Disneyko animatzaileen greba

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Disneyko animatzaileen greba
Gertakaria
Data 1941eko maiatzaren 28a
Herrialdeak Ameriketako Estatu Batuak
Eragilea Soldata

Disneyko animatzaileen greba 1941ean Walt Disney Studioseko animatzaileek egin zuten greba izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1923an, Hollywooden, Walt Disneyk The Walt Disney Company sortu zuen. Sortzaileak etengabe gogorarazten zuenez, Hollywoodera eskuan kamera zahar bat zuela eta poltsikoan 40 dolar zituela iritsi zen[1].

Eta 1937an, Edurnezuri animaziozko lehen luzemetraiak izugarrizko arrakasta lortu zuenean, “amerikar ametsa” gauzatu zuen, inguruan lantalde idilikoa bilduta. “Osaba Walt” esaten zioten langileek[1].

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1928an konpainiak zazpi langile zituen eta 1937an, aldiz, ia mila. 1938an Screen Cartoonists Guild (SCG) animatzaileen sindikatua sortu zen eta, berehala, Herbert Sorrell ezkerreko sindikalista buru, egitura sendoa osatu zuen arautu gabeko jardunaren gehiegikeriei aurre egiteko. Baina “Osaba Waltek” balio paternalista zaharkituei eutsi zien, eta langileei sindikatzea debekatu[1].

Hala ere, hainbat langile, besteak beste Edurnezuriren amaordea, Goofy eta Gepetto pertsonaiak sortu zituen Art Babbitt marrazkilaria, SCGn sartu ziren. Disneyk bazter-nahasletzat eta boltxebiketzat jo zuen Babbitt eta 1941eko maiatzaren 28an kaleratu zuen, beste 16 langilerekin batera. Biharamunean hasi zen Disneyko marrazkilarien greba[1].

Sindikatuen debekua eta kaleratzeak izan ziren grebaren piztaile, baina atzean askoz gehiago zegoen. Batetik, estudioaren hasierako politikari jarraiki, filmetako kredituetan ez zen animatzaileen izenik agertzen, soilik Walt Disneyrena. Gainera, soldaten banaketa erabat desorekatua zen eta irizpide subjektiboetan oinarrituta zegoen. Edurnezuriren arrakastari esker, langileei egindako ordu estrak ordainduko zizkiela agindu zien. Baina irabaziak estudio berriak eraikitzera bideratu zituen azkenean[1].

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxi gorabehera langileen erdiak bat egin zuten grebarekin, baina enpresaren jarduera erabat gelditzea lortu zuten. Disneyren jarrera oldarkorrak ez zuen egoera hobetzen lagundu. Azkenean, greba piztu eta bost astera, Disneyk gobernu federalaren bitartekaritza onartu zuen eta atzerrira alde egin zuen. Grebaren amaieran, kaleratutako langileak itzultzea, sindikatzeko eskubidea eta soldaten igoera lortu zuten. Baina handik aurrera Disneyk lan-baldintzak nabarmen gogortu zituen eta grebalari gehienek enpresa uztea lortu zuen. Epe luzean, bere burua garailetzat jo zuen, “endredatzaile eta komunista arriskutsuak uxatzea eta konpainia garbitzea” lortu zuelako[1].

Eta McCarthyren “sorgin ehizaren” babesean, etxe barruko “garbiketa” kanpora zabaltzen ere ahalegindu zen. Besteak beste, iraganean hainbeste miretsitako Charles Chaplin salatu zuen Jarduera Antiamerikarren Batzordean[1].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g Irazustabarrena, Nagore. (2018ko maiatzaren 20a). «Disney azaleratu zuen greba» ArgiaCC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]