Diario Olé

Wikipedia, Entziklopedia askea
Diario Olé
MotaEgunkaria
Fitxa teknikoa
HizkuntzaGaztelera
Argitaratze lekuaArgentina
ArgitaletxeaEditorial Argentino
Gai nagusiaKirola (batez ere, futbola)
Banaketa
Banatze-eremuaArgentina
MaiztasunaEgunerokoa
Historia
IdeologiaNazionalista
SortzaileaErnestina Herrera
ZuzendariaMariano Dayan
Editore-buruaSergio Stuart
KomikigileakAntonio Serpa

https://www.ole.com.ar/
Twitter: DiarioOle Edit the value on Wikidata

Diario Olé Argentinako kirol-egunkari erreferentziazkoa da, 1996. urtean sortu zena eta Buenos Aires hiriburuan bere egoitza duena. Webgune digitalean eta egunkari fisikoan eskaintzen ditu bere edukiak, eta sare sozialen bidez hedatzen ditu. Estilo arina eta informatiboa konbinatzen ditu.

Edukiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diario Olé-k bere webgune digitalean eta egunkari fisikoan ematen ditu bere edukiak, baita Youtube-ko kate baten bidez eta sare sozialetan ere. Webgune digitalean, beste medio askok bezala, aktualitatezko gaiak sartzen joaten dira Internetek ahalbidetzen duen gaurkotasuna baliatuz. Batez ere, bere webgunearen leku handiena argentinar futbolari ematen dio. Bestela, europar futbolean edo Hego Amerikako futbolean gertatutako albiste nagusiak ikus daitezke. Garrantzi gutxiagorekin, beste kiroletako informazioa ere eskaintzen dute. Beraz, sail ezberdinak aurki daitezke: Maradona, Messi, Qatar 2022, Tenis, Esports etab. Nabarmentzen da ere “Agencia Deportiva” saila, non irakurleek bilatu dezaketen kirol bakoitzeko zein ekitaldi dauden egun horretan.

Egunkari fisikoak sail ezberdinak ditu ere. Portada eta gero dauden bi orrialdeetan astebukaeran gertatutako zerbaiten bitxikieriak eta zutabe editorial bat agertzen dira, non astebukaeran gertatutako era zorrotz eta analitiko batean azaltzen den. Ondoren, egunkariaren sail nagusia dator, futbola hartzen duena. Bertan, aurreko egunean jokatutako partiden emaitza eta analisiak ikusi daitezke, beste analisi bat talde bakoitzaren zale den kazetari batek egina “El Frente” izenarekin. Baita ere analisi estatistikoren bat, jokalari bakoitzaren kalifikazioarekin. “El Medallero” sekzioan Maradona saria ematen da, jokalari onenari ematen zaiona, Chenemigo saria jokalari okerrenari, Ghandi saria elkartasun-keinu bat egin duen jokalari, entrenatzaile edo beste kirolaren inguruko pertsonai bati, Terminator saria agresibitate edo biolentziazko keinu bati eta Tiki-tiki saria jokaldi polit bat egin duen talde edo jokalari bati. Gero, azken orrialdean programazio telebisiboaren laburpen bat ikus daiteke eta, kontraportadan, egunkariaren portadaren parodia bat irudikatzen duena eta kirolari baten bizitza pribatuaz barre egiten duena kirolari horren identitatea agerian jarri gabe.

Youtubeko katean, ´short´ bideoak publikatzen dituzte batez ere. Hauek minutu bat baino gutxiagoko bideoak izaten dira eta biralak bihurtu direnak edo jendearentzat garrantzia izan dezaketenak. Adibidez, talde baten zaletuek egindako protesta, futbol talde bat nola iristen den zelaira edo partidu batean izandako gol-ospakizun bitxiren bat. Baita ere garrantzi handiko partidetako entrentzaileen adierazpenak txertatzen dituzte batzuetan.

Polemikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar hainbat hanka-sartze izan ditu. Bere lehen urtean, Argentinako futbol selekzioa Atlantako Joko Olinpiarretako finalean sartu zenean, “que vengan los macacos” jarri zuten beren portada, Brasilek Nigeriaren aurka jokatu behar zuen finalaurrekoei erreferentzia eginez. Jasotako kritika guztien ondorioz, barkamena eskatu behar izan zuten eta ondoriorik gabe atera ziren[1][2]. 2009. urtean, River Plate futbol taldeak Lanusen aurka jokatu zuen partida batean, artikulu bat egin zuten El Monumental futbol zelaian ikusi zen bandera baten inguruan[3]. Baina, hurrengo egunetan, jakin zen bandera hori ez zela inoiz hor egon eta erabiltzaile baten fotomuntaketa bat izan zela[4]. Herrialde osoko beste medioak gertakizun honen berria eman zuten eta oso polemikoa izan zen[5].

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nabarmena da oso egunkari nazionala dela, argentinazalea, eta pasio handiarekin jarraitzen duela Argentinarekin zerikusia duen edozein kirol-ekitaldi. Beraz, ideologia nazionalista dutela esan daiteke.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diario Olé, Grupo Clarin talde mediatikoaren parte da. Grupo Clarin talde mediatikoak hainbat komunikabide masibo ditu bere baitan. Pribatua da eta sozietate anonimo bat da. Presidentea Jorge Rendo da eta Ernestina Herrera izan zen fundatzailea. 12.000 milioi euroko kapital soziala zuten 2010. urtean. Fundatzailearen hainbat familiar taldearen %70aren jabe dira, Argentinako estatua %9aren parte eta Booth American Company Investment estatubatuarra beste %8,75 baten jabe. Beste %20 inguru kapital mugikorra da.

Diario Olé-ren kasuan, Mariano Dayan da egunkariaren zuzendaria. Arte Grafico Editorial Argentinok editatzen du.

Negozio Eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetan, Diario Olé-k, munduak jasandako digitalizazioarekin, garrantzia handiagoa eman dio webgune digitalari bere diru-sarreren zati handiena hartzen duelako. Hori dela eta, egunkari fisikoen gainbeherak ez zion horrenbesteko eragin negatiboa ekarri. Gainera, 2020. urtean harpidetza-sistema bat aurrera eraman zuten. Lehen lau hilabeteetan 3.000 harpidetun zituzten. Orain (2022), 6 hilabetez 70 peso argentinar balio du hilero eta ondoren 279 peso argentinar hilabetero. Baita ere, urte osoa ordainketa batean egin daiteke. Kasu honetan, 1.290 peso argentinar balioko luke. Baita ere, aukera dago Diario Olé eta Clarin taldeko beste medioetako harpidetza lortzeko.

Hala ere, egunkari fisikoa saltzen jarraitzen da. Astelehenetik larunbatera 85 peso argentinar eta 70 zentimo balio ditu. Igandeetan, berriz, 90 peso argentinar eta 74 zentimo.

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diario Olé-k miloi eta erdi irakurle ditu, gutxi gora-behera, egunero bere webgunean. Hegoamerikako zifra handiena da eta, Europan, L´Equipe, The Athletic eta La Gazetta Dello Sport hedabideek bakarrik dituzte gehiago kirol-egunkariei dagokienez.

Twitterren, 3,3 milioi jarraitzaile dituzte (2022), eta ez dituzte beste medio batzuek bezala beste kontu ezberdin batzuk, adibidez, kirol bakoitzeko. Instagramen, berriz, 2 milioi jarraitzaile dituzte eta Youtuben 61.000 harpidetun. Twitchen oso denbora gutxi daramatzatenez, ez dira bederatzi mila jarraitzaileetara iristen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Página/12 :: Deportes :: Con B de bidón o de Bilardo» www.pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-07-14).
  2. «¿Racistas nosotros?» web.archive.org 2015-09-24 (Noiz kontsultatua: 2022-07-14).
  3. ««2009ko maiatzaren 12ko Diario Oléren azala»» web.archive.org 2011-07-01 (Noiz kontsultatua: 2022-07-14).
  4. «Mi foto photoshopeada en Olé..Increible! - tuRiver - El Sitio mas Gallina - River Plate» web.archive.org 2009-07-02 (Noiz kontsultatua: 2022-07-14).
  5. «El peor Olé de la historia» web.archive.org 2015-08-31 (Noiz kontsultatua: 2022-07-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]