Domingo Urbizu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Domingo Urbizu Arimasagasti» orritik birbideratua)
Domingo Urbizu
Bizitza
JaiotzaIdiazabal1655eko irailaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaSevilla1701eko urtarrilaren 25a (45 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakgoi-funtzionarioa eta arte bildumagilea
Jasotako sariak

Domingo Urbizu Arimasagasti, (Idiazabal, Gipuzkoa, 1655eko iralaren 8an - Sevilla, 1701eko urtarrilaren 25ean) Sevillako goi burukrazian lan egin eta aberastu zen. Alcantarako Zaldun izendatu zuten. Dozenaka artelan eta mila liburutik gorako bilduma osatu zuen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domingo Urbizu Arimasagastiren gurasoak Sevastian Urbizu eta Estivariz Arimasagasti ziren, Idiazabalgo familia indartsunetakoen ondorengoak biak ere. Familiakoren batek lagunduta, gaztetan Sevillara joan zen bizi izatera.

Sevilla, garai hartan, Europa osoko hiri garrantzitsuenetakoa zen. Andaluziako hiriak Mundu Berriko komertzioaren monopolioa zuen, eta Ameriketatik ekarritako guztia bertako portutik sartzen zen. Urbizu Sevillara iritsi zenean, hiria ez zen bere garai loriatsuena bizitzen ari (1649 urteko izurritearen ondorioz biztanleriaren erdia hil zen) baina hala ere, Sevillak negozio eta aukeren hiri kosmopolita izaten jarraitzen zuen; eta Urbizuk jakin izan zuen hori baliatzen.

Burokraziarako lanean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibilbide luzea egin zuen goi burokraziako karguetan. Guztira 28 urtez lan egin zuen postu ezberdinak betez.

Lehen urteetan, 1671n hasita, itsasontziek derrigorrezkoa zuten aseguruaz arduratzen zen Kontratazio etxeko Contaduría de Diputados de la Avería delakoan lan egin zuen. Ondoren, Kontrazio Etxeko Alguazil Nagusi kargua eman zioten, eta bertako epaile ofiziala ere izan zen.

1693an, Montellanoko kondeak, Urbizu Indietako armada eta floten horniduraren ardura eman zion, eta 1696an Nueva Españako flotaren hornidura eta armamentuaren erosketen arduradun egin zuten.

Aurreko karguak bete ondoren, 1699an Ogasuneko ohorezko kontseilari izendatu zuten. Horrez gain, Almadéngo zilar meategietan inspektorea lanak egin zituen.

Halako kurrikulumarekin, ospe nabarmeneko eta itzal handiko gizona bilakatu zen Urbizue eta 1694an Alcantarako ordena militar eta erlijiosoko Zaldun izendatu zuten.

Bizimodua Sevillan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domingo Urbizu Catalina Trujillorekin ezkondu zen. Senar-emazteek ez zuten seme-alabarik izan.

Bikotearekin batera, Urbizuren iloba bat bizi zen: Miguel Aldasoro Urbizu (Idiazabal, 1678). Miguel, Domingoren arreba Poloniaren semea zen, eta bere osabaren eraginari esker lehenengo Sevillan, eta gerora Ameriketan postu garrantzitsuak izatea lortu zuen.

Familiarekin bizi ziren baita ere, neskame eta esklaboak.

Catalina Trujilloren testamentuan jasotzen denaren arabera, ondorengoak ziren etxeko zerbitzariak: “Maria Josefa, doncella de edad de 18 años, a quien yo he criado en mi casa, (…) Francisca de Morales, doncella que es en mi casa, (..) tengo por esclava captiva a Maria de nación turca, de edad de 22 años (…) tengo por esclava captiva a Viancia Maria, negra de edad de 24 años”.

Urbizu-Trujillotarrak, Sevillako Abades kalearen hasieran zegoen jauregi batean bizi ziren, Artzapezpikuaren palazioaren atzean, Giraldatik oso gertu.

Bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregiko paretak margolanez beteta zeuden. Guztira, 90 koadro eta irudi inguru (beste iturri batzuen arabera 206 dira). Andaluziako pintura barrokoak, gehienak. Artista onenen obrak gordetzen zituen Urbizukoak: Bartolome Esteban Murillo, Valdes Leal eta Iriarte margolari azkoitiarrarenak besteak beste[2].

Artelanez gain, liburutegi erraldoia zeukan jauregian. Adituen arabera unibertsitate eta komentuetan egon zitezkeen liburutegiak alde batera utzita, Sevilla osoko liburu kolekzio handiena eta aberatsena. Arlo guztietako jakintzak jasotzen zituzten Urbizuren liburutegian gordetako altxorrek: historia, kronika, literatura, matematika, arteak, astronomia, arkitektura… eta gaztelerazko liburuez gain, latinez, italiarrez, flamenkoz eta portugesez idatzitako liburuak zeuden. 1421 ale guztira[3]. Urbizuren figura ikertu duen Jose Garmendia Arruebarrena historialariaren arabera, humanista, gizon kultua eta sinesmen handikoa zen Idiazabaldarra.

Sevillan bizi arren, Euskal Herriari buruzko interesa ere mantendu zuen Urbizuk. Liburutegian zeuden obren artean, aipatzekoak dira Euskal Herriko idazleek idatzitakoak edo euskal gaiei buruzko obren bilduma aberatsa. Dozenaka liburuen artean, batzuk aipatzearren, Garibairen “Ylustraciones genealógicas” edo Ramírez de Avalosen “Crónica de los Reyes de Navarra” besteak beste. Catalina Erausokoaren eskuizkribu bat ere gordetzen zuela uste da.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1701eko urtarrilaren 25ean, Sevillan hil zen Urbizu hiru hilabeteko gaixoaldiaren ondoren. Sevillako katedraleko zeremonia burua eta Urbizuren lagun mina zen Adrian de Elossuk, jaiotzez Elorriokoak, azaldu zuenez Urbizu testamenturik egin gabe hil zen: “como la enfermedad del difunto fué dilatada y con accidentes raros que casi siempre lo tuvieron con la cabeza lastimada, no pudo hacer testamento.”[4]

Hil baino urtebete lehenago, Urbizu desagertuta dagoen Sevillako San Frantzisko komentuko Congregación de los Vizcainos delakoaren maiordomo aukeratu zuten hirian bizi ziren euskal eliteen artean. Komentu honetan “Capilla de los Vizcainos” izenez ezagutzen zen kapera bat zegoen, eta bertan Gipuzkoa eta Bizkaiko jauntxoak lurpertzen ziren. Urbizu bertan ehortzi zuten hil ondorengo egunean 50 lagun bertan zirela.

Senarrari gertatu zitzaiona saihesteko edo, alargundu eta lau hilabete eskasetara Catalina Trujillok bere testamentua idatzita uztea erabaki zuen: “yo Catalina Maria de Trujillo, viuda de don Domingo de Urbizu y Arimasategui (sic.) estando sana y temiéndose que como mortal me pueda asaltar la muerte sin darme lugar a disponer las cosas, otorgo este mi testamento.”

Trujillok abestutako 2.000 meza ordainduta utzi zituen hil aurretik, Sevilla osoko komentu eta elizetan. Ondorengo zuzenik ez zuenez, bere ondasun gehienak, etxea barne, bere ahizpa Rosa Maria Trujillori utzi zizkion. Miguel Aldasoro ilobarentzako ere 400 zilarrezko ezkutu uztea erabaki zuen eta bere etxeko esklaboei dirua eta bera hil ondorengo askatasuna eman zien. Dozenaka pertsona gehiago ere, batez ere emakumezkoak, ageri dira Trujilloren onuradunen zerrendan. Testamentua banatzearen arduradun bezala, Elossua katedraleko zeremonia buru zena izendatu zuen Catalina Trujillok.

Hauek guztiak, ordea, Catalinak hil ondorenerako zituen nahiak baino ez ziren. Izan ere alargundu berriak senarrak dirua adina zor utzi zizkiola konturatu zen.

1703an, Urbizu hil eta bi urtetara, Elossua zeremonia buruak Segurako mojen komentutik bidalitako eskutiz bat jaso zuen. Gutun hartan, Idiazabalgo jatorriak zituen baina Quiton jaioa zen sor Maria Beatriz Antonia de Cristo Arrue Onrramuño lekaimeak, “La Indianesa” ezizenez ezaguna, Domingo Urbizuk agindutako dirua erreklamatu zuen.

Mojaren aita, Juan Antonio Arrue, Santiagoko ordenako zalduna, Urbizuren lagun mina zen, eta harekin izandako tratuen ordaina zen lekaimeak komentuko obrak ordaintzeko Urbizuen alargunari erreklamatzen ziona: “los reales que se me estaban debiendo hasta este tiempo (…) para satisfacer a los maestros que han acabado la Iglesia del convento, (…) suplico se sirvan de socorrerme con los reales del alcance(…), para que pueda redimir tantas vejaciones y molestias que padezco (…) teniendo presente la amistad que mi padre y Sr. tuvo con el Sr. D. Domingo, y también correspondencia de tantos años conmigo.”

Segurako mojaren eskutitzak izan zuen erantzuna. Adrian Elossuren eskutitzean irakur daitekenez, Urbizuk diru gutxi utzi zuen: “la suma dificultad que hay en su cobranza por el poco caudal que dejó el difunto (…) juntándose a esto otros muchísimos acreedores con crecidas porciones.” Egoera hartan, Trujillo andrea gorriak ikusten ari zen: “Doña Catalina con todo su crédito está tan alcanzada y afligida que ampara lo preciso de su alimento (...) con la general ruina de los caudales, no es fácil salir de ella.”

Pinakoteka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira 90 koadro eta irudik osatzen zuten Urbizuren pinakoteka. Tartean, garaiko margolari garrantzitsuenen obrak zeuden[5].

Vieja con gallo y cesta de huevos, Esteban Murillorena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Urbizu Arimasagasti, Domingo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  2. Sevilla y corte : las artes y el lustro real (1729-1733). Casa de Velázquez 2010 ISBN 978-84-96820-35-7. PMC 611401390. (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).
  3. Navarrete Prieto, Benito. (1997). La Pintura Andaluza del siglo XVII y sus fuentes grabadas. Dpto. de Historia del Arte II Madrid.
  4. Garmendia Arruebarrena, Jose. (1991). La multiple historia de los Onrramuño. RIEV. Revista Internacional de los Estudios Vascos. Año 39. Tomo XXXVI. N.º 2, 467-482 or. ISBN 0212-7016..
  5. Colecciones, expolio, museos y mercado artístico en España en los siglos XVIII y XIX. Editorial Universitaria Ramón Areces [2011] ISBN 978-84-9961-031-3. PMC 764334395. (Noiz kontsultatua: 2020-03-29).