Danimarkako futbol selekzio nazionalaherrialde hartako futbol federazioak (Dansk Boldspil-Union, DBU) abiatu zuen 1908an, lehenengo partida ofiziala jokatu zutenean.
Hasierako urteetan emaitza oso onak lortu zituen. XX mendearen hasieran nazioarteko txapelketa garrantzitsuenak Joko Olinpikoetan izaten ziren, ez baitzen oraindik Munduko Txapelketarik sortu, are gutxiago Eurokoparik, eta daniarrek finalera iristea lortu zuten 1908 eta 1912an. Bietan Ingalaterraren aurrean galdu zuten. Aurrez 1906an Joko Olinpiko ez ofizal batzuk jokatu ziren eta bertan Danimarka izan zen garailea Greziako bi talde eta Turkiako baten aurrean. Hasiera hartan Poul "Tist" Nielsen gailendu zen, 52 gol sartu baitzituen jokaturiko 38 partidutan. Oraindik Danimarkako goleatzaile nagusia da.
Bitxikeria bezala aipatzea komeni da Gerra Zibilean dirua biltzeko Europan zehar jokatzen aritu zen Euskal Herriko futbol selekzioaren aurrean izandako porrota dela Danimarkak inoiz izan duen emaitzarik okerrena, etxean 1-11 galdu baitzuen.
80. hamarkadan jokalari belaunaldi bikaina izan zuen eta Daniar dinamita izenaz ezagutzen zen taldea 1984ko Eurokopan final erdietara iritsi zen baina benetako saria 1992an izan zuen urte hartako Eurokopa irabaztean. Garaipen hau oso bitxia izan zen, izan ere ez baitzen Eurokopa jokatzeko sailkatu, baina Jugoslaviako gerraren erruz talde hau lehiaketatik ateratzean oporretan zeuden daniarrak gonbidatu zituzten antolatzaileek eta azkenean beraiek izan ziren txapelketako garaile. Ondoren FIFA Konfederazio Kopa irabazi zuten 1995ean, 1992ko garaipena kasualitate hutsa izan ez zela erakutsiz.
Danimarkako emakumezkoen futbol selekzioak 1974an jokatu zuen lehenengo partida. Tituluri irabazi ez duen arren sarritan iritsi da Europako Futbol Txapelketako final erdietara.