Edukira joan

ENIAC six

Wikipedia, Entziklopedia askea
ENIAC six
Datuak
Motapertsona taldea
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Kideak

ENIAC six sei emakume informatikarik osatutako taldea izan zen. Talde honek ENIAC (Electronic Numerical Integrator And Computer) izeneko erabilera zabaleko lehen konputagailu digitalaren jatorrizko programazioa egin zuen.

Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldera, Estatu Batuetan ENIAC programa abiarazi zen. Bere helburua segundo gutxitan kalkulu matematiko konplexuak egiteko gai izango zen ordenagailua eratzea zen. AEBko Armadak erabili zuen konputagailu erraldoi bat izan zen, berez erabat digitala zen lehenbiziko konputagailutzat jo izan da, bere helburua jaurtiketa taulak kalkulatzea izan. Ordenagailuaren izena ingelesezko Electronic Numerical Integrator And Computer izen osoaren siglaz osatua dago (euskaraz: Zenbakizko Integratzaile eta Konputagailu Elektronikoa).

John Eckertek eta John William Mauchlyk ingeniariek eraiki zuten ENIAC ordenagailua eta beraiek izan ziren ohore guztia jaso zutenak. Baina eraiki ondoren, programatu beharra zegoen eta makina hau programatzeaz arduratu zirenak, hiri eta jatorri ezberdinetako sei emakume paregabe izan ziren.[1] Bere garaian "azpi-profesional" bezala sailkatu ziren lan kostuak murrizteko, baina emakume talde honek programazioa egin ahala asmatuz lan egin zuen, bere trebetasun matematiko eta logikoa nabarmenduz.

1943an, kalkulugile eta ikuskatzaile zuzen gehienak emakumeak ziren. Beraz, sei emakume matematikariei aurrekaririk gabeko lana eskatu zitzaien: kalkulu-programa balistiko bat konputagailuan kodetzea. Ez zegoen dokumentaziorik, ezta programazio-lengoaiarik ere. Programatzaileek makinaren diagrama elektrikoak baino ez zituzten, eta makinaren funtzionamendua ulertu behar zuten programatu ahal izateko.[2]

Ikusgaitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AEBetako armadak 1946ko otsailaren 15ean makina erraldoia jendaurrean aurkeztu zuenean, oharkabean pasatu ziren bere ahaleginak. Emakume horien izenak ez ziren agertu New York Times egunkariko «Konputagailu elektronikoak erantzunak ezagutarazten ditu eta ingeniaritza azkartu lezake» izeneko artikuluan.[3]

Garai hartako argazkitan ENIAC ordenagailuaren aurrean zutik zeuden emakumeekin. 1980ko hamarkadara arte, emakume horiek modeloak besterik ez zirela esan zuten baina beraien lanak izan ziren 1940ko eta 1950eko hamarkaden arteko programazioaren bilakaera goitik behera aldatu zutenak. Emakume horiek programazioa erraza eta ulergarria izateko oinarriak ezarri zituzten, lehenengo errutina-sorta eta software-aplikazioak sortu eta programazio arloko lehen ikastaroak eman zituzten[4]

Munduko lehen konputagailuaren garapenak bide eman zion telefono adimendunen, pantaila ukigarrien, gailu mugikorren eta egungo elektronikaren aro digitalari. Baina ENIAC bultzatzen lagundu zuten sei emakume hauen lana, literalki ezabatua izan zen. Artxiboko argazkiek emakumeak eta gizonak erakusten dituzte makina erraldoian lanean, baina argitaratutako artikulu eta irudiek gizonak baino ez dituzte erakusten. Garai hartan Penn-eko Ingeniaritza Elektrikoko Moore Eskolan erakustaldi arrakastatsu bat egin ondoren, Houston Hall-eko afaria batera ez zituzten emakumeak gonbidatu. [1]

Gelaren hondoan ENIAC ordenagailua dago. Zazpi panel ditu, botoiz, argi adierazlez eta kablez estaliak. Ordenagailura konektatutako kable sorta bat ikusten da. Bi emakume makinaren aurrean zutik daude: Betty Jenning ezkerrean eta Frances Bilas eskuinean. Frances Bilas-ek aginte-biratzaile bat doitzen ari da, bitartean Betty Jenning kable batzuk mugitzen ari dela dirudi.
Betty Jenning (ezkerrean) eta Frances Bilas (eskuinean), ENIAC programatzen.

Kathleen Antonelli, Jean Bartik, Betty Holberton, Marlyn Meltzer, Frances Spence eta Ruth Teitelbaum izan ziren ENIAC ordenagailuaren programazioa eratu zuten sei emakume programatzaileak.[5]

Marlyn Meltzer eta Ruth Teitelbaum traiektoria balistikoak kalkulatzen zituen ekipo informatiko bateko kideak ziren. ENIAC proiekturako kontratatu zituzten, makinak informazio oso mugatuarekin nola funtzionatzen zuen ulertzen laguntzeko.

Frances Spence eta Kathleen Antonelli, biak matematikariak, AEBetako armadak erreklutatu zituen informatikari gisa 1942an. Hasieran, ENIAC aurreko ordenagailu analogiko bat zen analizatzaile diferentzialaren kalkuluetan lan egin zuten. Geroago, ENIAC proiektura eraman zituzten.

Jean Bartik eta Betty Holberton izan ziren ENIAC ordenagailuaren funtzionamendu orokorra kudeatzen zuen "Master Programmer" programaren arduradunak.

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Top Secret Rosies: Aro informatiko modernoaren hasiera markatzen lagundu zuten emakume matematikarien benetako historiari buruzko telesaila.
  • Las chicas del ENIAC "Mujeres con ciencia" webgunean lan talde honen historia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 (Ingelesez) «On ENIAC’s anniversary, a nod to its female ‘computers’ | Penn Today» penntoday.upenn.edu 2019-02-14 (kontsulta data: 2026-02-18).
  2. (Frantsesez) «L'histoire méconnue des six mathématiciens qui ont programmé le premier superordinateur moderne» BBC News Afrique (kontsulta data: 2026-02-18).
  3. (Ingelesez) Times, T. r Kennedy Jr Special To the New York. (1946-02-15). «Electronic Computer Flashes Answers, May Speed Engineering; NEW ALL-ELECTRONIC COMPUTER AND ITS INVENTORS» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2026-02-18).
  4. (Gaztelaniaz) «Las programadoras de ENIAC (1946-1955)» CPITIR (Logroño).
  5. (Frantsesez) «Les programmeuses de l'ENIAC, le premier ordinateur électronique» www.ada-online.org (Projet ADA) (kontsulta data: 2026-02-18).