Edukira joan

Determinismo teknologiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karl Marx jotzen da teoria honen garatzailetzat.

Determinismo teknologikoa teoria erredukzionista bat da, gizarte baten teknologiak bere eraginkortasun-logika propioari jarraituz egiten duela aurrera onartzen duena, eta, era berean, gizarte-egituraren eta kultura-balioen[1] garapena zehazten duena. Terminoa Thorstein Veblen (1857–1929) soziologo eta ekonomialari amerikarrak sortu zuela uste da. Aipatzekoa da XX. mendeko Estatu Batuetan determinista teknologiko erradikalena izan zela Clarence Ayres, seguruenik Veblenen eta John Deweyren jarraitzailea. William Ogburn ere nabarmendu zen arlo honetan, bereziki kultura-desfasearen teoriagatik.

Determinismo teknologikoaren kontzeptu formala sarritan Thorstein Vebleni egozten zaio. Gizarteari eta ekonomiari buruzko bere lanengatik ezaguna, Veblenek teknologia indar autonomo ahaltsu gisa aurkeztu zuen, gizarte-arauak eta egiturak eraldatzeko gaitasuna zuena. Haren iritziz, makinaria garatu eta erabiltzeak eragin independentea zuen gizakien pentsamoldean eta portaeran. Bereziki azpimarratzen zuen "makinak pentsamolde antropomorfikoak baztertzen ditu"[2][3], eta baieztapen horren bidez teknologia gizartea eraldatzeko indar inherentetzat hartzen zuen, pentsamolde- eta jokabide-ereduak berrantolatuz.

Testuinguru historikoa eta eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veblenen garaian, industrializazio azkarrak eta teknologiaren aurrerapenek errotik aldatu zuten Estatu Batuetako gizartea. Fabrikazioaren eta garraioaren arloan egindako berrikuntzek —hala nola muntaketa-kateen ezarpena eta trenbideen hedapena— agerian utzi zuten teknologiak egitura ekonomiko eta sozialak birmoldatzeko zuen ahalmena. Aldaketa horiek ideiaren zabalkundea erraztu zuten, eta horren ondorioz, Veblenen teoriak ospea eta eragina irabazi zituen.[4]

Karl Marxen eragina eta Clarence Ayresen garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Thorstein Vebleni egozten zaion determinismo teknologikoaren oinarri kontzeptualak formulatzea, Karl Marxek ere eragin esanguratsua izan zuen ideia horien garapenean. Marxek azaldu zuen teknologiak gizartearen "oinarri materiala" osatzen duela, eta horren bidez aldaketa historikoa bultzatzen dela. Adibide gisa, proposatu zuen India kolonialeko trenbideen garapenak kasta-sistema zalantzan jarri eta higatuko zuela, jarduera ekonomiko berriak sartu eta gizarte-hierarkiak aldatuz.[5][6]

Gerora, Clarence Ayres —Veblenen ideietan inspiratutako XX. mendeko ekonomialaria— determinismo teknologikoaren ikuspegia garatu zuen, eta "arrastatze teknologikoa" (technological drag) izeneko kontzeptua sartu zuen. Ayresen arabera, teknologiak indar dinamiko eta autosortzaile gisa egiten du aurrera, baina erakunde tradizionalak atzean geratzen dira, aldaketa teknologikoaren potentzial eraldatzaileari aurre eginez. Horrela, Ayresen teoriak are gehiago sendotu zuen determinismo teknologikoa, eta aurrerapen teknologikoaren eta kontserbadorismo sozialaren arteko talkaren saihestezintasuna azpimarratu zuen.[7][8]

Determinismo teknologikoak garapen teknikoak, komunikabideak eta, oro har, teknologia historiaren eta aldaketa sozialaren funtsezko eragile gisa aurkezten ditu. [9] Ikuspegi honek dioenez, teknologiaren eskuragarritasun zabalak globalizazioaren prozesua azkartu eta ia saihestezina bihurtzen du. Hori dela eta, garapen teknologikoa eta berrikuntza aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoaren motor nagusitzat hartzen dira.[10]

Determinismo teknologikoaren defendatzaile sutsuen arabera, teknologiaren eragina ez da haren erabilera-mailaren edo hedapenaren araberakoa. Haien ustez, teknologia ez da giza jardueraren atal bat soilik, baizik eta giza jarduera ororen oinarri eta egituratzaile nagusia.

Determinismo teknologikoa laburbilduz, "Teknologia da gizartea gidatzen duen indar nagusia" (Merritt Roe Smith) dela esaten da. Garapen teknologikoek aldaketa sozialaren norabidea zehazten dute (Bruce Bimber), eta horrek pentsamolde eta gizarte-elkarreragina eraldatzen ditu. Horregatik, "Teknologiak historia baldintzatzen du" (Rosalind H. Williams) esaldia sarri erabiltzen da.

Askok sinesten dute aurrerapen soziala berrikuntza teknologikoek eragiten dutela, eta prozesu hori saihestezina dela.[11] Hori "aurrerabidearen doktrina" izenaz ezagutzen da, eta horren arabera gizarte-arazoak teknologia bidez konpon daitezke, horrela gizarteak aurrera eginez .

Izan ere, determinista teknologikoek uste dute “aurrerapena ezin dela gelditu”, eta horrek adierazten du gizartea ez dela gai teknologia kontrolatzeko (Lelia Green). Honek, neurri batean, gure ezgaitasuna islatzen du. Merritt Roe Smith-en arabera, gizarteak teknologiari aldaketa sozialak eragiteko boterea uzten dion arrazoi nagusia “gizarteek askotan ez dutelako kontzientzia teknologiaren barruan txertatutako balio alternatiboetaz” da.

Determinismo teknologikoa gizartea aldatzeko prozesuetako elementu eragile nagusi gisa teknologia edo aurrerapen teknologikoak identifikatzen dituen ikuspegi gisa definitu da. [12] Teknologia egonkortu ahala, bere diseinuak erabiltzaileen portaerak agintzen ditu, ondorioz, "aurrerapen teknologikoak aurrerapen soziala berdintzen du. "[13]Teoria honen funtsezko nozioak bi zatitan banatzen dira, lehena teknologiaren garapena bera ere faktore sozial eta politikoetatik bereizita egon daitekeela, "asmatzaile, ingeniari eta diseinatzaileen moduetatik sortuak, harreman sozialekin zerikusirik ez duen barne logika tekniko bati jarraituz". [13] Bigarrena, teknologia egonkortu ahala, bere diseinuak erabiltzaileen portaerak baldintzatzeko joera duela liteke, horrela, aldaketa soziala eraginez.

Era berean, teknologia aldatzen doan heinean, kultura bateko gizabanakoek baliabide berriak erabiltzeko eta txertatzeko modu desberdinek, bizitzeko era eraldatzen dute. Horrela, argi geratzen da teknologiak, azken finean, gizartearen hazkundea baldintzatzen duela, kultura barruko harreman eta bizimoduetan eraginez.[14]

Era berean, aurrerapen teknologiko hauek kulturarteko elkarreraginak sustatzen dituzte; hala nola merkataritza aurreratua bultzatuz eta tamaina eta sare ezberdinen arteko harremanak eraldatuz. Beste adibide batzuk dira hizkuntzaren asmakuntza, komunikazio modu berrien hedapena, liburuen eta idatzizko dokumentazioaren sarrera eta horien bidez ezagutzaren zabalkuntza, baita sistema sozioekonomiko eta politikoetan eragina arintzea.

Dusekek (2006) azpimarratzen duenez, “kulturak eta gizarteak ezin diote teknologiaren norabideari eragin... eta teknologia garatu eta aldatu ahala, gainerako gizarteko erakundeak ere aldatzen dira, artea eta erlijioa bezalaxe.”[15] Beraz, determinismo teknologikoaren ikuspegitik, aurrerapen teknologikoak eta gizarte-harremanak ezinbestean lotuta daude, eta batak besteari eragiten dio, normalizazioaren bidez sortzen den aldaketa baten bitartez.[16]

Hala ere, jarrera horrek ez ditu kontuan hartzen teknologia garatu zeneko gizarte eta kultura testuinguruak. Claude Fischer soziologoak (1992) determinismo teknologikoaren forma nagusiak “billar bola” metafora gisa deskribatu zituen, non teknologia kanpoko indar gisa sartzen den gizarte-egoera batean, eta horrek errebotez hainbat ondorio eragiten dituen.[12]

Gizarte edo kultura batek teknologiekin elkarreragiten duela onartu beharrean, ikuspegi determinista teknologikoak dioenez, “teknologiaz egiten diren erabilerak neurri handi batean teknologiaren egiturak berak zehazten ditu; hau da, bere funtzioak bere formaren ondorio dira” (Neil Postman). Hala ere, hau ez da determinismo teknologikoaren ikuspegi bakarra. Smith eta Marxek (1998)[17] determinismo “gogorraren” kontzeptua aurkeztu zuten, non teknologia bat kultura batean sartzen denean haren garapena saihestezina den. Ikuspegi horretatik, “agentzia (aldaketari eragiteko gaitasuna)” teknologiari edo haren ezaugarri bereziei egozten zaie; horrela, teknologiaren asmakuntzek behar ezinbestekoak sortzen dituzte.

Beste ikuspegiak Smith eta Marx-ek (1998)[17] determinismo "bigun" gisa agintzen dutenari jarraitzen dio, non teknologiaren garapena ere testuinguru sozialaren araberakoa den, kultura batean hartzeko moduari eraginez, "eta, teknologia hartuz gero, testuinguru sozialak eragin garrantzitsuak izango ditu teknologia erabiltzeko moduan eta, beraz, azken inpaktuan". [16]

Adibidez, inprentak Erreforma Protestantean izan zuen paperaren bidez masiboki ekoitzitako ezagutzaren hedapena azter genezake. Elizak erreakzionatu baino lehen erreforma aurrera ateratzeko alde protestantetik premia zegoela eta, "lehen buruzagi luteranoek, Lutero bera buru zutela, Erreformaren lehen hamarkadetan milaka panfleto antipapal idatzi zituzten eta lan horiek azkar hedatu ziren Europa erdialdeko hainbat inprentatan berrinprentaren bidez". [18] Testuinguru soziopolitikoak bere ikerketaren hasieran teknologia hori erabiltzeko premia zuenez, azkar hartu eta normalizatu zen Europako kulturan. Bere popularizazioan —propaganda politikorako erabileran— garai modernoetako egunkarien tradizio jarraituekin bat datozen erabilerak ikusten dira, baita beste testu inprimatu batzuetarako erabilera berriak ere, irakurketa bezalako jarduera lasaietan arreta jartzen duten testuinguru sozialetara moldatuz. Honek ikuspegi determinista bigunaren ildoa jarraitzen du, non asmakizun teknologikoa —inprenta— azkar onartua izan zen testuinguru sozio-politiko egoki baten ondorioz, eta gizartean azkar integratu zelako; horren ondorioz, eragin handia izan zuen eta oraindik ere eragiten jarraitzen du gizartearen egituretan eta jokabideetan.

Determinismo gogorra eta biguna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Determinismoa aztertzean, “determinismo gogorra” “determinismo bigunarekin” kontrastatu daiteke. Konpatibilista batek uste du posible dela borondate askea eta determinismoa aldi berean egotea munduan; aldiz, bateraezin batek esango du ezin direla batera egon eta bata edo bestea izan behar dela. Determinismoaren aldekoak are gehiago sailka daitezke.

Determinismo gogorraren arabera, teknologia gizarte-kezketatik modu independentean garatzen da. Teknologiak indar boteretsu multzo bat sortzen du, gure jarduera soziala eta haren esanahia arautzeko. Ikuspegi horren arabera, teknologiaren beharrak asetzeko antolatzen gara, eta antolaketa horren emaitza gure kontroletik kanpo egongo litzateke (teknologia autonomoa).

XX. mendeko filosofo eta gizarte-teorikari frantses Jacques Ellul, determinismo gogorraren ordezkari eta teknika autonomoaren defendatzailetzat har daiteke. 1954an argitaratutako Gizarte Teknologikoa lanaren barruan, Ellulek dio teknologiak, bere eraginkortasunak ematen dion botereari esker, gizartearen alderdi zehatzak aukeratzen dituela bere garapenerako, hautespen naturalaren prozesu baten bidez.

Teknologiaren aurrerapena sustatzen duten balio, moral eta filosofiak dituzten gizarte-sistemek aukera handiagoa dute beren boterea handitzeko eta teknologiaren alde gutxiago egiten duten sistema horien kontura hedatzeko. Nahiz eta geografia, klima eta beste faktore “naturalek” historian zehar baldintza sozialen mugak ezarri, azkenaldian teknologia bihurtu da faktore objektibo nagusia —batez ere industrializazioaren indarrek eraginda— eta gizartearen bilakaeraren arduradun nagusia.

“Determinismo biguna”, izenak adierazten duen moduan, ikuspegi pasiboagoa da teknologiaren eta egoera soziopolitikoen arteko elkarreraginari dagokionez. Determinismo bigunen arabera, teknologia gure eboluzioaren gidaria da, baina egoera baten ondorioei buruz erabakiak hartzeko aukera dugu. Honek ez du esan nahi borondate askea dagoenik, baizik eta aukera dagoela “dadoak botatzeko” eta emaitza nola ateratzen den ikusteko.

Determinismo bigunaren aldaera bat da William Fielding Ogburnek 1922an proposatutako gizarte-aldaketaren teoria, non gizarteak asmakizun handien ondorioetara egokitu behar duen, baina askotan kultura-desfase baten ondoren bakarrik egiten duena.[19]

XX. mendearen erdialdean sortu zen determinismo teknologikoarekiko eszeptizismoa, batez ere teknozientziari buruzko ezkortasuna handitu zen garaian. Horren atzean, besteak beste, arma nuklearren ekoizpenean energia nuklearra erabiltzeak sortutako kezkak, Bigarren Mundu Gerran nazien giza esperimentazioaren inguruko eztabaidak eta Hirugarren Munduko garapen ekonomikoaren arazoak daude. Ondorioz, teknologiaren garapenaren norabidea kontrolatzeko beharrak areagotu egin ziren, eta horrek determinismo teknologikoaren ereduarekiko desilusioa eta desengainua ekarri zuen akademiaren artean.

Teknologiaren eta gizartearen teorialari modernoek, berriz, ez dute jada uste determinismo teknologikoa ikuspegi zehatza denik teknologiaren eta gizartearen arteko elkarreraginari dagokionez. Nahiz eta suposizio deterministek eta hizkuntzak nahiko asetzen dituzten teknologiaren sustatzaile askoren idatziak, herri-aldizkari askoren orrialde komertzialak eta teknologiari buruzko erreportaje ugarik, zientzia eta teknologiaren azterketek, eraikuntza sozialaren ikerketek eta antzeko alorrek ñabardura handiagoa azpimarratu dute, kausa-efektu eredu errazei aurre egiten dieten ikuspegi konplexuagoen alde. Haien arabera, «teknologiaren eta gizartearen arteko harremana ezin da murriztu kausa-efektu formula sinplista batera; aitzitik, elkar-gurutzatze bat da, zeinetan teknologiak ez baitu determinatzen, baizik eta eremu sozial konplexu batean funtzionatzen duena» (Murphie eta Potts).

T. Snyderrek determinismo teknologikoari «ezinbestekotasunaren politika» kontzeptua gehitu zion [20]. Kontzeptu honek gizarteari etorkizuna orainaren luzapen hutsa dela agintzen dio, eta horren bidez erantzukizuna ezabatzen du; merkatu libreak, estatu-nazioen garapena eta aurrerapen teknologikoak justifikatzeko erabil daiteke.

Andrew Feenbergen «Arrazionalizazio subertsiboa: teknologia, boterea eta demokrazia teknologiarekin» artikuluan, determinismo teknologikoa kritikatu eta bere oinarriak zalantzan jarri zituen. Feenbergen ustez, determinismoaren bi tesiek ez dute justifikazio sendo nahikorik, eta horregatik defendatzen du «arrazionalizazio demokratikoa» izeneko ikuspegi integratzaile eta kritikoa (Feenberg, orr. 210–212).

Teknologia determinismoaren aurkako jarrera nabarmena agertu da teknologiaren eraikuntza sozialaren (SCOT) ikerketetan. SCOT ikerketek, hala nola Mackenzie eta Wajcmanek (1997), diote berrikuntza-prozesua eta haren ondorio sozialak oso moldagarriak direla, eta funtsean gizarteak berak egituratzen dituela kultura, politika, antolaketa ekonomikoa eta arautze-mekanismoen bidez. Determinismo sozialaren ikuspegi sendoenean, «garrantzitsuena ez da teknologia bera, baizik eta teknologia horrek txertatuta dagoen sistema sozial edo ekonomikoa» da (Langdon Winner).

Winnerrek 1999an argitaratutako «Artefaktuek ba al dute politikarik?» artikuluan teknologien politikaren jatorri anitzak aztertu zituen. Ez du determinismo sinple bat defendatzen; baizik eta teknologia baten politika diseinatzailearen asmoek eta gizartearen kulturak eraginda sortzen dela edo teknologiak «behar praktiko» bat asetzeko duen gaitasunean oinarritzen dela azpimarratzen du. Adibidez, New Yorkeko hiri-planifikatzaile Robert Moisesek Long Islandeko aparkaleku-tunelak hain baxuegi eraiki zituen autobusak igaro ez zitezen eta gutxiengoak uharteko hondartzetatik urrun egon zitezen. Bestalde, zentral nuklear baten kontrol egitura autoritarioa hondakin erradioaktiboak okerreko eskuetara iristea ekiditeko behar praktiko bat da. Horrela, Winnerrek ez du determinismo teknologiko edo sozial baten alde egiten; teknologia baten politikaren jatorria haren ezaugarri eta historia arretaz aztertuz bakarrik ulertu daiteke.

«Teknologiaren eredu determinista gizartean zabaltzen den arren» (Sarah Miller), ikerlariek ikuspegi hori oso zalantzan jarri dute. Lelia Greenek argudiatu duenez, «teknologia gizartetik kanpo zegoela uste zen garaian, zentzuzkoa zen teknologia neutraltzat jotzea». Hala ere, ikuspegi horrek ez du kontuan hartzen kultura ez dela finkoa eta gizartea dinamikoa dela. «Teknologia prozesu sozialetan txertatuta dagoenean, ez dago ezer neutralik gizartean» (Lelia Green). Honek berretsi egiten du determinismo teknologikoak dituen arazo handietako bat: aldaketarekiko giza erantzukizuna ukatzea eta teknologiak eta gizarteak eratzen dituzten giza inplikazioak galduko liratekeela (Sarah Miller).

Beste ideia gatazkatsu bat somnanbulismo teknologikoarena da, Winnerrek «Teknologia bizi-forma gisa» saiakeran sortutako terminoa. Winnerrek galdetzen du ea gure existentziaren barruan, logura hutsean dabiltzan somnanbuloak garela, teknologiarekin benetan nola elkarreragiten dugun ulertzeko kezka edo ezagutza nahikorik gabe. Ikuspegi horretatik, oraindik ere posible da «esnatzea» eta gure ibilbidearen kontrola berriro hartzea (Winner, 104. or.). Hala ere, gizarteak Ralph Schroederren baieztapen hau onartzea eskatzen du: «Erabiltzaileek ez dute teknologia modu pasiboan kontsumitzen soilik, baizik eta modu aktiboan eraldatzen dute» [21].

Determinismo teknologikoaren aurrean, determinismo sozialaren eta postmodernitatearen ikuspegiak onartzen dituztenak daude. Ikuspegi horien arabera, gizarte-ingurune eta zirkunstantzia sozialek bakarrik erabakitzen dute zein teknologia onartzen den, eta, beraz, teknologia ez da bere meritu propioengatik «saihestezina» izan daitekeenik. Teknologia eta kultura ez dira neutroak; ezagutza ekuazioan sartzen denean, teknologia prozesu sozialetan inplikatzen da, eta teknologiaren sorrera, indartzea eta erabilera ezagutza sozialki lotuta dago.[22]

Postmodernismoaren ikuspegitik, ongi edo gaizki dagoena zirkunstantzien menpe dagoela adierazten da. Aldaketa teknologikoek iragan, orain eta etorkizunean eragin handiak izan ditzaketela uste dute. Nahiz eta aldaketa teknologikoek gobernuaren politika, gizarte eta kultura aldatzen lagundu, aldaketaren kontzeptua paradoxa dela ere azpimarratzen dute, izan ere, aldaketa bera etengabea baita.

Brian Winston, ikerketa mediatiko eta kulturalen teorikoa, determinismo teknologikoari erantzunez, teknologia berrien agerpenaren eredu bat garatu zuen, «potentzial erradikalaren ezabapenaren legean» oinarritua. Bere bi liburutan —Technologies of Seeing: Photography, Cinematography and Television (1997) eta Media Technology and Society (1998)— Winstonek eredu hori aplikatu zuen erakusteko nola teknologiak eboluzionatzen diren denboran zehar, eta nola gizarteak eta bestelako faktore sozialek teknologia horien «asmakizunaren» potentzial erradikala mediatzen eta kontrolatzen duten, potentzial horiek ezabatuz.

Determinista teknologiko nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuek Karl Marx determinismo teknologikoaren defendatzaile gisa aurkezten dute, bere Filosofiaren pobrezian (1847) esandako esaldi ospetsuarekin: «The handmill gives you society with the feudal lord; the steam-mill, society with the industrial capitalist» — hau da, mekanismo baten garapenak gizartearen egitura ekonomiko eta sozialen aldaketak dakartzala. Hala ere, beste batzuek diote Marx ez zela determinista hutsa, baizik eta teknologia gizartearen beste alderdi batzuekin elkarreragiten duen faktore bat bezala ikusten zuela, eta ez erabateko eragile determinatzailea [23].

Walter J. Ong determinismo teknologikoaren ikuspegitik aztertzen du ahozko kulturatik idatzizko kulturara egindako trantsizioa, bere Ahozkotasuna eta alfabetatzea: hitzaren teknogizazioa (1982) lanean. Ong-ek dio trantsizio hori alfabetatze-teknologia berriek —bereziki inprimatzeak eta idazketak— ahalbidetu dutela, komunikazioaren forma berriak sortuz. Teknologia horiek aurrez ahoz transmititzen ziren ideiak modu idatzian adierazteko aukera eman dute.

Argudiatu du idazketa testuinguru hutsa dela, «bigarren mailako modelizazio sistema» (8) delako. Mintzairaren aurreko lehen mailako sisteman oinarrituta, idazketak hizkuntzaren ahalmena manipulatzen du, ikusmen-zentzuaren mende baitago lortu nahi den informazioa komunikatzea. Gainera, alfabetatzearen teknologia geldi samarrak argi eta garbi mugatzen du ezagutzaren erabilera eta eragina, eta, zalantzarik gabe, gizartearen eboluzioa baldintzatzen du. Izan ere, Ong-ek dio «beste edozein asmakizun bakar baino gehiago, idazteak giza kontzientzia eraldatu duela» (Ong 1982:78).

Determinismo mediatikoa: determinismo teknologikoaren aldaera bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Determinismo mediatikoa determinismo teknologikoaren adar bat da: posizio filosofiko eta soziologiko bat, zeinak dioen komunikabideek gizartean duten eragin ahalmena funtsezkoa dela ulertzeko gizartearen aldaketak.[23] Posizio honek dio teknologia komunikatiboak ez direla soilik informazioa transmititzeko tresnak, baizik eta gizartearen egitura eta kontzientzia moldatzen dituzten indar eragileak direla.

Ikuspuntu horren sortzaile nagusien artean daude bi teorilari kanadar: Harold Innis eta Marshall McLuhan. Innisek eta McLuhanek hedabideen funtsezko rola azpimarratu zuten zibilizazioen garapenean, eta adierazi zuten komunikabide ezberdinek eragin desberdinak dituztela pertsonen pentsaeran eta gizartearen egituran. McLuhanen ospetsu bihurtutako esaldia —The medium is the message— determinismo mediatikoaren adierazpen klasikoa da. Hau da, komunikabidearen formak —eta ez edukiak bakarrik— baldintzatzen du gizartearen eboluzioa.

McLuhanek komunikabideak hizkuntzaren forma orokor baten gainetik jartzen ditu: bere ustez, komunikazio-teknologiak dira pentsamenduaren eta gizartearen egituratzaile nagusiak. Hala ere, ez zen determinista gogorra. Bere ikuspegia moderatua zen: uste zuen komunikabideek eragin sotilak dituztela gizabanakoengan, baina garrantzitsuena erabilera horren testuinguru soziala dela.

Innisek ere defendatzen zuen garai historiko bakoitzeko bilakaera sozial, politiko eta ekonomikoa lotuta zegoela garai hartako komunikazio-teknologien ezaugarriekin. Bere ikuspegitik, teknologia ez da neutroa; aitzitik, gizartea moldatzen duen indar bat da. Hala ere, ikuspegi hau kritikatu dute autore batzuek. Raymond Williams adituak, esaterako, hedabideen determinismoa baztertu zuen, eta azpimarratu zuen gizarte-mugimenduek eta egitura sozialek teknologia eta komunikazio-prozesuak baldintzatzen dituztela, eta ez alderantziz.[24]

Horren aurrean, sortu da audientziaren determinismoa deritzon ikuspegia, zeinak adierazten duen ez direla komunikabideak pertsonengan eragina dutenak modu bakarrean, baizik eta jendeak berak moldatzen dituela komunikabideen erabilera eta esanahia.[25]

Adimen Artifizial Generatiboa eta Determinismo Teknologikoaren aktualitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko hamarkadaren lehen zatian, adimen artifizial generatiboaren (AA) garapen bizkorra —testuak, irudiak, musika edo kodea sortzeko gai diren sistemak— egungo gizartearen antolaketan eragin handia izaten ari da, eta horrek berriro piztu du determinismo teknologikoaren inguruko eztabaida. Diskurtso hegemoniko askok AA aurkezten dute ezinbesteko iraultza teknologiko gisa, zeinak “modu naturalean” aldaraziko dituen lana, hezkuntza, sorkuntza artistikoa eta komunikazioa. Horrela, teknologiarekiko ikuspegi determinista zabaltzen da: AAren hedapena berezko prozesu gisa ulertzen da, giza kontrolik gabekoa, eta horrek justifikatzen du sistema kapitalista berreratu eta disziplina mekanismo berriak ezartzea.

Hala ere, ezin da teknologia ulertu bere testuinguru sozial eta ekonomikotik bereizita. AA ez da existitzen “berez”, baizik eta interesetara egokitutako tresna bat da: ekoizpen kostuak murriztu, lan indarra ordezkatu eta kontrol soziala areagotzeko tresna eraginkorra. Enpresa teknologiko handien esku dagoen AAren garapena (OpenAI, Google, Amazon, etab.) ez da zientziaren aurrerapen neutral bat, baizik eta botere ekonomikoaren metaketa areagotzeko estrategia bat.

Horrez gain, AAren bidez sortutako edukiek (testu automatizatuak, irudi sintetikoak, etab.) sormenaren proletarizazioa dakarte: egile izatearen kontzeptua lausotu egiten da, eta giza sorkuntza lan automatizatu bihurtzen da, balio merkantil hutsera murriztuta. Horrek kultura bera komodifikatzen du eta gizarte kritikoa garatzeko aukerak mugatzen ditu.

Hori dela eta, AAren garapena ez da ulertu behar prozesu tekniko huts gisa, baizik eta egungo sistema ekonomikoaren logiketan sustraitutako joera gisa. Teknologiak aukera handiak eskaintzen ditu: lana arintzea, ezagutza eskuragarriago egitea, sormenaren formak berritzea eta zenbait arlotan aurrerapen sozial eta mediko garrantzitsuak lortzea. Baina, aldi berean, arrisku handiak ditu: lanpostuen suntsiketa, kontrol sozial automatizatua, informazioaren manipulazioa eta giza harremanen deshumanizazioa.

Gaur egun, aukera eta mehatxuak batera doaz. Aukeraren leihoa irekita dago oraindik: teknologiak askatzeko edo menperatzeko balio dezake.

  • (as cited in Croteau, D. and Hoynes, M. (2003) Media Society: Industries, Images and Audiences (third edition), Pine Forge Press, Thousand Oaks pp. 305–306)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Héder, Mihály (1 de junio de 2021). «AI and the resurrection of Technological Determinism». Információs Társadalom 21 (2): 119. ISSN 2063-4552. doi:10.22503/inftars.XXI.2021.2.8. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  2. «The Culture of Technology». MIT Press (en inglés estadounidense). Consultado el 22 de mayo de 2025.
  3. [Veblen, Thorstein (1921). The Engineers and the Price System. B. W. Huebsch, Incorporated. ISBN 978-0-670-29549-4. «The Engineers and the Price System»] |url= incorrecta (ayuda).
  4. Marx, Leo (2010-07). «Technology : The Emergence of a Hazardous Concept». Technology and Culture 51 (3): 561-577. ISSN 1097-3729. doi:10.1353/tech.2010.0009. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  5. MANIFESTO OF THE COMMUNIST PARTY. Pluto Press. pp. 47-103. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  6. Avineri, Shelomoh (1988). The social and political thought of Karl Marx. Cambridge studies in the history and theory of politics. Cambridge Univ. Pr. ISBN 978-0-521-04071-6.
  7. Blodgett, Ralph H. (1944-11). «AYRES, C. E. The Theory of Economic Progress. Pp. ix, 317. Chapel Hill: University of North Carolina Press, 1944. $3.00». The ANNALS of the American Academy of Political and Social Science 236 (1): 206-207. ISSN 0002-7162. doi:10.1177/000271624423600164. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  8. RePEc, IDEAS (12 de septiembre de 2023). «Top 10% Authors (Last 10 Years Publications), as of August 2023 | Economist Rankings». doi.org. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  9. Kunz, William Michael (2007). Culture conglomerates: consolidation in the motion picture and television industries. Critical media studies. Rowman & Littlefield Publishers. ISBN 978-0-7425-4066-8.
  10. «Global politics | WorldCat.org». search.worldcat.org. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  11. Smith, Merritt Roe; Marx, Leo (1994). Does technology drive history? the dilemma of technological determinism. MIT Press. ISBN 978-0-262-19347-4.
  12. a b Croteau, David; Hoynes, William (1993-03). «The male presence». Peace Review 5 (1): 93-98. ISSN 1040-2659. doi:10.1080/10402659308425698. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  13. a b Aybar, Andrés (29 de diciembre de 2017). «The Handbook of Science and Technology Studies». Revista de Sociología (25): 295-296. ISSN 1609-7580. doi:10.15381/rsoc.v0i25.19057. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  14. Flichy, Patrice (27 de noviembre de 2007). Technological Determinism – Social Determinism. Edward Elgar Publishing. ISBN 978-1-84720-862-0. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  15. Dusek, Val (10 de abril de 2009). «Introduction: Philosophy and Technology». A Companion to the Philosophy of Technology: 129-140. doi:10.1002/9781444310795.ch22. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  16. a b Kaiserfeld, Thomas (2015). Technological Determinism. Palgrave Macmillan UK. pp. 93-101. ISBN 978-1-349-55437-9. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  17. a b Wengenroth, Ulrich; Smith, Merritt Roe; Marx, Leo (1998-10). «Does Technology Drive History? The Dilemma of Technological Determinism». Technology and Culture 39 (4): 755. doi:10.2307/1215849. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  18. Boerner, Lars; Rubin, Jared; Severgnini, Battista (2021-09). «A time to print, a time to reform». European Economic Review (en inglés) 138: 103826. doi:10.1016/j.euroecorev.2021.103826. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  19. Dafoe, Allan (2015-11). «On Technological Determinism: A Typology, Scope Conditions, and a Mechanism». Science, Technology, & Human Values (en inglés) 40 (6): 1047-1076. ISSN 0162-2439. doi:10.1177/0162243915579283. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  20. Merutiu, Monica D. (2021). «Snyder, Timothy. The Road to Unfreedom: Russia, Europe, America». Journal of Interdisciplinary Studies 33 (1): 194-196. ISSN 0890-0132. doi:10.5840/jis2021331/221. Consultado el 22 de mayo de 2025
  21. Schroeder, Ralph (2007). Rethinking science, technology, and social change. Stanford University Press. ISBN 978-0-8047-5588-7. OCLC 123485158. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  22. Green, Lelia (2002). Technoculture: from alphabet to cybersex. Allen & Unwin. ISBN 978-1-86508-048-2.
  23. a b «Technological Determinism». Encyclopedia of New Media (SAGE Publications, Inc.). 2003. ISBN 978-0-7619-2382-4. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  24. Williams, Raymond; Williams, Ederyn (2003). Television: technology and cultural form. Routledge classics. Routledge. ISBN 978-0-415-31456-5. OCLC ocm52485417. Consultado el 22 de mayo de 2025.
  25. Vázquez-Herrero, Jorge (3 de octubre de 2024). «Immersive Stories: From Technological Determinism Towards Narrative Determinism». Media and Communication 12. ISSN 2183-2439. doi:10.17645/mac.8415. Consultado el 22 de mayo de 2025.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]