Dani Álvarez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dani Álvarez
Dani Álvarez 2018.png
Bizitza
Izen osoa Daniel Álvarez López
Jaiotza As Pontes de García Rodríguez1977ko irailaren 28a (43 urte)
Herrialdea  Galizia
Bizilekua Bilbo
Hezkuntza
Heziketa Euskal Herriko Unibertsitatea
(1996 - 2000) lizentzia : kazetaritza
Hizkuntzak gaztelania
galiziera
euskara
Jarduerak
Jarduerak kazetaria, irrati-esataria eta telebista aurkezlea
Enplegatzailea(k) Euskal Irrati Telebista

Daniel Álvarez López (As Pontes, A Coruñako probintzia, 1977ko irailaren 28a) galiziar kazetaria, irrati esataria eta telebista aurkezlea da. Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 2000. urtean Radio Euskadin hasi zen bekadun. Ordutik bere ibilbide profesional guztia EITBn gauzatu du. Ganbara irratsaioko gidaria izan zen 2004tik 2009ra, eta 11 urtez Boulevard Radio Euskadiko albistegi erreferentea zuzendu zuen, 2009tik 2020ra. Telebistan ere egin ditu aurkezle lanak, ETB 2ko Políticamente incorrecto (2009), Plató 2.0 (2009-2011), El lector de huesos (2016-2017) eta El sabor del crimen (2019) saioetan. Euskalduna da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitaren (Celso Álvarez) aldeko familia asturiarra du, eta amaren aldekoa berriz galiziarra. Aitona, Baldomero Álvarez, eta osaba bat frankistek fusilatuak izan ziren. Dani Galizian jaio zen, Coruña probintziako As Pontes herrian. Amarengandik galiziera jaso zuen, eta aitarengandik gaztelania. Haren familiak betidanik izan ditu loturak Euskal Herriarekin.[1]

1996an Euskal Herrira joan zen, eta Kazetaritza ikasten hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean. 2000. urtean lizentziatu zen, baina ikasketak amaitu aurretik esatari gisa lanen hasi zen Radio Euskadin, bekadun.[2] Bere lehen lanen artean Más que palabras saioa egon zen. 2002an euskara ikasten hasi zen, Txurdinagako AEKn.[3]

2004ean Ganbara iluntzeko albistegia aurkezten hasi zen Radio Euskadin. 2005ean lanpostu finkoa eskuratu zuen EITBn. Ganbara saioa aurkezten zuela Proceso de paz en Euskadi. 20 voces por la normalización liburuaren argitalpena koordinatu zuen Boulevard saioko Xabier Lapitz kazetariarekin batera, 2006an.[4]

2009an Políticamente incorrecto eztabaida saioa aurkeztu zuen ETB 2n, bere lehen lana telebistan. 2009-2010 denboraldian saioaren izena aldatu eta Plató 2.0 bilakatu zen, eta Álvarezek aurkezle lanetan jarraitu zuen bi urtez, 2011n programa amaitu zen arte.[5] 2009ko irailean Xabier Lapitzen lekukoa hartu zuen Boulevard goizeko irratsaio erreferentearen aurkezle eta zuzendari gisa.[6] 11 denboraldiz gidatu du saioa, eta audientzia liderra izan da. Saioan egindako lanagatik VII. Eurobasque Kazetaritza Saria irabazi zuen 2014an, eta Zilarrezko Antena Saria 2019an.[7][8] 2020an hurrengo denboraldian ez zuela Boulevard zuzentzen jarraituko iragarri zuen, eta Radio Euskadin beste zeregin batzuk beteko zituela adierazi zuen.[9]

Boulevard saioko lana telebistarekin uztartu du. 2012an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaien arteko debatea gidatu zuen.[6] 2015etik 2016ra Klaudio Landaren Sin ir más lejos saioan kolaboratu zuen. 2016 eta 2017 bitartean El lector de huesos programa aurkeztu zuen ETB 2n bi denboraldiz, Paco Etxeberriaren laguntzarekin. Programa horrek Gasteizko FesTVal Sari Berezia eta Programa Autonomiko Onenaren Pello Sarasola Saria irabazi zituen. 2018an urte amaierako ¡Se acabó 2018ǃ saio berezian parte hartu zuen, eta 2019an El sabor del crimen saioa aurkeztu zuen.

EITBtik kanpo beste komunikabide batzuetan ere kolaborazioak egin ditu, besteak beste Tempos aldizkarian eta Eldiario.es hedabide digitalean.[6] 2017an Gorefest jaialdiko promozio bideoan agertu zen. Bi telesailetan agertu daː La víctima número 8 (2018) eta Caminantes (2020).

Halaber, euskararekiko erakutsi duen jarreragatik nabarmendu da. Bi urte egin zituen euskaltegian (2002-2004), eta Ganbara aurkezten hasi zenean etenaldia egin arren laster berrekin zion ikasketa prozesuari, EITBk eskainitako euskara irakasleen bidez. 2016an euskaltegietako matrikulaziorako promozio bideoa egin zuen, eta 2017an 20. Korrikako BatZuk. Euskararen lau aurpegi dokumentalean parte hartu zuen. 2018an EITBren hamaikakoa osatu zuen Euskaraldian, belarriprest rolean, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien gala gidatu zuen Ilaski Serranorekin. 2019an ETB 1eko Gure Kasa saiora joan zen gonbidatu.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbon bizi da. Ezkonduta dago eta bi semeren aita da. Heavy metal musikaren zalea da.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratsaioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Izenburua Emisora Oharrak
Más que palabras Radio Euskadi Esataria
2004-2009 Ganbara Radio Euskadi Aurkezlea eta zuzendaria
2009-2020 Boulevard Radio Euskadi Aurkezlea eta zuzendaria
2020- Crónica de Euskadi Radio Euskadi Aurkezlea eta zuzendaria

Telebista saioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Izenburua Katea Oharrak
2008 Euskal Kantuen Gaua 2008 ETB 1 "Ameriketara joan nintzen"
2009 Políticamente incorrecto ETB 2 Aurkezlea
2009-2011 Plató 2.0 ETB 2 Aurkezlea
2012 Embajadores ETB 2 Gonbidatua (atal 1)
2013 La noche del maratón ETB 2
2015-2016 Sin ir más lejos ETB 2 Kolaboratzaile gonbidatua
2016-2017 El lector de huesos ETB 2 Aurkezlea (13 atal)
FesTVal Sari Berezia
Pello Sarasola Saria
2016 Herri Txiki Kantari 2016 ETB 1 "Amets" (ETBko aurkezleak)
2018 ¡Se acabó 2018ǃ ETB 2 Gonbidatua
2019 Gure kasa ETB 1 Gonbidatua (atal 1)
2019 Y Punto ETB 2 Gonbidatua (atal 1)
2019 El sabor del crimen ETB 2 Aurkezlea (8 atal)

Telesailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Izenburua Papera Katea Oharrak
2018 La víctima número 8 Dani Álvarez ETB 2 / Telemadrid Cameoa (ahotsa)
2020 Caminantes Pedro Salinero Orange TV

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Proceso de paz en Euskadi. 20 voces por la normalización (Radio Euskadi, 2006) - Hainbat egile, koordinatzailea Xabier Lapitzekin batera.[10]

Bestelako lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sariak eta aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Saria Kategoria Lana Emaitza Err.
2014 VII. Eurobasque Saria Kazetaritza Boulevard Irabazlea [7]
2019 Zilarrezko Antena Saria Boulevard Irabazlea [8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) ««Hasta los abuelos que solo saben cuatro palabras de euskera las usan con sus nietos»» El Correo 2018-11-10 . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  2. Estrella pontesa de la comunicación. Elprogreso.es (Gaztelaniaz)
  3. a b «Aizu!» www.aizu.eus . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  4. Press, Europa. (2006-12-19). «Radio Euskadi presenta en Barcelona su libro monográfico sobre el proceso de paz y normalización en Euskadi» www.europapress.es . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  5. Urkizu, Urtzi. «'Plató 2.0' eztabaida saioa kendu du ETBk, hamabi urteren ostean» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  6. a b c (Gaztelaniaz) «Dani Alvarez» www.cartadonostia.com . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  7. a b (Gaztelaniaz) «VII Premio EuroBasque de Periodismo» EuroBasque . Noiz kontsultatua: 2020-07-14.
  8. a b (Gaztelaniaz) Telebista, Euskal Irrati. «D. Álvarez, K. Landa, Gaztea, EiTB Maratoia y la pelota femenina, Antenas de Plata» www.eitb.eus . Noiz kontsultatua: 2020-07-14.
  9. «Dani Alvarezek Boulevard irratsaioa utziko du» Euskal Irrati Telebista 2020-07-08 . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  10. «Vieiros: Galiza Hoxe - Dani Álvarez» www.vieiros.com . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.
  11. «'BatZuk. Cuatro caras del euskera' dokumentala ETB2n eta eitb.eus-en» Euskal Irrati Telebista . Noiz kontsultatua: 2020-07-14.
  12. «Rikardo Arregi sariak, gaur arratsaldean, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en» Euskal Irrati Telebista . Noiz kontsultatua: 2020-07-15.