Euskal Herrian Euskaraz

Wikipedia, Entziklopedia askea
EHE» orritik birbideratua)
Euskal Herrian Euskaraz
Datuak
Izen ofiziala
Euskal Herrian Euskaraz
Motaerakundea
HerrialdeaEuskal Herria
IdeologiaEuskaltzaletasuna
Historia
Sorrera1979ko azaroaren 4a
SorlekuaDurango
webgune ofiziala
Twitter: EHEbizi Inguma: euskal-herrian-euskaraz-ehe Edit the value on Wikidata

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) 1979an sortutako elkarte euskaltzalea da. Durangon, azaroaren 4an aurkeztu zen jendaurrean.

Taldearen helburu nagusia Euskal Herria erabat euskalduntzea da, Euskal Herria euskaraz bizitzea. Euskararen egoera kaxkarra, eta egiten zaizkion erasoak salatzen ditu, euskaldunon hizkuntza eskubideak erreibindikatuz.

Sorrera eta oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkartea 1979ko azaroaren 4an aurkeztu zen euskal jendartearen aurrera[1]. Durangoko Azoka izan zen lehen agerpena egiteko hautaturiko lekua. Euskararik gabe, Euskal Herririk ez lelopean ekin zion bideari. Orduko hartan, euskaldunek osatzen duten komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, helburu argia plazaratu zuen elkarteak: Euskal Herria euskalduna lortzea. Eta horretarako izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea izango zuela baieztatu.

Gaur egun, EHEren helburu nagusiek bere horretan diraute, elkartearen beraren arabera: euskaraz biziko den herria, elebakarra, baina herritar eleaniztunez osatua. Helburu horiek lortzeko printzipio eta irizpide hauetan oinarritzen da elkartea[1]:

  • EHE elkarte errebeindikatzaile eta borrokalaria da, eta ez kultura edo teknikaren munduan ari den zerbitzu bat.
    • Errebeindikapenak ekintza praktikoen bidez burutzen ditu.
    • EHE talde politiko eta instituzioekiko autonomoa izan da eta bere zuzendaritzan ez da kargudunik onartzen.
    • EHE taldeko kideek euskararen marginalizazioa eta diglosia salatzeko ekintzak eta protestak burutzen dituzte.
  • Euskara Euskal Herriko hizkuntza da.
    • Elebitasun egoerak behin-behinekoa eta iragankorra izan behar luke.
    • Erdal elebakarrak elebidun bihurtu behar dira diglosia gainditzeko.
    • EHEk Euskal Herri osoan eragiten du.

1979ko abenduaren 12an lehen jendaurreko ekintza burutu zuen EHEk: erakunde ofizialetan euskarak jasaten zuen bazterkeria salatzeko Euskal Kontseilu Nagusiko egoitzan itxialdia antolatu zuten 45 lagunek[2].

Aldarrikapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian Euskaraz ikurra plaka elebidunean, gaztelaniazko esaldiak ezabatuz (Zaldibia, Gipuzkoa)

Bere sortze egunean azaldu bezala, bere aburuz elebitasuna egoera iragankorra izan behar da eta ez helburua. EHErentzat hizkuntzen arteko harremana gatazkatsua da, pertsona batek ezin dituelako aldi berean bi hizkuntza hitz egin, jakin ditzake, baina uneoro bat erabiliko du. Kolektibo batetaz azterketa bera egiten du EHEk: hizkuntza bat baino gehiago jakin daitezke, baina bat nagusituko da erabiltzeko garaian. "Egungo Euskal Herrian elebitasun sozialaren alde egiten duena, erdararen nagusigoaren eta euskararen mendekotasunaren alde jartzen ari da", euren ustez. "Elebitasunaren gezurra"-ren aurrean euskaldunok jasan beharreko zapalkuntza azpimarratzen du EHEk: "eskolaren bidez erdararen ezarpena, administraziotik baztertua, bizitza sozialean desprestijiatuta...".

Ofizialtasunaren aldeko borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian Euskaraz-en murala Zornotzan.

Ofizialtasuna da egun EHEk aldarrikatzen duena. Ofizialtasuna, horrela ulertuta: "Euskal Herria euskalduna helburu izateak, tartean beste batzuk lortzea eskatzen du. Urte hauetan euskararen ofizialtasunaren aldarria zutabe nagusia izan da, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko ezinbesteko neurri gisa planteatuz. Euskararentzat estatus legal bakarra lurralde osoan lortzea beharrezko urratsa da euskararen normalizazio osoa erdiesteko. Hizkuntza komunitatearen begirunea eta onarpenetik abiatuta, euskaldunok gure eskubideak babesturik ikusi nahi eta behar ditugu. Eskubide berdintasunetik abiatzea da tarteko urratsa, baina ezinbestekoa. Izan ere, egun tope legalak izugarriak dira gauden lurraldean gaudela. Esaterako, Euskal Herrian arropa ekoiztuko bagenu eta gure merkatua Euskal Herriko lurraldeetan soilik euskarazko etiketajez jarri nahiko bagenu, legea hautsiko genuke. Aldiz, Zaldibian edo Gasteizen gaztelania hutsezko etiketak topa ditzakegu, edo frantsesez soilik Kanbon. Honelako hamaika adibidek gure herrian euskaraz bizitzeko ezintasuna erakusten du", EHEren arabera.

Ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena azken urte hauetan handia izan da. 1980an Bilbon 10.000 lagunek euskara ofiziala aldarrikatu zuten. Urte hauetan eskaerak segida izan du eta Iruñean 2003an 5.000 lagun bildu zituen EHEk euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko. Honen atzetik beste makina bat ekimen etorri da, esaterako, Baionan hasi, Euskal Herria zeharkatu, herriz herri iragan eta Bilbon manifestazio jendetsu batekin amaiera izan zuen martxa, Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat: ofizialtasuna lelopean. Gerora, Gasteizen manifestazio jendetsua ere egin zen; eta gogoan hartu behar da ere 2002.ean euskalgintzako eragile andanekin antolatu ziren jende kateak, Euskal Herriko hiru administraziotatik (Iparraldea, Nafarroa Garaia eta Euskal Autonomia Erkidegoa) etorritako euskaltzaleak, Behobiako Pausuan bilduz.

Lan eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira EHEk lantzen dtuen eremuak:

  • Euskara ezagutzeko eskubidea: euskal herritar orori dagokion eskubide gisa aldarrikatua. EHEren arabera, "azken hogei urteetan euskararen ezagutzak ez du aurrera egiten. Bi hanka nagusi dira eskubide hau bermatzeko beharrezko: batetik, eskola genuke. Haur eta gazte guztiei euskararen ezagutza eskola bertatik ziurtatu behar zaie. Espainola eta frantsesa ezagutu behar diren bezala, euskararen ezagutza bermatu behar da, euskalduntze prozesuan inflexio puntua egiteko. Askok sarri inposaketa ahalbidetzen dugula adierazten badute ere, oinarrizko eskubidetzat hartu beharra dugu honen berma. Bestalde, helduak euskalduntzea izan behar da beste erronka. Eta horretarako, benetako politika eta doako zerbitzua bermatu behar dute administrazioek. Haiek, eskola bidez orain helduak diren pertsonei kalte izugarria egin diete eta ezagutzaren eskubidea bermatzeko betebeharra dute".

1992an eskubide hau aldarrikatu eta Gasteizko Gobernuak hezkuntza politika salatzeko 8.000 lagun bildu ziren. A ereduaren aurkako kanpaina ere gogoratu behar da. Honekin batera, beste eragile batzuekin Euskara eskubidea eta abantaila kanpaina burutu zuen EHEk, eta azkenik, 2002.ean Eskolak euskaldundu behar du! kanpainaren bidez, adostasun zabala lortu zuen EHEk eragile eta herritar ugariren eskutik[3].

  • Administrazioa: Euskal Herriko administrazio ugariek zerbitzu desberdinak eskaintzen dituzte: osasuna, justizia, udalak, foru diputazioak, ogasuna, polizia, epaileak, fiskalak, erizainak, lan bulegoak, eta abar. Esparru honetan ere mugak salatzen ditu EHEk: "Epaileen aurrean gure burua erdaraz defendatu behar dugu edo kasurik onenean itzultzaileaz, arrotzak bagina bezala. Bestalde, osasun arazoak direla medio, erdaraz sendatzera kondenatzen gaituzte. Horregatik, alde batetik, jada kontratatzen diren langileak euskaldunak izan behar dira, behar den hizkuntza eskakizuna ezarriz eta egun daudenak euskalduntzeko plan eraginkorrak abian jarri. Normalkuntza planak, alegia".

Azken urte hauetan justiziaren arloan aldarrikapenak egin ditu EHEk. Epaiketak ebatzi dira, itzultzaileak ez onartuz, erdarazko zitazioak itzuliz... Gainera, Gernikako epaitegiari 2.000 herritarrek intsumisioz erantzun zioten: Ez ziren bertara agertu, haien hizkuntza eskubideak bermatu artean. Osasun munduan ere hainbat salaketa egin da: 2002. urteko oposizioetan zenbait euskaltzalek azterketak oztopatu eta aztoratu zituzten. Iruñean ere hainbat lagunek bide seinale erraldoi bat, rotaflexa eskutan, moztu zuten. Udalei begira ere: 1987an Euskara benetan gure udaletan lelopean, hainbat udaletxe okupatu ziren. Kanpaina hau geroago udalerri euskaldunen mugimenduaren aitzindari izango zen, urtebete geroago hainbat udalerri euskaldunetan mozioak aurkeztuz, euskaraz bizitzea erabaki zutelako. Bi urte geroago UEMA sortu zen.

  • Komunikabideak: 1980ko hamarkadan EHEk euskarazko telebista aldarrikatu zuen, euskal jendarteko beste eragile eta herritarrekin batera. Baina egun, "hedabideetatik jasotzen dugun informazio ia guztia erdarazkoa dela" salatzen du EHEk. "Hedabideek euskaraz informatzea bermatu behar dute", EHErentzat.

Ildo honekiko ere hainbat ekimen bururtu da: 1981ean 60 lagunek Radio Nacional-eko egoitza okupatu zuten. Urte berean euskarazko irrati eta telebistaren aldeko manifestazioak egin ziren eta bi urte beranduago Erdararik ez ETBn! lelopean manifestazioa egin zuten Durangon eta kontzentrazioa Iurretan. Tele Navarran ere euskararen presentzia aldarrikatu zuen EHEk.

  • Normalizazioa: ildo nagusi hauekin batera, EHEk normalizazio prozesuan lan giten du euskalgintzako beste hainbat eragilerekin batera. Kontseiluaren sorrerarekin batera, normalizazio planak bultzatu ditu herrietan, eta baita nazio mailan ere. Normalizazio planetan ahalik eta eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera, herritarren parte hartzea bultzatu nahi du EHEk.

EHEren sorrera garaian jada, Donostiako Eusko Kontseilu Nagusian itxialdia egin zen euskararen normalizazioa lortzeko plangintza eskatuz. 1998. urtean Bai Euskarari ekimena burutu zen. Euskal Herriko bost estadio (Anoeta, Sadar, San Mames, Mendizorrotza eta Agilera) euskaltzalez bete ziren, 130.000 euskaltzalez hain zuzen ere, normalizazio prozesuak beharrezko zuen bultzada osoa aldarrikatuz[4][5].

  • "Erasoei erantzun" ildoa: EHEren arabera, "ezin da ahantzi euskara eta euskaldunok ez gaudela testuinguru neutral batean kokatuta. Gure herriak, komunitateak eta hizkuntzak jasan beharreko erasoak bata bestearen atzetik etorri izan dira, egun bezalaxe. Mota askotakoak eta garaira egokituak, baina egituran komunak diren ezaugarriekin: euskalgintzaren ekimena oztopatu eta boikotatu; normalizazio prozesua geratu; urratsak indargabetu; zatitzen gaituen egitura juridikoa indartu eta babestu; euskararen aurkako neurriak hartu; mendeetako zapalkuntzari segida eman; eskolaren erabilpena erdara inposatzeko; euskalgintzaren kriminalizazioa...".

Ugariak izan dira esparru honetako mobilizazioak. Vascuencearen Legearen aurka hainbat manifestazio jendetsu egin da. 1994an euskararen aurkako erasoak salatzeko, EHEko hiru kide larru gorritan sartu zirela Arabako Biltzar Nagusietan. 2002an EHEko bi kidek Miguel Sanzen hitzaldi bat moztu zuten bere politika salatzeko. Urte berean beste hiru kide Ibarretxeren aurrean jarri ziren Ofizialtasunaren ukatzailea lelopean.

2022ko Otsailean erabaki garrantzitsua hartu zuen elkarteak: Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzea euskalduntze osorako lagungarria delakoan.

Hau Pittu Hau![aldatu | aldatu iturburu kodea]

1987an sortu zuten "Hau Pittu Hau!" izeneko konpartsa Bilbon.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «EHE 30 urtez» euskalerrianeuskaraz.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  2. Arruti Landa, Iñaki. (PDF) EUSKARA ELKARTEAK: JATORRIA ETANORABIDEA. (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  3. «erabili.eus/ Eskolak euskaldundu behar du» www.erabili.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  4. «1998ko Bai Euskarari ekitaldia» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  5. (Gaztelaniaz) «15.000 alaveses abarrotaron el campo de Mendizorrotza» El Periodico de Alava (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]