Edukira joan

Corten altzairu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Corten altzairua.

Corten altzairua[1], azaleko eragindako herdoiltzea duen altzairu mota bat da. Batez ere arkitekturan, paisajismoan, eraikuntzan eta kanpoko eskulturan erabiltzen da, bere itxuragatik eta baldintza atmosferikoekiko erresistentziagatik. Corten altzairuaren herdoiltzea sei hilabetean egiten da berez, eta gero denboran zehar egonkortu egiten da, baina profesional batzuek herdoiltze azeleragailua erabiltzen dute gainazala ordubete baino gutxiagoan herdoila lortzeko[2].

Corten hitzaren jatorria izen berezi bat da, hasieran altzairu mota hau merkaturatzean COR-TEN deitzen baitzen, materialaren bi ezaugarri nagusien arabera: "CORrosion resistance and TENsile strength", euskaraz "herdoiltze babesa eta trakzio indarra".

Corten altzairua United States Steel Corporation enpresak patentatu zuen 1933an[3], eta aleazio txikiko altzairu gisa jaurti zuen, %0,2-0,5 kobrez, %0,5-1,5 kromoz eta %0,1- 0,2 fosforoz. Urteetan zehar, konposizioak aldaketa batzuk izan ditu, hala nola nikela %0,4 sartzea, fosforoa %0,04ra murriztea eta erresistentzia mekanikoa hobetzeko gai diren beste elementu batzuen kantitate txikiak gehitzea. Gaur egun, corten altzairuak lor daitezke 580 MPa arteko erresistentzia batekin.

Donostiako Haize orrazia (Eduardo Txillida eskultorearena, 1977). Lurrean herdoil-orbanak ageri dira.

Corten altzairua herdoiltzean, urarekiko eta ur-lurrunarekiko iragazgaitza den oxido-geruza bat sortzen da gainazalean, zeinak eragozten duen herdoiltzeak barrualderantz jarraitzea. Horrela, azaleko herdoila babes bihurtzen da atmosferaren korrosioaren aurrean eta, beraz, ez da beharrezkoa izaten bestelako babesik aplikatzea, hala nola galvanizazioa edo pintura.

Corten altzairuak kobre, kromo eta nikel eduki handia du, beste altzairu motekin alderatuta, bere kolore laranja-gorrixka bereizgarria hartuz. Kolore horren tonua aldatu egiten da produktuaren oxidazioa handia edo txikia den arabera, eta marroi ilunerantz lerratzen da altzairua giro erasokorrean badago, adibidez aire zabalean badago. Aire zabalean erabiltzeak desabantaila bat du: urarekin azaleko herdoil partikulak askatzen dira, esekita geratzen eta herrestan eramaten. Ondorioz, altzairuaren azpiko edo inguruko materialak zikindu egiten dira eta oso zaila izanten da herdoil-orbanak kentzea. Giro oso erasokorretan (kostaldean, industrialdeetan...), corten altzairua azkarrago herdoil daiteke eta horregatik korrosioaren aurkako tratamendua aplika dakioke, gehigizko korrosioa saihesteko.

Ikuspegi artistikotik, eskultoreek asko balioesten dituzte cortenaren kolore bereizgarria eta ezaugarri kimikoak. Besteren artean, Jorge Oteiza[4], Eduardo Txillidak[5] eta Richard Serra[6] artistek maiz erabiltzen dute beren lanetan. Dituen ezaugarri estetiliengatik eta mantentze urriagatik, asko hedatu da bere erabilera eraikinen fatxadetan, paisajismo-elementuetan eta hiri-altzarietan.

Corten altzairuaren konposizioa, burdinarik gabe (% pisuan)
Mota C Si Mn P S Cr Cu V Ni
Corten A[7] ≤0,12 0,25–0,75 0,20–0,50 0,01–0,20 ≤0,030 0,50–1,25 0,25–0,55 0,65
Corten B[8] ≤0,16 0,30–0,50 0,80–1,25 ≤0,030 ≤0,030 0,40–0,65 0,25–0,40 0,02–0,10 ≤0,40

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Corten, Euskalterm, Hiztegi teeminologikoa, 2012 (noiz kontsultatua: 2024-11-03)
  2. (Ingelesez) Corten+ US. (kontsulta data: 2021-11-20)
    Aipua: «The Corten+ treatment products form a rust in one hour»
    .
  3. Amaia Igartua Aristondo. (2023-04-12). Herdoilean gotortuta. Berria (kontsulta data: 2024-11-04).
  4. eremuak #5 Eremuak/Azkue zentroa, 2008 ISSN:2444-6319 (noiz kontsultatua: 2024-11-04)
  5. Argiren bila, Chillidaleku (noiz kontsultatua: 2024-11-04)
  6. Guggenheim Bilbao museoaren bildumaren zertzeladak Guggenheim museoa, Artitz (noiz kontsultatua: 2024-11-04)
  7. ASTM A242 altzairua. (kontsulta data: 2024-03-27).
  8. (Alemanez) Werkstoffblatt Corten B. (kontsulta data: 2024-03-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]