Domenico Ghirlandaio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Domenico Ghirlandaio
Domenico Ghirlandaio
Ustezko burupotreta, Magoen adorazioa margolanean, 1488
Datu pertsonalak
Izen osoa Domenico di Tommaso Curradi di Doffo Bigordi
Jaio 1449
Florentzia (Gaur egun Italia)
Hil 1494ko urtarrilaren 11
Florentzia (Gaur egun Italia)

Domenico Ghirlandaio, jaiotza-izena Domenico di Tomaso Bigordi (Florentzia, 1449 - Florentzia, 1494ko urtarrilaren 11) italiar Pizkundeko margolaria izan zen. Florentziar Errenazimentuko hirugarren belaunaldiko kidea izan zen, Andrea del Verrocchio, Pollaiolo anaiak eta Sandro Botticellirekin batera[1].

Ez zuen sekula utzi bere hiria, 1481-1482an Sixto IV.ak Erromara deitu zuenean izan ezik. Orduan margotu zuen Petri eta Andres apostoluen bokazioa (Kapera Sixtinoa). Etxean lantegi bat zuen beste bi anaiekin batera, eta bertan ikasle izan zen, besteren artean, Michelangelo. Bere mendeko Florentzia eta bertan bizi ziren burgesak freskoetan irudikatu zituen (San Frantziskoren bizitza, Santa Trinità basilikan, Andre Mariaren eta San Joan Bataiatzailearen bizitza, Santa Maria Novella basilikan). Erretratua eta freskoa bateratu zituen; teknika berriak erabili zituen (ikuspuntua), Gizon zaharra eta bere iloba obrak erakusten duen bezala.

Bizitza eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domenico Ghirlandaio Florentzian jaio zen, 1449an. Aita urregina zen eta girlandak egiten zituen nesken orrazkera apaintzeko. Hortik omen zetorkion izengoitia. Bera ere urregintzan hasi zen, baina berehala igaro zen margolaritzara.

Artzainen adorazioa, 1485, Sassetti kapera, Florentzia

Lehen obretan, eklektizismo nabarmena igartzen zaio; Florentzian zabaldu ziren joera guztien esperimentatzaile izan zen. Gaztaroko lan nagusiak San Gimignanoko bi fresko dira, Santa Finaren bizitzako eszenak (1475). Fresko horietan kontagintzarako zuen dohaina ikus daiteke; bereziki azpimarratzekoa da pertsonaien nolakotasuna agertzeko zuen gaitasuna (hiletara doazenen jokamoldea, distraituak batzuk, hunkituak besteak, badira serioak eta irribarretsuak...). Kalitate horiek zirela-eta, merkatari eta bankari aberatsen maisu gogokoena bihurtu zen.

1481ean Erroman ere egon zen, zenbait fresko egiten, laguntzaile askorekin, Kapera Sixtinoan. Zenbait fresko sail egin zuen, besteak beste, Florentziako Sassetti eta Tornabuoni familientzat: San Frantziskoren bizitzako eszenak, Santa Trinita basilikako Sassetti kaperan (1483-1485) eta Andre Mariaren bizitzako eszenak, Santa Maria Novella basilikako Tornabuoni kaperan (1486-1490). Obra hauek guztiz interesgarriak gertatzen dira XV. mendeko florentziar gizartearen erretratu direlako: Ghirlandaiok bizitza erlijiosoa eta publikoa nahasten ditu, pertsonaiak bere garaiko modaren arabera daude jantziak, eta bere bezeroen hazpegiak dituzte. Artzainen adorazioa (1485), Santa Trinita basilikako Sassetti kaperako aldarerako egina, guztiz esanguratsua da haren obran: bertan agertzen da, aurreneko aldiz Florentzian, Hugo van der Goesen eragina, artzainen errealismo zorrotzean bereziki.

Guirlandaioren azkeneko obretan ederrena Gizon zaharra eta bere iloba (1490 inguruan, Louvre Museoa, Paris) da. Flandriar erretratuak bezain delikatua ez den arren, aipagarria da gainaldeen testuran eta aurpegien xehetasunetan ipintzen duen arreta zorrotza. Alabaina, iparraldeko margolariek ez zuten inoiz adierazi Ghirlandaiok bezala haurraren eta aitonaren arteko harreman goxoa. Psikologikoki mintzatuz, argi eta garbi adierazten du lan honek bere italiar jatorria.

1494an hil zen, izurriak jota, eta Santa Maria Novellan ehortzi zuten[2].


Margolanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon baten erretratua, beharbada Marsilio Ficino, 1477 aldean, Met, New York
Gizon zaharra eta bere iloba, 1490 aldean, Louvre, Paris
Giovanna Tornabuoni, 1488, Thyssen-Bornemisza, Madril
Andre gazte baten erretratua, Calouste Gulbenkian museoa, Lisboa

Erretaulak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sacra conversazione degli Ingesuati, 1483 aldean, Uffizi Galeria, Florentzia
Magoen adorazioa, 1488-1489, Ospedale degli Innocenti, Florentzia
Pala Tornabuoni, 1490 aldean, Alte Pinakothek, Munich

Freskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Jeronimo, 1480, Ognissanti eliza, Florentzia
Apostoluen bokazioa, 1481, Kapera Sixtinoa, Vatikano
Azken Afaria, 1486, San Marco basilika, Florentzia

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Micheletti, Emma, Domenico Ghirlandaio in Pittori del Rinascimento, Scala Group, Florentzia 2004. ISBN 88-8117-099-X
  2.   Domenico Ghirlandaio, palazzo-medici.it, http://www.palazzo-medici.it/mediateca/en/Scheda_Ghirlandaio. Noiz kontsultatua: 2016-02-10 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Domenico Ghirlandaio Aldatu lotura Wikidatan