Dominique Mbonyumutwa
| Dominique Mbonyumutwa | |||||
|---|---|---|---|---|---|
1961eko urtarrilaren 28a - 1961eko urriaren 26a ← baliorik ez - Grégoire Kayibanda →
| |||||
| Bizitza | |||||
| Jaiotza | Mwendo (en) | ||||
| Herrialdea | |||||
| Heriotza | Brusela-Hiriburua eskualdea, 1986ko uztailaren 26a (65 urte) | ||||
| Hobiratze lekua | Gitarama Province (en) | ||||
| Familia | |||||
| Familia | ikusi
| ||||
| Jarduerak | |||||
| Jarduerak | politikaria eta tribu-buruzagia | ||||
| Ideologia eta sinesmenak | |||||
| Alderdi politikoa | Parmehutu (en) | ||||
Dominique Mbonyumutwa (1921eko urtarrila - 1986ko uztailaren 26a) politikari ruandarra izan zen, 1957tik aurrera Hutu Iraultza sozialaren eta Ruandaren independentzia prozesuetan parte hartutakoa.
Hutu talde etnikoaren kidea, Ruandako lehen (behin-behineko) presidentea izan zen, 1961eko urtarrilaren 28tik urriaren 26ra arte, Ruandako monarkia ezeztatu ostean. Herrialdearen kontrola edukitzea lortu zuen, Kigeli V erregea boteretik kendu ondoren, monarkia abolitzeko erreferendumaren ondoren, 1961. urtean.
Hutu Iraultzan (1959-1962)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1956an, artean monarkia tutsia boterean zela, administrazio kolonial belgikarrak tokiko lehen hauteskundeak antolatu zituen, Aholku-Kontseiluetara, zeharkako sufragio mugatu bat aplikatuz. Hautatu ziren 53 konseilu-buruen artean ez zegoen hutu bat ere, eta 559 buruordeen artean, 10 hutu, soilik [1]. Hamar haietako bat izan zen Mbonyumutwa.
1957ko martxoan hutu intelektualen talde batek Bahutu Manifestua aldarrikatu zuen, "Ruandako indigenen arraza-arazoaren alderdi sozialari buruzko oharra", non salatzen zen Ruandan gehiengo hutuak jasaten zuen zapalkuntza, errege eta beste nagusi tutsien aldetik. Ekainean PARMEHUTU (Parti du Mouvement de l'Emancipation Hutu) alderdia sortu zuten, Grégoire Kayibanda buru.

Baina Hutu Iraultza piztu zuen gertaera gisa seinalatu izan da Mbonyumutwak 1959ko azaro hasieran Gitarama hirian jasan zuen erasoa, tutsi monarkikoen talde baten aldetik. Zurrumurrua hedatu zen eraila izan zela, eta tutsien kontrako matxinada eta iskanbila larriak lehertu ziren.
Eraso eta hilketen ondorioz, milaka tutsik erbestera jo zuten, Ugandara, Kongo belgikarrera eta garaiko Urundira, batez ere.
1960ko tokiko hauteskundeetan Parmehutuk botoen %70 irabazi zituen. 1961eko urtarrilean alderdi hutuek Gitaramako Kolpea deitua jo zuen, Errepublika parlamentario bat aldarrikatuz, eta gobernu bat osatu, Mbonyumutwa presidente. Administrazio fiduziario belgiarrak onartu zuen, baina artean Ruanda-Urundi ofizialki agindupean zegoen NBEk ez.
NBEaren bitartez antolatu ziren 1961eko iraileko parlamentarioetan Parmehutuk botuen ia %78 irabazi zituen, 44 eserlekuetatik 37. Eta monarkia mantentzeri buruzko erreferendumean, 250.000 aldeko boto egon ziren, eta milioi bat kontra [2].
Urrian gobernu berri bat eratu zen, Kayibanda presidente.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepublikako presidente kargua utzi eta gero Auzitegiko Apelazio Presidenteorde izendatua izan zen Mbonyumutwa, eta Nyanza hiriko Ganbera Zibileko presidente [3]. 1965eko hauteskunde legegileetara arte mantendu zuen kargua, eta orduan Batzar Nazionalerako hautatu zuten. 1968an, MDR-Parmehutu alderdia uztera behartu zuten barne-desadostasunen ondorioz,. Egitez, parlamentuko kideen erdia kanporatu zuten, "desbideratzeaz" akusatua. Kanporatutako kide haiek, hain zuzen ere, Kayibandako gobernua ustelkeriaz salatzen zuen txosten batean oinarritutako zentsura-mozio bat babestu zuten.
1973ko estatu-kolpea eta gero, 1978an Juvénal Habyarimana presidenteak Ordena Nazionaleko Kantziler izendatu zuen, eta 1986ko uztailaren 26an hil zen arte mantendu zuen kargua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gasana, James. (1999). Rwanda: del Partido-Estado al Estado-cuartel. IEPALA, 37-39 or. ISSN 1131-5641..
- ↑ Lugan, Bernard. (2004). Le génocide, l'Eglise et la démocratie. Editions du Rocher, 86-90 or. ISBN 2-268-05-060-2..
- ↑ (Frantsesez) «Présidence de Dominique Mbonyumutwa» www.dominiquembonyumutwa.info (kontsulta data: 2026-03-02).