Cánovas del Castilloren erailketa

Koordenatuak: 43°03′50″N 2°31′47″E / 43.06389°N 2.52972°E / 43.06389; 2.52972
Wikipedia, Entziklopedia askea
Cánovas del Castilloren erailketa
Angiolillok Canovas hiltzen. Ilustrazioa Francesc Pi i Margallen liburu batetik hartua da.
Datuak
Data1897ko abuztuaren 8a
LekuaSanta Ageda bainuetxean, Arrasaten, Gipuzkoa.
43°03′50″N 2°31′47″E / 43.06389°N 2.52972°E / 43.06389; 2.52972
Eraso motaErrebolber batez.
HildakoaAntonio Cánovas del Castillo
EgileaAngiolillo anarkista

Cánovas del Castilloren hilketa 1897ko abuztuaren 8an izan zen, Arrasateko Santa Ageda bainutegian, egun Aita Menni Ospitalean. Antonio Cánovas del Castillo bertan zegoen atseden-egun batzuk igarotzen. Erasotzailea Michele Angiolillo anarkista italiarra izan zen. Angiolillo berehala atxilotua izan zen; eta, gerra kontseilu azkar bat ondoren, hilarazi zuten. Epaiketan, Angiolillok adierazi zuen erasoa Montjuïceko prozesuan atxilotuei egindako torturen mendekua izan zela.[1]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1896ko Bartzelonako atentatua.

XIX. mendearen amaieran Bartzelonak anarkistek burututako eraso armatu ugari ezagutu zituen. Ziur aski ezagunena eta larrienetariko bat 1896ko ekainaren 7koa izan zen. Egun horretan, Canvis Nous kalean zehar Corpus Christi eguneko prozesioa igarotzen ari zenean, lehergailu baten eztandak hamabi pertsona hil zituen (zifra ez da ondo argitu) eta beste berrogeita bi zauritu zituen. Ondorengo poliziaren errepresioa bortitza izan zen, sarritan bereizkuntzagabekoa. Ondoren, atxilotu askorekin, Montjuïceko prozesua egin zen non 400 «susmagarri» atxilotu eta oso gogor torturatu zituzten. Torturak mota askotakoak izan ziren: jipoiak, kasko elektrikoak, zigarroak gorputzetan itzaliak, oinak makinekin zapalduak... Ondorengo gerra kontseiluan 28 atxilotuei heriotza zigorrera kondenatu zituzten nahiz eta gero bost bakarrik erahil, eta beste 59 bizitza osorako espetxera kondenatu zituzten. 63 errugabetzat jo zituzten baina hala ere Afrikako Río de Orora deportatu zituzten.[2]

Prozesuak benetako mendekua izan ziren eta nazioartean zabalkunde handia izan zuten. Proba nagusiak torturen bidez lortutakoak ziren eta prentsan gobernuaren aurkako salaketa kanpaina handia eragin zuen. Salaketa horietan El País egunkariko zuzendaria zen Alejandro Lerroux kazetari gaztea gailendu zen; egunkari horrek torturak zehaztasun handiekin azaldu zituen.

Atentatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canovas hil berria Juan Combaren marrazki batean.

Hainbat historialariren esanetan, salatutako tortura haiek Angiolillo Canovas hiltzera eraman zuten. Hasiera batean, helburutzat errege familia bazuen ere, Ramón Emeterio Betances Puerto Ricoko iraultzaileak Espainiako gobernuburua hiltzea aholkatu zion, eta bada harako bidaia hark finantzatu ziola esaten duenik ere[3]. Hala ere, Angiolillok bazuen Londresera erbesteratutako kubatar independentista batzuekin lotura eta litekeena da haiengandik ere laguntza ekonomikoa jaso izana. Dena dela, Angiolillo Espainiara iritsi eta Canovas Arrasateko bainuetxean oporretan zegoela jakin zuen: Madrildik Zumarragaraino trenez joan zen eta zalgurdiz Santa Agedaraino, Il Popolo egunkariarentzat lan egiten zuen Emilio Rinaldi kazetaria zela esanez.

1897ko abuztuaren 8an, eguerdian, errebolber batez, hiru tiro egin zizkion Canovasi, Espainaiko Gobernuko Presidenteari, Arrasateko Santa Ageda bainutegian atseden hartzen ari zela. Canovas, erasoa pairatu zuenean, egunkari batzuk irakurtzen ari zen eta Angiolillok ezustean harrapatu zuen. Tiro egin ahala, tirokatzaileak José Rizal ekarri zuen gogora, espainiarrek exekutatutako aktibista politiko filipinarra.[4] Gertaerak oihartzun handia izan zuen Europa osoan.

Epaiketa eta heriotza zigorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Angiolillo hil arazteko momentua garaiko argazki batean.

Angiolillo berehala atxilotua izan zen eta, gerra kontseilu azkar bat ondoren, hilarazi zuten. Epaiketa militarra berehala egin zioten. Bertan Angiolillok erasoa Montjuïceko prozesuan atxilotuen aurka egin ziren torturen mendekua izan zela esan zuen; haren ustez horien arduradun nagusietariko bat Canovas zen zeren eta gobernuak ez baitzuen ezer egin gertaera lazgarri horiekin bukatzeko.[1] Halaber, berak bakarrik egin zuela aitortu zuen. Dena dela, ezaguna da eraso aurretik horretaz jende askorekin hitz egin zuela. Ikerlari batzuek gertaeren atzean konspirazio bat ikusi nahi izan dute.[5]

Zigorra heriotzarena izan zen. 1897ko abuztuaren 19an, erasotik hamaika egun pasa ondoren, Michele Angiolillo garrotez hil zuten Bergarako espetxean, egun gaztetxea dagoen tokian. Hiltzea Burgosko Gregorio Mayoral Sendino borreroak burutu zuen.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hil araztearen albistea The New Yor Times egunkarian, Espainiako prentsaren zentsura nabarmenduz.

Erasoak zein ondoreko epaiketak eta hil arazteak eragin handia izan zuen Europako prentsan. Espekulazio nagusiak zera zion: Canovas konplot baten biktima zen eta Angiolillo atzean Karibeko nazionalistak eta beste estatuak zeuden. The Times egunkariak, dena dela, fanatiko baten lana zela zioen eta konplotaren tesia ezeztatu zuen. Hori bai, Ingalaterrako egunkariak erasoa Montjuïceko prozesuarekin eta Espainiaren izaera errepresatzailearekin lotu zuen. Angiolilloren izaeraz, Espainiako egunkarietan haren irudia zikintzen zuten bitartean, kanpoan, hedabide askotan, heroi bat bezala aurkeztu zuten. The New York Times k, adibidez, 1897ko abuztuaren 22an, "Germinal aldarrikatuz adorez hil zela" zioen. Atzean 1898ko Espainia-Estatu Batuak Gerraren prestaketak zeuden. Espainian, bestetik, zentsurak bere lana egin zuen, elementu asko ezkutatuz.

Erasoa euskal literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canovas del Castillo oso ezaguna zen Euskal Herrian, Euskal Herriko gertaera politikoez zuen ezagutzagatik eta bertako foruak kentzen izan zuen eragin bereziagatik. Kontatu izan da Txirrita bertsolariak Donostiako udaletxe aurrean ikusi zuela Canovas del Castilloren alarguna, eta ondorengo bi bertso bota omen zizkiola:[6]

II da Cánovas, juan da Cánovas,
pikaro gaizki aziya!
Galdu zituen ifar garbiyak,
jarri du trumoi nasiya,
galdu zituen fueruak
eta Jaungoikuaren graziya,
galdu zituen bere lagunak,
galdu du bere biziya!

Iru reloje, iruna kate,
iru mallakin bakoitza,
buruan berriz iru korona,
petxuan iru orratza,
iru doblako amoriyua
tximista bezin zorrotza,
iru tirotan utzi zizuten
zuri senarra illotza,
iru ezpatak zulatzen dute,
señora, zure biotza.

Gertaera haietan oinarrituta Koldo Izagirre idazleak, 1998ko maiatzean, Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri eleberria plazaratu zuen.[7]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]