Egunean behin (lehiaketa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Egunean behin (lehiaketa)
Jatorria
Sorrera-urtea2019
Jatorrizko hizkuntzaeuskara
Ezaugarriak
Genero artistikoatrivia (en) Itzuli
Irakur dezakeAndroid eta iOS
Ekoizpena
GaratzaileaCodesyntax
Historia
Jasotako sariak

Egunean behin telefonorako aplikazio bidez zabaltzen den galdera-erantzun moduko lehiaketa da, Codesyntax enpresak 2019an sortu zuena. Erabiltzaileak egun bakoitzean behin bakarrik jolas dezake, 10 galderetan erantzun zuzena markatu behar du aurkezten zaizkion hiru aukeren artean.[1]

Egunean Behin zuzenekoa Korrika amaiera jaian (Donostia, 2022)

Euskal Herrian arrakasta handia izan du jokoak duela lau urte sortu zutenetik. Denera, 2023ra arte 35 milioi partida jokatu zituzten, eta 350 milioi galdera erantzun jokalariek.[2]

2024an aplikazio informatikoaren 5 urteurrena ospatu dutenean, bost urte horietan (2019-2024) 220.000 jokalari, 14 denboraldi, 160 aste eta 50 milioi partida baino gehiago izan dituela zabaldu dute.[3] Euskarazko kultura digitala bultzatzeko eragile garrantzitsu bihurtu da.[4]

Lehen finala 102 lagunek jokatu zuten Azpeitiko Sanagustin kulturgunean 2019ko abenduaren 14ean. Eneko Agirrezabal segurarrak irabazi zuen. Finalean aurreko hilabeteetako jokalaririk onenak bildu zituzten, final batean. 2019ko udazkenean astean 50.000 pertsonak baino gehiagok jokatzen zuten partidaren bat sakelakoetarako euskarazko aplikazioan. Gainera, berez joko indibiduala zena, saio kolektibo bihurtu dute.[5][6]

« Txaloak Codesyntaxekoei, euskarazko jolas batean 50.000 parte hartzaile lortzea ez baita normala, lorpen hau gutxitan izan baita Euskal Herrian euskarazko produktu batekin. »

—Kike Amonarriz[4]


Bigarren denboraldia 2019ko irailean hasi eta abendura bitarte iraun zuen. Hirugarren denboraldiak 8 aste hartu zituen 2020ko otsailean hasita. 2020ko otsailean aplikazioak 70.000 partaide lortu zituen.

2023ko martxoaren 31n jokatu zuten Egunean Behin jokoaren 11. sasoiaren finala, Donostiako Teknologia Parkean.[2] 11. denboraldi horretan 65.000 pertsona aritu ziren jokatzen.[2]

Beste hizkuntza batzuetarako bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeserazko bertsioa (Cwis Bob Dydd)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararekin jaso duen arrakasta horrek atzerrira eraman du jokoa. Euskarazko bertsioaz gain, beste bi garatu dituzte. Cwis bob dydd (proba bat egunean) du izena galesezko bertsioak, eta 2022ko urrian abiatu zuten, 12 asteko denboraldi batekin. Lehenengo sasoian 7.000 erabiltzaile lortu zituzten. S4C telebista galestar publikoak eskatu zuen, eta Codesyntaxek berak eta Tinopolis[7] Galesko ekoiztetxeak garatu zuten, elkarlanean.[8][9][10][2] Jokoa beste hizkuntza batera egokitu ahal izateko zenbait egokitzapen egin behar izan dituzte:

  • Mekanika eta itxuran, Egunean Behinekin alderatuta berdina da Cwis Bob Dydd. Edukietan dagoenez muina, galdera sorta batzuk egokitzapen/lokalizazio erraz samar batekin igaro ziren bertsio batetik bestera: eragiketa eta segida matematikoak, adibidez, edo munduko banderak; edo kontaketa kontuak. Beste eduki batzuek egokitzapen gehiago eduki zuten, baina parekideak dituzte euskaraz: anagramak (letra nahasietatik hitza asmatu) edo letra-zopak kasu. Eta noski, Galesko pertsonak, bazterrak eta historiako, kulturako edo hizkuntzako datuak biltzen dituzten galdera sorta espezifikoak daude.[8]
  • Izena asmatzerakoan egokitzapen bat egin zuten itzuli baino lehenago, "Quiz bat egunean" izan zen abiapuntua gero Cwis Bob Dydd lortzeko; Cwis galesez, ingelesezko Quiz baita, galde-erantzunen jokoa alegia.[8]
  • Gales hikuntza zeltikoa generoa duen hizkuntza izanik, galderak lokalizatzerakoan aldaketa batzuk egin behar izan ziren. Euskaraz aski da galdetzea "nor da?" edo "nor da kirolari hau?" baina generoa duen hizkuntza da galesa, eta bereizketa egin behar da galderetan.[8]
    • Pwy yw hi? (Nor da, emakumezkoa)
    • Pwy yw e? (Nor da, gizonezkoa)
    • Pwy yw'r chwaraewr yma? (gizonezko kirolariez galdetzekotan)
    • Pwy yw'r chwaraewraig yma? (emakumezko kirolariak)

Katalanezko bertsioa (Un cop al dia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katalanezko bertsio bat ere sortu dute: Un cop al dia. 2023ko otsailaren 27tik maiatzaren 7ra arte jokatu zuten lehenengo sasoia.[2][11]

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Euskaratik eta euskaraz sortutako 80.000tik gora galdera ditu egun datu-basean tribial estiloko joko honek. Haren helburua da euskara sustatzea eta euskal kultura ezagutaraztea.  Aplikazioak 100.000 deskargen langa gainditzea lortu du eta  horietatik gehienek jokatu izan dute egunero. 2019an 3,5 milioi partida jokatu ziren. Komunikazio-esparrua aldatzera datorren tresna nagusiari (Internet eramangarria duen eskuko ordenagailu-telefonoari) modu irudimentsu eta arrakastatsuan heltzen dion proposamena da. Mugikorrarentzat egina izatean, edozein lekutatik parte har daiteke, gehienez egunean behin eta denbora mugatuan. Joko-jolasaren bitartez euskarazko erabiltzaileen komunitatea eraikitzeko tresna dugu CodeSyntaxek merkaturatu duen APP hau. Azpimarratu behar da taldean jokatzeko aukera ematen duela eta 40.000 talde inguru daudela sartuta jokoan. Hala, dagoeneko komunitate bat bildu da jokoaren inguruan, #eguneanbehin traolarekin sare sozialetan isla duena. Etengabe berritzen doan egitasmo honek, gainera, mugikorrerako aplikazio batek eskain dezakeen aukerak gainditu ditu, erabiltzaileei Youtubez erretransmititutako zuzeneko partidak jokatu eta jarraitzeko aukera emanez. »

Rikardo Arregi saria Komunikazio atalean (2020)[13]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sustatu; CodeSyntax. (2020-01-07). «Egunean Behin: 3.5 milioi partida jokatu ziren 2019an» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
  2. a b c d e «Egunean behin jokoak 12. sasoia hasiko du astelehenean» Berria 2023-05-11 (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  3. «Egunean Behin: 5 urte, 220.000 jokalari eta 50 milioi partida» CodeSyntax (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  4. a b c «Euskaldunen komunitatera iristeko sustapen-tresna» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-03-11). Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name ":0" defined multiple times with different content
  5. «Euskaldunen komunitatera iristeko sustapen-tresna» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-06-06).
  6. Aperribai, Julen. ««Saiakera txiki bat da euskarazko ikono bat telefonoetan sartzeko»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-02).
  7. (Ingelesez) «Tinopolis» Tinopolis (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  8. a b c d «Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa kalean da: Cwis Bob Dydd» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  9. «S4C yn lansio ap cwis newydd // S4C launches new quiz app» www.s4c.cymru (Press | S4C) (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  10. «Cwis Bob Dydd | S4C» www.s4c.cymru (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  11. (Katalanez) CodeSyntax. «Un Cop Al Dia» Un Cop Al Dia (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
  12. «2020ko Argiak Sariak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-09-04).
  13. a b «Rikardo Arregi kazetaritza saria» rikardoarregikazetaritzasaria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]