrotaren berri iritsitakoan, itsas indar berri bat bildu zen Doveton Sturdee almiranteordearen agindupean, HMS Invincible eta bere senide-ontzi HMS Inflexible gurutzaontziak barne. Falkland uharteetako guduan, Speeren indarra aurkitu eta suntsitu egin zuten.

HMS Glasgowek, gudutik ihes egin ondoren, hegoalderantz jo zuen hiru egunean, 20 kn-ko abiaduran (37 km/h) eta Magallaesen itsasartetik igaro zen. HMS Canopusek, HMS Glasgowk bidalitako mezuez oharturik, biratu eta atzerantz jo zuen, berak kudea zezakeen abiadurarik onenean, hau da, 9 kn-ra (17 km/h). Azaroaren 6an elkartu ziren bi ontziak, eta poliki-poliki joan ziren Falklandetarantz. Bidaian zehar, HMS Canopusek bi aldiz jakinarazi behar izan zuen ez zegoela kontrolpean. Ikatza hartutakoan, bi itsasontziei iparraldera jotzeko agindu zitzaien, baina berriro HMS Canopus hondatu egin zen. Azkenean, Stanley Harbourren hondartzeko agindu zioten, defentsarako bateria gisa erabili ahal izateko.

HMS Otrantok 200 nmi-an (370 km) nabigatu zuen Ozeano Barean, hegoalderantz biratu eta Hornos lurmuturra gurutzatu aurretik. Azaroaren 4an, Almirantegoak bizirik zeuden itsasontziak Abrolhos harkaitzetara joateko agindua eman zuen: bertan indar berri bat biltzen ari zen. Archibald Stoddart kontralmirantea, HMS Carnarvon eta HMS Cornwall gurutzaontzi blindatuekin, han ziren haiekin elkartzekoak, Defenceren etorreraren zain. Sturdeek HMS Invincible eta HMS Inflexible batelariekin bidaiatzeko agindua jaso zuen —orduan Flota Handiari atxikiak ziren Ipar Itsasoan—, Speeren indarrekin aderatuta, nagusitasun argiko eskuadroi berri bat agintzeko.

Garaipena lortu arren, Spee ezkorra zen bizirauteko zituen aukerei buruz, eta mesfidatia britainiar itsas armadari egindako kalteei buruz. Winston Churchillek Komunen Ganberan aurkeztu zuen porrotaren azalpen ofiziala honako hau izan zen: "HMS Canopusekin mantentzen zen bitartean etsaia berehala ekintzara eraman ezin zuela sentituz, bere ontzi azkarrekin bakarrik eraso egitea erabaki zuen, bera suntsitu izanik ere (...) kalteak sortuko zizkielakoan, eta horrek (...) ondoren haien suntsipen ziurrera eramango zuelakoan"

Azaroaren 3an, SMS Scharnhorst, SMS Gneisenau eta SMS Nürnberg Valparaísoko portuan sartu ziren, alemaniar herritarrek ongietorria egiteko. Speek uko egin zion ospakizunetan elkartzeari: lore-sorta batekin aurkeztu ziotenean, uko egin zien, "hauek nire hilobirako goxo-goxo egingo dutela" esanez. Bere itsasontzietako gizon gehienekin hiltzekoa zen 1914ko abenduaren 8an, Falkland uharteetako guduan.

Oroitzapenetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Coronelen omenezko liburutegia, Royal Roads Universityn

Royal Roads Military Collegeko Coronelen omenezko liburutegia, gaur egun Royal Roads University (Victoria, Columbia Britainiarrean, Kanada), HMS Good Hopen Coronelgo guduan hil ziren lau guardiamarina kanadarren omenez izendatu zuten.

Bestetik, 1989an, borrokan hil zirenen omenezko monumentu bat eraiki zuten Plaza 21 de Mayon ("Maiatzaren 21eko plaza"), Coronelen, Txilen. HMS Good Hope eta HMS Monmouth irudikatzen dituzten bi plakarekin batera, erdian eskaintza-plaka bat dauka, zera dioena[2]

A la memoria de los 1.418 oficiales y gente de mar de la Escuadra británica de guerra y su comandante en jefe Rearadmiral Sir Chirstopher Cradock Royal Navy quienes sacrificaron sus vidas en la batalla naval de Coronel.

1 de noviembre de 1914

Su único sepulcro es el mar

Sociedad Anglo Chilena

Noviembre de 1989

Coronelgo itsas guduan bizitza sakrifikatu zuten britainiar gerra eskuadroiko 1.418 ofizial eta marinelen eta haien komandante nagusi Royal Navyko Sir Christopher Cradock kontralmirantearen oroimenez.

1914ko azaroak 1

Itsasoa haien hilobi bakarra da

Anglo-txiletar elkartea

1989ko azaroa

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Corbett 2009, 350 or. .
  2. ↑ «HMS Good Hope -- Canadian Midshipmen» Lives of the First World War (Imperial War Museums) (kontsulta data: 4 September 2020).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Bennet, Geoffrey (1962). Coronel and the Falklands. Londres: B. T. Batsford. OCLE 556709898
  • Churchill, W. S. C. (1923-1931). The World Crisis. Sei liburuki. Londres: Thornton Butterworth. OCLC 752891301
  • Corbett, J.S. (2009) [1920]. Naval Operations. History of the Great War Based on Official Documents by Direction of the Historical Section of the Committee of Imperial Defence. Vol. I (Imperial War Museum and Naval & Military Press ed.). Londres: Longmans. ISBN 978-1-84342-489-5. 2016ko ekainaren 20an berreskuratua.
  • Friedman, Norman; Baker, A. D. (2008). Naval Firepower: Battleship Guns and Gunnery in the Dreadnought Era. Annapolis, MD: Naval Press Institute. ISBN 978-1-59114-5655-4.
  • Herman, Arthur (2005). To Rule the Waves, How the British Navy Shaped the Modern World. New York: Harper Perennial. ISBN 978-0-06-053424-0.
  • Marder, Arthur (1961-1970). From the Dreadnought to Scapa Flow, The Royal Navy in the Fisher Era, 1904-1919. Bost liburuki. Londres: Oxford University Press. ISBN 978-0-19-215170-4.
  • Massie, Robert K. (2004). Castles of Steel: Britain, Germany, and the Winning of the Great War at Sea. London: Jonathan Cape. ISBN 978-0-224-04092-1
  • McNally, Michael (2012). Coronel and Falklands 1914: Duel in the South Atlantic. Campaign. Oxford: Osprey. ISBN 978-1-84908-674-5
  • Pitt, Barrie (1960). Colonel and Falkland. Londres: Cassell. OCLC 185488206
  • Strachan, H. (2001). The First World War: To arms. Lehen liburukia. New York: Oxford University Press. ISBN 0-19-926191-1.
  • Good Hope Sunk. The Times. 40689. zk. 1914ko azaroak 7, 9. or. OCLC 859592764.
  • Wiechmann, Gerhard (2004). Vom Auslansdienst in Mexiko zur Seeschlact von Coronel. Kapitän Karl von Schönberg. Reisetagebuch 1913-1914 ["Mexikoko atzerriko zerbitzutik Coronelgo itsas gudaraino. Karl von Schönberg kapitaina. 1913-1914ko bidai egunkaria", alemanez]. Bochum: Dr. Winkler Verlag. ISBN 978-3-89911-036-4.

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Pérez Ibarra, Martín (2014). Señales del Dresden ["Dresdendiko seinaleak", gaztelaniaz]. Txile. Uqbar Editores. ISBN 978-956-9171-39-9
  • Lago, José Ignacio Scharnhorst y Gneisenau. Los más eficaces y letales acorazados de la Kriegsmarine. Almena ediciones. Madril 2020. ISBN 978-84-122066-6-1
  • Lascano, Diego M. Graf von Spee De China a Malvinas ["Graf von Spee Txinatik Falklandetaraino", gaztelaniaz]. Txile. Ediciones Pictoria Ltda (2002ko maiatza). ISBN 956-8184-00-7
  • Aguirre Vio, Carlos. Ediciones de la Universidad Marítima de Chile, ed. Historia Naval Mundial.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]