Daniel Vázquez Díaz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Daniel Vázquez Díaz

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDaniel Vázquez Díaz
JaiotzaNerva1882ko urtarrilaren 15a
Herrialdea Espainia
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaMadril1969ko martxoaren 17a (87 urte)
Hobiratze lekuaMingorrubioko hilerria
Familia
Ezkontidea(k)Eva Aggerholm (en) Itzuli  (1911 -  1959ko urtarrilaren 14a)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Jasotako sariak
KidetzaSan Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia
Mugimenduakubismoa
Neocubism (en) Itzuli
Genero artistikoaerretratua

Daniel Vázquez Díaz (Nerva, Huelva, 1882ko urtarrilaren 15a - Madril, 1969ko martxoaren 17a) espainiar pintorea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sevillan ikasketak egin ondoren Madrilera eta, geroago, 1906an, Parisa joan zen. Parisen nazioarteko artista ospetsuenak ezagutu zituen, eta arte-mugimendu berrizaleekin harremanak izan zituen, nahiz eta ez zuen haiekin bat egin.

Lehen Mundu Gerran Hondarribian bizi izan zen, eta Euskal Herrian girotutako koadro bikainak egin zituen. Harreman handia izan zuen beti Euskal Herriarekin: Hondarribia izan zuen udako egoitza, eta Hondarribiko Seme izendatu zuten 1927. urtean. Hori dela eta euskal pintoretzat hartua da gaur egun, nahiz eta jaiotzaz ez izan euskalduna. Izan ere, Vázquez Díazek inork baino hobekiago jakin zuen Euskal Herriko paisaiak, Bidaso aldekoak bereziki, interpretatzen eta islatzen. Haren lanek, gainera, eragin handia izan zuten Bidaso aldeko pintore gazteen artean, Gaspar Montes Iturriozengan besteak beste, eta Bidasoko pintoreen eskola bat izan zela esatea gehiegi bada ere, izan zen ezaugarri jakin batzuei jarraitzen zien estilo berezi bat. Esan bezala, Vázquez Díazek bikain adierazi zituen euskal paisaiak, batez ere argia eta koloreak, postcézannismoaren ildotik.

1919an Madrila itzuli eta San Fernandoko Akademiako irakasle izan zen. Bere garaiko artisten erretratu bikainak egin zituen (Unamuno, Marañón, Ortega y Gasset, besteak beste), baina haren obran garrantzi handikoak dira paisaiak eta muralak. Lan handiena La Rábidako monasterioko freskoak ditu.

Bere lanek bi ezaugarri nagusi dituzte: egiturekiko eta oinarrizko bolumenekiko ardura eta antolamendu arkitektoniko eta eskultural bikaina, batetik, eta koloreen aberastasun fina bestetik. Vázquezen koloreen aberastasuna aipatzen denean, dena den, ez da esan nahi kolore-sail zabala erabili zuenik, baizik eta kolore jakin batzuk bakarrik erabiliz (berdea, arrosa, urdina, grisa), ñabardura eta matiz aberastasun handia erakutsi zuela.

Sevillan bizi izan zen garaian Zurbaránen lana eta Grecorena ezagutzeko aukera izan zuen, eta Madrilen, berriz, Goyarena ezagutu zuen; Parisen izan zen garaian, berriz, artista ospetsuak (Modigliani, Picasso, Renoir, Bourdelle, eta abar) eta mugimendu modernoak ezagutu zituen, bere lanean eragin handia izan zutenak, nahiz eta ez zuen bete-betean haiekin bat egin. Besteak beste, kubismoaren eragina da aipagarria bere lanetan, irudien zorroztasun poliedrikoan ikus daitekeenez, batez ere. Baina Picassok, Juan Grisek eta beste pintore kubistek ez bezala, Vázquez Díazek sekula ez zuen izadia alde batera utzi; aitzitik, kanpoko edertasunaren behatzaile nekaezin gisa azaltzen zuen bere burua. Inpresionismoaren eta postinpresionismoaren kutsua ere nabari zaio koloreen ñabardura aberastasunean eta kromatismoaren pertzepzio finean.

Kolon Rabidako monjeekin, Vázquez Díazen freskoa

Landu zituen generoei eta gaiei dagokienez, paisaiez gainera erretratuak, zezenketariak, izadi hilak eta biluziak margotu zituen, aipagarriak horiek ere; baina berrehun paisaiatik gora egin zituen Bidasoaldean oinarriturik, eta horiek dira, hain zuzen, artistaren lan bikainenak, La Rábidan Ameriketako aurkikuntzari buruz egin zituen freskoak ahaztu gabe. Teknikak, berriz, ugari erabili zituen, akuafortea, akuarela, olio-pintura, marrazkia eta abar.

Vázquez Díazen lanak hainbat museotan daude ikusgai, eta erakusketa aipagarriak egin zituen hiri askotan, 156 erakusketa orotara; beste askoren artean azpimarratzekoa da Euskal Artisten Elkarteak 1920an Bilbon eratu zuen erakusketa monografikoa, eta orobat, hil ondoko omenaldi gisa 1970. urtean Granadan haren lanekin egin zena.

Sariei dagokienez, kontuan hartzekoa da Bi Urteko Hispanoamerikarrean 1954. urtean lortu zuen Sari Handia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]