Deskarga mendatea

Koordenatuak: 43°05′17.26″N 02°21′00.93″W / 43.0881278°N 2.3502583°W / 43.0881278; -2.3502583
Wikipedia, Entziklopedia askea
Deskarga gaina eta garai bateko taberna-benta-ostatua.

Deskarga mendatea (492 metro) Gipuzkoako mendebaldean kokatuta dago eta Antzuola, Legazpi eta eta Urretxu udalerriak lotzen ditu. Gaur egun, baina, autobide (A-636) berriaren tunela bitarteaz errepide zaharreko (GI-2632) mendate hau sahiesten da.

Deskarga ezin da "Camino Real de Coches" barik ulertu. Eta norbaitek pentsatzen badu betidanik berau izan dela bide nagusia Urretxura edo Legazpira Antzuolatik joateko, egiari zor esan, bide hau hamar urte obretan egon bazen ere Antzuolako udalerrian, 1765eko maiatzatik 1775eko apirilera arte, dakigu 1768rako prest zegoela bide berria. Urte berean, soldadu konpainia bat zegoen mendate gainean. Francisco de Iberok (nahiz eta ondoren Martin de Carrerak ere taldekide bezala lan egin) [1]

Antzinako erregebidea, ostera, Antzuola eta Urretxu lotzen zituenak, gorago zihoan, lehen Mendia eta gaur Boton bezala ezagutzen dugun ingurutik, hots, Azkarraga lepotik, eta bertatik, Beibakar baserrira eta Santa Barbara-ra pasatzen zen, ondoren Urretxura jaisteko [2].

Deskargako mugarria, Legazpi eta Urretxurekin partekatua.

Dena dela, ezaguna da gain hau bertan kokatuta dagoelako Antzuola, Urretxu eta Legazpiko udalerriek partekatzen duten mugarria, dotorea gainera.

Beranduago, 1793ko otsailean, badakigu Urretxu eta Antzuolako udal agintariek Deskargan elkartzeko ohitura ere hartu zutela.

Bidegintza honetan baserriak ere sortu ziren bide bazterrean, euretako bat Deskarga (zar) baserria. Badirudi 1779an eraiki zela bera, etxeko eguzki erlojuak aitortzen duen bezala. XIX. mendean, berriz, Antzuolako eremuan, mendate gainean, Deskargako etxe berria eraiki zenean, aipatutako baserria Deskargazar (Deskarga-Zahar) bezala ezagutuko da [3].

Deskargako benta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1846ko abuztuaren 29ko udal akta batek ematen digu taberna edo benta honen lehendabiziko berri, eta gainera iskanbilatsua:

Deskargazar baserriko eguzki-erlojua.
Deskargazar baserria (Urretxu).

"El colono de la casería de Deskarga por ir a vengativa hasta el término de tomar como piquetes a las respetables corporaciones, tuvo la insolencia de trasladar y establecer al momento la suprimida taberna en el mismo alto a la parte y jurisdicción de Anzuola, habiendo encontrado en ella protección ... por lo que se trasladó al ayuntamiento de Anzuola a cerrar la dicha taberna porque así se le ejecutó por la villa de Legazpia. Los de Anzuola piensan que no debe cerrarse porque en la época que los de Villarreal tuvieron abierta no hubo queja por parte de Anzuola". [4]

Diputazioak ere taberna ixtea agindu zuen urte bereko irailean. Bere arrazoia zen bertan hiru herrien mugarria zegoela eta istiluak sor zitezkeela. Dena dela, 1858an zabalik zegoen, eta 1862ko apirilaren 8an egindako hipoteka agirian agertzen da nola Silvestre Mendizabalek eraiki zuen Francisco de Ugalde, Ascensio Maria de Echevarria, Mateo de Echezarreta, Jose de Alberdi eta Pedro de Arinekin batera, "la casa titulada de Venta berri en el puerto de Dekarga, próxima a la caseta de la cadena la de los celadores de esta provincia y carretera general...".  Hala, bere zatia saldu zion Zumarragakoa zen Antonio de Aranari 1445 errealen truke "que recibe en el acto". [5]

Kaxiano Ibarguren soinu-jolea eta bere taldea Aiherre-Antzuola herrien arteko senidetze egunean (1994).

1876ko abuztuan hiru etxe zeuden Deskargan: "casa urbana", Esteban Ugalderena, baina bertan Nikolas Insausti bizi zena; "Casa cadena", zergak-eta ordaintzeko erabiliko zena; eta Diputazioarena zen "caseta para miqueletes".

Kaxiano Ibarguren Bolinaga ere, soinujole antzuolar eta itsua zena, Erautzakoa zela esaten bada ere, bera "Deskargako bentan" jaio omen zen. Orduan, Deskargako tabernaren nagusia Esteban Bolinaga zen [6].

Aipatutako taberna edo bentaren berri Marianori esker dakizkigu [7]. Gerra garaian jaio bazen ere, bere gurasoak eta aitonak kontatutakoak ondo gogoratzen ditu:

"Deskargako benta hau gerra garaia etorri arte egon zen zabalik. Orduan Fernando `Erautza´ zen tabernaria, baina nazionalistak-edo omen zirela eta, itxi eta alde egin zutela entzunda daukat etxean. Gerra Zibila garaian ere baserria soldaduez beteta egon zen, ganbaran lotan edo inguruko dena jaten (oiloak, ardiak...). Gure aitonak ere estuasuna pasatu zuen soldaduek esnea ba ote zuen galdetu omen ziotelako. Berak ezetz, baina behiak baietz, erantzun zien soldaduei. Orduan burua zenak agindu omen zion soldaduei esnea jaisteko, baina ezin izan zuten lortu, eta aitonarekin haserretu eta baserritik Deskargara dagoen bide zatian erabili zuten gora eta behera, zigor bezala. Ez omen zutenean afusilatu, pozik! Astoa ere eraman zuten Elgetako frentera gauzak-eta eramateko".

Hiru etxe, behetik gora: Deskargako taberna, gatza gordetzekoa eta "kamiñeroen etxia" edo Mikeleten etxea (1986ko argazkia).

Hala, 1942 edo 43an zabaldu omen zen berriro Deskargako taberna, gerra garaian itxita egon ondoren. Araoztarrak ziren Antonio Uriarte eta Ana Igartuak, senar emazteak, zabaldu zuten. Bederatzi seme-alaben gurasoak izan ziren, sei neska eta hiru mutil, eta bertan bizi izan ziren. Euretako batzuk, behintzat, Antzuolako eskolan ere ibilitakoak.

Tabernak 1975era arte mantendu zen zabalik. Bertan jan edariak ematen ziren "arraultza parea txozizoarekin-eta", bokadiloren bat-edo", horrekin batera edaria; baina baita "piruletak eta pipak" ere.

Igandeetan ere egoten zen festa giroa. Hala gogoratzen digu Marianok: "Igandero, uda partean, egoten zen erromeria Deskarga gainean. Antzuolarra zen Lazaro Elorza etortzen zen, eta Deskargako taberna inguruan zegoen sailean, bertan ere zegoen bolatokia, jotzen zuen akordeoia. Kobratu egiten zuen eta dantzan zebilenei pegatina bat jartzen zien bereizteko. Denetik joten zuen, sueltoa eta `agarraua´, gero komediak abadearen aurrean konfesatzerako. Azken urteetan `La Vergaresa´ autobusean etortzen ziren Antzuolatik eta Urretxutik erromeriara. Dantzari onena Martin `Azpikoa´ omen zen. Bera Iñurrigarroazpiko baserrikoa zen. Oso trebea dantzan, edozein modutan, belauniko jarri eta zutitu ere berehala egiten zuen".

Deskarga "casa cadena"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, aipatu dugun bezala, dokumentuek dioskute "casa cadena" bezala izendatzen zen beste etxe bat ere egon bazegoela Deskarga gainean; ustez bere garaian zergak-eta ordaintzeko erabilia. Etxa hau, zehatzago, "casa cadena fiscal" bezala ere ezagutzen da dokumentuetan [8].

Ez dugu ahaztu behar Antzuolatik pasatzen zela bailaratik Irunera zihoan erregebide nagusia  (Salinas, Eskoriatza, Aretxabaleta, Bergara, Antzuola, Zumarraga... Tolosa... Donostia eta Irun). Beraz, oso mendate estrategikoa zen Deskarga mendatea.[9]

Deskarga mendatea, taberna eta errepide zaharra (1970. hamarkada).

Gaur egun, aduana bezala ez, baina diru-kopuru bat ordaintzen dugunean autobia-autopistetan erabiltzen ari garen eraikuntzaren eta bere mantentze-lanen finantzaketan ustez "laguntzen" ari gara, eta horren kudeaketa, Gipuzkoari dagokionez,  Foru Aldundiari (Bidegiri) badagokio ere, garai batean alokairuan ematen zen bere kudeaketa. Eta halaxe ustiatu zen, ondoren ikusiko dugun bezala, antzinako Deskargako bidesaria ere, arrendamenduan pertsona bati ustiapena eskainiz: "Obligación de D. Juan Antonio de Arrue, vecino de la villa de Arechavaleta, de satisfacer a la Diputación Foral de esta Provincia de Guipúzcoa la cantidad de 40200 reales de vellón por peage de la barrera establecida en el alto de la cuesta de Descarga en todo el año entrante de 1854". [10]

Euskara: Mendebaleko euskara eta gipuzkeraren arteko muga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deskargako mendateak Mendebaldeko euskara eta Gipuzkeraren arteko muga adierazten du, Antzuolan Deba Goienako hizkera mintzatzen den bitartean, Urretxun Urolaldeko hizkera mintzatzen baita, Goierriko hizkeraren eragina ere sumatuz.

Adibide bat:

Aipatutako Deskarga baserria Urretxun kokatuta badago ere, baserritik Deskarga gainera (edo Antzuolako mugarrira) apenas 25 bat metro daude. Hala ere, gezurra dirudi  hain metro gutxik hizkuntzan behinik-behin zenbateraino eragiten duen, Marianorentzat "baratza" dena, antzuolarrentzat "ortua" delako [11].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Astiazaran, Maria Isabel. (1995). La construcción de los caminos reales de Guipuzkoa en el siglo XVIII. Donostia: Diputación Foral de Gipuzkoa, Departamento de Transportes e Infraestructuras Viarias, ISBN 847907154-0..
  2. Olabarria, Patxi. (2023). Antzuolako armarriaren alardea. Antzuolako Udala, 42-49 or. ISBN 9788493640231..
  3. Irinmodo blog (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria). .
  4. Antzuolako Artxibo Historikoa. 1846. urteko udal aktak.
  5. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Oñati): (GPAH40248_A_007500v eta GPAH40248_A_007600r).
  6. Ibarguren, Kasiano. (1997). Auspoa Liburutegia. Sendoa argitaldaria. ISBN 8489080623..
  7. DESKARGA-ZAHAR BASERRITIK DESKARGAKO KONTUAK. (Noiz kontsultatua: 2023-07-10).
  8. Antzuolako Artxibo Historikoa. Urteko udal aktak.
  9. Irinmodo blog (Iñigo Ramirez de Okariz). .
  10. Gipuzkoako Artxibo Orokorra: AGG-GAOPT3369_A_055700v
  11. DESKARGA-ZAHAR BASERRITIK DESKARGAKO KONTUAK. (Noiz kontsultatua: 2023-07-10).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

43°05′17.26″N 02°21′00.93″W / 43.0881278°N 2.3502583°W / 43.0881278; -2.3502583