Donostiako Ituna

Wikipedia, Entziklopedia askea

Donostiako Ituna, Fernando Sasiainen zuzendaritzapean eta Niceto Alcalá Zamoraren ekimenez 1930eko abuztuaren 17an Donostian ospatu zen bilera izan zen. Bertan, garaiko errepublikano garrantzitsuenak elkartu ziren. Monarkiaren aurkako frontea sortu, kataluniarrei autonomia onartu eta II. Errepublikaren lehendabiziko gobernua osatzea dira bilerari atxiki zaizkion lorpen nagusienak. Bilera hartatik ez zen inolako hitzarmen ofizialik edota aktarik kaleratu; kaleratu zen bakarra, Indalecio Prietok idatzitako esku oharra izan zen. Euskal Herriko alderdi abertzaleek ez zuten Itunean parte hartu eta Fernando Sasiain eta Indalecio Prieto izan ziren euskal ordezkari bakarrak.[1] Fernando Sasiainek eta Galiziako ordezkariek euren autonomia ere kontutan hartzeko proposamena egin zuten.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miguel Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) errepublikanismo antolatuarentzat ia heriotza suposatu zuen.[2] Errepublikanoak 1870etik bere momenturik zailena bizitzen ari ziren eta 1910eko hamarkadatik zetorren joera 1917ko gertaerekin sakondu zen: barne zatiketak, erreferentzia eta zuzendaritza politikorik eza, sektore ezberdinek akordioak lortzeko ezintasuna eta jarraitzaileen gutxitzea. 1923ko irailetik aurrera errepublikanoak politikagintzatik eta eskenatoki publikotik ia desagertu egin ziren.

Hurrengo urtean, diktadurak mugimendu anarkista eta sindikalistak debekatu eta jazarri zituen eta errepublikanoak linbo itxurako egoerara baztertu zituen. Egitura batzuk zutik mantentzea lortu zuten arren, errepublikaren aldeko edozein aldarrikapen publiko debekatuta geratu zen. Donostian esaterako, La Voz de Guipúzcoa egunkaria egunero kaleratu zen, baina bere errepublikazaletasuna ia erabat ezabatu zuen. Egoera zail hartan errepublikanoek elkartzeko saiakera ugari burutu zituzten, hasieran ezkutuan eta gero, modu publikoan.

1925an, Acción Republicana osatu zuten. Nahiz eta hasieran Acción Republicanak partidu egiturarik hartzeko asmorik erakutsi ez, errepublikano ezberdinak biltzeko balio izan zuen. Hurrengo urtean, Alianza Republicana eratu zuten, Estatuko gizarte eta politikako pertsonaia garrantzitsuenen parte hartzearekin. Tartean egon ziren besteak beste, Miguel Unamuno, Antonio Machado edota Gregorio Marañon. Gainera, sektore errepublikano ezberdinak batzeko balio izan zuen Alianza Republicanak, aurrekoak baino zehaztasun gehiago eta koalizio itxura handiagoa eskainiz. Bere baitan, ideologia ezberdinetako jendea batu zen: batzuek, errepublikano eta sozialistek elkarrekin lan egin behar zutela defendatu zuten eta besteek, monarkia altxamenduen bidez amaitzeko jarrera bultzatu zuten. 1930eko abenduan adibidez, Jakan monarkiarekin amaitzeko saiakera militarrak porrot egin zuen.

1930ean, egoera kontrolaezina zela argudiatuz, Miguel Primo de Riverak karguari uko egin zion eta Alfontso XIII.a erregearengana itzuli zen boterea. Erregeak Damaso Berenguerri eman zion egoera zuzendu eta diktadura bat ezartzeko enkargua. Baina bigarren diktadura hark aurkakotasunak handitzeko besterik ez zuen balio izan. Berenguerren Akatsaren edo Dictablandaren ondoren, demokraziaren aldeko oihuak nagusitu ziren eta hauteskundeak ospatzearen beharra zabaldu zen.Bigarren Errepublika ez zen errepublikanoen saiakerarengatik bakarrik iritsi, baina errepublikanoak demokraziaren alde erakutsi zuten jarrera garrantzitsua izan zen diktadura eta monarkiaren aurkako jarrera indartzeko. Monarkia eta diktadura gizarte demokratikoak izan behar zuenaren etsai aurkeztu ziren, ateneoak itxi, egunkariak debekatu eta sektore politiko eta sozial erradikalenak jazarri zituztelako. Gizarteak demokrazia eskatu zuen eta errepublikanoek demokrazia hori errepublikarekin identifikatzea lortu zuten.

1931ko apirilaren 14an, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen. Errepublika ekarri zuten bi gertakari nagusienak Gipuzkoan bertan gertatu ziren, kilometro gutxitako distantzian: Eibarko aldarrikapena eta Donostiako Ituna.

Donostiako Ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko hasieratik, Miguel Primo de Riveraren gobernuaren amaierarekin eta Berenguerren Diktablandaren aurrean errepublikanismoa korronte ezberdinetako ordezkariak erakartzen hasi zen. Monarkiaren aurkako frontea eratzea zen helburua. Niceto Alcalá Zamorak deituta, abuztuaren 7an, Madrilen elkartu ziren Manuel Azaña, Alejandro Lerroux, Miguel Maura, Alvaro Albornoz, Marcelino Domingo, Angel Galarza eta José Giral. Bilera hartan, Donostian errepublikano esanguratsu guztiak elkartuko zituen hurrengo bilera prestatzea adostu zuten. Dirudienez Donostia, Alejandro Lerrouxek proposatu zuen, ordezkari batzuk Frantzian erbestean zeudelako eta uda garaia izaki, Madrilen biltzea zailagoa izango zitzaielako.[3]

Abuztuaren 16rako Itunean parte hartu zuten guztiak Donostian bertan zeuden eta euretariko batzuk, gau hartan, Irungo Zirkulu Errepublikanoan elkartu ziren, Irungo alkate ohia eta errepublikano historikoa zen Leon Iruretagoienari omenaldia egiteko.[oh 1]

1930eko abuztuaren 17an, goizeko hamaikak eta erdietan Londres Hotelean elkartu ziren guztiak, bertan bazkaltzeko. Bazkarian, Guillermo Torrijos sozialista eta Bizkaiko, Errioxako eta Aragoiko errepublikanoak ere egon ziren. Ondoren, hiruak eta erdietan Donostiako Zirkulu Errepublikanora abiatu ziren. Bilera Fernando Sasiainek zuzendu zuen, Zirkuluko presidentea, Donostiako Unión Republicanako zuzendaria eta Donostiako lehendabiziko alkate errepublikanoa izango zenak.

Parte hartzaileen artean, garaiko errepublikano nagusienak eta Espainiako Bigarren Errepublikaren hasierako momentuak zuzendu zituztenak elkartu ziren: Alejandro Lerroux (Partido Republicano Radical) eta Manuel Azaña (Acción Republicana) Alianza Republicanatik, Marcelino Domingo, Alvaro Albornoz eta Angel Galarza, Partido Republicano Radical Socialistatik, Niceto Alcalá-Zamora eta Miguel Maura Derecha Liberal Republicanaren izenean, Manuel Carrasco Formiguera Acción Catalanatik, Matías Mallol Bosch Acción Republicana de Cataluñatik, Jaume Aguade Miró Estat Catalá eta Santiago Casares Quiroga Federación Republicana Gallega Autonomaren izenean. Hauez gain, Felipe Sanchez Román, Eduardo Ortega y Gasset eta Indalecio Prietok ere hartu zuten parte bileran, baina kasu honetan gonbidatu berezi bezala eta ez euren partiduen ordezkari moduan. Gregorio Marañon bertaratzekoa zen baina ez zuen Frantziatik iristerik izan nahiz eta eskutitz bat bidali Itunean adostutakoarekin bat zetorrela adieraziz.

Arratsaldeko seietan amaitu zen bilera. Donostiako Itunetik ez zen dokumentu ofizialik kaleratu, ez eta bileraren aktarik ere. Miguel Maurak beranduago idatzi zuenez, “zaldunen” arteko hitzarmena izan zen.[4] Bilerak ordea, oihartzun handia izan zuen eta jende asko han adostutakoen zain zegoenez, Indalecio Prietok eskuz idatzitako prentsa oharra prestatu zuen egunkariei emateko.

Indalecio Prietoren oharrak gauza gutxi azaldu zituen. Nortzuk izan ziren bertaratu zirenak, bileraren nondik norakoak zeintzuk ziren eta ordezkari bakoitzak bere iritzia eman ostean, adostasuna nagusitu eta erabakiak aho batez har zituztela. Horrez gain, gainontzeko talde politikoen babesa jasotzeko ahalegina egingo zutela ere aipatzen zuen Prietok, tartean langileen alderdi eta UGTri erntzia zuzena eginez.[5]

Itunaren irakurketa ezberdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indalecio Prietoren idatziaren ondoren, egunkariek euren interpretazioak egin eta informazio gehigarria kaleratu zuten. Garai hartan, lau egunkari nagusi kaleratu ziren Donostian eta bakoitzak bere erara, gertatutakoaren berri eman zuten: La Constancia, El Día, El Pueblo Vasco eta La Voz de Guipúzcoa.

Lau egunkarien artean El Pueblo Vasco euskal nazionalista eta La Voz de Guipúzcoa errepublikanoa izan ziren azalpen luzeenak eman zituztenak. Lehendabizikoak, kataluniarren proposamen autonomistei arreta handia eskaini zion eta bigarrenak aldiz, monarkiaren aurka lortutako batasunari. La Vozek jada, hilaren 13an bileraren berri eman zuen Niceto Alcalá-Zamorari eginiko elkarrizketaren bidez eta hilaren 14an Lekunberrin ateratako argazkia kaleratuz. Argazkian, Alcalá-Zamora bera, Eduardo Ortega y Gasset, Juan Usabiaga Donostiako errepublikano ezaguna eta egunkariko zuzendaria agertu ziren.

La Voz de Guipúzcoaren esanetan, Alcalá-Zamora bera izan zen bilera antolatzearen arduraduna eta monarkiaren aurkako fronte bateratua osatzea proposatu zuena. Kataluniarrek aurkeztu zituzten proposamen autonomistei buruz ez zen gehiegi luzatu, nahiz eta adierazi, kataluniarrak Nicolas Salmeronek egindako esfortzuari esker egon zirela Donostian. El Pueblo Vasco izan zen autonomien auzian sakondu zuena. Manuel Carrasco Formiguerak Kataluniaren estatu nortasuna aldarrikatu zuela azaldu zuen, Espainiarengandik independentea izango zena. Miguel Maurak Carrascoren proposamena ez zuen begi onez ikusi, errepublikanoak zatitzeko aitzakia izan zitekeelakoan eta batasun handiago bat lortzeko asmotan Marcelino Domingo, Kataluniak bere estatutua idazteko eskubidearen alde agertu zen. Bilerako ordezkari guztiak ados agertu ziren Marcelino Domingoren proposamenarekin. Horregatik, El Pueblo Vascok ondorioztatu zuen Donostian etorkizuneko errepublika antolatzeko formula federala adostu zutela.

Historiografiak Donostiako Itunari izugarrizko garrantzia eman izan dio, Espainiako Bigarren Errepublika planifikatu eta lehendabiziko gobernua erabaki zela argudiatuz. Itunaren garrantzia ukaezina da eta errepublikaren etorrera aurreikusi zutela esatea ere zuzena litzateke. Baina Itunean ordezkatuta egon ziren sektore politikoak Bigarren Errepublikako lehendabiziko behin-behineko gobernuan parte hartu zutenekin konparatzen baditugu, ezberdintasun batzuk aurki daitezke. Batetik, Indalecio Prieto gonbidatu bezala joan zen Donostiara eta ez PSOEren ordezkaritzapean. PSOE 1930eko abenduan batu zen Itunera. Bestetik, Itunean parte hartu zuten gehienak errepublikanoak ziren eta aldiz, lehendabiziko gobernuan sozialistek presentzia askoz handiagoa eduki zuten, hiru ordezkarirekin bigarren indarra izan zirelarik. Besteak beste, 1930eko abenduko gertakariek, Jakako altxamenduak eta 1931ean Berenguerren Diktablandaren amaierak zuzenean eragin zuten Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapenean eta bere bilakaeran.

Itunean parte hartu zutenen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako alkatea zen Fernando Sasiain (Unión Republicana alderdiko ordezkaria) bilerako presidentea izan zen, bertaratutako alderdi eta ordezkariak honakoak izan ziren:

- Partido Republicano Radical: Alejandro Lerroux.
- Acción Republicana: Manuel Azaña.
- Partido Radical-socialista: Marcelino Domingo, Álvaro de Albornoz eta Ángel Galarza.
- Derecha Liberal Republicana: Niceto Alcalá-Zamora eta Miguel Maura.
- Acción Catalana: Manuel Carrasco Formiguera.
- Acció Republicana de Cataluña: Matías Mallol Bosch.
- Estat Català: Jaime Ayguadé.
- Organización Republicana Gallega Autónoma: Santiago Casares Quiroga;
- euren kabuz bertaratuak: Indalecio Prieto, Felipe Sánchez Román, Fernando de los Ríos eta Eduardo Ortega y Gasset, José Ortega y Gasset filosofoaren anaia.
- Gregorio Marañón: ezin izan zen bertaratu, baina elkarretaratze gutun bat bidali zuen.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Protagonista asko Gipuzkoan zeuden uda igarotzen: Alcalá Zamora Lekunberrin, Maura eta Azaña Hondarribian eta Domingo, Albornoz eta Galarza Irunen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Fernando Sasiain: Donostiako alkate errepublikanoa» Hamaika Bide elkartea (Noiz kontsultatua: 2016-11-9).
  2. Edo Javier Moreno Luzónek aipatzen duenez, “Primo de Rivera dejó claro que venía a imponer orden en aquella sociedad convulsa”; en “Restauración y Dictadura”, (Gaztelaniaz) Josep FONTANA y Ramón VILLARES (dirs.): Historia de España. Restauración y Dictadura, Bartzelona, Crítica/Marcial Pons, 2009, 514. or.
  3. Lerrouxek zioen, “era verano y parecía difícil juntar en Madrid a todos los representantes”. La Voz de Guipúzcoa egunkariak hilaren 13an aurreratu zuen bilera: “Las izquierdas. Tendrá gran importancia la próxima reunión de elementos antidinásticos en San Sebastián. A la reunión que en breve celebrarán en San Sebastián asistirán significadas personalidades de la izquierda en representaciones de los diferentes partidos antidinásticos y de todas las fracciones republicanas. Indalecio Prieto ha sido invitado a asistir a ella para representar a los socialistas”; La Voz de Guipúzcoa, 1930-8-13
  4. De la Granjak ondorioztatu zuenez, “el carácter verbal del acuerdo, dio lugar en 1931 a dos interpretaciones, la catalana y la republicana, sobre el mayor o menor alcance de la autonomía”; (Gaztelaniaz) José Luis DE LA GRANJA: El oasis Vasco. El nacimiento de Euskadi en la República y la Guerra Civil, Madril, Tecnos, 2007, 36. or.
  5. Bilera Donostian burutzeko arrazoien artean, eta langileriarekin erlazionatuta, zera kontatu zuen El Pueblo Vasco egunkariak:"En París no quieren reuniones de revolucionarios españoles"; El Pueblo Vasco, 1930-8-20.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • AIGUADÉ I MIRÉ, Jaume (d/g). Amb Catalunya i per Catalunya, Bartzelona: Colección la Sageta.
  • AYERBE IRIBAR, Mª Rosa. Marcos Fernando Sasiain Brau. ‘Sangre, sudor y lágrimas’ en la vida del único alcalde republicano de San Sebastián (1894-1957), Boletín de Estudios Históricos de San Sebastián, 45 (2012), 249-328.orr.
  • BELAUSTEGI, Unai (2015). Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923), Leioa: UPV/EHU.
  • CAMBÓ, Francisco (1987). Memorias (1876-1936), Madril: Alianza.
  • CARRASCO I FORMIGUERA, Manuel (1931). El Pacte de San Sebastián, Bartzelona.
  • DE LA GRANJA, José Luis (2007). El oasis Vasco. El nacimiento de Euskadi en la República y la Guerra Civil, Madril: Tecnos.
  • ECHEVARRIA, Toribio (2005). Viaje por el país de los recuerdos, Eibar: Eibarko Udala.
  • GIL PECHARROMÁN, Julio. Vísperas republicanas. El Pacto de San Sebastián, La Aventura de la Historia, 82 (2005), 54-59.orr.
  • LERROUX, Alejandro (1945). La pequeña historia de España, Buenos Aires: Cimera.
  • LERROUX, Alejandro (1963). Mis memorias, Madril: Afrodísio Aguado.
  • MAURA, Miguel (1962). Así cayó Alfonso XII, Mexiko: Imprenta Mañez.
  • MUNOA ROIZ, José Luis. 70 años del Pacto de San Sebastián, Cuadernos Republicanos, 45 (2001), 37-45.orr.
  • PAYNE, Stanley G. (1995). La primera democracia española. La Segunda República, 1931-1936. Bartzelona: Paidós.
  • PENCHE, Jon (2010). Republicanos en Bilbao, Leioa: UPV/EHU.
  • TOWNSON, Nigel (2002). La República que no pudo ser. La política de centro en España (1931-1936), Madril: Taurus.
  • TUÑÓN DE LARA, Manuel (1976). La II República. Madril: Siglo XXI.
  • VILLARES, Ramón; MORENO LUZÓN, Javier (2009). Restauración y Dictadura, FONTANA, Josep; VILLARES, Ramón (zuz.). Historia de España. Restauración y Dictadura, Bartzelona: Crítica/Marcial Pons, 7.lib.
  • La Constancia, 1930-1931.
  • El Día, 1930-1931.
  • El Pueblo Vasco, 1930-1931.
  • La Voz de Guipúzcoa, 1930-1931.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]