Diego Velázquez

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Diego Velazquez» orritik birbideratua)

Diego Velázquez

Great Lodging Master of the Palace (en) Itzuli

1652ko otsailaren 16a -
ganberako margolari

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDiego Rodríguez de Silva y Velázquez
JaiotzaSevilla1599ko ekainaren 6a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril1660ko abuztuaren 6a (61 urte)
Hobiratze lekuaMadril
Familia
AitaJoão Rodrigues da Silva
AmaJerónima Velázquez
Ezkontidea(k)Juana Pacheco (en) Itzuli  (1618ko apirilaren 23a -  1660ko abuztuaren 6a)
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Francisco Pacheco
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta artista
Lantokia(k)Sevilla
Madril
Venezia
Erroma
Napoli
Erroma eta Italia
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
MugimenduaBarrokoa
Genero artistikoaerretratua
margolaritza mitologikoa
margolaritza historikoa
margolaritza erlijiosoa
erretratua
architectural painting (en) Itzuli
genero-artea
paisaia margolaritza
biluzia
figure (en) Itzuli
animal art (en) Itzuli
arte sakroa
izadi hila

Musicbrainz: d3f05bb2-a3f6-47e2-88a4-2e0e0f29f330 Discogs: 2239113 Find a Grave: 6986303 Edit the value on Wikidata

Diego Rodríguez da Silva y Velázquez (Sevilla, 1599ko ekainaren 6a - Sevilla, 1660ko abuztuaren 6a) espainiar margolari barrokoa izan zen. XVII. mendeko espainiar margolari handiena izateaz gainera, munduko artista hoberenetakotzat hartua da. Gutxitan izenpetzen zituen lanak eta, hori dela eta, koadroen kronologia sarritan estiloan oinarrituta egin da. Haren erretratuen kopia asko egin bazituzten ere, Velázquezek berak ez zituen obra asko egin; hala, 150 baino gutxiago ezagutzen dira gaur egun.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Velázquezen sortetxea Sevillan.

Diego Velázquez 1599ko ekainaren 6ean jaio zen, Sevillan, eta San Pedro elizan izan zen bataiatua (gertaera gogorarazten duen plaka bat dago gaur egun bertan). Ama sevillarra eta, agian, kapare odolduna zuen; aita, berriz, portugaldar jatorrikoa. 1609an, hamar urte eskas zituelarik, pinturarako dohain berezia zuela ikusirik, gurasoek Francisco Herrera Zaharra margolariarengana bidali zuten, pintura ikasketak harekin egin zitzan[1]. 1610ean Francisco Pachecoren lantegian hasi zen lanean. Pacheco, pintore manierista izateaz gainera, irakasle, humanista eta artearen teorilari bikaina (El arte de la pintura idatzi zuen) zen, eta haren inguruan biltzen ziren Sevillako poetak eta pintoreak.

Diego Velazquez berehala nabarmendu zen Pachecoren ikasleen artean. 1617an, Sevillako Margolarien Elkartearen azterketa gainditurik, margolari aske gisa hasi zen lanean. Pacheco maisuaren eragina ez zen arlo piktorikora mugatu; garai hartako beste jakintsu batzuek bezala, literatura klasikoan aditua zen, eta zerikusi handia izan zuen Velázquezen prestakuntza kultural eta literarioan[2]. 1618an, Francisco Pachecoren alaba Juanarekin ezkondu zen. Bi alaba izan zituzten: Francisca, 1619an, eta Ignacia, 1621ean.

Sevillako urketaria, 1620 aldean, Apsley House, Londres

Lehen garai hartan Velazquezek eguneroko bizitzako gertaerak irudikatu zituen, izadi hilak batez ere, gauzaki soilenak aztertzeko aukera ematen baitzion. Materiaren tasuna adieraztea zen haren helburua, buztinaren distiraren, beiraren gardentasunaren eta metalaren islaren bitartez. Batez ere, itzalen eta argiaren arteko kontrastea nabarmendu zuen, gauzen tankera harrigarriro adieraziz, irudikatze hutsa baino harago. Gizakiak adierazgarritasun handiz irudikatu zituen, eta bolumenak iradokitzeko eran egurrezko eskultura polikromoko Sevillako eskola handiaren eragina izan zuen -Herrerarena bereziki-, eta baita Caravaggioren tenebrismoarena eta naturalismoarena ere, indar handia izan baitzuen garai hartan Sevillako pintore gazteen artean: Atsoa arrautzak frijitzen (1618, Eskoziako Galeria Nazionala, Edinburgh)[3], Sevillako urketaria (1620 aldean, Apsley House, Londres), Jeronima de la Fuente ama agurgarria (1620, Prado Museoa, Madril)[4], Hiru gizon mahaian (1618 aldean, Hermitage museoa, San Petersburgo).

Erlijiozko pinturak garrantzi handia zuen garai hartako pinturan, baina, gauza bitxia, Velazquezen koadro batzuetan erlijioa zeharka baizik ez da agertzen, eguneroko gertakari soil batean: Emauseko afaria (1618-1622, Irlandako Galeria Nazionala, Dublin), Kristo Marta eta Mariaren etxean (1618-1620, National Gallery, Londres)[5]. Garai hartakoak ditu baita ere: Magoen adorazioa (1619, Prado Museoa, Madril), San Joan Patmosen (1618-1622, National Gallery, Londres)[6] eta Ama Sortzez Garbia (1618-1622, National Gallery, Londres)[7]. 1620an Diego de Melgar gaztea ikasle gisa hartu zuen; horrek, lehen obrekin dezenteko ospea lortu zuela erakusten du[8].

Madrilen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis de Gongoraren erretratua, 1622, Bostongo Arte Ederren Museoa

1621ean Filipe III.a, Espainiako erregea, hil zen. Haren ondorengo Filipe IV.ak, aitonen seme gaztelarren ordez, gerora Olivares konde-dukea izango zen Gaspar de Guzmánen esku utzi zuen gobernua. Andaluziako semea zenez gero, gortea gehienbat bere herritarrez, hau da, andaluziarrez, osaturik egon behar zela erabaki zuen. Hau ikusirik, 1622an Diego Madrila joan zen, gorteko margolari postua lortuko zuelakoan; baina lehen saiakera horretan esku hutsik itzuli behar izan zuen. Bidaia horretan Luis de Góngoraren erretratua egin zuen: Don Luis de Góngora y Argote (1622, Bostongo Arte Ederren Museoa)[9].

Erregeren margolari postua nahi zuen Pacheco maisuak Velázquezentzat, horrek artistari eta haren gaitasun artistikoari heldutasuna ekarriko ziela baitzekien. 1623an, Juan Fonseca, Filipe IV.aren gorteko andaluziarretako baten laguntzaz, erregea zaldiz erretratatzeko eskaera egin zioten, eta arrakasta handia izan zuen San Felipe el Real elizan koadro hura jendaurrean erakutsi zutenean.

Bakoren garaipena, 1628-1629, Prado Museoa, Madril

1623ko urrian gortean hartu zuen egoitza (Concepcion Jeronima kalean, zehazki), erregeren margolari izendatu baitzuten -erregearen erretratugile ofiziala, beraz-. Emaztea eta alaba Francisca (Ignacia aurreko urtean hila baitzen[10]) hiriburura eraman zituen, egokitzen aste batzuk igaro ondoren. Era askotara egin zuen Filipe IV.aren erretratua -zaldiz, zutik, gorputz erdiz, gerra jantzian, gorteko jantzian- eta baita haren familiarena ere; erretratu horien bitartez aise ikusten da erregearen beraren eta haren familiaren bilakaera. Geroztik, hornidura eta administrazioko hainbat kargu eman zizkioten, erregearen jauregiak margolanez hornitzea, besteak beste, eta zeregin horietan gogotik jardun behar izan bazuen ere, haiei esker orobat izan zuen margolaritzan bere gogara aritzeko astia eta askatasuna.

Lanbide hark erregearen margolan-bilduma, Europako hoberena, ezagutzeko aukera eman zion; hala, Tizianoren obra aztertu ahal izan zuen, eta haren eraginpean Sevillako obretako tenebrismoa baztertzen hasi zen. Bestalde, 1628an Rubens bera ezagutzeko aukera izan zuen Madrilen, eta El Escorialeko monasterioa elkarrekin bisitatu zuten. Hala, Bakoren garaipena (1628-1629, Prado, Madril) koadroak Tizianoren eta Rubensen eragina du, baina, hala ere, Espainiako margolarien jarrera errealista alde batera utzi gabe.

Italiako lehen bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rubensek Italia bisitatzeko aholkua eman zion, bertan Pizkundeko estilo piktorikoan sakontzeko eta bere karrerari bira osoa eman ahal izateko. 1629an erregeak bertara joateko baimena eman eta bi urteko lansaria aurreratu zion; beraz, urte horretako abuztuaren 10ean, Bartzelonako portutik Genovarantz abiatu zen[11]. Bidaia horrek Velazquezen bizitza markatu zuen, beren prestakuntza Italian osatzea XVII. mendeko margolari guztien ametsa baitzen.

Villa Mediciko lorategia: Ariadnaren pabiloia, 1630 aldean, Prado Museoa, Madril

1629ko abuztuaren 23an Genovara iritsi zen. Lehenik Venezian egon zen, eta Tiziano, Veronese eta Tintorettoren obra ezagutu zuen[11]. Ferrara eta Bolonia ezagutu ostean, urtebetez Erroman bizi izan zen. Vatikanoko jauregian hartu zuen ostatu, Francesco Barberini kardinalaren babespean, eta pinturaren maisulan handiak ezagutu ahal izan zituen. Erroman Joseren tunika (1630, El Escorialgo monasterioa)[12] eta Vulkanoren sutegia (1630, Prado, Madril)[13] egin zituen, besteak beste. Hasierako errealismotik urrun daude bi obra horiek. Izan ere, Italiako egonaldian espazioa, perspektiba, argia eta kolorearen erabileran sakondu zuen. Besteak beste, anatomia ezagupenak hobetu eta testatu ahal izan zituela nabari da.

1630eko udan, Erromako muinoetako batean zegoen eta ikuspegi ezin hobeak zituen Villa Medicira aldatu zen[9]. Ordukoak ditu Villa Mediciko lorategiko bi ikuspegiak, Haitzuloko sarrera (1630 aldean, Prado, Madril) eta Ariadnaren pabiloia (1630 aldean, Prado, Madril), nahiz aditu batzuek Velazquezek Italian egin zuen bigarren egonaldikoak direla esaten duten. Velázquezek egindako paisaia hutsen adibide bakarrak dira, askatasun handiz eginak, dirudienez kanpoan margotuak, eta pintore modernoengan, Camille Corot frantsesarengan esate baterako, eragin handia izan zutenak. Adituen batzuen ustez, Inpresionismoko pinturaren aurrekariak dira[14].

Villa Medicin bi hilabete inguru eman zituen. Gero, gaixoaldi baten ostean, Erromatik Napolira joan zen[15]; han José de Ribera espainiar pintore ospetsua ezagutu zuen, eta Filipe IV.aren arreba eta Hungariako erregina zen Maria Austriakoaren erretratua (1630, Prado, Madril)[16] egin zuen. Erretratu honekin 1623an hasitako garai artistikoa amaitu zuen. Aldi hura dotoretasunak eta bakuntasunak markatu zuten. 1631n Madrila itzuli zen.

Betetasun aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrila itzulirik, 1629an jaiotako Baltasar Karlos printzea margotzeko eskatu zioten. Baltasar Karlos printzea nano batekin (1631, Bostongo Arte Ederren Museoa) margolanean aurreko etapa bukatua zela, eta tenebrismoa alde batera utzia zuela, erakutsi zuen. Estilo berrian giroa argitsuagoa da, eta koloreak biziberritu, berpiztu eta indartsu azaleratzen dira.

Handik aurrera, pinturaren hainbat alderdi landu zuen, kolore grisak, arreak eta berdeak oso modu harmoniko eta bere-berean konbinaturik: erlijioa -Kristo gurutziltzatua (1632 aldean, Prado, Madril)[17], Ama Birjinaren koroatzea (1635-1636, Prado, Madril)[18]-, mitologia -Marte (1638 aldean, Prado, Madril)[19]- ; erregearen eta haren familiaren erretratu sail bat egin zuen Buen Retiro jauregirako: Filipe III.a (1635 aldean, Prado, Madril)[20], Filipe IV.a (1635 aldean, Prado, Madril)[21] eta Baltasar Karlos, printze oinordekoa (1635 aldean, Prado, Madril)[22] zaldiz erretratatuak, Rubensen eragina zuen estiloan pintatuak, Guadarrama mendiak atzean zituztela, paisajea eta erretratua bikain konbinatuz.

Bredako errendizioa, 1635 aldean, Prado Museoa, Madril

Bredako errendizioa (1635 aldean, Prado, Madril)[23] da bere koadro nagusietako bat; espainiarrek holandarrak Breda hirian garaitu izana dakar gogora, eta maisulan bat da, ez bakarrik Velazquezen lanean, baizik eta garai hartako margolaritza osoan, bai antolamenduari, eta bai erretratuak eta paisajea elkartzeari dagokionez, garaileak etsai garaitu adoretsuari eginiko omenaldi gisa.

Erregearen eta bere familiaren erretratuez gainera, Velazquezek erretratu ofizialak -Olivares konde-dukea (1636 aldean, Prado, Madril)[24], Benaventeko kondea (1648 aldean, Prado, Madril)[25]-, bere inguruko jendearen erretratuak -haren emazte Juana Pacheco (1632 aldean, Prado, Madril)[26], Juan Martínez Montañés eskultorea (1635 aldean, Prado, Madril)[27] , Andrea haizemailearekin (1639, Wallace bilduma, Londres)[28]-, animaliak -Zaldi zuria (1635-1640, bilduma pribatua)[29], Orein burua (1626-1636, Prado, Madril)[30] - eta baita bufoi eta pertsonaia bitxien erretratuak ere -Don Juan de Austria bufoia (1632 aldean, Prado, Madril)[31] , Pablo de Valladolid (1635 aldean, Prado, Madril)[32], Sebastián de Morra bufoia (1643-1649, Prado, Madril)[33], Francisco Lezcano (1635-1645, Prado, Madril)[34]- egin zituen.

Aldi hartan Velazquezezen lana inoiz baino oparoagoa izan zen eta, garai hartako margolari askok ohi zuenez, lankide talderik edo lantegi antolaturik ez bazuen ere, izan zuen laguntzaile bikain bat, Juan Bautista Martínez del Mazo, 1633an haren alaba Franciscarekin ezkondu zena. Alabaren etorkizuna ziurtatzeko asmoz, ganberako giltzari lanpostua utzi zion suhiari. 1643an Velazquez ganbarako laguntzaile izendatua izan zen[11]. Beste alde batetik, urte haietan gortean eta erregeren inguruan ezbehar ugari gertatu ziren: haren babesle izandako Olivares konde-dukearen kargugabetzea eta erbestea 1643an, Elisabet erreginaren eta Francisco Pachecoren heriotzak 1644an eta, 17 urte besterik ez zuela, Baltasar Carlos printzearen heriotza 1646an.

Italiako bigarren bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ispiluko Venus, 1648-1650, National Gallery, Londres

1649an beste bidaia bat egin zuen Italiara. 1649ko urtarrilaren 21ean Genovara iritsi zen, Malagatik abiatuta. Erregearentzat artelanak erosteko aginduaz joan zen (Veronese eta Tintorettoren obrak erosi zituen Venezian), baina aldi berean ikasten eta lanean jarraitu zuen. Lehenengo bidaian gertatu zen bezalaxe, Genovan lehorreratu zenetik bere estilo piktorikoa guztiz aldatu zen: argitasuna itzuli egin zen, berriro ere, horrela perspektiba gehitu eta airetiko ikuspegia lortu arte. Estiloan izandako aldaketa horiek bere heriotzeraino iraun zuten.

Erroman egin zuen bere erretratu garrantzitsuenetako bat: Inozentzio X.a aita santuarena (1650, Palazzo Doria-Pamphili, Erroma)[35]. Velázquezen obraren azken aldiaren agerkari da erretratu hau, inpresionismoaren aitzindarietako bat izan zena. Horixe izan da urteetan, Espainiaz kanpora, haren obra ezagunena; sarritan kopiatu zuten, eta berehalako ospea lortu zuen Italian.

Aditu askoren ustez, Italian egina da, halaber, Ispiluko Venus (1648-1650, National Gallery, Londres)[36], XIX. mende aurreko espainiar pinturako emakume biluzi bakarretako bat. Italiar tradizioei jarraituz egin zuen, baina Velázquezek ez zuen, haiek bezala, bere eredua ez idealizatu, ez ezkutatu. Autore batzuek haren amorantea zela defendatzen dute, eduki zuen sasikumearen ama, alegia. Maisutasunez erretratatu zuen emakume hori, haren izaera ezkutatuz eta bere estiloan hain ohikoa zen elementu bat erabiliz: ispilua.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1651. urtean Madrilera itzuli zen eta gortean jarraitu zuen lanean. Azken aldiko lanak ez ziren oso ugariak izan, baina bai gaietan eta bai estiloan berrizaleak izan ziren; erregea berriz ezkondu baitzen, geroztikako erretratu gehienetan Mariana Austriakoa, haren emazte gaztea, eta haren umeak agertzen ziren. Velazquezek izaki ahulak eta hits samarrak bailiran erretratatu zituen pertsona haiek, beren jantzi dotoreen barruan ezin mugiturik bezala, pertsonen, jantzien eta inguruko altzarien eta apaingarrien koloreen artean harmonia jakin bat antolaturik: jantzien arrosa hitsak eta gris urre kolorezkoak errezelen gorriminarekin lotu zituen, eta kontsolen eta ispiluen urre kolore motelduekin orobat. Hala, mundu itxi bat irudikatu zuen, iradokia adierazia bainoago, pertsonak, gauzakiak eta haien islak bat eginik agertzen zituena; sail horretakoak ditu, besteak beste: Mariana Austriakoa erregina (1652-1653, Prado, Madril)[37], Margarita infanta (1653-1656, Kunsthistorisches Museum, Viena), Felipe Próspero printzea (1659 aldean, Kunsthistorisches Museum, Viena)[38]...

Meninak, 1656, Prado Museoa, Madril

Velazquezen lan eta ibilbide osoa bere baitan biltzen duten bi koadro daude: Meninak (1656, Prado, Madril)[39] eta Iruleak (1655-1660, Prado, Madril)[40]. Meninak koadroak erregearen familiaren eguneroko bizitza irudikatzen du talde erretratu baten bidez: infanta edo errege-erreginaren alaba txikia erdian, eta haren inguruan ohorezko damak, ipotxak, Velazquez bera koadroa pintatzen eta, atzean, ispiluan islaturik, errege-erreginak. Koadro horrek berrikuntza handia ekarri zuen pinturara, familia baten erretratu soil bat baino askoz gehiago baitzen: espazioa irudikatzeko bilaketa harrigarri bat. Koadro horren antolamenduak gela horren barruan dagoelako irudipena sortzen dio ikusleari, koadroko pertsonaiak ikuslearen atzean dagoen norbaiti begira baitaude, atzealdeko ispiluan ageri diren errege-erreginei, alegia, eta haiexek ikusten ari diren gauza bera ikusten baitu ikusleak ere. Argi zuzena eta argi islatua ezin konta ahalako ñabardurez dago pintatua, eta argiaren mugimendua eta argiak formetan eta koloreetan sortzen dituen efektu askotarikoak gailentzen zaizkie erretratuei berei. Iruleak koadroan Atena jainkosarengandik ihesi zebilen Arakne irule trebearen mitoa tapiz-ola batera aldatu zuen Velazquezek, eta aurrealdean lantegi horretako iruleak irudikatu zituen, errealitatea eta irudimena, iragan mitikoa eta orainaldia nahasturik.

1659an hainbeste desiratzen zuen Santiagoko Ordena jaso zuen eta, hurrengo urteko abuztuaren 6ean, Madrilen hil zen, erregearekin Faisaien uharteko konferentzian izan ondoren. Biharamunean, San Juan Bautistako elizan lurperatu zuten, Santiagoko Ordenaren ohore guztiekin. Bere emaztea zazpi egun geroago hil zen.

Velazquezen eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarraitzaile gutxi utzi zituen, eta ez zuen ospe handirik izan XIX. mende hasiera arte. Hala ere, eragin handia izan zuen geroztikako pintore eta joera askorengan. Hasteko, haren ondoren indarra hartu zuen Madrilgo eskolako pintoreengan (Juan Carreño de Miranda, Claudio Coello), baita Goyarengan ere, eta liluraturik utzi zituen Manet, Monet, Whistler eta beste pintore inpresionista batzuk, aitzindaritzat hartu ere baitzuten.

Velazquezen koadro gehienak Madrilgo Prado Museoan daude -50 bat koadro, horien artean haren maisulan guztiak-; orobat daude haren koadroak Londresko National Gallery museoan eta Vienako Kunsthistorisches Museum-en.

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Diego Rodríguez de Silva. in: Instituto Andaluz del Patrimonio Histórico. iaph.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-01).
  2. Rubio Peñas, María Guadalupe. Los bodegones velazqueños. in: Revista de Claseshistoria, 11 (azaroa), 2011, 11. orrialdea. dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-01).
  3. Vieja friendo huevos. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-01).
  4. La venerable madre Jerónima de la Fuente. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-01).
  5. Cristo en casa de Marta y María. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-02).
  6. San Juan en Patmos. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-02).
  7. Inmaculada Concepción. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-02).
  8. Carta de aprendizaje de Diego Melgar con Velázquez. in: Instituto Andaluz del Patrimonio Histórico. iaph.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-01).
  9. a b Diego Rodríguez da Silva y Velázquez. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-07).
  10. Ignacia de Silva Velasquez y Pacheco. geni.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-08).
  11. a b c Ceán Bermúdez, Juan Agustín. Diccionario histórico de los más ilustres profesores de las Bellas Artes en España. in: Ediciones Itsmo, 2001. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-11).
  12. La túnica de José. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  13. La fragua de Vulcano. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  14. Vista del jardín de la Villa Médicis, en Roma (La entrada de la gruta). museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  15. Diego de Silva Velázquez. in: Cultura en Andalucía. culturandalucia.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  16. Doña María de Austria, reina de Hungría. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  17. Cristo crucificado. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  18. La Coronación de la Virgen. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  19. Marte. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  20. Felipe III, a caballo. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  21. Felipe IV, a caballo. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  22. El príncipe Baltasar Carlos, a caballo. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  23. Las lanzas o La rendición de Breda. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  24. Gaspar de Guzmán, conde-duque de Olivares, a caballo. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  25. Juan Francisco de Pimentel, conde de Benavente. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  26. Una sibila (¿Juana Pacheco?). museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-13).
  27. Juan Martínez Montañés. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-13).
  28. La dama del abanico. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  29. Caballo blanco. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  30. Cabeza de venado. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-13).
  31. El bufón llamado don Juan de Austria. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-13).
  32. Pablo de Valladolid. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-13).
  33. El bufón don Sebastián de Morra. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-13).
  34. El Niño de Vallecas. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-13).
  35. Inocencio X. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  36. La Venus del Espejo. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-12).
  37. La reina doña Mariana de Austria. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-14).
  38. El Príncipe Felipe Próspero. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-14).
  39. Las Meninas. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-14).
  40. Las hilanderas, o la fábula de Aracne. museodelprado.es (Noiz kontsultatua: 2015-11-14).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Diego Velázquez Aldatu lotura Wikidatan