Edukira joan

Denbora (hizkuntzalaritza)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Denbora (latinezko tempora izenetik, «denborak, aldiak»; ingelesez: grammatical tense) edo aldia aditzen ezaugarrietako bat da, ekintza bat noiz eta nola jazotzen den, jazoko den edo jazo zen adierazten duena.

Aldiak oso ezberdinak izan daitezke, baina hiru mota nagusi bereizten dira: orainaldia, lehenaldia eta geroaldia. Hizkuntza guztiek orainaldia dute; batzuek, geroaldirik ez; eta beste batzuek, orainaldia soilik: hitz osagarriak darabiltzate beste aldiak adierazteko, hala nola, «bihar» edo «atzo» bezalakoak.

Aldia flexioaren bidez edo aditz osagarrien/partikulen bidez adierazten da.

Hizkuntza batzuetako izenondoek ere aldiak dituzte, hala nola, koreeraz eta japonieraz (adibidez, japonierazko 面白い omoshiroi "interesgarri d(ir)a" / 面白くない omoshirokunai "ez d(ir)a interesgarri" / 面白かった omoshirokatta "interesgarri z(ir)en" / 面白くなかった omoshirokunakatta "ez z(ir)en interesgarri"); eta krutxieran –hizkuntza eraikian– izenordainek aldiak izan ditzakete.

Hainbat hizkuntzatan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza bakoitzak aldiak ditu, baina beren moten kopurua ez da guztietan bera: batzuek hamarretik gora dituzte eta beste batzuek, orainaldia baino ez.

Ingelesezko aldien kopurua esanguratsua da, hamabi baitira, baina batzuk gutxitan erabiltzen dira edo idatzian soilik. Flexioaren bidez orainaldi bakuna eta lehenaldi bakuna bakarrik osatzen dira; besteak osatzeko, berriz, aditz osagarriak behar dira.

Ingelesak «aldien adostasunaren» araua du, hau da, esaldiaren zati nagusiko aditza orainaldi edo etorkizunean baldin badago menpean dagoen zatiak edozein aldi izan dezake, baina esaldiaren zati nagusiko aditza lehenaldian baldin badago menpean dagoen zatiak ere lehenaldian egon behar du: She said that Eniisi lost his key «Eniisiri giltza galdu zaiola esan zuen».

Orainaldi, lehenaldi eta geroaldiaz gainera, ingelesezko aldien azpimota nagusiak honako hauek dira: aldi bakunak, irauten duten aldiak eta aldi perfektuak.

Adibideak:

  • I eat «Jaten dut (beti / ohi)», He eats «Jaten du» — orainaldi bakuna;
  • I am eating «Jaten ari naiz» — irauten duen orainaldia;
  • I have eaten the bread and I am not hungry «Jan dut / Jan nuen ogia eta (beraz) ez naiz gose» — orainaldi perfektua, hau da, ekintzaren emaitza azpimarratzen da;
  • I ate «Jan nuen» — lehenaldi bakuna,
  • eta besteak.

Irauten duen orainaldia asmoa adierazteko ere erabiltzen da, baina ekintza etorkizunean jazoko dela azpimarratzen da: I am going to Bilbao «Bilbora joango naiz (baina ez noa oraindik)».

Ingelesak, beste germaniar hizkuntzek bezala, aditz «indartsuak» eta «ahulak» ditu. «Ahulak» lehenaldi bakunean eta aldi perfektuetan berdin aldatzen dira beti (arauaren arabera), baina aditz «indartsu» bakoitza, berriz, era berezi batean aldatzen da: I eat — I ate — I have eaten, I take — I took — I have taken («indartsuak»); I destroy — I (have) destroyed, I clean — I (have) cleaned («ahulak»).

Ingelesezko aditz batzuk ezin dira irauten duten aldiekin erabili, adibidez, see «ikusi» eta hear «entzun», baina substantibazioa osa daiteke, hala ere.

Alemanak sei aldi ditu –orainaldi bakuna, lehenaldi bakuna, orainaldi perfektua, lehenaldi perfektua, geroaldi bakuna eta geroaldi perfektua–, baina ahozko hizketan hiru erabiltzen dira nagusiki: orainaldi bakuna, orainaldi perfektua eta geroaldi bakuna; besteak, berriz, gutxitan agertzen dira gaurko ahozko hizketan.

Ingelesean bezala, orainaldi eta lehenaldi bakunak flexioaren bidez osatzen dira bakarrik:

  • Ich esse «Jaten dut / Jaten ari naiz»;
  • Ich aß «Jan nuen / Jaten nuen».

Lehenaldi bakuna idatzizko hizketan nagusitzen da eta ahozko hizketan, berriz, horren ordez orainaldi perfektua erabiltzen da beti.

Orainaldi bakuna geroaldiaren ordez erabiltzen da sarri: Heute gehen wir in den Wald am Abend «Gaurko arratsean basora goaz (= joango gara)».

Germaniar hizkuntza denez, alemanak aditz «indartsuak» eta «ahulak» ditu halaber.

Errusierak orainaldi, lehenaldi eta geroaldi bakunak bakarrik ditu, baina aditz bat perfektua edo inperfektua izan daiteke: Я ем Ja jem «Jaten dut / Jaten ari naiz» — Я съем Ja sjem «Jango dut» (aditz perfektua), Я буду есть Ja budu jest' «Jango dut» (aditz inperfektua, hau da, «Jango dut beti» edo ekintza horrek iraungo duela adierazten duena). Errusierazko aldi guztiak flexioaren bidez osatzen dira.

Finlandiera, bepsaera eta hungariera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finlandierak eta bepsaerak lau aldi dituzte: orainaldi bakun eta perfektua, baita lehenaldi bakun eta perfektua ere. Aldi perfektuak ahozko hizkuntzan ia ez dira erabiltzen.

Aldi bakunak flexioaren bidez bakarrik osatzen dira:

  • Annan «Ematen dut» (finlandiera), Andan «Ematen dut» (bepsaera);
  • Annoin «Eman dut / Eman nuen», Andoin «Eman dut / Eman nuen»;
  • Olen koullut «Hil naiz / Hil nintzen», Olen kolnu «Hil naiz / Hil nintzen» (orainaldi perfektua, «izan» (olla / olda) aditzaren bidez osatzen dena).

Hungarieran orainaldi eta lehenaldi bakunak erabiltzen dira gehienetan. Etorkizun bakuna aditz osagarriaren bidez adierazi daiteke, baina ez da beharrezkoa eta etorkizunaren ordez orainaldia erabiltzen da gehienetan.

Beste hizkuntza batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoera eta Polinesiako beste hizkuntzetan aldiak partikulen bidez osatzen dira beti, partikulak aditzen aurretik jartzen dira: E siva le tama «Mutilak dantzatzen du» — Sā siva le tama «Mutilak dantzatu zuen».

Groenlandiera eta txinera orainaldia bakarrik duten hizkuntzen artean daude.

Hizkuntza eraikiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krutxierak –hizkuntza eraikiak– hamar baino aldi gehiago ditu eta haien artean gehienak sarritan erabiltzen dira.

Hizkuntza horretan aldiak oso era berezian osatzen dira — izenordainak aldatuz, eta aldi perfektuek ez dute beti ekintza baten emaitza azpimarratzen, ekintza bat amaituta dagoela baizik[1].

Adibidez:

  • Rou fekhla «So egiten dut (beti)»: rou «ni», fekhla «begiratu, so egin»;
  • Naiś fekhla «So egiten nuen / So egin nuen (beti lehenago)»: naiś «ni (lehelandiko forma)»;
  • Roiva efekhla «So egin dut / So egin nuen» (orainaldi perfektua): roiva «ni (forma perfektua)».

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Ingelesez) «Crootch language» Dream Fiction Wiki (kontsulta data: 2021-01-19).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]