Donato Errasti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donato Errasti
Bizitza
JaiotzaAizarna eta Lasao1910eko otsailaren 17a
Herrialdea Gipuzkoa
HeriotzaAizarna1983ko urtarrilaren 23a (72 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
Jarduerak
Jardueraknekazaria
KidetzaComète sarea
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra

Donato Errasti Egiguren (Aizarna, Gipuzkoa, 1910eko otsailaren 17a1983ko urtarrilaren 23a) mugalari eta kontrabandista bat izan zen, Comète sarearen salataria Bigarren Mundu Gerran. Berak egindako salaketa zela medio, naziek Andrée de Jongh «Dédée» Comète sareko burua atxilotu zuten Urruñan, eta, harekin batera, sarearen laguntzaile euskal herritar bi eta hiru hegazkin pilotu britainiar.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1910eko otsailaren 17an sortu zen Donato Errasti, Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) Trukuman edo Palankabi[1] baserrian,[2] Lasao errekaren alboan, Azpeitiko mugan.

Aita Jose Errasti sendalari edo sasimedikua izan zuen, oso ezaguna herrian[3][4] eta Gipuzkoa osoan.[5] Bere jardueretan debekuak pairatu zituen,[6] baita salaketa larriagoak ere.[oh 1]

Francoren matxinadaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donato Errasti gazteegia zen Frncoren matxinadak eragindako gerra lehertu zenean, borrokara dei zezaten. Alabaina, anai zaharrago bat, Francisco, 1903an jaioa, jaioa, herritik ihes joan behar izan zen, gudaroste frankista Azpeitian sartu aurretik.[7][oh 2]

Kontrabandoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra osteko eskasia giroan, Donato Errasti kontrabandoan ibili zen, 1944ko azaroan isun zigor bat jaso baitzuen, Jose Mari Irure Gaztañaga herrikidearekin batera, Iparraldetik sakarina ekartzen eta saltzen saiatzeagatik.[8][oh 3]

Urruñan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Morroi lanetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontrabandoan noiz hasi ote zen dokumentatua ez badago ere, ziurrenik gerra amaitu orduko hasiko zen, 1940an. Izan ere, 1942rako agertzen da Urruñan Donato Errasti, Hegoaldeko agintaritza frankistaren jazarpenetik ihes egin nahirik, ziur aski.

Kontrabandoan noiz hasi ote zen dokumentatua ez badago ere, ziurrenik gerra amaitu orduko hasiko zen, 1940an. Izan ere, 1942rako agertzen da Urruñan Donato Errasti, morroi lanetan zen zenbait baserritan, bestek beste, Bidegain Berrin[9] eta Tomasenean.[10]

Comète sarean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparralde eta Hegoalde arteko muga ongi ezagutuko zuen Donato Errastik, kontrabandoko ibileretatik. Ezaguera hori baliatuta, Comète sarearekin pasaldi bat baino gehiago egin zuen, mugalari gisa.[11][12] Sareak Urruñan zeukan azken urratsa, muga mendiz pasa aurretik, Belgikan edo Frantzian erreskatatutako hegazkin pilotu aliatuak lurralde okupatuetatik ateratzeko. Errasti, esan bezala, 1942an hasi zen mugalari lanetan, Tomasenea baserrian morroi lanetan ari zela. Ziurrenik, hurbil zegoen Bidegain Berri baserriko Juan Larburu hernaniarraren bitartez sartu zen harremanetan sarearekin.

Salaketa eta atxilotzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1943ko urtarrilaren 13an, Andrée de Jongh «Dédée» Comète sareko burua eta Jean-François Nothomb «Franco» Baionara iritsi ziren trenez, Parisetik; hiru hegazkin pilotu britainiar zekartzaten, mendiz Oiartzuna iristeko asmoz. Eguraldi oso txarra zen, pasaldia zail aurreikusten zen. Azken ibilbidearen atari, Urruñako Bidegain Berri baserrian hartu zuten atseden, gauaren zain. Han, Frantxia Haltzuet baserriko nagusiak hartu zituen, Juan Larburu morroiaren laguntzaz. Florentino Goikoetxea zuten mugalari, hura ere elkartu zitzaien baserrian, baina euria goien-behean ari zuela ikusita, pasaldia hurrengo egunerako uztea erabaki zuten.[13]

Hurrengo orduak baserrian indarberritzen pasa zituzten, eguraldia hobetu zain; urtarrilaren 15eko gauean egingo zuten ibilaldia.

Alabaina, urtarrilaren 15eko eguerdian, Gestapok Bidegain Berri baserria inguratu eta bertan ziren guztiak atxilotu zituen: Dedée, Frantxia, Juan Larburu morroia eta hiru pilotu britainiarrak.[14] Dirudienez, aurreko arratsean, aldameneko Tomasenea baserrian morroi lanetan ari zen Donato Errastik ikusi zituen Dedée; Florentino eta hiru pilotuak, Bidegain Berrin.

Dedéek berehala jakin zuen nork egina zen salaketa, Gestapoko soldaduek bosgarren baten bila aritu omen ziren baserrian; alabaina, Florentino Donibane Lohitzunera joana zen.[14]

Donato Errastiren salaketaren arrazoia argi ez badago ere, urte batzuk geroago Dedéek azaldutakoaren arabera, alemanek 50.000 liberako ordainsaria eskainia zuten, pilotu aliatu bat atxilotzen laguntzen zuen salaketa bakoitzeko.[15] Jean-François Nothomb ere iritzi berekoa zen.[16]

Salaketaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituen arabera, Donato Errastiren salaketak eragindako atxiloketek ondorio sakonak ekarri zituzten, ez bakarrik atxilotuen etorkizunean, baizik, orobat, Comète sarearen antolamenduan eta jarraitasunean ere.[17]

1943ko urtarrilaren 15ean Urruñako Bidegain Berri baserrian preso hartutakoei dagokienez, ondorioak oso latzak izan ziren:

  • Andrée de Jongh «Dédée», Fresnesko espetxera eraman zuten lehenik. Alemanek ez zuten inoiz sinetsi bera izan zitekeenik Comète sarearen buru, baina, hala eta guztiz ere, Ravensbrückeko kontzentrazio esparrura bidali zuten. Sobietar tropek askatu zuten, 1945eko apirilaren 30ean.
  • Frantxia Haltzuet, Bidegain Berri baserriko nagusia, preso hartu zutenean, hiru seme-alaba txikiak bakarrik gelditu ziren; izeba batek hartu behar izan zituen. Romainvilleko gotorlekura eraman zuten lehenik, Ravensbrückeko kontzentrazio esparrura gero, behartutako lanak egitera hegazkin lantegi batean. Han hil zen, 1945eko apirilaren 12an, 36 urte zituela, esparruko kapo batek emandako jipoi baten ondorioz, Sobietar Batasuneko armadako soldaduek esparrua liberatu baino egun batzuk lehenago.
  • Juan Larburu, Bidegain Berri baserriko morroia eta mugalari laguntzailea, Baionatik Fresneseko espetxera eraman zuten, lehenik, eta handik Royallieuko (Compiègne) frontsalag edo igarotze esparrura. Sei bat hilabete han eginda, 1944ko urtarrilean Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura bidali zuten, eta handik Flossenbürgera. Bertan hil zen, 31 urte zituela, burua galduta, jateko gauza ere ez zela.
  • William G J Greaves,[18] Stanley Forster Hope[19] eta Percy George Edward Ross,[20] hiru pilotu aliatuak, gogor galdekatu zituzten alemanek Baionan. Torturapean, aitortu zuten Dassié familiak eman ziela aterpe. Familia osoa atxilotu zuten alemanek: Edouard Dassié, aita, Buchenwaldera bidali zuten, eta bizirik atera bazen ere liberazioan, 1945eko maiatzean hil zen, gaixorik; Cyprienne ama eta Lucienne 16 urteko alaba Ravensbrückera eraman zituzten; bizirik atera baziren ere, ama 1947an hil zen.[21]

Ondorengo bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aizarna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra amaituta, Frantziaren liberazioan, Donato Errasti Hegoaldera itzuli zen,[16] Aizarnara, Trukuman baserrira[2] bizi izatera.[15]

Kopla jartzaile, harri jasotzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aizarnako Lasao auzoan maiz ibili zen Donato Errasti koplak jartzen, Santa Ageda eguneko eskean eta abar.[22][23][24] Baita ere, harri jasotzeko apustuan aritu izan zen, behin baino gehiagotan.[25][26] Bi jarduera horietan baserriaren izengoitia hartu zuen, Trukuman.

Donato Errasti 1983ko urtarrilaren 23an hil zen, Aizarnan.[15]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Azpeitian, 1925ko urriaren 29an auzibidean jarri zuten Jose Errasti Trukuman sendalaria; kontsulta itxiarazi zioten eta Francisco semea atxilotuta eraman zuten. Ikus La Voz de Guipúzcoa, 1925eko urriak 30. Aipatuta hemen: Javier Alaba Trueba (2015) La noticia médica en la prensa vasca guipuzcoana. La Voz de Gippúzcoa (1885-1928). Leioa, EHU. Doktorego tesia.
  2. Francisco Errasti erizaina zen, garai hartan praktikante deitzen zena. Bizkaira ihes eginda, Eusko Gudarosteko Osasun Militarrera sartu zen. Ikus Francisco Errasti Eguiguren – Azpeitia Oroimena. Mendekuz, haren emazte Juana Agirre herritik bota zuten frankistek. Ikus Javier Buces Cabello (2016), 117. or.
  3. Bina isun ezarri zizkieten Errastiri eta Irureri: 400 pezeta iruzur egiteagatik eta 930 pezeta dibisa iruzurragatik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ikus Javier Buces Cabello (2016), 1. liburukia, 186. or.
  2. a b «Trukuman baserria - OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-03-01).
  3. «Mediku eta sasimedikuak; etxeko sendabideak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  4. «Trukuman sasimedikua - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  5. Ikus Javier Alvarez Caperochipi (2012) Curanderismo y medicina popular en el entorno de Navarra. Madril, ‎ Evidencia Medica SL. ISBN 978-8493978112.
  6. Ikus Mikel Aizpuru (2016) «El agrarismo guipuzcoano y el nacionalismo vasco (1920-1933)» in Historia Agraria, 69. zk., 167-194 or. ISSN 1139-1472.
  7. Francisco Errasti Eguiguren – Azpeitia Oroimena. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  8. Ikus Estatuko Aldizkari Ofiziala,«Juan Administrativa de Contrabando y Defraudación de Guipúzcoa»,1944ko azaroak 11, 4362. or.
  9. Bidegain Berri - OpenStreetMap. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  10. Tomasenea - OpenStreetMap. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  11. (Ingelesez) Howard, Georgina. (2015-04-05). «The Comet Line escape route over the Basque Pyrenees» Pyrenean Experience (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  12. «The Lions Times: The Comet Line: Smuggling Allied Soldiers over Pyrenees during World War II» The Lions Times 2015-05-11 (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  13. Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 67. or.
  14. a b Ikus Jiménez de Aberásturi (2006), 69. or.
  15. a b c Ikus Jiménez de Aberásturi (2011), 553. or.
  16. a b (Frantsesez) «Le Réseau Comète - Histoires de Hendaye» hendayebidassoa.canalblog.com 2014-03-11 (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  17. Ikus Jiménez de Aberásturi (2011), 553-557. or.
  18. (Frantsesez) «Bill Greaves - fiche C008» www.cometeline.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  19. (Frantsesez) «Stan Hope - fiche C007» www.cometeline.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  20. (Frantsesez) «George Ross - fiche C109» www.cometeline.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  21. (Frantsesez) Aguerre, Dominique. (2014-04-29). «4. Passages du Pays Basque intérieur - Crossings via the inland Pays Basque» Les amis du réseau Comète (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  22. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Donato Errasti "Trukuman" - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  23. «Aizarna.com :: Bertsolaritza Aizarnan» aizarna.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  24. Ikus Xabier Unanue (2011) Santa Ageda koplak Zestoan. Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia. ISBN 978-84-7907-677-1. 19. or.
  25. «Ignacio Apalaga "Chato de Lacuta", Donato Errasti Egiguren "Trukuman" - Gipuzkoako Herri Kirolak» www.herrikirolakgipuzkoa.eu (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
  26. «Ignacio Apalaga "Chato de Lacuta", Donato Errasti Egiguren "Trukuman", Antonio Olaizola - Gipuzkoako Herri Kirolak» www.herrikirolakgipuzkoa.eu (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (1997) «La red "Comète" en el País Vasco» in Oihenart, 14. zk., 121-131 or. Eusko Ikaskuntza. ISSN 1137-4454.
  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (2006) Askatasunaren bidea. Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk nazismoaren aurkako borrokan Bigarren Mundu Gerran. Hernani, Udal Artxiboa. ISBN 978-84-934193-3-8.
  • Juan Carlos Jiménez de Aberásturi (2011) «La red "Comète" en el País Vasco: la frontera hacia la libertad en la Segunda Guerra Mundial» in Revista Internacional de Estudios Vascos, 56.2 zk., 520.572. or. ISSN 0212-7016.
  • Javier Buces Cabello (2016) Azpeitia 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian. Azpeitia, Aranzadi Zientzia Elkartea. ISBN 978-84-944251-5-8.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]