Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación
Diretório Revolucionário Ibérico de Liberação
Siglak DRIL
Iraupena 1959-1964
Kide ezagunak
Ideologia Kubako Iraultzaren gertukoa[1]
Helburua Espainiako eta Portugalgo diktadurak deuseztatzea
Ekintza eremua  Euskal Herria
 Espainia
 Portugal

Diretório Revolucionário Ibérico de Liberação edo Directorio Revolucionario Ibérico de Liberación, DRIL (euskaraz: «Askapenerako Iberiar Direktorio Iraultzailea») 1959an erbestean bizi ziren portugaldar militar batzuek sortutako talde armatu bat izan zen, Portugalgo eta Espainiako diktadurak amaiarazteko helburua zuena.[2][3] DRILen baziren espainiarrak ere, galiziarrak gehienak.

DRILek bi idazkari nagusi zituen, Humberto Delgado eta Xosé Velo Mosquera (Xunqueira de Ambía). Taldeko kideen artean, aipatzekoak dira Henrique Galvão eta José Fernández Vázquez (Jorge de Soutomaior); azken hori, PCEko kide ohia eta Espainiako Gerra Zibilean Errepublikako Itsas Armadako komandantea izana.

DRILen komunistek, anarkistek eta gebaristek parte hartzen zuten, borroka armatuaren bidez Salazarren eta Francoren diktadurak bukaraztea xede zutenak.[3][4] Iñaki Egaña historialariak adierazi duenez, DRILen hainbat ekintza Espainiako Gobernutik aginduta egin ziren, Espainiako Polizia infiltratua baitzegoen erakunde horretan.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DRILek lehenengo ekintza armatuak 1960ko otsailean burutu zituen Madrilen (Espainia) hiriaren udal egoitzaren eta Mugimendu Nazionaleko lokalen aurka. Ekintza honetan DRILeko kide José Ramón Pérez Jurado hil zen eta Antonio Abad Donoso kidea atxilotu zuten. Gazte hau urte bereko martxoaren 8an exekutatu zuen erregimen frankistak.[3] 1960ko ekainean, DRILek Bartzelonan eta Madrilgo aireportuan eta, Euskal Herrian, Bilboko Atxuriko eta Donostiako Amarako tren geltokietan lehergailuak zartarazi zituen (azken ekintza hori ETAri egotzi izan zaion arren[4]).

DRILen bonba bidezko ekintzek modus operandi bera jarraitzen zuten, hots, leku publikoetan ipinitako lehergaiz beteriko maleten bidez.[3]

Santa María ontziaren bahiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DRILen ekintza ezagunena Santa María portugaldar itsasontziaren bahiketa izan zen. Ontzi honek Caracas-Lisboa-Vigo bidea egiten zuen eta DRILek 1961eko urtarrilaren 22 eta otsailaren 4aren artean bahitu egin zuen. Ekintzan DRILeko hogeita lau kidek hartu zuten parte, eta ontzian zihoazen 586 itsasgizon zein bidaiari atxeki zituzten. Antza, ekintzaren helburua nazioartean Portugal eta Espainiako egoeraz arreta deitzea izan zen. Horrela, itsasontzia Santa Libertade gisa berrizendatu zuten.

Jánio Quadrosek zuzendutako Brasilgo gobernuarekin hitz egin ondoren, DRILeko kideek armak utzi eta ontzia Recifera eraman zuten errefuxiatu politikoen estatusa lortzearen truke. Ondoren, ontzia jabeei itzuli zieten.

Bahiketaren ostean, DRILek krisia ezagutu zuen, besteak beste erakundearen zuzendaritzan sortutako barne-borroken eraginez. Hala ere, taldeak 1964ra arte ekintzak egiten jarraitu zuen.

1960ko ekaineko leherketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1960ko ekaineko DRILen atentatuak»

Aipatu bezala, 1960ko ekainaren 27an lehergailu batzuk lehertu ziren espainiar estatuko toki batzuetan, tartean Donostiako Amara auzoko tren geltokian. Leherketa horretan, Begoña Urroz 22 hilabeteko Lasarte-Oriako haurrak bizia galdu zuen. Gobernazio Ministerioaren arabera, leherketa hori Espainiar Estatuko beste hiri batzuetan antzeko lekuetan eta modu berean egindako beste eraso batzuekin lotua zegoen.[3]

2000 urtera arte, hortaz, ekintza horren egilea DRIL izan zenik ez zuen inork zalantzan jarri. Urte horretan, baina, Ernest Lluch Espainiko ministro ohiak atentatuaren atzean ETA egon zitekeela esan zuen El Correo egunkariko iritzi artikulu batean.[3][5] Hala ere, besteak beste Xurxo Martínez galiziar idazleak ekintza DRILek egin zuela gogorarazi zuten, eta hori frogatzen zuten dokumentuak bazituela jakinarazi.[2] Iñaki Egaña historialariak ere Amarako atentatuaren egiletzari buruz izandako manipulazioa salatu zuen.[3] Historialari berak, Portugalgo zerbitzu sekretuen artxiboetan eta DRILeko buruzagi izandakoaren dokumentuetan oinarrituz, DRILen Espainiako Polizia frankistako kideak infiltraturik zeudela jakinarazi zuen. Gainera, atentatua gertatu eta gutxira, DRILeko komendoetako kideak Belgikan atxilotu zituztela argitara eman zuen. Atxilotu eta berehala, Polizia frankistaren balizko infiltratuak libre utzi zituzten, Espainiako enbaxadore frankistaren eskariz. Hala ere, Belgikako justiziak DRILeko kideak lehergailuak izateagatik eta Begoña Urrozen hilketan parte hartzeagatik akusatu zituen modu ofizialean.[1] Egilea DRIL izan zela dago jasota, berriz, Espainiako poliziak 1961ean egindako txostenean (2013 arte isilpean gordea).[6]

Hala ere, Begoña Urroz haurraren hilketa ETAri egotzi zitzaion Espainiako Diputatuen Kongresuan ekainaren 27a -atentatuaren eguna, hain zuzen- "Terrorismoaren biktimen eguna" izendatzeko ekitaldian.[4]

Eragina zineman eta literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1978an Jorge de Soutomaiorrek Yo robé el Santa Maria liburua argitaratu zuen. Bertan, DRILeko kide galiziarrek izandako garrantzia azpimarratzen da, eta baita Xosé Velo eta Humberto Delgadoren arteko desberdintasunak ere.
  • 2004an Santa Libertade dokumentala estreinatu zen[7], Margarita Ledo Andiónek idatzia eta zuzendua. Bertan itsasontziaren bahiketa azaltzen da, besteak beste Camilo Mortáguakek (ekintzan parte hartu zeuna), Federico Fernández (Sotomayor komandantearen semea) eta Victor Velok (Xosé Velo ekintzan parte hartu zuenaren semea) parte hartzen dute.
  • 2004an Xavier Montanyàk Santa Maríaren bahiketari buruzko liburua kaleratu zuen katalanez, Pirates de la Llibertat izenekoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Gaztelaniaz) Iñaki Egaña, «Begoña Urroz, la Policía Española estaba infiltrada en los comandos que pusieron las bombas», Gara, 2010eko abenduaren 18a.
  2. a b (Gaztelaniaz) "El propio Soutomaior reconoció su autoría", Deia, 2010eko otsailaren 21a
  3. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Cómo se construye una mentira, Iñaki Egaña, Gara, 2010eko otsailaren 10a
  4. a b c (Gaztelaniaz) Iñaki Iriondo, «PNV y NaBai apoyan la falacia de que ETA mató a la niña Urroz en 1960», Gara, 2010eko martxoaren 12a
  5. (Gaztelaniaz) Ernest Lluch, «Primera víctima de ETA», El Correo, 2000ko irailaren 19a
  6. Ainhoa OIARTZABAL: «Polizia agirien arabera, DRILek hil zuen Begoña Urroz haurra, ez ETAk», Berria, 2013-05-05.
  7. (Gaztelaniaz) Dokumentalari buruzko fitxa

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]