Dred Scott auzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dred Scotten auzia» orritik birbideratua)
Dred Scott

Dred Scott auzia edo Dred Scott v. Sanford auzia AEBetako historiako auzi garrantzitsuenetako bat izan zen. Ebazpenaren arabera afrikar jatorrizkoak (esklabo izan ala ez) ezingo ziren inoiz AEBetako herritar izan.

Dred Scott (1799 - 1858ko irailaren 17) esklaboak salaketa ipini zuen Dred Scott Sanforden aurkako auzian, 1856an. Scott eta bere emaztea, Harriet, jaiotzez esklaboak izan ziren, baina esklabotza ilegala zen iparraldeko estatuetan bizi ziren, Wisconsinen eta Illinoisen (artean, Wisconsinen zati bat besterik ez zena), hain zuzen ere. John Emerson, jabea, 1843an hil zen eta 1846an, Scottek Emerson andreari askatzeko eskatu zion, iparraldeko estatuetan bizi izateak askatu zituelakoan. Auziak hamar urte iraun zituen, oso korapilatsua izan zelako, baina azkenean Auzitegi Gorenak esklaboaren eskaera atzera bota zuen. Esan behar da epaile gehienak hegoaldekoak zirela. Auzitegiaren arabera Scottek, beltza zenez, ezin zuen eskaerarik egin AEBetako epaitegietan, ez baitzen amerikar herritarra.

Baina ebazpenaren ondorioak haratago joan ziren. Auzitegiak esan zuenez, Wisconsinen ere ezin zen askea izan Kongresuak estatuetako esklabotasunarekiko politika ezin zuen ezarri eta. Horrek Missouriko hitzarmena baliogabetu zuen. Estatu guztiak esklabotasuna onartzeko edo gaitzesteko gai ziren.

Dred Scott, azkenean, aske hil zen, 1858an, zaharra zela; jabe berriak askatu zuen eta lau hilabetera.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auziak esklabotzarik gabeko estatuetan bizi zen esklabo baten arazoa harrotu zuen. Kongresuak, artean, ez zuen ebatzi esklaboak iparraldeko lurra zapaldu orduko aske izango zirenentz. Arauak Missouri itunak urratzen zuen, auzitegiaren arabera, jabe zuri batek esklaboak eros zitzakeen esklabotza onartzen zuen estatu batean eta gero onartzen ez zuen batera joan zitekeelako esklaboen gaineko eskubideak galtzeke. Puntu horrek zeharo haserretu zituen iparraldeko errepublikarrak eta hegoaldekoen eta iparraldekoen arteko harremanak hautsi zituen.

Scottek bere jabearekin, John Emerson medikua, askotan bidaiatu zuen, hura armadan baitzegoen eta behin baino gehiagotan lekuz aldatzen zuten. Scott luzaro egon zen Illinoisen eta Fort Snellingen (Wisconsin lurraldean) jabearekin. Haietan ez zen esklabotza onartzen eta horrek askatasuna eskatzeko alegazioa egiteko eskubidea eman zion. Hala ere, Scottek ez zuen alegazio hori egin estatu horietan bizi zirenean. Baliteke euren eskubideen berri ez izatea edo ondorioen beldur izatea.

Bi urte geroago, armadak Emerson hegoaldera bidali zuen: lehendabizi St. Louis, Missourira, eta gero Louisianara. Urte bat pasa eta gero, Emerson ezkondu berriak esklabo bikoteari dei egin zion eta haiek Wisconsin lurraldean edo Illinois estatura joan beharrean, 2000 km. egin zituzten Mississipi ibaian barrena eta bakarrik haren jabearekin elkartzearren. 1843an, soilik, Emerson hil zenean eta emazteak Scott armadako kapitain bati alokatu zionean; orduan baino ez zuen egin Scottek haien askatasunaren aldeko alegazioa. Hasieran emazteari 300 $ eskaini zizkion haren askatasunaren truke. Irene Emerson alargunak, orduan St. Louisen, ez zuen eskaintza onartu eta Scottek epaitegietara baino ezin izan zuen jo.

Auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzia Missouriko epaitegian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzitegira eraman zuen lehenengo alegazioan Scottek galdu egin zuen termino tekniko bat zela eta: Scottek ezin izan zuen esklaboa izan zela frogatu. Epaileak 1847an bigarren epaiketa bat agindu zuen. Emersonek bigarren epaiketa horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Missouriko Auzitegi Gorenean. Hark helegitea atzera bota zuen 1848ko ekainean. 1850eko urtarrila arte ez zen beste epaiketa bat egin eta epaimahaiak Scott eta bere familia askeak zirela ebatzi zuen. Emersonek berriro jo zuen Missouriko Auzitegi Gorenera.

Une hartan, Emersonek auziaren ardura anaiari pasatu zion, New Yorkeko John F. A. Sandfordi. Hark bere izenean jardun zuen epaiketan eta Missouriko Auzitegi Gorenak behe mailako epaitegiaren ebazpena atzera bota zuen, Scott, artean, esklaboa zela ezarriz. Ebazpena ez zetorren bat Gorenaren aurrekariekin. Missouriko epategiek behin eta berriz ebatzi zuten esklaboak aske geratzen zirela esklabotza ez zuten onartzen estatuetara sartu orduko. Esklaboak zituen MIssouriko epaileburuak, Hamilton Rowan Gamblek ebazpenean haren aurkako iritzia idatzi zuen.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]