Dolours Price
| Dolours Price | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Belfast, 1950eko abenduaren 16a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Malahide, 2013ko urtarrilaren 23a (62 urte) |
| Hobiratze lekua | Milltown hilerria |
| Heriotza modua | berezko heriotza: bihotz-gutxiegitasuna |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Stephen Rea (1983 - 2003) |
| Haurrideak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | militante politikoa |
| Kidetza | Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikazalea |
Dolours Price (Belfast, 1950eko abenduaren 16a - Malahide, Dublin konderria, 2013ko urtarrilaren 23a) Behin-behineko IRAko ekintzaile boluntarioa izan zen. Irlandako familia errepublikar batean hazi zen eta 1971n IRAn sartu zen. 1973ko Old Baileyko atentatuan parte hartzeagatik kartzelaratu zuten, eta 1981ean askatu zuten. Ostiral Santuko 1998ko akordioen ondoren, Ipar Irlandako bake prozesuarekin oso kritiko izan zen, bereziki Gerry Adams buruzagiarekin. 1970eko hamarkada hasieran parte hartu zuen IRAren ezkutuko operazio batzuetan, komunitate katolikoko barruko ustezko traizioak zigortzeko antolatuetan, eta horien artean Jean McConvilleren desagerpen eta hilketan inplikatua egon zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dolours Price 1950eko abenduaren 16an jaio zen Belfasten, Ipar Irlandan.[1] Dolours izena Andre Mariaren Doloreetako adbokaziotik eratorria da; hala ere, familia ez zen bereziki erlijiosoa.
Bera eta bere ahizpa, Marian, hau ere IRAko kidea, Albert Price irlandar errepublikar nabarmen eta Belfasteko IRAko kide ohiaren eta Christina Dolan Cumann na mBaneko (emakume mugimendu errepublikarra) ekintzailearen alabak ziren.[2] Bi gurasoak espetxeea ezagututakoak ziren. Familiarekin bizi zen Bridie Dolan, Doloursen izeba amaren partetik. Bridie Dolan larri zauritu zen IRAren lehergailuak manipulatzen zituela izandako istripu batean: itsu geratu zen eta bi eskuak galdu zituen. [1]
Dolours eta bere ahizpa Marian Price irlandar errepublikanismoan murgildu ziren 1960ko hamarkadaren amaieran. Belfastetik Derryra eskubide zibilen aldeko martxan parte hartu zuten 1969ko urtarrilean, eta Burntollet zubiko gertakarian eraso egin zieten.
IRAn militantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1971n, Marianekin batera, Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarrean (IRA) sartu zen, provo edo probisional izenarekin borroka armatuaren protagonismo handiena hartu zuen taldean. 1972an IRAren barruan talde berezi batean sartu zen, "The Unknowns" izenekoa, Pat McClure buru zuela. IRA barruan traidoretzat jotako batzuen desagerketa eta exekuzioetan lagundu zuen, Pricek berak autortuta, Pat McClure izeneko ekintzaile baten agindupean, eta Priceren arabera, haien gainetik Gerry Adams zegoela. Talde horren ekintza larri bat Jean McConville ustezko salataria hiltzea izan zen. Emakume alarguna zen McConville, hamar seme-alabaren ama katolikoa.[3]
1973ko martxoaren 8an, Londresen, bonba-autoz egindako atentatuak zuzendu zituen, Old Baileyko ekintza esan izan zaiona. 200 pertsona baino gehiago zauritu ziren, eta bihotzekoa izan zuen pertsona baten heriotza atentatuaren ondoriotzat jotzen da. Bi ahizpak atxilotu zituzten, Gerry Kelly, Hugh Feeney eta beste sei lagunekin batera, bonbardaketaren egunean, Irlandarako hegaldi bat hartzekotan zirela.[4] Winchesterreko gazteluan, Ingalaterran, epaitu eta zigortu zituzten 1973ko azaroaren 14an.
Espetxealdia eta gose-greba
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera batean Price ahizpei biziarteko kartzela-zigorra ezarri bazitzaien ere, azkenean zigorra 20 urtera murriztu zitzaien. Ingalaterran bertan espetxeratu zituzten, erdi isolatuta beste presoengandik gizonezkoentzako espetxe batean. Egoeragatik protestan, bi ahizpek berehala ekin zioten gose grebari, Ipar Irlandako emakumeen kartzela batera eramateko eskatuz.[5] Gose grebak 208 egun iraun zuen, 165 egunez agintariek indarrez elikatu zituztelarik, tortura gisa deskribatu izan den prozesuan: ahoa kalibre batez irekitzen zieten, eta, hodi batekin elikagai likidoa isurtzen zitzaien eztarritik behera. 1974ko maiatzaren 18an tortura hori gelditu ondoren, ahizpek greban jarraitu zuten ekainaren 7ra arte; non amore eman zuten agintari britainiarrek eta Irlandako espetxe batera eraman zituzten. Geroago, Nazioarteko Mediku Kontseiluak gose grebalariak indarrez elikatzeko praktika ez zela etikoa ebatzi zuen.[1]
Espetxetik askatu ondoren, 1983an Stephen Rea aktorearekin ezkondu zen; 2003an dibortziatu ziren. Bi seme izan zituen Rearekin.
McConville kasuaren mamua 21. mendean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jean McConvilleren kasuak 2010eko hamarkadan itzulera mediatiko eta judiziala izan zuen, neurri handi batean Dolours Pricek eragin zuelarik hori. 2001 eta 2006 urteen artean egindako elkarrizketetan, Pricek eta haren IRAko burkide Brendan Hughes ekintzaileak hainbat datu eman zizkioten Belfast Project izena eduki zuen ekimena. Boston College estatubatuar unibertsitatearen ahozko historia biltzeko lan bat izan zen Besfast Proiektu delako hau. Bostongo unibertsitateak hitzartua zuen ekintzaile hauekin eta proiektuko gainerakoekin, historia biltzeko zela ekimena, eta elkarrizketen edukia ez zela zabalduko elkarrizketatuak bizirik ziren bitartean; eta promesa horrekin, bereziki desagerketen inguruan eman zituzten datuak Pricek eta Hughesek.[6]
Hughes 2008an hil ondoren, Pricek berak 2010ean zabaldu zuen elkarrizketen edukiaren muina, The Irish News egunkariari eskainitako adierazpenetan. The Unknowns talde haren ekintzetan eta desagerpen batzuetan parte hartu zuela adierazi zuen Pricek, eta laguntza emango ziola osatuta zegoen desagertuen batzorde bati, hil zituzten pertsonen hondakinak aurkitzeko. Era berean esan zuen Pricek Gerry Adams izan zela bere komandante nagusia IRAn militatu zuen garai hartan. Adamsek, berriz, beti ukatu du IRAko kide izatea, eta ukatu egin ditu espreski Priceren salaketak, McConville kasukoak.[7] [8] Destainazko jarrera ere leporatu zioten Adamsek eta Sinn Feinekoek Priceri, Ostiral Santuko akordioekin eta Ipar Irlandako bake prozesuarekin oso kritiko zelako, eta hortaz motibazio politikoa zutela Priceren salaketek.[9]
2010eko hamarkadan, Priceren adierazpenen ondoren eta Belfast Proiektuaren berri publiko egin zenean, prozesu judizial batzuk ireki ziren Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak (PSNI) materiala eskuratu ahal izateko Bostongo artxiboetatik.[10] Grabaketa haietako batzuk, azkenean, iritsi ziren Ipar Irlandako prozesu judizial batzuetara, baina ez zuten eraginik izan Price berriz prozesatzeko, ezta Gerry Adamsen kasurako ere (galdekatu zuten arren, atxilotze labur batean), eta McConvilleren hilketagatik inor zigortzeko. Priceren kontakizunetan berak McConville salataritzat jo zuen, IRAk hala esan baitzuen,[11] baina beste ikerketa batzuk izan dira Poliziaren artxiboetan hala izan zenik ukatzen dutenik.[12]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2013ko urtarrilaren 24an, Price hilda aurkitu zuten Malahideko bere etxean, Dublingo konderrian, botika eta droga batzuen nahasketaz hil zela izan zen epaoa.[13] Urte luzez botika eta droga zenbaitekin adikzioa izan zuen Pricek. Belfast Mendebaldeko Milltown hilerrian lurperatu zuten.[14]
Hil ondorengoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2018an, Patrick Radden Keefe kazetariaren Say Nothing: A True Story of Murder and Memory in Northern Ireland erreportaia liburua argitaratu zen. Priceren istorioa eta Jean McConvilleren desagerpena oinarri nagusiak dira narrazioan. [15] Keeferen liburuan oinarritutako 2024ko Say Nothing telesailean, Lola Petticrew eta Maxine Peakek aktoreek gorpuztu zuten Price gaztearen eta adin nagusikoaren rolak.[16]
Liburuan eta telesailean, Keefe kazetariaren kontakizunean, onartzen da Pricek grabatuta utzi zituela desagerketa-ekintza batzuen lekukotasuna. Baina McConvilleren kasuan, haren hilketaren unea grabaketarik gabe kontatu zuela dio Keefek, eta kontakizun horretan Pricek esan omen zuen hiru lagunek exekutatu zutela McConville, berak, Marian ahizpak, eta Pat McClurek, eta tiroa zehazki Marianek egin ziola. Marian Pricek ukatu egin du guztiz hori hala denik, baina Keefe kazetarik esana da beste pertsona batzuei ere kontatu ziela hori Doloursek.
2019ko Maurice Sweeneyk film dokumentala zuzendu zuen: I, Dolours izenekoa. Film honek 2010ean Ed Moloney kazetariak Doloursi egindako elkarrizketak zituen oinarri.[17] [3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Dolours Price» artikulutik itzulia izan da, 2025-02-27 data duen 1277848096 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2025-02-27 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- 1 2 3 Maume, Patrick (2018ko abendua), «Price, Dolours», Dictionary of Irish Biography, Royal Irish Academy, doi:10.3318/dib.010048.v1 (kontsulta data: 2024ko azaroaren 23a).
- ↑ «Convicted Irish Sisters Ask Return of Vermeer Painting», The New York Times, 32. or., 1974ko martxoaren 11a.
- 1 2 Moloney, Ed (2018ko apirilaren 27a), «'I, Dolours' – The Backstory», The Broken Elbow (Ingelesez) (kontsulta data: 2025eko apirilaren 10a).
- ↑ «Britain charges 10 in London Bombings», The New York Times, 3. or., 1973ko martxoaren 13a.
- ↑ «Britain Refuses I.R.A. Sisters' Bid: Move to Ulster Jail Ruled Out for Hunger Strikers», The New York Times, 11. or., 1974ko ekainaren 2a.
- ↑ Zezima, Katie (2011eko ekainaren 10a), «College Fights Subpoena of Interviews Tied to I.R.A.», The New York Times, 12. or.
- ↑ «Adams was my O.C. in the IRA – Sinn Fein leader denies bomber's accusations over 3 Disappeared», Daily Mirror, 15. or., 2010eko otsailaren 19a.
- ↑ «Arrest Adams Now», Sunday Life, 2010eko otsailaren 21a (kontsulta data: 2019ko azaroaren 28a).
- ↑ O'Carroll, Sinead (2012ko irailaren 24a), «Gerry Adams again rejects Dolours Price allegations», TheJournal.ie (Ingelesez) (kontsulta data: 2025eko apirilaren 10a).
- ↑ McMahon, Cathal (2011eko maiatzaren 14a), «Adams Secret Tapes Probe – Oral 'history' claim», Daily Mirror, 32. or. (kontsulta data: 2012ko abuztuaren 31a).
- ↑ Keefe, Patrick Radden (2018ko apirilaren 26a), «The Last Testament of a Former I.R.A. Terrorist», The New Yorker (Ingelesez), ISSN 0028-792X (kontsulta data: 2025eko apirilaren 10a).
- ↑ Baker, Pete, «PIRA reject Police Ombudsman report on Jean McConville», Slugger O'Toole (Ingelesez) (kontsulta data: 2025eko apirilaren 10a).
- ↑ «Dolours Price-Rea died from prescription drugs mix», The Irish Times, 2014ko apirilaren 15a (kontsulta data: 2014ko apirilaren 30a).
- ↑ «Ex-IRA woman Dolours Price's funeral takes place», bbc.co.uk, BBC, 2013ko urtarrilaren 28a (kontsulta data: 2013ko urtarrilaren 28a).
- ↑ Szalai, Jennifer (2019ko otsailaren 20a), «'Say Nothing' Unearths Buried Secrets in Northern Ireland», The New York Times (kontsulta data: 2024ko azaroaren 23a).
- ↑ Reid, Kurtis (2024ko otsailaren 2a), «Cast revealed for TV adaptation of book about Troubles and Jean McConville disappearance», Belfast Telegraph (kontsulta data: 2024ko azaroaren 11a).
- ↑ Clarke, Donald (2019ko ekainaren 10a), «Dolours Price: Civil rights activist, bomber and peace process sceptic», The Irish Times (kontsulta data: 2024ko abenduaren 2a).