Dorletako santutegia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Dorletako Amaren santutegia
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Leintz Gatzagako hiri historikoa
DorletakoSantutegia.jpg
Dorletako santutegiaren irudia.
Kokapena
lekua
Koordenatuak 42° 58′ 56″ N, 2° 33′ 56″ W / 42.9822683843°N,2.56545216771°W / 42.9822683843; -2.56545216771Koordenatuak: 42° 58′ 56″ N, 2° 33′ 56″ W / 42.9822683843°N,2.56545216771°W / 42.9822683843; -2.56545216771
Altitudea , itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Erlijioa katolizismoa
Kirola errepideko txirrindularitza
Arkitektura
Estiloa arkitektura erromanikoa
Arkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea 20

Dorletako santutegia Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) dagoen santutegia da, Dorletako edo Gazteluko Andre Mariari eskeinia[1][2]. Jatorria Erdi Aroan badu ere, egungo itxura XVII. mendekoa da. 2018ko urtarrilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso antzinakoa da tenplu honen jatorria. Hori ematen dute aditzera dokumentu-iturrien arabera XI. mendetik gatz-ustiategi bat existitzeak eta inguruetan nekropoli bat aurkitzeak (XI-XII. mendeak). Horregatik, argi dago garai hartan bazela Dorlasen eremu honetako gatz-iturriak lantzen zituen herri bat, eta, bestalde, badaude adierazleak garai berean kokatzen dutenak Dorletako tenplua, Donejakue bideko ibilbideetako batean kokatua eta bere biztanleen beharrizan erlijiosoei erantzuten ziena. Aitzitik, ez dago ezer argirik tenpluaren jatorriari dagokionez.

Domingo Bergaretxe jaunak Leintz-Gatzagari eta Dorletako Ama Birjinaren santutegiari buruzko bere ohar historikoetan dioenaren arabera, «jada zenbatzen ez diren garai haietako laino trinkoetan bildua dago Dorletako santutegiaren jatorria, eta, bere jatorrizko sorreraren inguruan, alperrik da zehaztasun eta aieruetan sar gaitezen, garai urrun haietako daturik ez baita.»

Santutegiari buruzko liburu eta agiriak antzinatasun historikokoak dira, gutxienez X. mendekoak, parrokia izan zen garaikoak, hain zuzen ere, 988. urtekoak, «Donemiliaga Kukulako Kartularioa» agiri edo aipamenaren urtekoak. Halere, Domingo Bergaretxeren arabera, «paper solte batzuek eta XVII. mendearen amaieran bertan egindako obrekin hasten den kontuen liburuak ematen dizkiguten datuak baizik ez ditugu egun».

Dorletako santutegiak parrokia kategoria galdu zuen 1331an, eta Donemiliagako jurisdikzioaren meneko izatera igaro zen, zeina hiribilduaren harresiz barneko aldean kokatua baitzen[3].

Egungo trazaketa Filipe Ezkurrak egin zuen, nahiz eta trazaketa hori egile batek baino gehiagok burutu. Eraikina XVII. mendearen azken herenean eta XVIII. mendearen hasieran altxatu zen.

Garai batean, donazio ugari jaso zituen Santutegiak eta laguntza hauei esker berriztapen asko egin ziren. Donazio hauen artean Grekoaren margolan bat zegoen, gaur egun Gotzaindegian aurkitzen da.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urrutiko ikuspegia

Santutegia ingurune natural bateko harkaitz-muino txiki baten goiko aldean dago, harana defendatzen zuen gazteluaren hondarren gainean, zeina eraiki baitzen gatz-iturburua babesteko eta Donejakue Bideko erromesak hartzeko.

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurutze latindarreko oinplanoa duen eliza bat da, zeinaren nabe nagusia lunetodun kanoi-ganga batek estaltzen baitu; lunetook erdi-puntuko parpain-arkutan eutsiak dira. Ebanjelioaren aldea arku karpaneleko kapera batean dago, Sortzez Garbiari eskainitako kapera; gaur egun txirrindularien erakustoki txiki bat da, Dorleta baita txirrindularien zaindaria. Kapera hori ertz-gangek estaltzen dute, eta, sarrerako arkuaren gainean, Uriarteren ezkutua dago –dorretxe bat eta inguruan 14 arrosa–. Nabe nagusiaren alde horretan dago pulpitua ere. Trantseptua nabe nagusiko gangaren tipologia bereko ganga batek estaltzen du, eta, ebanjelioaren aldean, San Joan Bataiatzailearen erretaula dago, epistolaren aldearen antzeko ezaugarri formal eta estilistikoak dituena, Santa Luziari eskainia. Transeptuaren alde horretan bertan, San Joseperen beste erretaula bat ere badago, aurreko biak bezala, XVII-XVIII. mendeetakoa.

Gurutzadura petxinen gaineko kupula batek estaltzen du, zeinek ebanjelioen irudiak baitituzte. Haren gaineko aldean, linterna bat dago.

Nabe nagusiaren hondoan, absidea dago, angeluzuzena, eta hori ere lunetodun kanoi-gangak estaltzen du; lunetok erdi-puntuko parpain-arkutan eutsiak dira. Hor dago erretaula nagusia, barrokoa, Dorletako Andre Mariaren irudiarekin. Irudi horri dagokionez, «Baliteke egungo irudia jatorrizkoa ez izatea, 1331eko hiri-gutunaz geroztik, aldaketa handiak gertatu baitziren santutegian, eta Dorletako Andre Mariaren estatua txiki polikromatuaren faktura XIII-XIV. mendeetakoa da»[3]. Ondorioz, esan liteke egungo irudia tailu gotiko bati dagokiola. Erretaulan, Ama Birjinaren bizitzako irudiak ageri dira.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatxada nagusiko ate barrokoa.

Kanpoan, hegoaldeko fatxadak –Santutegiaren fatxada nagusiak– ate barrokoa du, bi gorputzek osatua. Behekoa sarrera ateburu batez osatua dago, baketoiz markoztatua eta pilastra bikoteen ondoan, zeinen gainean baitago triglifo eta metopaz osatutako frisoa dituen taulamendu bat. Gorputz horren gainean, goikoak idi-begi nagusi bat du, eta alboetan pilastra bikoteak, bolutak alboetan eta taulamendu bat bolek errematatutako frontoi triangeluar bat duena. Atea zurezkoa da, burdinazko zumitzekin.

Halaber, fatxada horretan eta gurutzadan, hegalaren pean, tailatutako buru batzuk kontserbatzen dira, lekukotza erromaniko bakar gisa. Haietariko bat gizonezko pertsonaia bat da, bizarduna, beste bat, emakumea, eta, hirugarrena zaila da identifikatzen, munstro-buru bat dirudi.

Ekialdeko fatxada eta kanpai-horma

Ekialdeko fatxadan, beste sarbide bat dago, ateburuduna eta bakoiz markoztatua. Atea zurezkoa da, burdinazko zumitzezko errematxeekin. Erremate bat du, harrizko erlaitzduna eta irtengune lodiekin markoztatua. XVIII. mendeko kanpai-horma handi batek koroatzen du, zeina bi gorputzek osatzen baitute: behekoa, erdi-puntuko bi arkurekin, eta, goikoa, burdina forjatuzko gurutze batez koroatua.

Azkenik, iparraldeko fatxadari atxikia, seroren etxea dago. Haien esku zegoen tenplua garbitu eta apaintzea, eta erromes eta erlijiozaleentzako hari atxikitako ostatuaren zerbitzua. Haien doteekin biltzen ziren eta komunitatean zintzoki bizi ziren emakumeak ziren[3].

Mezak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorletako Santutegiko mezak maiatzetik iraileko azken igandea arte izaten dira, igandero 12.30tan. (Uztaileko lehenengo igandean ezik, egun horretan San Martin baselizan izaten da.)

Txirrindularien zaindaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1958ko urriaren 25ean Dorletako Ama koroatu zen Arlabanen. Arrasateko parroko eta artzapez zen Jose Luis Iñarrak egin zituen elizkizunak.

Dorletako Txirrindulari Batzordea sortu zen eta hauek izan ziren Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzea lortu zutenak. Lehenik eta behin Gatzagako parrokoari eta Donostiako apezpikuari adierazi zitzaien asmoa. Hauek onartu zutenean, Gipuzkoa eta Bizkaiko Txirrindulari batzordeei proposatu zitzaien eta hauek ekimena bultzatzea erabaki zuten.

Txirrindularien eskaintzak.

Espainiako Txirrindulari Elkarteko arduradunarekin harremanetan jarri ondoren, batzordea, Dorletako Ama txirrindularien zaindari izateko "Aulki Santua"ren adierazpen kanonikoa lortzeko lanetan hasi zen.

Honetarako, hiru txirrindulari Erromara joan ziren bizikletaz, "Errituen Kongregazio Sakratuarendako" Donostiako Prelatuak goratutako otoitzak zeramatzaten.

Abuztuaren 8an, Joan XXIII.a Aita Santuak audientzia berezian hartu zituen txirrindulariak eta Espainiako Txirrindularien Elkartea eta Herrialdeetako Elkarteak ere han izan ziren.

1973an Estatutu Ofizialak onartu zituen Espainiako Elkarteak.

Dorletako Andre Mariaganako debozioak bizirik iraun du gaur arte. Ama Birjina, txirrindularien zaindari unibertsala da.

Debozio honi esker txirrindulari askok beraien maillotak eskaini diote Ama Birjinari esker onaren seinale. Santutegiaren barnean, eskainitako mailloten erakusketa bat dago ikusgai. Bertan txirrindularitzaren munduan profesional ospetsu izan diren askorenak biltzen dira.

Afizioari esker Txirrindulari batzordeak lanean jarraitzen du.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dorleta Auñamendi eusko entziklopedian.
  2. Dorletako santutegia Leintz Gatzagako Udal webgunean.
  3. a b c Jose Letona Arrieta; Juan Leibar Guridi (1975) Valle de Leniz. Generalidades y salinas. Donostiako Aurrezki Kutxa ISBN 38172253.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa