Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Egipto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Egiptoko Arabiar Errepublika
جمهوريّة مصر العربيّة
Bandera Armarria
Ereserkia: Biladi, Biladi, Biladi
"بلادي، بلادي، بلادي"
"Nire lurra, nire lurra, nire lurra"
Hiriburua
eta hiri handiena
Kairo
Hizkuntza ofiziala(k) arabiera
Herritarra egiptoar1
Gobernua Errepublika
 -  Presidentea Abdel Fatah al-Sisi
 -  Lehen ministroa Mustafa Madbouly
Sorrera
 -  Egipto Beherearen eta Garaiaren bateratzea K. a. 3150 
 -  Independentzia Erresuma Batutik 1922ko otsailak 28 
 -  Errepublika 1953ko ekainak 18 
Azalera
 -  Guztira 1,001,450[1] km2 (31.)
 -  Ura (%) 0,6
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2018[2]) 97.147.368
 -  Dentsitatea 96,2 bizt./km2
Dirua Egiptoar Libera (LE) (EGP)
Ordu-eremua EET (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 20
Internet domeinua eg
1Nahiz eta ijito izenaren jatorri etimologikoa Egipto izan, ez du hango biztanlea adierazten, baizik eta rom etniakoa.

Egipto[3] (antzinako grezieraz: Αἴγυπτος, Aígyptos, aurreko izenetik hartua; arabieraz: مِصر‎ Miṣr), izen ofiziala Egiptoko Arabiar Errepublika[3] (جمهورية مصر العربية, Jumhûrïyat Misr al 'Arabïyah), ipar-ekialdeko Afrikan eta Sinai penintsulan kokaturiko estatu burujabea da. Mugakide ditu Mediterraneo itsasoa iparraldean, Gazako zerrenda eta Israel ipar-ekialdean, Itsaso Gorria ekialdean, Sudan hegoaldean eta Libia mendebaldean. 1.001.450 kilometro koadroko eremua hartzen du,[1] Nilo ibaiaren bi ertzeetan, eta 97,1 milioi biztanle zituen 2018an.[2] Kairo da hiriburua eta hiri nagusia; beste hiririk jendetsuenak Alexandria, Giza, Port Said eta Suez dira.

Afrikako eta Ekialde Hurbileko estaturik jendetsuenetakoa da. Biztanleen gehiengo zabala Niloren ertzetan bizi da, 40.000 kilometro karratuko eremuan, landa lurrak aurkitzen diren eskualde bakarrean. Sahara basamortuko eskualde zabalek ia ez dute biztanlerik. Mundu osoan dira ezagunak Egiptoko antzinako zibilizazioak eta haiek eraikitako monumentu ikusgarriak, hala nola, Gizako piramide multzoa eta Esfinge Handia. Hegoaldeko Luxor hirian Karnak eta Erregeen harana arkeologia gune garrantzitsuak daude.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikako ipar-ekialdeko izkina eta Sinai penintsula hartzen ditu, ipar latitudeko 22° eta 32° artean, eta ekialdeko longitudeko 25° eta 35° artean. Ipar-ekialdean Israel eta Palestinarekin (Gazako zerrenda) ditu, ekialdean Aqabako golkoa eta Itsaso Gorria, hegoaldean Sudan, mendebaldean Libia eta iparraldean Mediterraneoa. Estatuak duen garrantzi geopolitikoa kokapen estrategikotik datorkio: kontinentearteko nazioa da, Afrika eta Asiaren arteko zubi-lurraldea baitu (Suezko istmoa) eta, toki berean, Mediterraneoaren eta Indiako ozeanoaren arteko ubide nabigagarria (Suezko kanala) Itsaso Gorrian zehar. 1.001.450 kilometro koadroko eremuarekin, munduko estaturik handienetan 31.a da.[1]

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru eskualde nagusi bereizten dira Egipton:

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo ibaia da Egiptoren bihotza. 1.550 kilometroz zeharkatzen du herrialdea, Sudango mugatik (Wadi Halfa) Mediterraneoraino. Munduko delta handienetako bat eratzen du ahoan: 36.500 kilometro koadro.[4] Ibar honetara egokitu ziren zibilizazioek etekin handiak atera zizkioten laborantzari uholdeei neurria hartzeko modua aurkitu zutenean. Gorabehera horien arabera antolatu behar izan zuten, bestalde, gizartearen egitura. Batez ere XX. mendeaz gero lan handiak egin dira urtegien bidez ura ubideen hasierako mailaraino altxatzeko, ur eutsien bidez ura lehorraldietarako gorde ahal izateko etab. Horietan ezagunena Aswango presa da, Nasserren aintzira deitua, 1971n inauguratu zena. 700.000 hektarea labore-sail ureztatzen da aintzira horretako urari esker.[5]

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoko klimak.

Guztiz beroa eta idorra da basamortuan, eta epelagoa Mediterraneotik hurbilagoko lurraldetan. Hori dela-eta, biztanle guneak zerrenda estu batean daude bilduak, Niloren ertzean eta deltan. Hau da, biztanleriaren % 99k eremu osoaren % 5,5 baino ez du erabiltzen.[6]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Egiptoko historia»

3000 urtez, Niloren ertzetan historiako zibilizazio ikusgarrienetakoa garatu zen, Antzinako Egipto. Egiptoarrek tenplu erraldoiak eta hilobi eraikin ikaragarriak eraiki zituzten, non faraoiak goraipatzen zituzten. Bertan idazketa sortu zen, hieroglifo izeneko ideogramak, eta gizateria historiaurretik atera. Idazteko sistema garatu zuten, hieratikora pasatuz, ondoren grafia sinplifikatuz demotikora. Medikuntza saiakerak idatzi zituzten, matematika eta kontakizun mitologiko eta historiko ikaragarriak, papiroetan idatziak, harrian edota zurean zizelkatuak. Faraoien aroan, egiptoarren kultura-ezaugarriek iraun zuten, eta erromatar probintzia bihurtu arte Mediterraneo osoan izan zuen eragina, besteak beste erlijioaren eta arkitekturen aldetik. Isisen azken apaizek 535 arte mantendu zuten haren gurtza Filae uhartean, hots, Justiniano I.ak debekatu zuen arte.

Zenbait inbasio eta okupazioaren ostean, faraoien herria arabiarren menpe geratu zen VII. mendean. Bertako kulturak arabiar nortasunaren eragin sakona jaso zuen, egun nagusi diren Islama eta arabiera barne. Egipto musulmana Ekialde Hurbileko egoera politikoaren baitan kokatzen da, eta Israelekiko gatazka ugarietan. Gainera, herri lan monumental garaikide nagusiak ditu, batik bat, Suezko kanala eta Aswango presa.

Antzinako Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Egipto»

Egiptoko antzinako zibilizazioa Nilo ibaiaren behe arroan garatu zen. Afrikatik eta Asia mendebaletik etorritako biztanle taldeak nahasi ziren bertan. K.a. 10000. urterako harri landua ezagutzen zuten. K.a. 5000. urte aldera, Neolitoan bizirik iraun zuten bi zibilizazio mota agertu ziren iparraldean eta hegoaldean. K.a. 4000 urtean bi erresuma zeuden: Butoko erresuma iparraldean (Egipto Beherea) eta Nekhengo erresuma hegoaldean (Egipto Garaia). K.a. 3300. urtearen inguruan, Menes hegoaldeko erregeak Tinis hiriko iparraldea hartu eta bi erreinuak bateratu zituen; hala I. tiniar dinastia, lehenbiziko faraoi dinastia, sortu zen. Abidosko eta Sakkarako eraikuntzei esker ezagutzen dira lehen bi tiniar dinastietako eta Menfisko III. dinastiako faraoien izenak.

Inperio Zaharretik Tarteko Bigarren Arora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoko Inperio Zaharra K.a. 2720–2300 urte bitartean garatu zen, eta IV. eta V. dinastiak izan ziren agintean. Keops, Kefren eta Mizerino faraoien garaietan iritsi zen gailurrera: hauek eraiki zituzten Gizako piramideak. Hiriburua Tinistik Menfisa aldatu zuten eta Nubiako meatzeak hasi ziren ustiatzen. Garai hartakoak dira Menfisko biztanleek gogoko zituzten eskultura erraldoiak (Gizako Esfinge Handia).

Tarteko Lehen Aroa K.a. 2300–2065 bitartean garatu zen, eta VII-X. dinastiak izan ziren agintean. Niloko haraneko eta deltako jaun ziren Herakleopolisko erregeen (Kheti I, II eta III) eta Egipto Garaiko jaun ziren Tebasko erregeen arteko gerrak hasi ziren. Azkenean Tebaskoek irabazi zuten, Mentuhotep I.aren garaian, eta Erdiko Inperioa sortu zuten (K.a. 2065–1785; XI. eta XII. dinastiak). Sesostris III.aren garaian Nubia kolonizatu zuten, eta Feniziara eta Palestinara hedatu zen orduan Egiptoren eragina. Tebas utzi eta Lishten jarri zuten hiriburua. Tebasko Amonen gurtzarekin batera, Osirisena zabaldu zen. Hainbat joera azaldu ziren garai hartako artean. Tamaina handiko arkitektura berriro nagusitu bazen ere (Mentuhotep I.aren hilobia), ikonografian nolabaiteko humanismoa gailendu zen.

Erdiko Inperioaren ondoren, Egiptoko historiako garai ilunenetako bat etorri zen, Tarteko Bigarren Aroa (K.a. 1785–1580, XIII–XVII. dinastiak). Hiksoen etorrerak markatu zituen XIII. eta XIV. dinastiak. Haien jatorria ez da ezaguna, ustez semitak baziren ere. XV. eta XVI. dinastiak leinu horretakoak izan ziren. Indoeuropar teknikak, ohiturak eta erlijio erak eraman zituzten (zaldia eta gerra orga, besteak beste). Amosisek egotzi zituen hiksoak, eta Inperio Berria sortu zen.

Inperio Berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperio Berriaren hedadura (K.a. 1450).

Egiptoko Inperio Berria K.a. 1580–1085 urte bitartean garatu zen, eta XVIII–XX. dinastiak izan ziren agintean. Egiptoko Inperioa inbasioetatik gorde nahian, XVIII. dinastiako faraoiek inperio lurrak zabaltzeari ekin zioten: ekialderantz Eufrates ibairaino zabaldu zuten inperioa, eta Niloko laugarren ur-jauziraino hegoalderantz. XVIII. dinastiako faraoien artean aipatzekoak dira: Amenhotep I.a, Nubiaren konkista hasi baitzuen; Tutmosis I.a, konkista hori burutu eta inperioa Goi Eufrateseraino zabaldu zuena; Hatshepsut erregina, Karnakeko obeliskoa jaso zuena; Tutmosis III.a, mendebaldeko Asia eta Egeoko uharteak bereganatu eta, asiriarrak garaitu ondoren, inperioa Taurus mendietaraino zabaldu zuena; Amenhotep III.a, Egipto indarrez eta ondasunez gailurreraino eraman zuena. Hala ere, garai harten, hitita indoeuroparrak hasi ziren Egiptoren aurkako gerran.

Amenofis IV.ak Akenaton izena hartu zuen, eta Aton jainkoaren gurtza ezarri zuen Amon zaharraren gurtzaren ordez; hiriburua Amarnara aldatu zuen. Haren seme Tutankhamonek Tebasa itzuli zuen atzera hiriburua, eta Amonen gurtza ezarri zuen berriro. XIX. dinastian (K.a. 1314–1200) Seti I.ak hititen kontrako guduak irabazi zituen, eta haren seme Ramses II.ak berriro garaitu zituen Kadeshen, baina hititak erabat menderatzea lortu gabe. XX. dinastian (K.a. 1200–1085), Ramses III.ak itsasoko herriak (Egeoko uharteetakoak) garaitu zituen, baina ordurako Egipto gainbehera zetorren, eta Amonen apaizen indarra areagotu egin zuen. XX. dinastiaren garai horren amaieran, Ramses faraoiaren aroan azaldu zen anarkia giroa areagotu zen eta inperioa bitan banatu zen: [[Esmendes I.a] faraoia Tanis hirian (Egipto Beherea) finkatu zen eta Herihor apaiza Tebasen, bere burua faraoi izendatu ondoren. Egoera horrek bere horretan iraun zuen XXI. dinastian.

Tarteko Hirugarren Aroa eta Aro Berantiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. dinastiak hasiera eman zion Tarteko Hirugarren Aroa deitu izan zaion aldiari (K.a. 1085–633). Dinastia libiar eta kuxiten garaian (K.a. 950–663; XXII–XXV. dinastiak) inperioen gainbehera areagotu zen, eta handik gutxira asiriarren mende geratu zen (Asurbanipalek Tebas hartu zuen K.a. 664. urtean). Berpizkunde aro labur bat etorri zen ondoren, Psametiko I.ak sortu zuen Sais hiriko XXVI. dinastiaren garaian (K.a. 663–525). Asiriarrak egotzi zituzten; horrek arteen eta erlijioaren loraldia ekarri zuen. Haren ondorengo Nekao II.ak Palestina eta Asiria berriro menderatu nahirik, Josias Judeako erregea garaitu zuen (Megiddo, Kanaan, K.a. 609), baina Babiloniako errege Nabukodonosor II.ak menderatu zuen Eufrates ibaiaren ondoan (Karkemish, K.a. 605).

Haren ondorengoek ere ez zuten arrakasta handirik izan, eta azkenik 525ean persiarrek Egipto konkistatu eta beren dinastia ezarri zuten (Pelusio, egun Tell el-Farama, K.a. 525). Egipto mende batez egon zen persiarren mendean (K.a. 525–404), XXVII. dinastiarekin: Kanbises II.a, Dario I.a, Xerxes I.a, Artaxerxes I.a eta Dario II.a). K.a. 404 eta 341 artean nolabaiteko askatasuna lortu zuten XXVIII. eta XXX. bitarteko dinastietan, baina azkenik Artaxerxes III.ak eta Dario III.ak Persiako Inperiora lotu zuten Egipto. Alexandro Handiak egotzi zituen persiarrak Egiptotik K.a. 332. urtean.

Ptolomeotarren, erromatarren eta bizantziarren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 331n Alexandro Handiak Alexandria sortu zuen, eta Siwako oasian Amonen tenplura joan eta bere burua Jainkoaren seme aldarrikatu zuen, faraoi alegia. Bera hiltzean, K.a. 323an, Ptolomeo Lagosen eskuetan gelditu zen Egipto. Hark sortu zuen Ptolomeotar dinastia, Kleopatra VII.a hil eta erromatarrek Egipto menderatu zuten arte iraun zuena (K.a. 30). K.a. 31n, Aktiumgo guduaren ondoren, Augusto Alexandrian sartu zenean, Erromaren mendeko probintzia bihurtu zen Egipto. Enperadoreak zuzenean aukeraturiko agintari militar baten agintepean geratu zen gobernua, eta gizarte egiturak ptolomeotarren garaian bezala jarraitu zuen, greziarrak edo heleniarrak zirela nagusi.

Bestalde, Alexandriak Mediterraneo osoko portu nagusia eta erlijio eta kultura hiri nagusi gisa jarraitu zuen. Oso zerga astunak ordaindu behar izan zituen Egiptok eta, jatorri desberdineko gizarte kasten arteko banaketa zela medio, matxinada eta gatazka handiak gertatu ziren, Alexandrian batez ere. Juduen eta heleniarren arteko borroka handienak K. o. 66. eta 117. urteetan gertatu ziren. 66ko matxinadaren ondorioz 50.000 juduk galdu zuten bizia, eta 240.000 hil ziren 117koan; huraxe izan zen diaspora eragin zuen gertaera. Erromatar Inperioa banatu zenean, Egipto Bizantzioren eskuetan geratu zen. Bizantziok aurreko politika berari eutsi zion, eta Egiptori oso zerga astunak ezarri zizkion. Arrazoi horrengatik erraztasun handiz onartu zuten egiptoarrek persiarren agintea 616an eta, azkenik, arabiarrena 641ean.

Egipto islamikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiarrek 641ean hartu ondoren, Damaskoko omeiatarren eta Bagdadeko abbastarren mendean egon zen Egipto 868 arte. Egiptoko biztanle gehienek Islama onartzeaz gainera, arabiarren hizkuntza bereganatu zuten garai hartan. 868an, Ahmad ibn Tulun gobernariak tulundarren emirerri burujabea sortu zuen, 905 arte luzatu zena. Hogeita hamar urte geroago Muhammad ibn Tughjek bide beretik jo zuen eta beste dinastia bat sortu zuen, 935969 bitartean iraun zuena.

969–1171 bitartean, xiita fatimatarrak nagusitu ziren bertan eta, Bagdadi bizkar emanda, Kairon eraiki zuten kalifa-herri berriaren egoitza. Musulman heretikoak baitziren, suniten eta abbastarren aurka gudukatu ziren bertatik. Dinastia horren garaian urte oparoak izan ziren Egipton, sortaldearekin egiten zuen salerosketari esker. Kairo mundu islamikoko hiri ederrenetako bat bihurtu zen, eta Alexandriak, berriz, galdu egin zuen aspaldiko distira hura. Fatimatarren agintea ahuldu egin zen gurutzatu kristauen aurkako gerren ondorioz; 1172. urtean Saladin I.ak kalifa-herria kurdua deuseztatu zuen, eta abbastarrek bultzaturiko ortodoxia sunita nagusitu zen berriro.

Saladinek sortutako ayyubtarren dinastia (1172–1250), mamelukoen buru zen Baibarsek irauli zuen eta dinastia bahrita sortu (12611382). Ondoren Barquq zirkasiarrak sorturiko dinastia burdjita etorri zen (1382–1517). Mamelukoen Sultanerriko azken bi dinastiotako agintariek mongolen erasoetatik babestu zuten Egipto, ekonomia bizkortzen saiatu ziren eta nazioaren oinarri politikoak sendotu zituzten. Monumentu eder handiak izan ziren Kairo hirian. Urte haietan izan zuen Egiptok heleniarren ondorengo garai oparoena. Aurkikunde batek, ordea, Egiptoren gainbehera ekarri zuen XV. mende bukaeran: 1488an portugaldarrek Esperantza Oneko lurmuturra aurkitu zuten, eta Egipto ez zen harrezkero Sartaldeko eta Sortaldeko nazioak elkartzen zituen lurralde bakarra izan. Mamelukoek, bestalde, ezin eutsi izan zioten otomandarren erasoari eta turkiarrek mendean hartu zuten Egipto 1517an.

Egipto modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1517an, Selim I.a otomandar sultanak Egipto hartu eta Turkiaren mendeko herrialde bihurtu zuen. Horrela iraun zuen hiru mendez, Napoleon Bonapartek 1798. urtean hartu zuen arte. Frantziaren agintea oso laburra izan zen, eta 1805ean Mehmet Ali erregeorde izendatu zuten. Hark Otomandar Inperioarekiko askatasun osoa lortu zuen. Baina independentzia hura ez zen erabatekoa izan, mendebaldeko estatu kolonialistek emandako agindu batzuk bete behar izan baitzituen; izan ere, Ingalaterrak behartuta, Otomandar Inperioari gerran irabazitako guztiak itzuli egin behar izan zizkion Egiptok. Mehmet Aliren agintealdian aro modernoan sartu zen Egipto.

Ondorengoek ez zuten asmatu haren bideari jarraitzen, eta 1882an ingelesek Ahmed Orabi abertzalea garaitu ondoren, beren agintea ezarri zuten, izenez artean Otomandar Inperioaren mende bazegoen ere Egipto. Britainiako kontsula zen Egiptoko benetako nagusia; Abbas II.ak independentziaren alde egin zuen saioak ez zuen berehalako fruiturik eman. Higikunde abertzaleak indar berria hartu zuen Muhammad Abduh Egiptoko independentziaren lehen teorikoaren eraginez; bera izan zen Nahdha edo arabiar berpizkundearen sortzaile nagusia izan zen 1899an. Orduan indaberritu zen Egiptoko kultura, eta eskolak, liburutegiak, moldiztegiak eta egunkariak sortu ziren.

1914. urtean Egipto Ingalaterrako Koroaren mendeko kolonia bihurtu zen ofizialki eta Abbas II.a inolako aginterik gabe geratu zen. 1918an, Saad Zaghlulek Egiptoren askatasun osoa aldarrikatu zuen. Ingalaterrak, hasierako ezezkoaren ondoren, Saad Zaghlul zuzendari zuen Wafd alderdiaren eskakizunak onartu behar izan zituen, eta 1922an askatasuna eman zion Egiptori, defentsa, armada eta atzerriko harremanak bere esku gorde bazituen ere. Fuad I.aren agintaldian (19171936) konstituzioa edo lege nagusia onartu ondoren, 1924ko hauteskundeetan Wafd alderdia atera zen garaile. Erregearen eta Wafd alderdiaren arteko aurkakotasunez baliatu zen Ingalaterra bere politika bideratzeko; 1942an Mustafa el-Nahhas ezarri zion lehen ministro gisa Faruk erregeari (1936–1952), ardatzeko indarrekin batera ez zedin. 1945az geroztik Wafd alderdiak indarra galdu zuen, eta 1949an Israelen aurkako gerra galdutakoan, guztiz ahuldu zen gobernua. 1950ean erregeak berriro deitu zuen Mustafa el-Nahhas gobernura.

Egiptoko Arabiar Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nasserren agintaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1952ko uztailean, Ofizial Libreen Higikundea erakunde klandestinoak, Gamal Abdel Nasser buru zuela, estatu kolpea eman eta, Faruk erregea agintetik eraitsi ondoren, errepublika aldarrikatu zuen. Nasser izan zen, faraoien garaietatik, Egiptoren gaineko aginpidea zuen bertako lehenbizikoa. Izan ere, erromatarrek, bizantziarrek eta arabiarrek lurraldea hartu zutenetik, agintari izan ziren dinastia guztiak arrotzak izan ziren. Bestalde, Nasserrekin batera agintea hartu zuten ofizial gehienak nekazariak ziren jatorriz. Horregatik batez ere, Nasserren garaian abertzaletasuna eta sozialismoa izan ziren nagusi.

Egipton zeuden atzerriko osteak egotzi ondoren (Suezko ubidea nazionalizatu zuen 1956an), arabiar abertzaletasunaren aldeko lehen urratsak eman zituen Nasserrek. Baina asmo horretarako 1958an Siriarekin batera sortutako Arabiar Errepublika Batuak porrot egin zuen berehala. Urte haietan nagusi ziren bi blokeen aurrean, neutraltasunean oinarrituriko politika bideratu zuen Nasserrek eta harremanak izan zituen bai mendebaldeko herriekin eta bai herri sozialistekin ere. 1967ko maiatzean Akabako golkoko bidea Nasserren aginduz itxi ondoren, Israelek Egiptoren aurkako gerra hasi zuen ekainean; juduak nagusitu ondoren, Egiptok Sobietar Batasunaren aldera jo zuen.

Sadaten eta Mubaraken agintaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoko tankeak Yom Kippur Gerran.

1970ean, Anuar as Sadat izan zen Nasserren ondorengoa eta, haren jarraitzaile ezkertiarrak bazterturik, federazio bat osatu zuen Siriarekin eta Libiarekin: Arabiar Errepubliken Batasuna. Orduan hartu zuen Egiptok Egiptoko Arabiar Errepublika deitura. 1973ko urriaren 6an, sobietar aholkulariak kanpora bidali ondoren, Israeli eraso zion Egiptok, Siriarekin batera (Yom Kippur Gerra). 1977an Israelengana hurbiltzen hasi zen, eta bake akordio bat izenpetu zuten bi nazioek 1979ko martxoan: Camp Davideko Hitzarmenak. Itun horren arabera, Sinaiko eta Suezko lurraldeen desmilitarizazioa erdietsi zen arren, palestinarren auzia konpontzeke geratu zen, eta Egiptok kritika zorrotzak jaso zituen gainerako arabiar herrien eta estatuen aldetik, diplomazia eta ekonomia zigorrak barne.

1981eko urriaren 6an, armadako soldaduek Anuar as Sadat lehendakaria hil zuten, eta Hosni Mubarak izan zen ondorengoa. Mubarakek lurraldearen segurtasuna eta lasaitasuna ziurtatu nahi izan zituen, eta herriaren nahigabea, ustelkeria eta pobretasuna neutralizatzeko asmoz, Anuar as Sadaten senideen ondasunen iturria ikertu zuen. Aldi berean, erraztasunak eman zizkien kanpoko enpresei Egipton lan egiteko, kanpoko inbertsioak ugaritzeko asmoz. 1984 irekitze urtea izan zen Egiptorentzat, bai barrualdean bai kanpo politikan. Camp Davideko Hitzarmenek Egiptori ekarri zizkioten ondorio negatiboenak gainditzea lortu zen, onartu baitzen Ekialde Hurbileko krisiaren edozein irtenbide justu palestinar herriaren eskubideak onartzearen bidez iritsiko zela. 1985. urtetik aurrera, ordea, ekonomia krisia larriagotu egin zen, ekonomiaren lau iturri nagusietatik lortzen ziren diru iturriak beherakada izugarria izan baitzuten: petrolioa, emigranteen dirua, Suezko ubidea eta turismoa. Egiptok atzerriko herrialdeekin zuen zorra 2.400 milioi dolarrekoa zen 1970ean; 1986an, berriz, 35.000 milioikoa zen.

Mubarak eta AEBetako presidente George W. Bush 2002an.

1990ean, Iraken gudarostea Kuwaiten sartu zenean, ekintza hura gaitzetsi zuten arabiar herrialdeen buru izan zen Egipto, eta soldaduak bidali zituen Persiar golkora. Lurreko erasoa hasi zenean, Estatu Batuek barkatu egin zioten Egiptori zorra militarra (7.000 milioi dolar). 1991n NDFk erabaki zuen Egiptori diru laguntzak ematea ekonomian aldaketak egiteko baldintzapean. Kairok hitz eman zuen estatuaren enpresak pribatizatuko zituela, produkzio eta inbertsio kontrolak kenduko zituela, eta zerga defizita barne produktu gordinaren % 21etik % 6,5era jaitsiko zuela. Konpromiso horiek bete ahal izateko, gobernuak janarien eta oinarrizko beste gai batzuen laguntzak kentzea erabaki zuen. Urte horretan, higikunde islamiko fundamentalistaren erasoak gogortu egin ziren, eta gobernuak beste hiru urtez luzatu zuen larrialdi egoera. Horrezaz gainera, terrorismoaren kontrako lege bat ezarri zuen, eta milaka islamista atxilotu zituzten; 1993an 15 lagun hilarazi zituzten.

Krisi sozioekonomikoa larritu egin zen 1992ko Kairoko lurrikararekin: 545 hildako eta 6.500 zauritu baino gehiago izan ziren.[7] 1994an turisten kontrako atentatuak ugaritu egin ziren, eta Mubarak ez zen gauza izan islamiar fundamentalisten arazoari irtenbidea aurkitzeko. Kanpo politikari dagokionez, arabiar herrialdeekiko harreman politikoak berreskuratu zituen; 1995ean arabiar herrialdeetako buruzagi nagusien bilera bat izan zen Kairon.

2003. urtean aldaketaren aldeko mugimendua sortu zen, Kifaya izenez ezaguna, demokraziara itzultzeko eta askatasun zibil handiagoak lortzeko helburuarekin. 2005ean Hosni Mubarak lehendakariak adierazi zuen aldatu egingo zuela lehendakaria hautatzeko legea; horren arabera, 2010eko hauteskundeetan hautesle bat baino gehiago hautatu ahal izango ziren, lehenengo aldiz, 1952. urteaz geroztik. 2007an erreferendum bat egin zen, lehendakariaren ahalmenak handitzeko.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoera ekonomiko latzaren ondorioz, protestak areagotu egin ziren 2006. urtetik aurrera. Mubaraken agintaldian, ia bikoiztu egin zen Egiptoko biztanleria, eta datu horrek ere badu bere garrantzia. Gizartean gero eta pisu handiagoa zuten gazteen etsipena areagotzen ari zen, beren bizitza garatzeko aukerarik ez zutelako ikusten. 2011ko urtarrilaren 25ean, Arabiar Udaberria esan zitzaion protesta oldearen barruan, milaka manifestarik kaleak hartu zituzten Kairon, "Ogia, askatasuna eta gizarte justizia" lelopean. Mubarakek zenbait erreforma hitzeman zituen protestak baretzeko, baina ez zuen halakorik lortu. Poliziaren oldarraldi bortitzek ere ez zituzten manifestariak geldiarazi, eta Mubarakek presidente kargua utzi zuen otsailaren 11n, militarren esku utzi ere.[8]

Udaberri Arabiarreko protesta oldeak Mubarak kargutik erauztea lortu bazuen ere, ez zuen kanporatu militarren boterean oinarritutako erregimena. Herritarren mobilizazioak hauteskundeak behartu zituen Egipton; 2012an egin ziren, eta Mohammed Mursi Anaia Musulmanen hautagaia nagusitu zen, antolatuta zegoen bakarra zelako —klandestinitatean ari ziren besteak— eta erregimenak ematen ez zituen zerbitzuak eskaintzen zituelako —hezkuntza, osasuna, elikagaiak—. Baina, estatu autoritarioa eta islamista sortzen ari zela ikusita, protestak abiatu ziren eta, egoera gaiztotu zenean, estatu kolpea emateko baliatu zuen Abdel Fatah al-Sisi buruzagi militarrak.[9] Al-Sisi inteligentzia militarreko buru izana zen Mubaraken agintepean.[8]

Mubaraken osteko giro politiko eta sozial nahasiaren ostean, herritar askok begi onez ikusi zuten aginte gogor batek ordena bermatzea. Al-Sisi 2014an izendatu zuten presidente. Ordutik, talde kritikoekiko jazarpena nabarmen areagotu zen.[8] Kartzeletan 40.000 preso politiko zeudela, eta milaka ekintzaileren arrastoa galduta, egin ziren 2018ko presidentetzarako hauteskundeak, oposizioko hautagairik gabe. Al-Sisik botoen % 92 eskuratu zituen, baina parte hartzea apala izan zen, % 42koa.[10]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo konstituzioa 2014ko urtarrilaren 14an eta 15ean izandako erreferendumean onartu zen; parte hartzea % 38,6koa izan zen, eta botoen % 98,1 kontsituzio berriaren aldekoak. Anaia Musulmanek boikotera deitu zuten.[11] Konstituzio horren arabera, errepublika presidentziala da herrialdea; presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Parlamentuak ganbera bakarra du (Majlis al-Nowaab), 596 kidez osaturik dagoena.[12] 2019ko apirilean, konstituzioaren erreforma onartzeko erreferenduma antolatu zuen Al-Sisik; aldaketa horrekin, 2030 arte agintean egoteko aukera izanen du.[13]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egipto 27 eskualde edo muhafazahetan banaturik dago. Oro har, eskualde hauek hiriburuaren izena hartzen dute. Muhafazah bakoitzeko burua muhafez edo gobernari bat da, zuzenean errepublikako presidenteak izendatua.

Egypt, administrative divisions - Nmbrs - colored.svg
Egiptoko eskualdeak
Zkia Izena Eremua[2] (km2) Biztanleria (2018)[2] Dentsitatea[2]
(bizt./km2)
Hiriburua
2 Alexandria &0000000000002300.0000002.300 &0000000005259818.0000005.259.818 &0000000000002287.0000002.287 Alexandria
12 Al-Xarqiya &0000000000004911.0000004.911 &0000000007332169.0000007.332.169 &0000000000001493.0000001.493 Zagazig
22 Asiut &0000000000013720.00000013.720 &0000000004527565.0000004.527.565 &0000000000000330.000000330 Asiut
27 Aswan &0000000000062726.00000062.726 &0000000001515840.0000001.515.840 &0000000000000024.00000024 Aswan
3 Beheira &0000000000009826.0000009.826 &0000000006337373.0000006.337.373 &0000000000000645.000000645 Damanhur
19 Beni Suef &0000000000010954.00000010.954 &0000000003249351.0000003.249.351 &0000000000000297.000000297 Beni Suef
6 Damietta &0000000000000910.000000910 &0000000001527189.0000001.527.189 &0000000000001678.0000001.678 Damietta
5 Daqahliya &0000000000003538.0000003.538 &0000000006626435.0000006.626.435 &0000000000001873.0000001.873 Mansura
15 Faiyum &0000000000006068.0000006.068 &0000000003705139.0000003.705.139 &0000000000000611.000000611 Faiyum
9 Gharbia &0000000000001942.0000001.942 &0000000005104634.0000005.104.634 &0000000000002629.0000002.629 Tanta
14 Giza &0000000000013184.00000013.184 &0000000008831714.0000008.831.714 &0000000000000670.000000670 Giza
18 Hego Sinai &0000000000031272.00000031.272 &0000000000104800.000000104.800 &0000000000000003.3000003,3 El-Tor
8 Ipar Sinai &0000000000027564.00000027.564 &0000000000460174.000000460.174 &0000000000000016.70000016,7 Arix
13 Ismailia &0000000000005067.0000005.067 &0000000001338217.0000001.338.217 &0000000000000264.100000264,1 Ismailia
23 Itsaso Gorria &0000000000120000.000000120.000 &0000000000369119.000000369.119 &0000000000000003.1000003,1 Hurghada
4 Kafr el-Xeikh &0000000000003467.0000003.467 &0000000003445213.0000003.445.213 &0000000000000993.700000993,7 Kafr el-Xeikh
16 Kairo &0000000000003085.0000003.085 &0000000009717324.0000009.717.324 &0000000000003150.0000003.150 Kairo
26 Luxor &0000000000002460.0000002.460 &0000000001282590.0000001.282.590 &0000000000000433.300000433,3 Luxor
1 Matruh &0000000000166563.000000166.563 &0000000000450928.000000450.928 &0000000000000002.7000002,7 Marsa Matruh
10 Minufiya &0000000000002499.0000002.499 &0000000004400528.0000004.400.528 &0000000000001761.0000001.761 Xibin el-Kom
20 Minya &0000000000032279.00000032.279 &0000000005673629.0000005.673.629 &0000000000000175.800000175,8 Minya
7 Port Said &0000000000001345.0000001.345 &0000000000760152.000000760.152 &0000000000000565.200000565,2 Port Said
11 Qalyubiya &0000000000001124.0000001.124 &0000000005744425.0000005.744.425 &0000000000005111.0000005.111 Banha
25 Qina &0000000000008980.0000008.980 &0000000003264263.0000003.264.263 &0000000000000363.500000363,5 Qina
24 Sohag &0000000000011218.00000011.218 &0000000005128446.0000005.128.446 &0000000000000457.200000457,2 Sohag
17 Suez &0000000000009002.0000009.002 &0000000000743193.000000743.193 &0000000000000082.60000082,6 Suez
21 Wadi al-Jadid &0000000000440098.000000440.098 &0000000000247140.000000247.140 &0000000000000000.6000000,6 Kharga
Egipto &0000000000996603.000000996.603 &0000000097147368.00000097.147.368 &0000000000000097.50000097,5 Kairo

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptok 104,1 milioi biztanle zituen 2020an. Gehienak, % 95, Niloren ertzeko zerrenda estu batean bizi dira. Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 33,6 dira, 15-24 urte bitartekoak % 18, 25-54 urte bitartekoak % 37,8, 55-64 urte bitartekoak % 6,1, eta 65 urtetik gorakoak % 4,4. Bizi itxaropena 73,7 urtekoa da; 72,3 urtekoa gizonezkoena eta 75,3 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[12]

Hazkunde demografikoa oso handia da (% 46 emendatu zen biztanleria 1994-2014 bitartean),[12] eta nekazaritzak ezin ditu biztanleen beharrak ase. Egiptok ezin die lanik eskaini biztanle guztiei, eta askok beren herrialdetik alde egin behar izaten dute lana bilatzeko. Agintariak saiatu dira hazkunde demografikoari eusten, eta 1990eko hamarkadaren amaieratik emakumeko 3 seme-alabetan mantendu da ugalkortasun-tasa (3,29 2020an).[12]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoar gehienak, % 99,7, antzinako egiptoarren eta arabiarren ondorengoak dira. Beste herri konkistatzaileen ondorengoak ere badaude (greziarrak, erromatarrak, turkiarrak), Egipto Beherean batez ere. Nahasketa horrek ezaugarri bereziak sortu ditu Niloren bailarako biztanleengan, Mediterraneo aldeko gainerako egiptoarren oso bestelakoak. Nubiarrak Egiptoko bertako herria dira; milaka urtez Egipto hegoaldean eta Sudan iparraldean bizi izan dira, baina Nasser aintzira eraiki zutenean urpean gelditu ziren haien herri asko. Basamortuan artzain nomada eta erdi nomada batzuk bizi dira, beduinoak gehienak.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala arabiera da; frantsesa eta ingelesa dira biztanle ikasien bigarren hizkuntzak. Koptoera da Eliza Koptoaren liturgia-hizkuntza.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen % 90 musulmanak dira, suniak gehienak, eta % 10 kristauak, koptoak batez ere.[12] Gutxiengo erlijiosoek pairatu dituzte muturreko islamisten erasoak. Kairon, kristau koptoen eliza baten inguruan, gutxienez 25 hil zituzten 2016ko abenduaren 11n. 2017ko apirilaren 7an, 44 koptotik gora hil zituzten Tanta eta Alexandriako bi elizetan, eta, maiatzaren 26an, erlijio hartako fededunez betetako autobus bat tirokatu zuten Minya eskualdean, eta 29 hildako eragin. Sufien komunitateek ere nozitu dute indarkeria. 2017ko otsailean, lider sufi bati lepoa moztu zioten, heresia egitea egotzita, eta azaroaren 24an gutxienez 305 pertsona hil zituzten Bir al-Abedeko (Ipar Sinai) sufien meskitaren kontrako atentatuan.[14]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oztopo handiei egin behar die aurre Egiptoko ekonomiak: demografia-hazkunde izugarria, inflazio handia, eta biztanle pilaketa hirietan. Presio horri erantzun nahian, 1991n ekonomiaren egonkortasuna iristeko hainbat neurri hartu zituen Egiptok. Erreforma horiek hiru planen bidez bideratu ziren; azkena 1998an amaitu zen. Erreforma ahaleginek eta Golkoko Gerran parte hartzeak asko handitu zuen Egiptoren zorra. Hala ere, aurrerakuntza handiak lortu ziren aldagai makroekonomikoei dagokienez; Kairok inflazioa kontrolatu zuen, eta gainditu egin zituen aurrekontuaren defizitak. Pribatizazioak eta merkataritza legeen erreformak Nazioarteko Diru Funtsak aurrez ikusia zuena baino mantsoago gertatu baziren ere, Egiptok atzerriko inbertsioak ugaritzea lortu zuen merkatu ekonomia indartzeko neurriak hartu izanari esker.

2016an, finantzaketaren premia bizia zuela-eta, Egiptoko presidenteak 10.700 milioi euroko laguntza eskatu zion Nazioarteko Diru Funtsari. Izan ere, 2010eko hamarkadan ekonomiaren egoerak okerrera egin zuen: langabezia tasa ofiziala % 12koa zen, eta gazteen % 40k ez zuten lanik; defizit publikoa % 12koa zen, eta geroz eta zor handiagoa ordaintzeak aurrekontuaren % 30 hartzen zuen; inflazioa % 14ra igo zen, eta estatua dolarrik gabe geratzen ari zen atzerrian erregaia eta janaria erosteko.[15]

Nekazaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileak udaberriko tipula sailetan.

Nilo ibaiari erabat loturik egon da, eta hala dago oraindik ere Egiptoko ekonomia. Herrialde nekazaria da, eta langileen % 25,8 nekazaritzan edo abeltzaintzan dihardu lanean (2015eko datuak).[12] Basamortuak Egiptoren zatirik handiena hartzen duenez, gobernuak hainbat programa egin ditu lantzen den lur kopurua hazteko: luberritzea, ureztatzea eta teknologia aurreratua erabiltzea (ongarriak eta makinak). 1952-1961 bitarteko urteetan berrikuntza ugari egin ziren, eta ordura arte lurjabe gutxiren esku zeuden eremu zabalak nekazarien artean banatu ziren. Urtegi handiak egin dira Nilon: Asiut, Nag Hammadi, Ziftah, Esna eta, batez ere, Aswan. Urtegi hauei esker, urtean bi eta hiru uzta jasotzen dira; 300.000 hektarea kendu zaizkio basamortuari eta 500.000 hektarea eman zaizkio nekazaritzari. Azken proiektu handia 1997. urtearen hasieran jarri zen abian: Haran Berria Proiektua. Bi helburu nagusi ditu: basamortuko 234.000 hektarea lantzeko lur bihurtzea eta, horren bitartez, Nilo ibaiaren bailaran eta deltan dauden jende asko beste inguru batzuetara joatea eta han hartzea bizilekua.

Egiptoko nekazari ustiapenen etekinak munduko garaienetakoak dira. Egipto da kotoi zuntzaren ekoizle nagusia. Arto etekinak ere munduko garaienetakoak dira. Gai horiez gainera, garrantzizkoak dira azukre kanabera, garia, arroza eta tomateak, artatxikia, tipulak, datilak, etab. Abeltzaintza zama-abereen ingurukoa da batez ere.

Industria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoko industriaren gai nagusiak hauek dira: kotoi haria, jute haria eta ehunak, artile haria, azukre findua, azido sulfurikoa, ongarriak, papera. Beste industria jarduera batzuk burdin eta altzari ekoizpena eta petrolio findegiak dira. Industria gehienak Kairo eta Alexandria inguruan daude.

Energia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hidrokarburoak erauzteko plataforma.

Petrolioaren ekoizpena apala bada ere, Ekialde Hurbileko gainerako herrialdeen ondoan, petrolioaren sektoreak garrantzi handia du Egiptoko ekonomian. 1980an hobi berriak aurkitu ziren eta horrek bikoiztu egin zuen ordu arteko ekoizpena.

Turismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turismoa garrantzi handikoa da Egiptoko ekonomiarentzat. 2010 izan zen urterik hoberena: 14,7 milioi pertsonek bisitatu zuten herrialdea,[16] eta langile guztien %12 enplegatu zituen. Hainbat gertakizunek, ordea, turismoaren beherakadak eragin dituzte. Amesgaiztoa 1997an hasi zen, muturreko islamista talde batek 62 lagun hil zituenean Luxorko tenpluetan, horietatik gehienak turistak. Ordutik hona, bisitariak izutzea eta haren inguruko industria gutxitzea helburu izan zuten hainbat eraso izan dira. Larrienetako bat 2015eko urriaren 31n gertatu zen, 224 turista San Petersburgora (Errusia) bueltan zeramatzan hegazkina leherrarazi zuenean Estatu Islamikoak. Bestalde, 2011ko Egiptoko Iraultzak ere gutxitu zuen turisten iritsiera.[15]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c The World Factbook: Country Comparison: Area. cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-4-2.
  2. a b c d e f Egypt: Governorates, Cities & Towns. citypopulation.de . Noiz kontsultatua: 2020-3-31.
  3. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  4. Environmental and Coastal Processes along the Nile Delta Coast, Egypt in Twenty-Five Years. researchgate.net . Noiz kontsultatua: 2020-4-2.
  5. Nilo. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-2.
  6. Hamza, Waleed. Land use and Coastal Management in the third Countries; Egypt as a case. researchgate.net . Noiz kontsultatua: 2020-4-2.
  7. A. Fergany, Elsayed; Sawada, Sumio. Estimation of Ground Motion at Damaged Area During 1992 Cairo Earthquake Using Empirical Green's Functions. Seismological Research Letters. 80 (1): 81–88. doi:10.1785/gssrl.80.1.81, pubs.geoscienceworld.org . Noiz kontsultatua: 2020-4-15.
  8. a b c Berasategi Otamendi, Gorka. Faraoi militarraren ondarea. Berria egunkaria, 2020ko otsailak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-16.
  9. Berasain Tristan, Kristina. Tahrir plaza isildu da. Berria egunkaria, 2016ko otsailak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-22.
  10. Berasain Tristan, Kristina. Al-Sisiren zilegitasuna auzitan jarri dute emaitzek, bozak irabazi baditu ere. Berria egunkaria, 2018ko martxoak 30, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-17.
  11. Konstituzio berriak %98ko babesa jaso du Egiptoko galdeketan. Berria egunkaria, 2014ko urtarrilak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-17.
  12. a b c d e f Egypt. The World Factbook, cia.gov . Noiz kontsultatua: 2020-4-19.
  13. Berasain Tristan, Kristina. Boterean gotortzeko babesa lortu du Al-Sisik. Berria egunkaria, 2019ko apirilak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-18.
  14. Susaeta, Igor. Gutxienez 305 pertsona hil dituzte Egipton, meskita bati eraso eginda. Berria egunkaria, 2017ko azaroak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-19.
  15. a b Aranburu, Iker. NDFren atea jo du Egiptok. Berria egunkaria, 2016ko abuztuak 25, CC BY-SA 4.0, berria.eus . Noiz kontsultatua: 2020-4-19.
  16. Dominguez Reguero, Javier. Propuestas en el país de las pirámides para recuperar el turismo. El Pais, 2019ko urriak 22, elpais.com . Noiz kontsultatua: 2020-4-19.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]