David Gilmour

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «David Gilmour (argipena)»


David Gilmour
David Gilmour in Munich July 2006-ed-.JPG
Bizitza
Jaiotza Cambridge1946ko martxoaren  6a (72 urte)
Herrialdea  Erresuma Batua
Familia
Aita Douglas G. Gilmour
Ezkontidea(k) Ginger Gilmour Itzuli  (1975-07-07 -  unknown value, 1990)
Polly Samson Itzuli  (1994 -
Anai-arrebak
Hezkuntza
Heziketa Anglia Ruskin University Itzuli
Jarduerak
Jarduerak gitarra-jotzailea, egile abeslaria, kantugilea, multi-instrumentalista Itzuli, disko-ekoizlea, musikaria eta executive producerra Itzuli
Lan nabarmenak Take a Breath Itzuli
Louder than Words Itzuli
Anisina Itzuli
Jasotako sariak
Kidetza Pink Floyd
Genero artistikoa rocka
Musika instrumentua gitarra
Diskoetxea EMI
IMDb nm0319592
davidgilmour.com/

David Jon Gilmour, (Erresuma Batua, 1946ko martxoaren 6a) musikari, konpositore eta multiinstrumentista britainiarra da. Ezaguna da Pink Floyd rock progresiboko taldeko kantaria eta gitarra-jotzailea izateagatik. Taldera 1968an batu zen, Syd Barrett kide fundatzailea ordezkatuz, azken hau taldetik kanporatua izango baitzen handik gutxira.

2003an Britaniar Inperioaren Ordeneko Komendadore izendatua izan zen. Rolling Stone aldizkariak egindako inoizko 100 gitarra-jotzaile onenen zerrendan hamalaugarren lekuan agertzen da (Albert King eta Freddy Kingen artean), eta Guitar World aldizkariak bere hiru abesti sartu zituen inoizko 100 gitarra-solo onenen artean.

1996an Rock and Roll Hall of Famen (euskaraz Rock and Rollaren Ospearen Aretoa) sartu zen Pink Floyd taldeko kide gisa. Bere estilo bereziak eta Pink Floyden izugarrizko arrakasta komertziala, zein kritikoen artean lortutakoak, bihurtu dute Gilmour itzal handiko gitarra-jotzailea.

Biografia eta ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

David Jon Gilmour Cambridgen (Erresuma Batua) jaio zen. Bere aita Cambridgeko Unibertsitateko Zoologia irakaslea zen eta amak Magisteritza ikasi eta zinema editore bezala egin zuen lan BBCn. 11 urterekin hasi zen Perse Schoolera joaten eta han zegoela ezagutu zuen Syd Barrett. Biak elkartzen ziren gitarra jotzera eta Davidek The Rolling Stonesen abestiak erakusten zizkion Sydi. 1963an Jokers Wild izeneko taldea sortu zuen. 1966an taldea utzi eta lagun batzurekin bidaiatzen hasi zen. Hurrengo urtean, 1967an, itzuli zen Ingalaterrara.

Gilmour sartu zen Pink Floyden 1968ko urtarrilean, epe labur baterako taldea boskote bihurtuz. Hasiera horietan bere lana zen Syd Barrett ordezkatzea, honek ezin zuenean kontzertuekin jarraitu. Barrettek taldea utzi zuenean, Gilmour bandako gitarra-jotzailea eta abeslarietako bat (Roger Waters eta Richard Wrightekin batera) bilakatu zen.

The Dark Side of the Moon (1973) eta Wish You Were Here (1975) diskoak argitaratu ondoren, Watersek hartu zuen taldearen kontrola, Animals (1977) eta The Wall (1979) albumetako abesti gehienak konposatuz. Wright kaleratua izan zen The Wall diskoa grabatzen ari ziren bitartean eta Waters eta Gilmmouren arteko harremana okertzen joan zen The Final Cut (1983) albumaren grabazioan eta The Wall filmaren errodajean.

1985an, Roger Watersek ohar baten bidez jakinarazten du taldea uzten duela, bere esanetan Pink Floyd dagoeneko “indar agortua delako, kreatiboki”. David Gilmour eta Nick Masonen erantzuna prentsa-ohar bidez iritsi zen, Watersek taldea utzi zuela eta bera gabe jarraitzeko asmoa zutela esanez. Adierazpen honen ondotik, bandaren izenaren erabileraren inguruko borroka legal luze bat hasi zen. Gilmourek eta Masonek kaleratutako Wrighten babesa nahi zuten eta azken honek ezin zuenez taldekide ofizial gisa azaldu, zuzeneko emanaldietan teklatuak joko zituen eta agertuko zen kontratupeko musikari bezala. Modu honetara, hirukoteak borroka legala irabaztea eta taldearen izenaren erabilera esklusiboa lortzen du. Watersek, bere aldetik, kanon finko bat jasoko zuen berak sortutako ideiak erabiltzeagatik emanaldietan, hala nola, txerri puzgarriak, helikopteroa, hegazkina sutan, etab.

Horrela, Gilmourek taldearen ardura ia osoa bere gain hartu zuen eta A Momentary Lapse of Reason (1987) konposatu zuen, Masonen eta Wrighten ekarpen gutxi batzurekin. Izan ere, diskoaren lehen aurkezpen emanaldietan biak ala biak ez ziren oholtzara igo, ez baitzeuden zuzenean jotzeko moduan, denbora luzea zeramatelako jo gabe. Honen harira, Gilmourek esan zuen A Momentary Lapse of Reason Tour birak “berriro bizitzara ekarri” zituela bere lagunak.

Musikaren historian egon den bira komertzialki arrakastatsuenetako bat egin ondoren, 1994an hirukotea berriro elkartzen da estudioetan The Division Bell (1994) konposatzeko eta grabatzeko. Ondorengo bira CDan eta DVDan argitaratu zen Pulse (1995) izenarekin, Pink Floyden errepertorioaren zati handi bat errepasatzen zutelarik.

1996an Rock and Roll Hall of Fame (Rock and Rollaren Ospearen Aretoa) museoan onartu zuten Pink Floydeko taldekide gisa.

2005eko uztailaren 2an Gilmourek Pink Floydekin jo zuen (Waters barne) Live 8 jaialdian. Emanaldi honen ondoren, %1343 igo ziren Echoes: The Best of Pink Floyd bilduma-diskoaren salmentak. Hori ikusita, kontzertuak emandako irabaziak hainbat ongintzazko erakundeei utzi zizkien Gilmourek.

2006ko otsailaren 3an, La Reppublica egunkari italiarrari emandako elkarrizketa batean adierazi zuen oso zaila ikusten zuela berriro ere Pink Floyd elkartzea material berria idazteko eta birak egiteko. Zera zioen: “Uste dut nahikoa dela. 60 urte ditut. Dagoeneko ez daukat nahiko borondate hainbeste lan egiteko. Pink Floyd nire bizitzaren zati garrantzitsu bat izan zen, oso ondo pasa nuen, baina bukatu zen. Niretzat askoz errazagoa da lana bakarrik egitea.”

2006ko uztailean Syd Barrett hil zen eta Gilmourek bere omenez Pink Floyden lehen singlea izan zen Arnold Layne abestiaren bertsio pertsonal bat egin zuen (David Bowieren laguntzarekin) On an Island Tour biraren barruan. Kontzertua zuzenean grabatu zen Londresko Royal Albert Hall aretoan eta DVD eta Blu-ray formatuan argitaratu 2007an. Singlea hiru astez egon zen 19. postuan UK Top 75 zerrendan. Urte berean, The Wall diskoko Comfortably Numb abestian agertzen den bere gitarra-soloa historiako onena izendatu zuten Planet Rock irratiko entzuleek.

2007an Guitar World aldizkariak bere hiru abesti sartu zituen inoizko 100 gitarra-solo onenen artean: Comfortably Numb (4.ean), Time (21.ean) eta Money (62.ean). 2011n Rolling Stone aldizkariak 14. lekuan kokatu zuen egindako inoizko 100 gitarra-jotzaile onenen zerrendan.

David Gilmourek lan egin du, halaber, sesioko gitarra-jotzaile, ekoizle edo soinu-ingeniari bezala hainbat musikari garrantzitsurentzat, hala nola, Syd Barrett, Kate Bush, Grace Jones, Tom Jones, Elton John, B.B. King, Paul McCartney, Sam Brown, Jools Holland, Bob Dylan, Pete Townshend, The Who, Supertramp, Levon Helm, Robbie Robertson edo Alan Parsons, besteak beste.

Estudioko lau album dauzka argitaratuta: David Gilmour (1978), About Face (1984), On An Island (2006) eta Rattle That Lock (2015). Zuzenekoak, berriz, bi: Live in Gdańsk (2008) eta Live at Pompeii (2017). Bestalde, The Orb musika elektronikoko bikotearekin ere atera zuen album bat: Metallic Spheres (2010).

Gilmour zuzenean jotzen Pink Floydekin 1970ean

Estilo musikala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta David Gilmour ezaguna izan batez ere gitarra-jotzaile bezala, multi-instrumentista trebea da, baxua, teklatuak, bateria, harmonika eta saxofoia jotzen baititu.

Gitarra jotzeko bere estiloari dagokionean, bi ezaugarri nagusi aipatu behar dira: alde batetik, jotzeko era hunkigarria eta, bestetik, bere ekipamenduaren konplexutasuna.

Gitarra jotzeko moduari erreparatzen badiogu, Gilmourek eskaletan oinarritutako gitarra-solo zirraragarriak lortzen ditu. Bere eragin nagusiak folka eta bluesa izaki, ikus daiteke bere soloetan eskala pentatonikoa (blue’s notes delakoekin), eskala maiorrekin konbinatuta erabiltzen duela ia beti. Gilmourek gustuko du halaber soloetan inprobisatzea eta grabazioetatik aldentzea. Azpimarratzekoak dira baita ere: bere solo "ez-azkarrak" eta gitarraren tremolo-palankaren erabilera, bizi eta kolore gehiago ezarriz bere string bending izugarriei. Honek guztiak, oso bereak diren fraseatze bereizgarriak eta bere soinu bereziak egiten dute Gilmour gitarra-jotzaile paregabea.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

David Gilmour 1975an ezkondu zen lehen aldiz, Virginia "Ginger" Hasenbein modeloarekin. Lau seme-alaba izan zituzten, Alice (1976an jaioa), Clare (1979an jaioa), Sara (1983an jaioa) eta Mateo (1986an jaioa). Umeak hasi ziren joaten Waldorf Eskolara, baina Gilmourek esan zuenez bertako heziketa “izutzeko modukoa” zen. 1994an Polly Samson idazle eta kazetariarekin ezkondu zen. Bikoteak lau seme-alaba ditu, Charlie (Samsonek Heathcote Williamsekin izan zuena eta Gilmourek adoptatu zuena), Joe, Gabriel eta Romaní.

Davidek hainbat GKErekin egin du lan, hala nola Oxfam, Crisis, Buruko Osasun eta Gaixotasunen Europako Elkartea, Greenpeace eta Amnesty International.

Musikarako duen talentuaz gain, Gilmourek garatu du baita ere hegazkintzarekiko pasioa, bere aire konpainia sortuz, Intrepid Aviation, azkenean saldu zuena.

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estudioko diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzeneko diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parte-hartzeak beste artista batzuen diskoetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • The Madcap Laughs (Syd Barrett) (1970) (produkzioa eta hainbat abestitan jotzen du)
  • Barrett (Syd Barrett) (1970) (produkzioa eta baxua jotzen du)
  • Blue Pine Trees (Unicorn) (1974) (produkzioa eta hainbat abestitan jotzen du)
  • HQ (Roy Harper) (1975) (The Game abestian jotzen du)
  • Back To The Egg (The Wings) (1979) (Rockestra Theme eta So Glad To See You Here abestietan jotzen du)
  • The Dreaming (Kate Bush) (1982) (Pull Out The Pin abestian ahotsa jartzen du)
  • Give My Regards To Broad Street (Paul McCartney) (1984) (No More Lonely Nights abestian jotzen du)
  • Profiles (Nick Mason-Rick Fenn) (1985) (Lie For A Lie abestian gitarra eta ahotsa)
  • Brother Where You Bound (Supertramp) (1985) (Brother Where You Bound abestian gitarra)
  • So Red The Rose (Arcadia) (1985) (The Promise abestian jotzen du)
  • White City (Pete Townshend) (1986) (White City eta Give Blood abestietan jotzen du)
  • Slave To The Rhythm (Grace Jones) (1987) (ez da kreditoetan azaltzen, baina hainbat abestitan jotzen du)
  • The Dream Academy (The Dream Academy) (1988) (Bound To Be y The Party abestian jotzen du)
  • Flowers in the Dirt (Paul McCartney) (1989) (We Got Married abestian jotzen du)
  • The One (Elton John) (1992) (gitarra Understanding Women abestian)
  • Run Devil Run (Paul McCartney) (1999) (disko osoan jotzen du)
  • A Valid Path (Alan Parsons) (2004) (gitarra Return to Tungunska abestian)
  • Metallic Spheres (The Orb) (2010) (ahotsak, gitarra eta egilekide)