Duos habet et bene pendentes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inozentzio X.ari egindako proba haren potroiak aztertzeko.
Joana Ama Santuaren irudikapena.

Duos habet et bene pendentes latinezko esaldia (euskaraz: "Bi ditu eta ondo zintzilikatzen dira"), baita ere Testiculos habet edo Habet!, Aita Santuaren aukeratzeko prozesuan esaten omen zen. Kondairaren arabera kandidatoa benetako gizona zela ikusi behar zen eta, horretarako, Aita Santua izan nahi zuena aulki berezi batean eseri behar zen, kardenal gazteenak haren sexua eskuarekin aztertzeko. Behin gizona zela ziurtatuta, esaldia esaten zuen eta kargua hartzeko bide irekia zuen.[1]

Aulki berezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proba hori egiteko erabili behar zen aulkia badago eta Vatikanon ikus daiteke. Egurrezko eserlekua da eta esertzeko tokian zulo bat du. Haren izena Sedia stercoraria da baina haren funtzioa ez zen Aita santuaren sexua aztertzeko, honek kaka egiteko baizik; izenaren itzulpena "kaka egiteko eserlekua" izango litzateke.[2][3]

Joana Ama Santua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairaren oinarrian Joanaren inguruko gertaerak daude. 855. urtean, Erroman, emakumezko batek aitasantutza katolikoa eskuratu omen zuen 857. urtera arte, hau da, ofizialki Benedikto III.aren aldiari dagozkion urteetan eta horretan oinarritzen da kondaira. Batzuek diote Benedikto III.a bera emakumea zela eta beste batzuek 872. eta 882. urteen artean kokatzen dute Ama Sainduaren agintaldia, Joan VIII.aren aldian, alegia; beharbada, ustezko Ama Sainduak Joana zuelako izena[4].

Joana 822an jaio omen zen, Ingelheim am Rhein herrian, egungo Alemanian. Aita elizgizona izanik, garaiko emakumeek debekatua zuten erlijio eta kultura heziketa jaso zuen. Ikasten jarraitu ahal izateko, kopista gisa hasi zen lanean, Johannes Anglicus gizonezko izenarekin.[4] Lanbideari esker, 848. urtean, Erromara iritsi zen, beti ere gizonezko identitatean babestuta. Kurian Joanaren jakinduriaren berri bazuten nonbait, eta Leon IV.ak gaztea ezagutu nahi izan zuen. Berehala Aita Sainduaren nazioarteko aferen idazkari bihurtu zen. Leon IV.a hil eta gero Joana bera izendatu omen zuten ondorengo; Benedikto III.a edo Joan VIII.a izena hartu zuen.[4]

Handik bi urtera Joanak harreman sexualak izan zituen Saxoniako enbaxadore Lanbertorekin eta haurdun geratu zen. Prozesio baten erdian erditzearen uzkurdurak sentitzen hasi zen eta hantxe bertan, eliztarren aurrean, erditu zen. Jean de Maillyren arabera, jendetza suminduak harrika hil zuen Joana; Martin Poloniarraren testuetan, aldiz, Ama Saintua erditzeak berak hil zuen.[4]

Istorio hau egiaztatzen duen dokumenturik ezean, elezaharren esparruan utzi behar da. Aldiz, IX. mendeko Aita Saintu sortari buruzko informazio oso zehatza gorde da eta Joana Ama Saintuaren aipamenak askoz geroagokoak dira.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]