Edurnezuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Edurnezuri eta amaordea, XIX. mende amaieran Heinrich Leutemann edo Carl Offterdinger-ek eginiko ilustrazioa.

Edurnezuri (alemanez: Schneewittchen; frantsesez: Blanche-Neige; ingelesez: Snow White; gaztelaniaz: Blancanieves) izenburu bera duen maitagarri-ipuineko protagonista nagusia da. Ahozko tradizioan sortutako kontakizuna bada ere, mundu osoan hedatu den bertsioa Grimm anaiena izan da. Jacob eta Wilhelm anaiek 1812an jaso zuten Berlinen, Kinder-und Hausmärchen izenburua daraman liburuan. Bertsio horretatik abiatuz, asko izan dira egin diren egokitzapenak.

Grimm anaien bertsioa[1][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hassenplug familiak Grimm anaiei kontatutako istorioan, Edurnezuriren ama hil ondoren, bere aitak emakume eder bezain zital batekin ezkontzeko erabakia hartzen du. Honek, neskatoa hiltzeko agindua ematen du, gazteluan duen ispilu magikoak, bera baino ederragoa dela esaten diolako. Baina, hil behar duen ehiztariak, errukiturik, ihes egiten uzten dio. Gordeleku baten bila dabilela, zazpi ipotxen etxearekin topo egiten du eta hauek bera babestuko dutela esaten diote, baina, amaordeak, bere ispilu magikoari esker, laster du gertatutakoaren berri eta Edurnezuri berak hiltzea erabakitzen du. Agure saltzaile baten gisan janzten da eta gerruntzea lotzeko lazoak saltzen dizkio neskatoari. Honek, etxera sartzeko baimena ematen dio eta lazoak lotzeko aitzakiaz baliatuz, Edurnezuri itotzen saiatzen da. Baina, ipotxak etxera heldu eta gertatutakoa ikusten dutenean, lazoak lasaitu egiten dizkiote eta neskatoa bere onera itzultzen da.

Amaordeak, berriro ere galdetzen dio ispiluari munduko emakumerik ederrena zein den orduan eta honek Edurnezuri dela erantzutean gertatutakoaz jabetzen da. Orduan, berriro ere, agure saltzaile baten gisa mozorrotu eta neskatoa engainatuz, orrazi pozoitsua sartzen dio buruan. Gaztelura bueltatzean, erreginak galdera errepikatzen dio ispiluari, baina honek berriro ere Edurnezuri dela esaten dio. Hau ikusita, erreginak pozoitutako sagar bat prestatu eta ipotxen etxera abiatzen da. Bertan, Edurnezurik sagarrari hozkada bat ematean zerraldo erortzen da. Ipotxek neskatoa kristalezko kutxa batean sartzen dute eta handik pasatzen den printzeak ikusten duenean, maitemindu egiten da. Printzeari ematen diote Edurnezuriren gorpua eta honen mirabeek gaztelura eramateko altxatzen dutenean, estropezu egiten dute eta neskatoak eztarrian daukan sagar zatia atera eta berpiztu egiten da.

Bukatzeko, Edurnezuri eta printzea ezkondu egiten dira eta amaordea gonbidatzen dute ezteietara. Bertan, egindako gaiztakeria guztien ordainez, zigortu egiten dute hil arte sutan berotutako burdinez eginiko zapata batzuk jantzita dantzatzera. 

Edurnezuri kristalezko kutxan ipotxez inguraturik. Marianne Stokesen ilustrazioa, 1880-1900 bitartean.

Grimm anaiek jasotako ipuinean, ipuin klasikoetan gertatu ohi den bezala, ez da Edurnezuriren pertsonaiaren inguruko deskribapen handirik egiten. Badirudi, jatorrizko bertsioan, erreginak elurra bezain zuria, odola bezain gorria eta ebano egurra bezain beltzarana den alaba izateko nahia adierazten duela. Ondoren, ezaugarri horiek betetzen dituen neskatoa jaio dela adierazten denez, Edurnezuri, horrelako ezaugarri fisikoekin irudikatua izan da beti, hots, azal zuriko, masail gorriko eta ile beltzeko emakume gisa.

Bere izaerari dagokionez, ez da deskribapen sakonik egiten. Hala ere, bere jokaera kontutan izanda hainbat ezaugarri atxikitu zaizkio[2]:

  • Xalotasuna edo inozentzia: amaordeak hiru alditan engainatzen du Edurnezuri. Lehenengo, gerruntze baten lokarria estutuz hiltzen saiatzen da. Bigarrenean, orrazi pozoitsua sartzen dio buruan. Azkenean, sagar pozoitsuaz engainatzen du. Hiru aldiz erortzen da emakumeak prestatutako trikimailuetan, nahiz eta ipotxek etxean gelditu eta inorekin ez hitz egiteko aholkua eman. Neskatoa inuzentea dela esan daiteke, ez baitu arriskua aurreikusten.
  • Menpekotasuna: Edurnezurik ez du era autonomoan jokatzeko gaitasunik, beti norbaiten menpean egon behar du. Etxeko babesetik ihes egiten duenean, ipotxen laguntza bilatzen du.  
  • Dotorea: neskato liraina izateko baliagarriak diren elementuekin tentatzen du amaordeak: gerruntzea eta orrazia. Hauek onartzen dituenean, zigorra jasotzen du: amaordea bera hiltzen saiatzen da. Hemen, garai hartan ipuinak izan zezakeen helburu moralizatzailea ikus daiteke: pinpirina izateko nahiak galbidera eraman dezake emakumea[2]

Basileren bertsioa[3][4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grimm anaiek jasotako bertsioaren aurretik, Giambattista Basilek Pentamerone liburuan idatzi zuen Mirabe gaztea kontakizunean, Edurnezuriren istorioaren lehenengo aztarnak aurki daitezke.  Kontakizun honetan, Lilla, Oihan Beltzean bizi den baroiaren arreba haurdun gelditzen da sasiarrosa baten hostoa jatean. Lisa jaiotzean, Lillak maitagarriei deitzen die umeari dohain bereziak eman diezazkioten. Baina, horrretan daudela, maitagarria batek estropezu egin eta madarikazio bat jaurtitzen du: Haurrak zazpi urte betetzen dituenean, amak orrazi bat sartuko dio buruan eta hil egingo da. Profezia bete egin da eta kristalezko hilkutxa batean sartuko dute neskatoaren gorpua. Alabari gertatutakoaren ondorioz, Lilla gaixotu eta hil zorian dagoela, bere nebari eskatzen dio Lisaren gorpua dagoen bezala uzteko.eta atea ez dezala inoiz inork zabaldu.

Urte batzuen buruan, baroia ehizara doan egun batean, emazteak debekatutako gelako atea zabaltzea erabakitzen du. Orduan, Lisaren gorpua aurkitzen du eta jeloskor jartzen da lotan dagoen emakume ederraren irudia ikustean– Lisa urteak joan ahala hazi egin baita, nahiz eta ustez hilik egon-. Horregatik, hura kutxatik atera eta hiltzea deliberatzen du, baina neska burutik hartzean orrazia erori eta Lisa esnatu egiten da. Baroiari gertatutakoa ezkutatzeko asmoz, emazteak mirabe lanak egitera behartzen du neska.

Egun batean, baroia azokara joateko prestatzen ari dela, gazteluko biztanle guztiei galdetzen die oparirik nahi duten. Emaztea galeratzen saiatzen den arren, Lisak, panpina, harria eta labana eskatzen dizkio opari gisa.

Baroia bueltatzen denean, Lisak bere hiru opariak jasotzen ditu. Labana erabiliz, panpinaren sabela zulatu eta harria sartzen dio barruan. Hau egitean, panpina hizketan hasten da eta neskatoak bere istorioa kontatzen dio. Une horretan, baroia neskatoa zelatatzen ari da eta guztia entzutean, bere iloba dela ulertzen du. Baroiak emaztea gaztelutik kanporatzen du eta Lisari berak hautatutako mutilarekin ezkontzeko baimena ematen dio.

Istorio honetako pertsonaiaren izaerari dagokionez, esan daiteke, nahiz eta baroiaren emazteari aurre egiteko gai ez den, erabaki autonomoak hartzen dituela bere burua libratzeko. Beraz, Grimm anaien bertsioan agertzen diren hiru ezaugarri nagusiak – xalotasuna, menpekotasuna, irtirina- ez dira errepikatzen kontakizun  honetan. Hala ere, badaude bi istorioetan parekoak diren gertakizun edo elementuak: orrazia eta kristalezko kutxa, adibidez.

Ipuinaren jatorri posibleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Sophia Magaretha Catharina Von Erthal-en istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniako Lohr am Main herriko, Karlheinz Bartels historialariak egindako ikerketari esker, gaur egun, 1725ean jaiotako Maria Sophia Magaretha Catharina von Erthalen istorioa ezagutzen dugu. Bartels-en iritziz honek inspiratu zuen, Edurnezuriren pertsonaia literarioa. 

Asko dira bi emakume hauek amankomunean dituzten ezaugarriak. Dirudienez, Maria Sophiaren aitak, Philipp Christoph Von Erthalek, Kanpo Harremanetarako ministroaren funtzioak betetzen zituen dukerrian. Eginkizun honek bultzatuta, Europako errege, erregina eta enperadore ezberdinekin harremanetan egoteko aukera zuen eta honen ondorioz, Lohr-eko biztanleen ustez, familia noble baten ezaugarriak zituzten Von Erthal-ek. Haien egoitza, gainera Lohr am Main-eko iko gaztelua zen.

Mariaren ama hiltzean, aitak Claudia Elizabeth Maria von Venningenekin ezkoondu zen eta antza denez, ispilu bat oparitu zion. Ispilu horrek, garai hartako beste askok bezala, ezaugarri akustiko bereziak zituen.

Bartels-ek egindako ikerketaren arabera, Erthal familiaren kronikariak, izaera atsegineko, emakume bihozbera gisa deskribatzen zuen Maria Sophia  eta pobreziaren aurkako borrokan konprometitua zegoela aipatzen du. Neskatoak, barizelak eraginda ikusmen urria zuen, baina honek ez zuen bere laguntzeko grina eten. Dirudienez, herritarrek amaordeak ematen zion tratu zitalaren berri zuten eta estimu handian zuten Maria. Haien ustez, neskatoak printzesa baten ezaugarriak zituen.  

Ikerlariak frogatu ahal izan duenez, Mariaren amaordeak belladona fruitua erabiliz pozoitu zuen neskatoa. Antza denez, sagarraren erdia zukuz busti zuen eta horrek efektu narkotikoak zituenez, Mariaren gorputza gogortu zuen. Orduan, denek pentsatu zuten neskato gaixoa hilda zegoela.

Beste asko izan dira bi istorioen artean aurkitutako kointzidentziak, hala nola, basoa – Lohr Spessarteko basora sartzeko atea dela esaten da- , kristalez eginiko hilkutxa, amaordeak jantzi zituen burdinez egindako zapatak…

Grimm anaiak, Steinau izeneko herri batetan bizi ziren, Lohr am Main-etik gertu eta dirudienez, Margaritharen istorioaren berri izan zuten. Horrela 1812an, neskatoa hil eta urte gutxi batzuetara, haren kontakizuna jaso zuten haien ipuin liburuan.  

Mitologia klasikoaren oihartzuna[5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sheldon Cashdan idazleak, La bruja debe morir entseguan aipatzen duenez, harropuzkeria betidanik egon da presente maitagarri ipuin gehienetan[5]. Apuleyok II.mendean jasotako Cupido eta Psique kontakizunean izan dezake oihartzuna. Askok lehengo maitagarri ipuintzat jotzen dute Cupido eta Psiqueren kontakizuna.

Venus, edertasunaren greziar jainkosa, jeloskor jartzen da hura baino ederragoa den Psique deituriko printzesa hilkor bat existitzen dela ohartzen denean. Venusen eskatzaileak alde batera uzten dute jainkosa eta Psiquerengana joaten dira haren edertasunaz liluratuta. Jainkosa horretaz konturatzen denean sumindu eta bere seme Cupidori dontzeilarekin akabatzeko eskatzen dio.

Cupido bere amaren agindua betetzen saiatzen da, baino txundituta geratzen da Psique ezagutzen duenean. Venus jainkosa bere semea Psiquez maitemindu dela ohartzen denean, haren semearekin haserretu eta mendekua hartzea erabakitzen du.

Lehenengo saiakeran zelai zabal batean dauden gari, garagar, arto eta dilistak zaku desberdinetan sailkatzeko eskatzen dio Venusek.  Psique larritzen da baino inurri ejertzito batek – Cupidok bidalitakoa- lana amaitzen laguntzen dio.

Zeregina betetzearen gaitasunaz harrituta, Venusek, ibai haserretu baten beste aldean dauden artalde eta aharien urrezko ardi- larrua eskatzen dio.  Ibaiaren jainkosari esker arriskurik gabe zeharkatzen du Psiquek ur-laster arriskutsua.  Belardia zeharkatzen hasten denean Jainkosak animaliak nekatuak daudenean saiatzeko aholkua ematen dio, eta honela egiten du Psiquek artilea eskuratuz.

Honekin, Venus ez da konformatzen, eta arriskutsuagoa den betebehar bat agintzen dio: Inpernutik abiatuta, Plutonen emaztea aurkitzea, Proserpina. Aurkitzean, “edertasunaren urrezko edalontzia” kendu, eta ireki gabe, Venusi eman beharko dio.

Venusek, ondo daki Psiquerentzat zaila izango dela tentazioari eustea eta arrazoia dauka. Dontzeilak agindua bete gabe edalontzia irekitzen du eta orduan, lurrun hilgarri batek inguratzen du.

Zorionez, Cupido handik gertu dago eta gertatutakoa ikusita harengana abiatzen da; lurrun hilgarriak jaso eta edalontzian sartzen ditu berriz Psique esnaraziz. Honek, bidaiarekin jarraitzen du eta Venusi agindutakoa eskaintzen dio. Psique Olimpora igotzen da eta bertan, Cupidorekin batzen da. Venusek, haren semea barkatzen du eta bikoteari jainkoen bedeinkazioa eskaintzen die.

Hainbat dira mito honek eta Edurnezuriren istorioak dituzten ezaugarri amankomunak, hala nola:

  • Emakume heldu batek gazteago bat hil nahi du bere edertasunagatik.
  • Hainbat froga jartzen dizkio honen heriotza ziurtatzeko, baina neskatoak aurre egiten die.
  • Azkeneko frogan elementu pozoitsu baten ondorioz lokartu egiten da protagonista.
  • Pertsona harroputza izateak ekar ditzakeen arazoen inguruko mezua transmititzen da. 

Interpretazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Psikoanalitikoa[6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bruno Bettelheimek The Uses of Enchantment: The Meaning and Importance of Fairy Tales liburuan kapitulu oso bat eskaintzen dio Edurnezuriren istorioari. Ikerlari honen ustez, ipuin honen bitartez haur guztiek pasatzen duten Ediporen konplexua islatzen da, izan ere, printzesaren edertasunak sorturiko zeloek amaordea bultzatzen dute hau hiltzeko neurriak hartzera. Honela, zeharkako era batetan, aitaren maitasunarengatik borrokatzen ari direla transmititzen zaio irakurleari.[6]

Gauzak horrela izanik, Betthelheimek zehazten duenaren arabera, maitagarri ipuinek arazo Edipiko horiek azaleratzen eta ulertzen laguntzen gaituzte. Edurnezuriren istorioan, haurren garapenaren fase nagusiak deskribatzen dira[6]:

  • Jaiotza eta lehen haurtzaroa edo fase aurre-Edipikoa: Edurnezuriren ama hil eta amaorde batek ordezkatzen du.
  • Haurtzaroa eta Ediporen konplexuren agerpena: edertasunak bi emakumeen arteko lehia sortzen du.
  • Nerabezaroa eta Edurnezuriren garapena: Ipotxekin pasatzen duen denborak haren hazkuntza errepresentatzen du.
  • Gaztaroa eta esnatzea: Printzeak Edurnezuri aurkitzen duenean esnatu egiten da ezkontzeko prest dagoelako.

Autore honek aipatzen duenez, ipuin miresgarriek etengabeko garapenean dagoen heroiaren ikuspuntutik islatzen dute mundua eta ez era objektiboan. Horri esker, haurra Edurnezurirekin identifikatzen da eta bere barne konfliktua – Ediporen konplexuak bultzatutakoa – ulertzen hasten da. Izan ere, nahiz eta alaba batek bere aitaren maitasuna bilatzen duen, jasangaitza izan daiteke bere amak horren ondorioz zeloak sentitu ditzakela ulertzea. Azken finean, haur horrek aita eta amaren maitasuna nahi izango ditu. Edurnezuriren kasuan, zeloak sentitzen dituen “ama” horren ekintzak justifikatzeko, edertasunean oinarritutako lehia erabiltzen da. 

Era berean, autoreak zehazten duenaren arabera, Edurnezuri eta erregina gaiztoaren arteko harreman konplikatu horrek, ama eta alaba baten arteko gatazka sinbolizatzearekin batera, pertsona bakar batek izan ditzakeen tendentzia bateraezinen proiekzioa dira. Bettelheimen hitzetan, izaeraren barne kontraesanak gurasoekin mantentzen ditugun harremanetan dute haien oinarria eta istorio honek hori islatu egiten du.

Hona hemen Bruno Bettelheimek analisi psikoana litikoaren bitartez identifikatutako sinbolo ezberdinak[6]:

  • Odola

Edurnezuriren amak hiru odol tanta isurtzen ditu elurraren gainean. Honela, istorio guztian zehar islatuko den konfliktuaren berri ematen zaigu kontakizunaren hasieratik: inozentzia sexualaren - elurraren kolore zuria- eta sexu grinarekn- odol gorria- arteko borroka. Inozentzia eta sexualitatearen arteko guda.

  • Ehiztaria

Pertsonaia maskulino honek aitak betetzen ez duen babes funtzioa betetzea du helburu psikoanalisiaren teoriari erreparatuz. Babesaren sinbolo gisa irudikatzen bada ere, Edurnezuriren istorioan honen izaera anbibalenteak ez du laguntzarik ematen. Honela azaltzen du Bettelheimek:

« Edurnezuriren istorioan aita-ehiztariak ez du bi emakumeen arteko konfliktuan posizio finkorik hartzen, hau da, ez du Edurnezuri hiltzen baina, basoan abandonatua uzten du nahiz eta badakien arriskuz betetako lekua dela. Honela, amaordearen aginduak betetzeko ahalegina egiten saiatzen da honekin arazorik ez edukitzeko eta era berean, Edurnezuri laguntzen saiatzen da bere aita funtzioak betetzeko. Bere izaeraren anbibalentzia horrek erreginak duen gorrotoa hazi besterik ez du egiten, honek dituen zeloak areagotuz.


 »

Amaordeak ispiluarekin dituen elkarrizketen bitartez, narzizismoaren arriskuen inguruko informazioa jasotzen dute haurrek. Harropuzkeriak galbidera eramaten ditu erregina eta baita Edurnezuri bera ere. Konfliktu horri dagokionez, Bettelheimek ondorengoa aipatzen du[6]:

«

Ispilu magikoak haurraren ahotik hitz egiten duela dirudi. Alaba txiki batek pentsa dezake bere ama munduko emakumerik ederrena dela - halaxe aipatzen du ispiluak hasieran-. Baina, urteak pasa ahala, alaba horrek petsatuko du bere ama baino ederragoa dela eta ispiluak hori aitortuko dio amari. Honela, amak, ispilura begiratu eta esango du: "Nire alaba ni baino ederragoa da." eta ispiluak uste hori handituko du.


 »
  • Ipotxak

Edurnezurik ipotxen etxean ematen duen denborak bakea sinbolizatzen du. Haur bat izateari uzten dio, neskato gazte bat bihurtzeko etxekoandre perfektuaren funtzioak zeintzuk diren ikasten duen bitartean [6]. Ipuinean igarotako denboraren inguruko aipamenik egiten ez den arren, ikus daiteke, Edurnezurik haur bat izatetik gerruntzea erabiltzera pasa den nerabea dela. Etxe horren babesean ematen duen denbora tartean, bere izaera garatuz doa. Berarekin dauden ipotxak asteko zazpi egunen adierazle gisa identifikatzen ditu Bettelheimek. Haietako bakoitzak, neskatoak lanean eman beharko duen asteko egun bat irudikatzen du eta honela, Edurnezuriri adierazten zaio, bere garapen integrala eman dadin lanaren esparruan moldatzen ikasi beharko duela.

Era berean, guztiz garatu ez diren gizonezkoak diren heinean, ez dute barne-konflikturik erakusten, errutinaren barruan eroso sentitzen dira. Horregatik, ezinezkoa egiten zaie ulertzea neskatoak zergatik ezin duen amaordeak eskainitakoa hartzeko tentazioa ekidin. Edurnezuriren pertsonaiak garapena sinbolizatzen duen bitartean - etengabeko konfliktuak pairatu eta gainditzen dituelarik- ipotxek estatikotasuna sinbolizatzen dute. Honekin haurrari transmititzen zaion mezua honakoa izango litzateke: "Bizitza honetan garatu eta hobetu ahal izateko, konfliktuak edukitzea ezinbestekoa da. Lasaitasunak ez gaitu gure maila gorenera eramango.".[6]

  • Sagar gorria

Sagarrak, beste hainbat kontakizunetan bezala, sexua eta maitasunaren alderdi positibo zein negatiboa islatzen du. Edurnezurik eta erreginak sagarra partekatzen dute biek amankomunean duten ezaugarri bat sinbolizatzen duelako fruituak: sexu grina. Honela, Edurnezurik sagarraren alde gorria- erotikaren kolorea [6]- bere inozentziari eta ondorioz haurtzaroari uko egiten dio betiko. Ondorioz, heldu ez diren ipotxek ezin diote etapa berri horretan lagundu eta horregatik ez dute lortzen neskatoa esnatzea aurrekoetan bezala.

  • Hegaztiak

Sagarrari hozkada ematean, bere baitan dagoen haurra hil egiten da eta bere heldu gorputza kristalezko hilkutxa batetan sartzen da oraindik ez dagoelako heldutasunaren munduan murgiltzeko prestatua - nahiz eta fisikoki garatua dagoen, mentalki aldatu behar da oraindik-. Gauzak horrela, Edurnezurik hilkutxan ematen duen denbora guztian zehar, hiru hegaztiren bisitak jasotzen ditu. Hegazti horietako bakoitzak heldutasunera igarotzeko dohain [6]baten isla da: hontzak jakituria sinbolizatzen du, beleak kontzientzia heldua eta usoak maitasuna. Hiru dohain hauek biltzen dituenean, Edurnezuri prest dago heldu integrala izateko eta horregatik esnatzen da.

Ipuinaren interpretazio sinbolikoa[5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edurnezuri, Grimm anaien kolekzioko atal nagusia izateaz aparte, Walt Disneyen marrazki bizidunetako film luzeen ibilbidearen hasiera da. Edurnezurik maitagarri ipuinek itxuratzen dituzten ziklo guztien osagaiak ditu:[5]

  • Odola:  Erreginaren hatzetik isurtzen diren hiru odol tantek ama eta Edurnezuriren arteko lotura biologikoak azpimarratzen dituzte. Bruno Bettelheimek Psicoanalisis de los cuentos de hadas liburuan sinbologia honetaz ere mintzo da.
  • Amaren heriotza:  Amaren heriotzaren gertakaria arrunta da maitagarri ipuinetan. Honen arrazoia, errealitate historikoan datza, izan ere, XIX. Mendera arte, erditzea hilkortasunaren kausa nagusienetariko bat zen, infekzio eta gaixotasunek ere emakumeen bizia arriskuan jartzen zuten. Horregatik, ez zen hain arraroa haurrak amarik gabe geratzea.[5]

Ama biologikoa amaorde batengatik aldatzea ere, maitagarri ipuinetan gertakari arrunta da eta hori ere, gertakari historikoetan du oinarria. Nekazaritzaren bizi exijentziak gizonezkoak behartzen zituen emakumeak ordezkatzeko.

Psikologikoki, amaren ausentzia umearen ni-arean elementu positiboen babesaren beharrean datza. Amaren edo babesle baten faltan, heroiak bere barnetik atera beharko ditu ama bertan egongo balitz egongo ez lirateken- baliabideak.[5]

  • Kanibalismoa: Gizatiar haragiaren kontsumoa maitagarri ipuinetan agertzen da maiz. Kanibalismoa praktikatzen duena, gizaki erabat nazkagarritzat identifikatzen du.  Honela gertatzen da amaordeak Edurnezuriren birikak eta gibela heriotzaren froga gisa eskatzen dituenean. Gatzetan ondu, egosi eta neskatoaren birika-gibelak direlakoan oso-osorik jaten ditu. Gertaera horren ondorioz, irakurle edo entzuleak kanibalarentzako zigorrik gogorrena nahi du.
  • Errukia: Zorionez, ehiztaria printzesaz errukitzen da eta bizitzeko aukera ematen dio. Hala eta guztiz ere, ez da errukitzen gaiztakeriaz libre delako. Ederra delako baizik[1]:
« “- Ehiztari ona, utz nazazu bizirik, oihanean barrena ibiliko naiz, eta ez naiz sekula etxera itzuliko.

Eder-ederra zenez, errukitu zen ehiztaria, eta esan zuen:

- Hoa, ba, neskatila koitadua.”


 »

Amaordeak edertasunagatik nahi du Edurnezuri hil eta, arrazoi berdinagatik, uzten du ehiztariak oihanean barrena, aske.

  • Ipotxak amatasunaren sinbolo: Ipotxak ez dira soilik momentu eta leku egokian aurkitzen ditugun pertsonaiak. Ipotxak Edurnezuriri hainbat ohartarazpen egiten dizkiote: “Ez inori barruan sartzen utzi ” [1] “...” . Hain zuzen ere, hauek dira ama batek haien seme-alabei ematen dizkien ohartarazpenak. Beraz, ipotxak amaldeko ikonoak dira, ama zintzo baten sinbologia.

 

Kritika feminista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko gordeleku eroso eta segurua aurkitu badu Edurnezurik ipotxen etxean, kritika feministek, beste ikuspuntu batetik behatzen dute proposamena. Feministek diote, babeslekuaren eskaintza emakumeak etxeko lanetara mugatzea duen gizarteko joera orokorra islatu nahi dutela. Honela, menpeko jarrera hartuko du pertsonaiak.

« “ – Nahi baduzu gure etxearen ardura hartu, janaria prestatu, oheak atondu, garbitu, josi eta galtzerdiak egin, eta dena txukun eta garbi eduki, gure etxean geldi zaitezke, eta ez zaizu ezer faltako”



 »

[1]

Istorioaren adaptazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Filmak eta telesailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Snow White 1916

Asko izan dira pertsonaia honen inguruan egindako irudi bidezko adaptazioak. 1916. urtean sortu zen lehenengoa- Snow White- eta urteak aurrera joan ahala ia hamarkada guztietan aurki dezakegu Edurnezuriren istorioa kontatzen duen adaptazioren bat. Gizartearen aldaketek bultzatuta, pertsonaiak berak ere nolabaiteko garapena eman du adaptazio hauetan eta mirabe errukitsua izatetik gerlari ausarta izatera pasatu da.

Jarraian adaptazio horietako batzuen zerrenda ageri da. Film bakoitzean, Edurnezuriren inguruko deskribapenarekin batera, Grimm anaiek jasotako istorioarekin alderatzeko balio duen taula dago. Hauen bitartez, posible da pertsonaiak izandako garapena islatzea.

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937. urtean ekoiztutako filmean, istorioaren izenburua aldatu egin zen eta honela, Edurnezuri izatetik Edurnezuri eta zazpi ipotxak izatera pasatu zen. Honekin, protagonista nagusia bigarren maila batetan gelditzen da beste pertsonaia batzuen agerpenak gailentzen direlarik. Horren adibide dira ipotxak eta basoko animaliak.

Zazpi ipotxak 1937ko Disney faktoriaren filmean.

Kasu honetan ere Edurnezurik, ile beltza, azal zuria eta masail gorriak ditu Grimm anaien istorioan bezala. Irudi bidezko adaptazioa izanik, garrantzia handia eman zitzaion pertsonaia honen marrazketari eta hiru ilustratzaile ezberdinen lana beharrezkoa izan zen Disney-ren gustuko emakumea sortzeko[7].

Janzkerari dagokionez, bi soineko mota erabiltzen ditu filmean zehar. Hasieran, gaztelua garbitzen duen neskame gisa aurkezten zaigunean, apurtutako soineko bat darama. Baina, gainontzeko istorio guztian zehar, printzesa soineko hori, urdin eta gorriarekin agertzen da.

Honen jarrerari erreparatuz, esan daiteke, kasu honetan kontatzen zaigun istorioan, Edurnezuri, mirabe inozentearen arketipo gisa irudikatzen zaigula. Maitasun erromantikoaren bila dabilen emakume maitekor, inuzente, errukitsu eta alai gisa, alegia. Honekin, bere ametsetako printzearen esperoan dagoela adierazten du aukera duen bakoitzean kantuen bitartez edota seme gisa tratatzen dituen ipotxekin. Ikus daiteke, beraz, Grimm anaien ipuinean ez bezala, Edurnezurik hartzen duela amaren rola zazpi ipotxekin eta ez alderantziz.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

<<Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoinduta, eta berpiztu zen.>>[1] Hil arte sutan egondako burdinezko zapata bero batzuekin dantzatzera zigortua.
Edurnezuri eta zazpi ipotxak (1937) Ipotxak

Edurnezuri

Amaordea

Sagarra Printzeak emandako musua. Amildegi batetatik erori eta hil.

 

  • Snow White and The Three Stooges (1961)

Film honetan Edurnezuri da protagonista nagusia. Honekin batera, bigarren maila batean, garrantzi asko hartzen dute 3 arloteek, printzeak eta amaordeak.

Jatorrizko bertsio idatzian bezala, protagonista azal zuria, ile beltza eta masail gorriekin agertzen zaigu film honetan ere. Istorio honetan, izotz gaineko irristaketan ibiltzea gustatzen zaio eta hura praktikatzen duen guztietan soineko zuri ederrekin agertzen da. Gazteluko kartzelan sartzen dutenean, ordea, soineko eta mantala zaharrekin agertzen zaigu. Ehiztariak basora eramaten duenean, gona, kapa eta buruan zapi bat duela agertzen da.  

1961ean plazaratutako film honetan Edurnezuri emakume goxo, zaintzaile, inuzente, pasibo eta ekimen gutxiko pertsonaia bezala agertzen da. Iniziatiba gehiena printzearen eskutik agertzen zaigu eta ez protagonista nagusiaren eskutik. Edurnezurik, film honetan ere, haien semetzat hartzen dituen arloteak zaintzen ditu etxeko lanak eginez: etxea garbitzen du, hamaiketakoa prestatzen die hiruei… Hauek, protagonistaren ekintzak gain hartzen dituzte hura babestu nahian, etxetik ateratzea debekatuz - Grimm anaien jatorrizko bertsioan egiten duten bezala- eta inori atea ez irekitzeko ohartaraziz, besteak beste. Edurnezuriren desio eta beldur asko haren ametsetan dute islada. Bertan agertzen baitira printzea eta amaordea askotan.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

<<Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoinduta, eta berpiztu zen.>>[1] Hil arte sutan egondako burdinezko zapata bero batzuekin dantzatzera zigortua.
Snow White and The Three Stooges

(1961)

Edurnezuri

Printzea

Hiru arloteak

Amaordea

Sagarra Printzearen besarkadaz esnatzen da. Arloteek ezpada magikoarekin azken desioa eskatzen dute, eta erregina infernuan bizitzera zigortzen dute.

Film honetan, Edurnezurik hartzen du garrantzi gehiena istorioko protagonista izanik. Hala eta guztiz ere, oso garrantzitsuak dira amaordea, printzea eta ipotxak.

Pertsonaiaren jarrera eta haren janzkera bat datoz filmean zehar. Hasieran, pertsonaia maitekor eta inuzente gisa islatzen denean haren janzkerak printzesa batenak dira, dotoreak, alegia. Dena dela, Edurnezuriren pertsonaia ahalduntzen doan heinean janzkera ere, aldatuz doa eta printzesa bati ez dagozkion borrokarako jantzi erosoagoak janzten ditu.

Azpimarratu beharra dago, film hau nahiko desberdina dela ordurarte egindako Edurnezuriren filmekin alderatuz. Film honetan, nabaria da Edurnezuriren pertsonaiak hartzen duen papera. Nabarmen aldatzen da pertsonaia filmaren hasieratik amaierara arte. Hasieran, 18 urte betetzen dituen neskato bat besterik ez da. Filma aurrera egiten duen heinean, Edurnezuri ahalduntzen hasten da haren arma guztiak amaordearen eta herriak sufritzen dituen injustizien aurka amaitzeko erabiltzen ditu. Edurnezurik bakarrik egiten du borroka, ez ditu printzipe eta ipotxak harekin behar txontxongilo eta piztiak garaitzeko. Gainera, Edurnezuri da hasieran eta amaieran printzea salbatzen duena. Honako adibide hauekin nabarmena da, irudi bidezko adaptazio honetan, Edurnezuri rol estereotipoekin apurtzen duela.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

<<Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoinduta, eta berpiztu zen.>>[1] Hil arte sutan egondako burdinezko zapata bero batzuekin dantzatzera zigortua.
Mirror mirror

(2012)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Printzea

Txontxongiloa

Piztia

Sagarra

Edurnezuri ez da hiltzen. Printzeak lo hartzen du Edurnezuriren amaordeak eskaintzen dion pozindutako edabe magikoa edaten duenean. Aztikeria kentzeko Edurnezurik printzeari musu ematen dio. Zahartzera zigortua.
  • Snow White & the Huntsman (2012)
Edurnezurik Snow White and The huntsman (2012) filmean daraman burdin jantzia.

Film honetako Edurnezuri emakume ausart eta borrokalari gisa agertzen zaigu. Hasieratik, bere amak nolako alaba izan nahi duen adierazten duenean, gainontzeko adaptazioetan aipatzen ez den ezaugarri bat gehitzen du, erreginak <<arrosa bezain indartsua>> den alaba eskatzen duenean. Era berean, pertsonaiaren inguruko lehenengo deskribapena egiten denean ondorengoa esaten da: <<Erreinu guztiak maite zuen Edurnezuri bere izaera errebelde eta edertasunarengatik.>>.[8]

Film osoan zehar duen izaerari erreparatuz, neska adoretsua, aktiboa, argia eta bihozbera dela esan daiteke. Grimm anaien jatorrizko bertsioko protagonistarekin alderatuta, ezer gutxi dute amankomunean. Istorio honetan, borrokarako prest dagoen emakume ekintzaile eta gidaria da, berak deitzen du herria erreginaren kontra borrokatzera: <<Ni izango naiz zuen arma, zuen bihotzetako suaz forjaturiko ezpata. Nahiago dut borrokatu eta hiltzea heriotzaren erreinu honetan beste egun bat ematea baino.>>[8]. Borrokan daudela berak bilatzen du amaordea eta hura akabatzen du inoren laguntzarik gabe.

Janzkerari dagokionez, hasieran, gazteluan bahituta dagoen bitartean, garai hartako emakume jantzia daraman arren, basoan sartu eta berehala jantzia mozten du erosoago egoteko. Gerrarako prestatzean, burdinezko armadura jartzen du.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

<<Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoinduta, eta berpiztu zen.>>[1] Hil arte sutan egondako burdinezko zapata bero batzuekin dantzatzera zigortua.
Snow White & The Huntsman (2012) Edurnezuri

Ehiztaria

Amaordea

William (Edurnezuriren txikitako laguna)

Amaordearen neba

Ipotxak

Gaztelutik ihes egitea

Sagarra

Guda

Ehiztariak emandako musuaren ondoren esnatzen da. Edurnezurik hiltzen du.

Telesailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Once Upon a Time

2011an hasitako telesaila honetan Edurnezuri da protagonista nagusienetariko bat. Grimm anaien bertsioko emakumearekin alderatuta, printzesa aktiboagoa eta ausartagoa dela esan daiteke, baina hala ere, maitasun erromantikoarekin lotutako istorioa mantentzen da printzearen musuak esnatzen duelarik.

  • Cuéntame un cuento

2014ean estreinatutako Cuéntame un cuento serie honetan Edurnezuri, emakume indartsu, burujabe eta ahaldundua da. Gehienetan, ez du ipotxen beharra, haiek bizi dira ordea, Edurnezuriren menpe. Sentimenduz beteriko serie honetan Edurnezuri ez da printzearekin geratzen, ipotx batekin baizik.

Ipuinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Edurnezuri Aldatu lotura Wikidatan

Hona hemen Grimm anaien bertsiotik abiatuta sortu diren eta euskaraz aurki ditzakegun ipuinak:

  • Tom Schamo eta Miquel Desclot (1997) Edurnezuri
  • Roald Dahl eta Quentin Blake (2001) Errima errebeldeak
  • Benjamin Lacombe (2011) Edurnezuri

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h (Euskaraz)  Gomez, Genaro (1999), Grimm anaien ipuina, Pamiela, ISBN 9788476813126 .
  2. a b (Gaztelaniaz)  Sánchez Hernández, Tomás (PDF), De los Grimm a Disney- Un estudio narratológico de la adaptación de Blancanieves, https://riunet.upv.es/bitstream/handle/10251/50594/2166-7238-1-PB.pdf?tl=a. Noiz kontsultatua: 2017ko martxoaren 29a .
  3. (Gaztelaniaz)  Basile, Giambattista (2006), El Pentameron: El cuento de los cuentos, Siruela, ISBN 9788478449927 .
  4. (Gaztelaniaz)  Basile, Giambattista (2006), El Pentameron: El cuento de los cuentos, Siruela, ISBN 9788478449927 .
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz)  Cashdan, Sheldon (2000), La bruja debe morir, Debate, 53-75. orrialdeak, ISBN 8483063336 .
  6. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz)  Bettelheim, Bruno (1978), Psicoanálisis de los cuentos de hadas (jatorrizko ingelesezko liburu honetatik eginiko itzulpena: The Uses of Enchantment: The Meaning and Importance of Fairy Tales), Critica, 217-239. orrialdeak, ISBN 9788498920864 .
  7. (Gaztelaniaz)  L. Witkowski, M. Kraus (1996), Walt Disney, Blancanieves y los siete enanitos- La realización de un arte, Ediciones B .
  8. a b Snow White & the Huntsman. (2012). United States & United Kingdom.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bettelheim, Bruno (1978). Psicoanalisis de los cuentos de hadas. Barcelona: Critica.
  • Cashdan, Sheldon (2000). La bruja debe morir. Ensayo
  • Gomez, Genaro (2013). Grimm anaien ipuinak. Pamiela..
  • Krause, M., & Witkowski, L. (1996). Walt Disney, Blancanieves y los siete enanitos- La realización de un arte. Barcelona: Ediciones B.