De re aedificatoria

Wikipedia, Entziklopedia askea
De re aedificatoria
Jatorria
Egilea(k)Leon Battista Alberti
Sorrera-urtea1452
Argitaratze-data1485
Jatorrizko herrialdeaErroma
Ezaugarriak
Genero artistikoatratatua
Hizkuntzalatina
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Deskribapena
OinarrituaDe architectura
Argumentu nagusiaArkitektura eta arkitekturaren teoria

De re aedificatoria Leon Battista Albertik (1404-1472) idatzitako tratatua da; Erroman 1450. inguruan, italiar Quattrocentoko testuinguruan hain zuzen. Vitrubio arkitekto erromatarraren De architectura libri decem tratatuaren egitura eta eredua jarraituz idatzi zuenez berrikuntza handia suposatu zuen garairako. Izan ere, Erdi Aro osoan galduta egon eta gero, lehen aldiz Albertik Antzinate Klasikoa berreskuratu zuen era teoriko batean.

Goi mailako intelektualentzat eta artistentzat jarraibide gisa planteatuz latinez idatzitako arkitektura liburua dugu. Nikolas V-ari, Aita Santuari, aurkeztutako liburua dugunez, 1452. edizioa honen omenez argitaratu eta 1485an inprimatu zen.

Albertik utzitako oinordetza zabala izan zen. Antzinaroko lan eta ideien berreskurapenarekin, Aristotelesen naturen gaineko mimesiaren ideia, perspektiba matematikoa eta garaiko tekniken erabilera zabaldu zen bere tratatuen bitartez. XV. mendearen amaieran inprentaren sorkuntzak bere idatziak munduan zehar zabaltzeko aukerak handitu zituen, bere ideiak nazioartean hedatu zirelarik. Errenazimentuko lehen erreferentea eta gaur egungo lehen arte teorialaria dugu Alberti.

Proposatutako ideia berriak hurrengo urteetako praktika artistikoan eta mentalitatean eragina izan zuten. Errealitatea ulertzeko modu berria proposatu zuen Albertik, ikuspegi aldaketa suposatu zuena eta gaur egungo mendebaldeko pentsamenduaren estetika eta oinarri dena. Teozentrismotik humanismorako bidean Florentzian Quattrocentoko garaian Antzinaroko kulturaren berpiztea gauzatu zen. Betidanik mantendutako tradizioarekin batera, hainbat arrasto arkeologiko aurkitzean, arbasoen kultura, artea, formak, ideiak eta literatura berreskuratzeko grina sortu zen.

Grezia eta Erromako literaturaren azterketa horretan izadia baloratuz eta gizakiari erreparatuz, teozentrismoa alderatu eta humanismoa garatu zen, gizakia munduaren erdigunean kokatzen zuen filosofia. Halaber, paideiaren -hezkuntza- ideia berreskuratuz, literaturaren eta hizkuntzaren garrantzia, balio moralak eta erreferentzia kultural anitz bereganatu ziren. Hala ere, humanismoa ez dugu filosofia zehatza, De hominis dignitate ideiatik sortutako ikuspegi sozial eta kulturala baizik.

Antzinate klasikoaren berreskurapenean pentsamendu estetikoaren aldaketa gertatu zen, neurrien eta proportzioen armonian oinarritutako artea sortuz.

Tratatuaren laburpena eta analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratatua hamar liburuz osatuta dago eta liburu bakoitzean arkitekturaren inguruko esparru ezberdin baten inguruan teorizatu zuen Albertik: lehenengo liburuan, diseinuaren -lineamenta- inguruan; bigarrenean material -materia- ezberdinei buruz jardun zuen; hirugarrena obra -opus- kontzeptuari dago dedikatua; laugarren liburua universorum opus izeneko eraikinei eskaini zien; bosgarrenean erabilera mugatua duten obrak -singulorum opus- jorratu zituen; seigarrenean ornamentazioaren -ornamentum- kontzeptuaren inguruan mintzatu zen; zazpigarrenean eraikuntza erlijiosoen apainketei -sacrorum ornamentum- buruz; zortzigarrenean eraikuntza zibilen apainketen -publici profani ornamentum- inguruko teoriak azaleratu zituen; bederatzigarrenean eraikuntza pribatuen apainketen -privatorum ornamentum- gainean hitz egin zuen eta azkenik, hamargarrenean eraikuntzen -operum instauratio- kariaz jardun zuen.

Vitrubioren garaitik -Antzinako Erromatik- bereganatutako ezinbesteko hiru kontzeptuen inguruan antolatu zuen Albertik De re aedificatoria tratatuaren egitura. Hala, lehenengo hiru liburuak firmitas ideiarekin bat egiten dute. Firmitas kontzeptua eraikinen eta materialen sendotasunarekin erlazionatuta dagoelarik. Laugarren eta bosgarren liburuetan ordea, eraikin publikoetan eta pribatuetan beharrezkoa zen utilitas edo funtzionalitatearen kontzeptuaren inguruko ideiak garatu zituen. Azkenengo lau liburuak venustas kontzeptuaren barne garatuz, eraikuntza baten dekorazioaren eta proportzioen edertasunaren inguruan mintzatzen dira. Eraikuntza guztiak, sendoak, erosoak eta ederrak izan behar zirela defendatuz jardun zuelarik.

Halaber, tratatu osoan zehar ideia bera azpimarratzen, garatzen eta azaltzen da: concinnitas kontzeptua alegia. Eraikinak grazia eta duintasunez egiteko arkitektura osatzen duten zatiek osotasun baten barne obra harmoniatsu bat eratu behar dute. Beraz, koherentzia izango da eraikina osatzeko ezinbesteko ezaugarria. Kontzeptu hauek Antzinate Klasikoaren pertzepziotik bereganatutako ideia estetikoak dira, arrazoiaren berezko proportzioak hain zuzen.

Teoria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teorialaria, matematikoa, poeta eta funtsean, humanista dugu Alberti. Errenazimentuko lehen arte teorialaria. Arte teoria osoa eskaintzen duen horrek artearen praktika eta kontzepzio berri hori indartu eta bultzatu zuen. Errenazimentuko artistek alegiazko espazio bat irudikatzeko nahia agertu zutenez, honek modu intelektual eta teoriko batean garatu eta bultzatu zituen Quattrocentoan emandako berrikuntzak. Albertiren ekarpen nagusiena tradizioaren berreskurapenean abiapuntu bat ezartzea izan zen, ondorengo artistentzako eragin nagusiena artearen kontzepzio berria baita.

Alberti da lehena beraz, artea bere kontzepzio zabalenean ulertzen duena. Kontuan hartuta Erdi Aroko teoria guztiak galduta zeudela jarrera filosofikoa planteatu zuen artearekiko.

Tratatuaren bidez, garaiko arkitektura idealaren formak eta ideia estetikoak azaldu zituen. Arkitektura arte gorenetzat hartuta, honen nondik norakoak, historia, erabilerak, ezaugarriak, formak eta batez ere arkitektoaren irudia azaldu egin zuen. Albertik arkitektoaren figura pertsona intelektual gisa defendatu zuen, diziplina guztiak ezagutzen zituena.

Albertiren kontzepzioaren arabera arkitekturan arte guztiak uztartzen diren heinean, gizakiaren beharrak batzen dira, plazerra, duintasuna eta erabilgarritasuna ikus. Hortaz, arkitektoaren eta ondorioz, artistaren esangura onartuz, arkitekturaren bidez giza behar horiek asetu daitezke. Horretara heltzeko arkitektoak diziplina guztiak ulertu eta ezagutu behar zituen. Albertiren aburuz, arkitekto baten irudia beharrezkoa zen hiri baten antolakuntzarako, estatu baten segurtasuna, autoritatea eta begirunea honen eskuetan zaudelako.

Virgilioren, Aristotelesen, Zizeronen edota Vitrubioren ideiak bereganatuz, naturaren aspektu ederrenak aukeratzea du helburu, naturarik ederrena erreproduzitzeko (De Pictura, 1436) eta kanon konkretuak ezartzeko. Naturan funtsa duen arrazionaltasuna oinarri, objektibotasuna, printzipio abstraktuak, formen idealizazioa, proportzioak eta neurrien armonia garatu zituen. Teorioa propioa legitimatzeko asmoz, arkitekturaren jatorri historikoa azaldu eta justifikatu zuen, Tucididesen figuraren bitartez, Antzinako hirien autoritatea eta boterea goraipatuz.

Laburbilduz, arteei buruzko teoria zientifiko baten garapena gauzatu zuen Albertik. Zientzia geometriko eta matematikoen bidez, natura matematikoki erreproduzitu zuen bestelako esperientzia artistiko eta ezagutza zientifikoa garatu zuelakoan. Horrekin batera, artistaren izaera zientzialaria defendatu zuen.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SVERLIJ, M. : Retórica y arquitectura de Leon Battista Alberti. RÉTOR, 4 (2), 2014,. 200-219

VASARI, G.: “Leon Battista Alberti, arquitecto florentino”. MÉNDEZ BAIGES, M.T. eta MONTIJANO GARCÍA, J.M. (Zuz): Las vidas de los mas excelentes arquitectos, pintores y escultores italianos desde Cimabue a nuestros tiempos (antología). Editorial Tecnos, 1998, 273-277 orr. VASARI, G.: “Fuentes y precursores de Vasari”. MÉNDEZ BAIGES, M.T. eta MONTIJANO GARCÍA, J.M. (Zuz): Las vidas de los mas excelentes arquitectos, pintores y escultores italianos desde Cimabue a nuestros tiempos (antología). Editorial Tecnos, 1998, 11-25 orr.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]