Donostiako Klub Nautikoaren eraikina

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 43°19′17″N 1°59′12″W / 43.32148°N 1.98657°W / 43.32148; -1.98657
Wikipedia, Entziklopedia askea

Klub Nautikoa
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′17″N 1°59′12″W / 43.32148°N 1.98657°W / 43.32148; -1.98657
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1929
ErabiltzaileaDonostiako Klub Nautiko Erreala
Arkitektura
ArkitektoaJose Manuel Aizpurua
Joaquín Labaien
Estiloaarrazionalismoa
Ondarea
EJren ondarea646

Donostiako Klub Nautikoaren eraikina Donostian dagoen eraikina da, Donostiako Klub Nautiko Errealaren egoitza nagusia. 1929an Jose Manuel Aizpurua eta Joakin Labaien arkitektoen diseinuan oinarrituta Kontxako hondartzaren ertzean eraikia, arkitektura arrazionalista hutsa. Europako eraikin arrazionalista goiztiar eta garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Alboan Nautikoko kaia delakoa du.

2000ko uztailaren 3an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolumetriaren ikuspuntutik begiratuta, proiektuak mailakatzen diren estalki zapaldun gorputzak definitzen ditu. Gorputz hauek, 6 metroka antolatzen diren piloti egitura batek eusten ditu, eta hauek akuario zaharreko hormen gainean finkatzen dira. Egitura honen parte dira solairu nagusian agertzen diren oinplantan karratuak diren zutabe askeak eta ekialdeko zein hegoaldeko hormekin bat egiten dutenak, eta goiko solairuan barrualdera sartzen diren sekzio biribilduneko kolomak. Goi solairuaren gorputz-hegalkina eta iparraldeko muturreko errotondadun akabera definitzen dira.

Klubaren behar berriei erantzuten dien programa era honetara antolatzen da: Behe solairuan, jaietarako egongela handia, balandrozale eta igerilari gelak, sukaldea eta zerbitzu orokorrak; solairu Nagusian, hall-ataria, liburutegia, tabernadun joko gela, batzar gela, estalkidun terraza eta zerbitzu orokorrak; Goiko solairuan, jatetxea, taberna eta terraza handia.

Espazio gardenaren ideia da nagusi. Liburutegia, hall-ataria eta joko gela bata bestearen atzetik kokatzen dira, bakarrik gortinek, altuera txikiko hormek, altzariek edota beirazko azalerek, banatzen dituztela, gela bakoitza mugatzen dutelarik baina ez itxi. Guzti honek, solairu Nagusian begirada batean ulertu daiteken esparru bakarra sortarazten du.

Ikuspen jarraitutasun hau bera atzeman daiteke barnearen eta kanpoko terrazaren artean sortzen den harremanean. Hauen arteko itxidurak ez ditu bereizten baizik eta, beiradun marra bihurri baten bitartez harreman garden bat ahalbidetzen da, badiara irekia.

Joko gela zeharo esparru berezia da. Zurezko panelak estalitako paretak eta altuera txikiko 12 leiho karratu txiki ditu. Hauek jokalariak eserita dauden bitartean badiaren ikusmena izan dezaten pentsatuta daude. Kanpoaldean berriz, leiho karratuak zein biribilak (idi-begiak) bere indibidualtasuna galtzen dute, zurezko panelezko zirrinda baten barruan geratzen baitira.

Hegoaldeko ikuspegia, Alderdi-Ederrererantz.

Goi parteko gorputzaren perimetro osoa, 40 metro luze inguruko leiho jarrai batek konposatzen du. Honen bitartez barrualdean bilatzen den erosotasuna, ikusmena eta zabaltasuna lortzen dira. Jatetxean berriro ere ideia berdina agertzen zaigu, hau da, planta librearen gainean lan egiten da: altzariak, argiztapen aparatuak, barra, eta espazioaren mugimenduari oztoporik jartzen ez dioten barruko sei kolomak.

Proiektuak irtenbide arrazionalak bilatzen ditu, planta guztiz artikulatuak sortzen direlarik. Altxaerak planta hauen espresio argia baino ez dira. Beirazko azalera handiak, badia leku guztietatik ikusi ahal izatearen ideiari erantzuten dio, tamaina handiko leiho zapalak medio. Horrela, badiaren ikusmena argi kontran dauden lerro horizontalek itsasoa eta zerua mozten dute eta laukia jarri.

Sarrera zati biko eskailera luze baten bitartez antolatzen da. Aurrenekoak klubari ematen dio sarrera eta bigarrenak jatetxe publikoari, albo bateko altxaeraren erdian, honen tangentea, eta hego-ipar zentzuan.

Solairu nagusitik, igerilarien gelara jaisten den zirkuluerdi tankerako eskailera, bolumetrikoki espresatzen da kanpoalderantz. Kanpoko eskailera radatik jasotzen den zutabe aske baten inguruan bihurritzen da, goi solairuaren terrazara igotzen da eta guardasola erako hormigoizko losa biribil batek estaltzen du.

Honetaz gain solarium bezala erabiltzeko esparru baten eraikuntza agertzen da, pasealekura itxia eta itsasoari begira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia