Daniel Tammet
Daniel Tammet | |
---|---|
(2018) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Daniel Paul Corney |
Jaiotza | Londres, 1979ko urtarrilaren 31 (45 urte) |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Bizilekua | Paris |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Hezkuntza | |
Heziketa | The Open University (en) |
Hizkuntzak | esperantoa ingelesa finlandiera frantsesa alemana lituaniera gaztelania errumaniera islandiera galesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, esperantista, informatikaria eta poeta |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Royal Society of Arts (en) |
danieltammet.net eta optimnem.co.uk | |
Daniel Tammet (Londres, 1979ko urtarrilaren 31 - ) savant autista britainiarra da, matematika eta hizkuntzak ikasteko gaitasun handia duena. Bederatzi senide zituen erdi mailako sendi batean. Haurtzaroan epilepsia, sinestesia eta Asperger sindromea jasan zituen.
Zenbakiak eta koloreak edo sentsazioak nahastea ezaguna da sinestesia kasuetan, baina Tammetek asoziazio horiek egiteko orduan erakusten duen trebezia ezohikoa da. Bere gogamenean, zenbaki bakoitzari forma, kolore, ukipen edo emozio ezberdin bat dagokio. Eragiketa matematikoak paisaia bihurtzen zaizkio inkontzientean eta begirada batean hautematen du zenbakia lehena den ala ez. Zenbaki itsusiak eta ederrak daudela dio eta Pi ederrenetako horietan klasifikatzen du.
Erresuma Batuan ospe handia lortu zuen 2005eko maiatzaren 23an, dokumental batek ezagutzera eman zuenean: The Boy With The Incredible Brain (Garun sinestezineko mutila). Bertan erakusten zuen Pi zenbakiaren hamartarrak esateko gaitasuna edo hizkuntzak epe motzean ikasteko ahalmena. Kim Peek ere ezagutu eta besarkatu zuen. "Egunen batean, ni bezain handia izango zara" esan zion Kimek eta Danielek izugarri estimatu zuen.
Tammet Pi zenbakiaren 22.514 hamartar bost bat ordutan esateko gai da. Europako errekorra dauka honetan. 2004ko martxoaren 14an, Piren egunean, egin zen desafioa Oxfordeko Zientziaren Historia Museoan.
Zientzialarien harridurarako, beste autistak ez bezala, Daniel Tammet egiten duena deskribatzeko gai da. Batzuetan autista batzuk gauza harrigarriak egiteko gai dira, baina ez dakite azaltzen nola lortzen duten hori. Tammetek bai, bere garunean gertatzen dena esplika dezake eta horrek harrigarriagoa bihurtzen du fenomenoa.
Hizkuntzak azkartasun handiz ikas ditzake. 11 hizkuntza hitz egiten ditu: ingelesa, frantsesa, finlandiera, alemana, gaztelania, esperantoa... Britania Handiko Channel Fivek egin behar zuen dokumentalerako islandiera ikasteko proposatu zioten. Erronkari eutsi eta egun gutxitan Islandiako telebistan agertu zen bertako hizkuntzan mintzatuz.