Edukira joan

Echevarría SA

Wikipedia, Entziklopedia askea
Echevarria S.A.» orritik birbideratua)
Echevarría SA
Datuak
Motaenpresa
Jarduera sektoreaBurdingintza
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formasozietate anonimoa
Historia
Sorrera1878
Desagerpena1989

Echevarria S.A, edo S.A. Echevarria, edo Etxebarria fabrika 1878an Begoñako errepublikan sorturiko enpresa siderometalurgiko bat izan zen, garrantzitsua Bizkaian. Lehen fabrika Begoñako Errekalde auzoan sortu zuten 1878an (gaur egun Etxebarria parkea dagoen tokia), eta 1902an bigarren fabrika bat (Santa Ageda) ireki zuten enpresak Bilboaldeko beste puntan, Kastrexanan. Errekaldeko fabrika 1982ra arte aritu zen martxan. Bi urte geroago eraitsi zuten,1984an, tximinia bat izan ezik; izan ere, 1987tik aurrera, tximinia hori gaur egungo Etxebarria parkeko ikono bihurtu zen.[1][2][3]1878an Federiko Etxebarriak elizatearen erdigunean Txakilante edo Errekalde (edo Rekalde) izeneko txakolin-baserria (eta haren arloak) erosi zuen fabrika jartzeko.[3][1] San Agustin komentua egon zen lekutik gertu zegoen. Federiko Etxebarriak, bere aita José Etxebarria Azkoagarekin eta bere anaia gaztearekin egin zuen erosketa. Begoñako Basilikatik hurbil eta desnibel batean kokatuta zeuden lurrak; lur horien alde baxuena Udalaren Gas Fabrikari saldu eta ondoko beste batzuk ere erosi zituen, familiak latorrizko ijezketa eta estanpazio tailer apal bat eraikitzeari ekin zion, ondoren zabaldu egin zena galdaragintza eta bainu galvanizatuak fabrikatzeko.[4]

1885 inguruan, Federico eta José Etxebarria Rotaetxe, Echevarría Hermanos (euskaraz: Etxebarria anaiak) konpainiako kideak, aitaren negozio industrialen ardura hartu zuten (1896an hil zen). Baina laster, Federiko Etxebarriak proiektu berriak abiatuko zituen. Horrela, Juan Zurikaldai-rekin batera, lursail berriak erosi zituen Echevarría Hermanos enpresaren izenean, eta, Rekaldeko fabrika handitu ondoren, 1886an hasi zen ferratzeko iltzeen fabrikazio mekanikoa egiten, mundu guztian komertzializatuko zuena. 1894an, Rekaldeko fabrikaren jabe gisa, lankidetza teknikorako kontratua sinatu zuen Frederick Siemens-ekin, eta, horri esker, estatu osoan muntatutako Siemens altzairuzko lehen labea jarri zuen, hainbat ijezketa-trenez gain. Fabrikaren jatorrizko gunea zabaltzen hasi zen, Bilbokoa zen Mallonako hilerriko mugaraino. Lehen Mundu Gerraren garaian, HEVA altzairuak estatu mailako lehen altzairu bereziak patentatu zituen.[4]104 urteko historia izan zuen "Echevarria Fabrika"-ren lekukoa da gaur egun Etxebarria Parkean geratzen den tximinia.

Aurrekariak (1400-1878)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Etxabarria Fabrikako langileak eta jabeak 1896an. Urte horretan hil zen Jose Etxebarria lantegiaren bultzatzaile nagusia eta seme nagusiak ziren Federicok eta Josek lantegiaren kargu hartu zuten berrikuntza handiei ekinez. Urte horretantxe hasi ziren iltzeak egiten Siemens enpresak egin zien altzairuzko labeari esker. Argazkiaren erdi-erdian Wilson norvergiar teknikaria dago Etxebarria anaiak eskumaldean daudela. Mazak, orrikak, ziriak eta bestelako lanabesak dituzte beharginek.[5]

Industria-prozesua goiz abiatu zen Begoñan, eta goiz azaldu zen Boluetako Otxaibai leku-izena. Legizamon abizeneko familiakoak ziren XV. mendean bertako burdinola eta erroten jabeak; eta lantegi horiek 1828an zutik irauten omen zuten. Bitxia bada ere, bertan kokatu zen 1841ean Bizkaiko lehendabiziko siderurgia-fabrika, lingoteetatik burdinurtua eta ijezketak (laminazioak) egiten zituena. Euskal Herriko lehen fabrika moderno aitzindaria izan zen. Beraz, nahiz eta azkenaldian Bizkaiaren irudi industriala beti itsasadarraren ezkerraldearekin lotu izan den, Begoñako errepublikan izan zuen jatorria: Boluetan. Han sortu ziren lehen labe garaiak. Geroago, 1846an, labe garaia jarri zen martxan; horretarako burdin-mea Ollargan meategitik (gertu zegoen, Ibaizabal ibaiaren beste aldean) eta egur-ikatza inguruko basoetatik ekarri ziren.

Bizkaiko burdinak garrantzi berezia izan zuen industrializazio prozesuan. Lehen aipatu diren burdinolek, eta Somorrostrotik ateratzen zen kalitate handiko metalak merkatu ona zuten Europako Atlantikoan. Gainera, Bilboko portua leku estrategikoa zen nazioarteko merkataritza hori egiteko: produkzio lekutik gertu, Gaztelako artilearen portu naturala zen, Europan asko kontsumitzen zen produktua[6]. Barkuek artile hori garraiatzen zuten, eta burdina pisua emateko erabiltzen zuten[7], bereziki Ingalaterrara[8], baina baita Amerikara ere[9]. Burdina zeramatzaten itsasontziek bueltako bidean beste produktu batzuk ekartzen zituzten, eta bide horretan garrantzia hartu zuen Bilbo-Cardiff bideak: Galesera burdina eramaten zen eta bueltan ikatza ekarri, Asturiasen produzitzen zena baino kalitate hobea zuena[10]. 1856an egoera guztiz aldatu zen: Henry Bessemerrek bere izena daraman prozesua patentatu zuen[11]. Bizkaiko burdinak askoz emaitza hobeak ematen zituen, fosforo gutxi zuelako; Erresuma Batura egindako esportazioak biderkatu ziren[12]. 1863tik aurrera burdinaren salmenta erraztu zen, fiskalitatea aldatzearen ondorio[13].

Begoñako elizatea gune industrial bihurtu zen lehen karlistaldia bukatu ondoren; Santa Ana de Bolueta fabrika ireki zen urte berean, aduanak Ebrotik kostalderaino eraman ziren. Burdin-lingoteen bigarren fusioa egiten hasi zen 1843tik aurrera, hasieran Ingalaterratik ekarritako mearekin, eta Asturiastik ekartzen zen ikatz begetala erabiliz berotzeko, Ibaizabalen egindako presaren indar hidraulikoa ere baliatu zuten. Bigarren fusioko prozesua bakarrik egitea garestia zela eta, mineralarekin lehen fusioa ere hasi ziren egiten 1848an eraikitako labe garaiarekin. Hasieran burdina lingotetan heltzen zitzaien eta bigarren fusio batean prozesatzen zuten burdinazko tresnak sortzeko. 1860an fabrikak bazituen 200 langile, hiru labe garai eta langileentzat eraikitako lehenengo etxea. Fabrika hartan eraiki zen, adibidez, 1847ko Areatzako zubia osatzeko behar izan ziren pieza guztiak. 1889an elizateko biztanleen laurdena baino gehiago Boluetan bizi zen, funtsean Santa Ana fabrikari eta ostalaritza-establezimenduei lotuta; Begoña osoko biztanleak 2561 ziren eta Boluetakoak 711.

Begoñako elizatea edo errepublika, 1925ean Bilbok anexionatu arte, landa giroko udalerria zen nagusiki; zelai berdeak zituen, errekek eta errekatxoek ureztatutako baratze, fruta-arbola eta mahastiekin; landa-eremu horretan kokatzen ziren baserriak, eskola, udaletxea (Errepublikako Etxea) eta basilika santutegia; baita garbitegi eta iturriak ere, emakumeen eguneroko topaleku; eta tabernak eta ardandegiak, herrira iristen ziren errepide eta galtzadetatik. Bizi-eremu tradizional horrek, Bilborekiko gertutasunak baldintzatuta, bere mugen barruan hartzen zituen, Bilboko burgesiaren komentu eta landa-etxeez gain, industria-iraultzaren ondoren sortutako meategi- eta fabrika-tailerrak eta -kontzentrazioak (Larreagaburu, Boluetako Santa Ana fabrika (1841-2005), S.A. Echevarría eta Tabako-Fabrika), bai eta haiei zegozkien langile-populazioko poltsak ere, zeinetarako lehen etxe merkeak eraiki baitziren. Paisaia berri horretan, pixkanaka, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko muga, tradizioaren eta modernitatearen artekoa, lausotuz joan zen.[1]

Sorrera Begoñako Errekalden (1878)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Map

Errekaldeko fabrika izan zen paisaia berri horren protagonistetako bat, non zelai berdeek tximiniei lekua egin zieten eta, gainera, modernitatearen paradigma gisa ulertuta, Echevarría SA industria siderurgikoaren sorburuetako bat izan zen, eta Begoñako mahatsorrientzat "fabrika" besterik ez. 1878an sortu zenetik eta 1982an itxi ondoren ere, Begoñako Kaltzadak eta Uribarri auzoen eraldaketa urbanistiko eta sozialaren parte eta arte izango da. Ekoizpen-eredutzat eta gizarte-harreman berrien sustatzailetzat hartuta, fabrikako instalazioa berezkoa eta familiarra dela irudituko zaie langileei, eta hura sortzen eta eraldatzen parte hartu zuten, xede komun bat partekatuz. Fabrikaren eta komunitatearen arteko harreman horrek, denboran aldakorra eta ez beti lagunkoia, auzoaren identitate kolektiboa eratzen lagundu zuen, eta nahiz eta fisikoki fabrika desagertu, oraindik ere hor irauten du aspaldiko giroa. S.A. Echevarría fabrikaren jatorria xafla litografiatua estanpatzeko tailer batean dago (kontserba-potoak egiteko latorria), José Echevarría Ascoaga (1811-1896) errementari arabarrak 1878an sortu zuena. Begoña eta Bilboren arteko muga egiten zuen Bolborategi izeneko ibarrean zegoen, Txakilante baserri txakolindegi desagertuaren lurretan. Fabrika-instalazio hasiberriari Errekalde (edo Rekalde) izena eman zioten, lur haiek zeharkatzen zuen errekatxoaren izena zen. eta Kristo kaleko hasierako iturrian bukatzen zen erreka. 1886an, sortzailearen hiru seme-alabak negozioan sartu ziren, eta Federicoren irudia nabarmendu zen (1840-1932). Federico, beste industria- eta merkataritza-ekimen batzuen artean, familia-enpresaren buru izan zen: lurraren zati bat Gasaren Udal Fabrikari saldu zion, beste batzuk erosi zituen goiko lautadan, eta produkzioa dibertsifikatu zuen, hurrenez hurreneko instalazio mekanizatuekin; baldeak eta zartaginak egiteko tailerra (1886-90), ferratzeko iltzeak eta ferrak (1887), horiek izan ziren Errekalde enpresaren benetako euskarria (1897). 1898an, kalitate kontrolatuko altzairua ekoiztu nahi zutenez, Estatuko lehen Martin-Siemens Labea instalatu zuten, denbora gutxian edukiera bikoitzeko beste berri batez ordezkatuta, eta bi ijezketa-tren, arbastatzeko bat eta profil komertzialeko beste bat.[1]

Kastrexanako Santa Ageda fabrikarekin integratzea (1902)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Map

1902an, fabrikan baziren zazpi nabe, dozena bat industria-eraikin eta mendi-mazelaren gaineko laborategi bat, eta hala ere handitu egin zuten Hierros y Fundición Santa Águeda enpresa erosita, Kadagua ibaiaren ertzean, Kastrexanan, Barakaldotik gertu. Lantegi berrian baziren galdategi bat, energia hidraulikoz eragindako trefileria bat, alanbre-eratorritakoak eta iltze-tailer bat. 1924an osatu zuten egur-ikatzezko labe garai bat eta Les Fours Lecocq sozietatearen koke-bateria bat gehituta. Santa Agedako eta Errekaldeko fabirikak tren-adar baten eta gas-hodi baten bidez konektatu zituzten gero. Bi lantegiek 313 langile izatera heldu ziren, eta urtean 2.500 tona ekoiztera ere.[1]

Garai hartan Altos Hornos de Vizcaya 1902ko apirilaren 29an sortu zuten Bilbon, honako enpresak fusionatu ondoren: Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Aceros de Bilbao, La Vizcaya eta La Iberia. Enpresa hauek Europa osoan zehar esportatu zuten burdin bizkaitarra, eta lehiakortasuna hobetzeko bat egin zuten.Sociedad Anónima Echevarria (1920).[1]

Geroago, 1920ko otsailaren 11n Echevarria S.A. sortu zen eta Mario Herrán eta Santiago Vallhonrat ingeniarien saiakuntzek HEVA markarekin merkaturatutako altzairu xeheen ekoizpena lortu zuten. Bere kalitate handiak, 1925, 1929 eta 1930eko erakusketa nazional eta internazionaletan saritua, bere ezarpena azkartuko du, eraikuntza, erreminta eta automoziorako altzairuen merkatu estatala monopolizatuz.[1]

Agate Deunan zegoen Erdi Aroko burdinolak Santa Agueda fabrikari utzia zion tokia 1862an, tradizio metalurgikoarekin jarraitze aldera. Kastrexanako Agate Deunan, 1987 arte, hiru ekoizpen-prozesu egon ziren: labe garaietako galdaketa, koke-ekoizpena eta trefilaketa. Koke-bateria 50 labek osatzen zuten eta XX. mendearen 50eko hamarkadan instalatu zen, 1921eko eta 1924ko lehenengo labeak ordezkatzeko. Kokea lortzeko prozesurako lehengaia Saberoko meategietatik (Leon) ekartzen zen (geroago Afrikatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik ere bai).[14]

Santa Ageda. Koke-bateriak (1987)

1925eko urtarrilaren 1ean Bilbok Begoñako eta Deustuko elizateak bere osotasunean anexionatu zituen. Hiru urte geroago, Echevarría S.A. Onura Publikoko Industria izendatu zuten, eta bertan behera utzi zuen hiriak Errekalderen gainean zuen edozein hirigintza-plan. Aldi berean, fabrikari ondoko landa-lurrak desjabetzeko aukera eman zion. Hirurogeiko hamarkadara arte, lursail horietan jardun zuen, eta, pixkanaka, Zumalakarregi etorbideko lautadaren azalera osoa hartu zuen, muga hauek zituela: Mallonako hilerri zaharra eta Trauko bidea, Kaltzadak, La Estrella, Etxechikerra baserriak. Begoña Kirol Elkarteak zeukan Gurutz Berdea futbol zelaia ere irentsi zuen. Azken horren gainean, Echevarríak atseden-leku bat eraiki zuen bere langileentzat, anbigu-a, frontoiak, bola-jokoa eta kantxa izan zituena. Echesa Kirol Elkartekoek futbol, saskibaloi, eskubaloi eta hockey txapelketetan parte hartzen zuten. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdera, Forja eta Estanpazio atalen handitzeak atseden-leku horiek itxiera behartu zuen, egoitza soziala eta kirol-lehiaketak Basarratera eraman ziren, bertan baitzegoen Etxebarría etxebizitza-taldea. Gaseko kalezuloan zegoen langileen ekonomatoa ere Basarratera eraman zuten.[1]

Gerrate Zibilaren ondoren, Bizkaiko Labe Garaiek landa-exodoa erakarri zuten, eta Bilbo Handiko ekonomiaren dinamizatzaile bihurtu ziren, Espainia osoko etorkinak bereganatuz. Hortaz, Bilbo Handia estatu osoko hirigunerik handienetarikoa bihurtu zen. 1939tik 1959ra bitartean, diktadurak ezarritako autarkia ekonomikoak eta gobernu-interbentzionismo gogorrak soldata baxuak inposatu zituen. Baldintza horiek hobetzeko asmoz enpresak eta langileek adostu zuten familien aurreikuspen asistentziala eta soziala edukitzea, plantilla kohesionatu eta produktibitate handiagoa lortzeko. Asistentzia Mediko Kirurgikoko Mutualitatea eta Gizarte Laguntzako Zerbitzua sortu zituzten. Bertan, langileen eta haien seme-alaben oinarrizko prestakuntza eta espezializazioa sartu ziren, ikasketa-bekekin, udalekuekin eta aprendizen eskolak sortzearekin, alokairuko etxebizitzak erosteko edo eraikitzeko finantzaketarekin, Aurreikuspen Kutxarekin, Erretiratuen Egunarekin eta C.D. Echesak 15 kirol-modalitate baino gehiago zituen. Mendi Taldean gizon eta emakumeak ibili ziren 1954tik aurrera, fabrikako idazkaritzan eta administrazioan emakumeak sartu izanaren isla.[1]

Kutsadura Begoñan eta Basauriko Altzairuaren Hirira (1960-1967)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Map

Hirurogeiko hamarkadan, 5.349 langileko plantillarekin, eta nahiz eta teknologian eta produktuetan (herdoilgaitzak, erregogorrak eta beroarekiko erresistenteak) berrikuntza-politika egin eta industria-espazioa behin eta berriz handitu, Errekalde eta Santa Ageda instalazio zaharkituak eta hertsiak ziren. Lehenaren kasuan, egoera larriagotu egin zen, Bilbon kutsadura handia sortzen zelako. Ke handia zabaltzen zuen hirian bere bost tximiniek, forjazko mailuen etengabeko kolpeak ziren eta euria ari zuenean ikatz puska ñimiñoez arropa blaitzen zuten. Egoera horrek eta altzairu berezien sektorea modernizatzeko eta lehiatzeko Siderurgia Plan Nazionala aldarrikatzeak (1964-72) bultzatu zuten Echevarría SA Basauriko San Miguel ibarrean Altzairuaren Hiria eraikitzera (1967). Siderurgia-instalazio moderno automatizatu bat zen, 300.000 tonako hasierako ekoizpen-gaitasuna zuena, langile gazte eta teknikoki prestatua, eta I+G+Ban berrikuntza eta teknologiaren aldeko apustu argia egin zuen. Denboran zehar egindako apustu horri esker, gaur egunera iritsi da Sidenor markarekin, eta erreferentzia bihurtu da Europako altzairu berezien sektoreko teknologien ekoizpenean eta garapenean.[1]

Azken urteak eta itxiera (1967-1988)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974ko energia-krisiak, euskal altzairuaren produkzioaren gehiegizko lehiakortasunarekin eta gehiegizko produktibitatearekin batera, ustekabean harrapatu zuen Echevarria, produkzioaren eta plantillen bikoiztasun-egoera larrian murgilduta. Horren ondorioz, 1979an Saneamendu Plan bat egin zen, 1980an Aceriales S.A. enpresan sartu zen, 1982an Recalde itxi zen, 1984an Santa Agedakoa sekzioka saldu zen, 1978tik 1981era bitartean langile-kopurua murriztu egin zen, 3.723 lanpostu ezabatu baitziren, gehienak Errekalden, eta horrek lan-gatazka ekarri zuen, Euskal Herriak bizi zuen egoera sozio-ekonomiko eta politiko zailari gehitu zitzaiona.[1]

Espainia Europar Batasunean sartu ondoren, 1988-12-31n Aceros del Norte ACENOR S.A. industria-talde publikoa eratu zen (1991tik aurrera, Sidenor), eta talde horretan sartu zen S.A. Echevarría. Horrek enpresa gisa desagertzea eta familia sortzailearekin zuen lotura galtzea ekarri zuen.[1]

Etxebarria Parkea eta bere tximinia.

Errekaldekoaren itxiera 1978ko abendurako ezarrita zegoen arren, mantentze-, kontrol- eta tratamendu-tailerrek eta ijezketako duo bikoitzeko trenak martxan jarraitu zuten 1982ra arte. Bi urte geroago, arpilatutako burdinazko eta adreiluzko pabilioiak, tximiniak eta bizirik iraun zuten gainerako instalazioak eraitsi eta desegin ziren, duo bikoitzeko trenaren tximinia izan ezik; izan ere, 1987tik aurrera, gaur egungo Etxebarriako udal-parkean lurperatutako fabrikaren ikono bihurtu zen.[1]

1980-1990eko hamarkadan krisiak gogor jo zuen Euskal Herri osoa, Bilbo Handia batez ere, eta AHV enpresa zaharrak ateak itxi zituen eta horrekin batera, Astilleros Euskalduna bezalako enpresek ere. Gaur egun, berrindustrializazioa gauzatu ostean, Acería Compacta de Bizkaia - ACB deituriko enpresa sortu da, CSP teknologia bidez urtean 3 milioi tona altzairu ekoizten dituenak.

Rekalde fabrikako antolaketa. (Circa 1967)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazkian markatuta dauden zenbakiekin eta beheko zerrendarekin ikus daiteke zelan zegoen antolatuta Errekaldeko fabrika 1967an edo.[15]

Begoña - Echevarria erakusketa Bilboko Euskal Museoan (Amaia Mujika Goñi eta Esteban Kadarso, 2018)[15]

1. Altzairutegia - HEVA altzairu berezietarako labe elektrikoak (1952-1980).
- Lectromelt OT labea (2). Tagliaferri labea (1) eta suberaketa-labeak (4)
- Laborategia: bide hezeko isurketen kontrola. - Balego nagusi eta teknikoa - Aldagela
1.1. Pabiloi lagungarria: Materialen siloak eta kalaputxak- Transformadoreak eta ur-azplestazioa.
1.2. Pabiloi lagungarria, lingote-ontzien biltegiratzea eta adreiluaren, koilaren eta labe-galgen estaldurak
2. Txatarra-parkea (biltegiratzea eta sailkapena), jasotzeko eta garraiatzeko makinekin
3. Forjaketa eta estanpazioa. Bi ataleko pabiloia bakoitzak luzetarako erdi bat okupatzen du.
4. Ijezketa.
4.1. 650 trena edo arbaste-trena, 100 mm-ko totxo-xafla
4.2. 5 trena. 100 mm-ko totxo-xafla, profil eta neurri desberdinetan
4.3. 400 trena. 5 trena bezala, profil eta neurri txikiagoetarako
4.4. Erroilu-tren automatikoa
4.5. Doble Duo trena, barrak egtekoa (1955-86). Haren tximinia da Etxebarria parkean geratu zena. 4.6. Kontrol- eta espedizio-biltegia.
4.7. Totxo-egokikitzailes
4.8. Totxo-aztertzailea
5. Altzairu-biltegia
5.1. Laborategi metalografikoa - Zuzendaritza, bulegoak- Metodoak eta denborak - Delineazioa
5.2. Barren tratamendu termikoak. Gogortasunak. Magnaflux (pitzadura-kontrola)
5.3. Akabera eta espedizioa.
5.4. Erroiluen tratamendu termikoak
5.5. Desugerketa
5.6. Kalibratzea
5.7. Pieza-lantegia. Piezen eta zilindroen mekanizazioa
5.8. Zilindroen tratamendu termikoa eta galdaketa (1957)
5.9. Biltegia eta espedizioa. Malgukietarako barren torneaketa eta zuzenketa Zurgintza 6. Bulego nagusiak eta zuzendaritza
7. Magalean mailakatutako eraikina (1957).
- Aldagela armairuekin. Lantegi elektrikoa eta doitasun-mekanika - Iman-lantegia - Aprendizentzako eskola. - Erdi-mailako lanpostudunentzako jantokia eta langileentzako beste bat- Zurgintza - Galdaketa-moldeen biltegia
8. Laborategi nagusia: kimikoa eta metalurgikoa (1945).
- BS: zuzendaritza, metalurgia-saileko bulegoak. Laborategi metalografikoa. Saiakuntza mekanikoetarako gela, Ikerketako tratamendu termikoak IS: laborategi kimikoa 2S: aldagela, Liburutegia. Itzultzaileak
8.1. Laborategi-zerbitzurako lantegi mekanikoa, Zuzendaritza-kide eta ingeniaritzako jantokiak ordeztua.
9. Iltze-lantegia. Galdaketa, grapak, mekanikoa eta galdaragintza
Fabrikaren jatorrizko atala. Trenbideetarako grapa elastikoen lantegia (1955-63-75-78)
9.1. Lantegia mantentzeko eta konpontzeko lantegi mekanikoa
10. Aldagela orokorra. Sabai altuak zituen gunea, non arropa polea-sistema baten bidez esekitzen baitzen.
11. Lantegi mekanikoa eta galdaragintza
12. Hobi naturala, labeetako zepaz eta obra-hondakinaz bete zena.
13. Larrazabal taldea; 3. zenbakian, Echevarriak mantentze-buruentzako 23 etxebizitza zeuzkan
14. Lezamako trenbidea
15. Areetako trenbidea.
15.1. eta 27. Sarratuko trenbidea (Azbarren-Basauri-Matiko 1918-1969) eta fabrikarekiko lotura
16. eta 35. Gas udal fabrika eta Echevarriaren gasometroa, Santa Aguedako gasarekin
18. Lantegi mekanikoa 2. Mantentzeko ordezko piezak. 1967an 11. zenbakira lekualdatu zen.
19. Salgaien biltegia (24 orduetan zabalik).
20. Martin-Siemens labeak, altzairu arrunta fabrikatzeko. Azken isurketa, 1980an.
-2 Siemens labe eta B.V desgasifikatzaileak (1970) eraikuntza-altzairuetarako eta lingoteetarako
- Lingote-ontzien konponketa (1957). - Mantentze-lantegia, aldagelak eta bulegoak
20.1 Zeramika-atala. Adreilu erregogorren fabrikazioa
21,22 eta 34. Fabrikarako sarbideak Atezaintza. - Presentzia-kontrola. - Baskula. - Botika-kutxa
23. Zentral elektrikoa gasarekin
24. Ekonomatua
25, Ikaztegia
26. Ikatza bagonetetan kargatzeko gunea
31. Eraikina. Fenwick eskorgen karga eta konponketa (BS), - Fabrikaburuaren bulegoa
32. Telefonogunea
33. Alsedenlekua (bolatokia, pilotalekuak, taberna mahaiekin eta bankuekin bananondoen azpian)
36. Futbol-zelaia, 1947tik, Mallonako antzinako hilerriaren gainean

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l m (Gaztelaniaz) Mujika Goñi, Amaia. (2018-12-22). Nuevo paisaje de Begoña La fábrica de Recalde – Historias vascas. (kontsulta data: 2025-10-17).
  2. Alonso Olea, Eduardo. «ECHEVARRÍA, S.A. - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-10-20).
  3. a b Pa Ya Konpartsa; Ortega, Hektor. (2024-05-22). BEGOÑA 1924-2024. Galdutako herria berreskuratzera goaz! Begoñako langileria (53:00-55:20). (kontsulta data: 2024-08-08).
  4. a b (Gaztelaniaz) AlonsoOlea, Eduardo J.. (2016-05-14). «La anteiglesia de Begoña y la primera industrialización» Deia (kontsulta data: 2024-09-01).
  5. Ugarte, Alberto. (2012-03-01). «Wilson, Etxebarria anaiak eta langilea (1896)» BERTON aldizkaria, 152 zbkia, 2012ko martxoa (Begoña: BLB Komunikazioa) 15.
  6. (Ingelesez) Bilbao, Luis Mª. «Auge y crisis de la siderometalurgia tradicional en el País Vasco (1700-1850)» La Economía española al final del Antiguo Régimen (M. Artola dir.). Tomo III: Manufacturas (P. Tedde ed). Alianza Editorial y Banco de España. Madrid, 1982. (kontsulta data: 2019-05-12).
  7. Zabala Uriarte, Aingeru. (1970-01-01). «Tráfico y comercio maritimo entre Ribadeo y Bilbao a finales del siglo XVIII» Ohm : Obradoiro de Historia Moderna (19)  doi:10.15304/ohm.19.475. ISSN 2340-0013. (kontsulta data: 2019-05-12).
  8. Heckscher, Éli F.. (1932). «Un grand chapitre de l'histoire du fer, le monopole suédois» Annales 4 (14): 127–139.  doi:10.3406/ahess.1932.1504. (kontsulta data: 2019-05-12).
  9. (Gaztelaniaz) Uztáriz, Jerónimo de. (1724). Theorica y practica de comercio y de marina en diferentes discursos .... (kontsulta data: 2019-05-12).
  10. (Gaztelaniaz) IZA-GOÑOLA DE MIGUEL, Francisco Javier. «Luces y sombras de la industrialización vasca. 1880-1980 (I/II)» www.euskonews.eus (kontsulta data: 2019-05-12).
  11. Needham, Joseph, 1900-1995,. Science and civilisation in China. ISBN 052105799X. PMC 779676. (kontsulta data: 2019-05-12).
  12. Flinn, M. W.. (1955). «British Steel and Spanish Ore: 1871-1914» The Economic History Review 8 (1): 84–90.  doi:10.2307/2591781. ISSN 0013-0117. (kontsulta data: 2019-05-12).
  13. (Gaztelaniaz) «El negocio de las minas» El Correo 2010-05-09 (kontsulta data: 2019-05-12).
  14. Yániz, Santiago. (1987). [S.A. Echevarría : [Enpresako langilea]. ] Euskariana.
  15. a b «Echevarria SA - Esteban Kadarso» Flickr (kontsulta data: 2025-10-20).


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]