Generoaren izena grezierazko dryopterís izenetik dator, eta Dioskoridesen arabera "haritz (drys) artean sortzen den iratzea (pterís)" esan nahi du. Espeziearen carthusiana izenak Frantzia hego-ekialdeko Grenoble hiriaren ondoan dagoen Chartreuse herriari egiten dio erreferentzia.[4]
Dryopteris generoko beste espezie batzuekin nahastea ohikoa da (D. intermedia, D. campyloptera, D. expansa...). D. intermedia-rekin habitata elkarbanatzen du. Euskal Herrian ordea ez da nahasten, mendietako harkaitz artean bizi den bakarra baita genero horretan.[5]
Landare berde iluna da eta tente hazten da. Fronde triangeluar zabalak ditu eta multzotan ateratzen dira.[2] Orriek 15-40 cm arteko luzera hartu ohi dute. Peziolo nahiko laburrak dituzte arantza itxura hartzen duten ezkataz hornituak[5], horregatik sinonimo batzuek spinulosum izena hartzen dute.[3]
Frondearen zurtoina marroi argia da eta bertan txertatzen dira hosto estuak. Hauek ere triangelu tankerakoak diren hostotxoz osaturik daude. Hostotxo bakoitzaren azpian giltzurrun itxurako soroak garatzen dira.[2]
Lurzoru azidoak atsegin ditu eta karedun lurzoruak eta bestelako iratzeek ondutakoak saihesten ditu. Ingurune ospelak populatzen ditu, txilardi hezeak, zingirak eta zohikaztegiak, besteak beste.[6] Hala ere zuzeneko eguzki argia hobeto jasaten du beste iratze batzuek baino, horregatik mozketak gertatzen direnean biziraun dezake eta egoeraz probestu.[2] Itsas mailatik 300 eta 1.700 metro arteko altueran hazten da.[7]
Euskal Herrian esate baterako Altzania, Aizkorri eta Aralar mendilerroetako harkaitzen arrakaletan hazten da, giro heze eta freskoa duten toki elurtsu eta lainotsuetan.[5]
Landare bizikorra da eta negu epeletan hostoa mantentzen du, negu gordinetan ordea ez. Iratzeek ohi duten gisan bizi-ziklo haplo-diplontea du. Ekaina eta iraila artean heltzen dira esporak.[8]
Flora mehatxatuen artean "bakanen" atalean sailkaturik dago Euskal Autonomia Erkidegoan.[5] Ez dirudi giza jarduerak kalterik eragiten dionik, irisgarritasun zaila duten tokietan hazten baita. Mehatxatuen zerrendan sartu zen Dryopteris carthusiana-ren populazioak oso txikiak direlako eta elkarrengandik isolatuta daudelako.[5]
Landare berdeak tiaminasa izeneko entzima du eta B bitamina konplexua erasotzen du gizakietan. Kopuru handitan hartuz gero kalte latzak eragin ditzake. Landarea lehortu edo berotu egiten bada entzima hori suntsitu egiten da.[9]
Sustraiek filizina izeneko sustantzia dute. Sustantzia horrek zestodo zizareak eta bestelako hesteetako bizkarroiak paralizatzen ditu eta zizareak kanporatzeko erabiltzen da. Dryopteris carthusianak zizareak paralizatu ondoren magnesio sulfatoa erabiltzen da zizareak ateratzeko. Oliozko libratzaileak erabiltzea ez da komeni. Iratzearen sustraiak udazkenean biltzen dira eta lehortzen uzten dira ondoren sendabelar gisa erabili ahal izateko. Gehienez ere 12 hilabetez gorde daitezke.[9]
12345Iñaki Aizpuru.Flora mehatxatua: Oinarri teorikoa, metodoak, kudeaketa tresnak eta Euskal Herriko egungo egoera. Udako Euskal Unibertsitatea,15or..
↑Pedro Mª Uribe-Echevarria, Iñaki Zorrakin, Juan Antonio Campos, Ángel Domínguez. (2006).Euskal Autonomia Erkidegoko Flora Baskular Mehatxatua. Eusko Jaurlaritza, Ingurumen eta Lurralde Antolamendua,176or.ISBN84-457-2252-2..