Edukira joan

Donibane jaiko Hernaniko liskarrak (2025)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donibane jaiko Hernaniko liskarrak
Motaistilu etniko
Honen parte daarrazismoa Espainiako Erresuman
Data2025eko ekainaren 24a
KokalekuHernani
HerrialdeaEspainia
Kausaislamofobia
Baton charge (en) Itzuli

Donibane jaiko liskarrak 2025eko Donibane egunean Gipuzkoako Hernani herrian gertaturiko liskarrak dira. Hasiera batean, eraso arrazistak izan ziren: 50-60 laguneko talde antolatu bat magrebtar migratzaileen atzetik ibili zen, jipoitu nahian. Ondoren, magrebtar gazte horietako bat babesten ari zirela, udaltzainek erasoa jaso zuten eta, ondorioz, ertzainak oldartu ziren herriko zenbait lekutan.[1]

Eraso arrazistak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goizaldean edanda zebiltzan gizonen artean borroka eta liskar bat baino gehiago sortu ziren herrian. Borroka horietako batean, herriko errugbi taldeko kide bati muturreko bat eman zioten, eta hortz batzuk hautsi. Eraso horren egileak bi magrebtar izan ziren, ustez, eta aitzakia hori baliatu zuen mutil gazte talde batek, magrebtarren kontrako «ehizari» ekiteko; hiru jipoitu zituzten.[2]

Aurretik, herriko eta inguruetako mutil batzuk ahalegindu izan ziren, taldean, magrebtar batzuei eraso egiten —joan den ostiralean ere elkarretaratze bat egin zuten hainbat herritarrek, jokabide arrazistak gaitzesteko—. Donibane gauean, 50-60 bat elkartu ziren, lekukoen arabera, eta kalean harrapatu zuten eta aurreko borroka horrekin zerikusirik ez zuen magrebtar bati eraso egiten hasi ziren.[2]

Udaltzainek erreskatatu zuten erasoa jasotzen ari zen mutil hori, eta udaletxean babes hartu zuten, talde handi horrek jipoitu egin nahi zuelako. Ertzainei laguntza eskatuta, plaza hustu zuten haiek, 02:00ak alderako. Baina, bitartean, talde hori beste magrebtar bat jipoitzen hasi zen, eta kebabak saltzen dituen ostatu batean babesa eman zioten, Andre kalean. Hura ere babestu zuten nolabait udaltzainek, jende olde batek inguratuta, eta udaletxean aterpetu zuten.[2]

Udaletxe aurrean jendetza pilatzen hasi zen —200 bat lagun lekukoen arabera—, eta eraikineko ateetako bat bota egin zuten. Udaltzainek —bi bakarrik zeuden momentu horretan— arriskuan ikusi zituzten beren buruak eta babesten ari ziren magrebtarra, eraso ere egin zien jendetzak, eta laguntza eskatu zieten ertzainei ostera, ordurako joanak baitziren.[2][3]

Tarte horretan noizbait, zazpi laguneko mutil talde batek beste magrebtar bat harrapatu zuen, gaueko hirugarrena, Atzieta kalean, eta kolpekatu egin zuen. Kale horretan dauden baratzeetara bota zuten gero. Ospitalera eraman zuten, zaurituta, kolpe handiak zituela.[2]

Ertzainen interbentzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Letxundi alkatearen hitzetan ETBn aipatu duenez, Ertzaintzaren oldartzeak egoera oraindik gehiago zaildu zuen.

Udaltzainek laguntza eskatuta, ertzain oldeak iritsi ziren festa lekura, eta haiek herritar batzuk zauritu zituzten borraka eta kolpeka; tartean, aurreko istiluekin zerikusirik ez zuen jendea, eta egoera baretzen ahalegindu ziren txosna batzordeko kideak ere bai.[2]

Ertzainak jai gunera bigarrenez ailegatu zirenean, festazaleek «era guztietako objektuak» bota zizkietela esan du Segurtasun Sailak. Hortik aurrera, 03:30 ingurutik aurrera, liskar handienak Poliziaren eta herritarren artean gertatu ziren.[2]

Lekukoek azaldu dutenez, aurrez izandako liskarrekin zerikusirik ez zuen jendearen kontra oldartu zen Ertzaintza: borra-kolpeka jipoitu zituen hainbat eta hainbat pertsona, eta pilotakadaka ere aritu zen.[4]

Egoera baretzen ahalegindu ziren txosnetako kide batzuk, baina haien kontra ere oldartu ziren ertzainak, eta borrakadaka zauritu zituzten zenbait herritar. Batzuek ospitalera ere joan behar izan zuten, puntuak jasotzera buruan.[2]

17 urteko gazte bat atxilotua izan zen.[5]

Herriaren erantzuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Astearte iluntzean, San Joan egunez, 400-500 bat herritar elkartu ziren Gudarien plazan, 20:30 aldera, Amher talde multikulturalak deituta, arrazakeriaren kontrako aldarria zabaltzeko. Amher elkarteko kideek, udaleko Bozeramaile Batzordeak eta txosna batzordeak salatu egin zituzten herrian gertatutako erasoak, eta horrelako gertakizunek elkarbizitzari egiten dioten kalteaz ohartarazi zuten.[2]

Txosna batzordeak ere oharra zabaldu zuen atzo iluntzean. «Aurretik herrian izandako liskar batzuk aitzakiatzat hartuta, hainbat eraso arrazista (guk dakigula, hiru), izan ziren, jipoi masibo eta antolatuen bidez», azaldu zuten txosnetako kideek, eta gogor gaitzetsi zituzten jokabide horiek. Talde hauek osatzen zuten batzordea: Hernaniko Errugbi Elkarteak, Bilgune Feministak, Mugimendu Sozialistak, Kontrakantxa gaztetxeak, Askapenak, Denak Etxera Elkartasun Taldeak, Ernaik eta Boltaiak.[2]

Hernaniko txosna batzordeak eta Amher SOS Arrazakeria taldeak agerraldia egin zuten ekainaren 27an berriro ere. Azaldu zuten San Joan festetan magrebtarren kontrako zortzi eraso gutxienez gertatu zirela. Eta berretsi zuten migratzaileen kontrako eraso antolatuak ere izan zirela. Elkartasuna adierazi zieten zaurituei, eta xenofobiaren eta faxismoaren aurka antolatzeko deia egin zuten.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]