Egunero (1990)
- Artikulu hau 1990ko agerkariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Egunero (argipena)».
| Egunero (1990) | |
|---|---|
| Jatorria | |
| Argitaratze-data | 1990 |
| Izenburua | Egunero |
| Ezaugarriak | |
| Hizkuntza | euskara |
Egunero izena eduki zuen euskarazko egunkari-zirriborro publizitario batek, Eusko Jaurlaritzak banatua Euskaldunon Egunkariaren jaiotzarekin batera, 1999eko abenduaren 6an eta egun horren bezperan hainbat etxetara helarazia.
Euskaldunon Egunkaria eta Jaurlaritzaren arteko tirabira
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990. urtean, Euskaldunon Egunkaria sortzeko prozesuan Egunkaria Sortzen taldea lanean ari zela, Eusko Jaurlaritzaren babesik ez zuten aurkitu bultzatzaileek, eta are gehiago, aurkakotasun nabarmena Joseba Arregi Kultura Sailburuaren aldetik. Arregik beste egunkari bat administraziotik sortzeko ekimenrri ekin zion, 1990. urtea amaitu baino lehen egongo zela egunkari hura iragarri zuen, eta proiektu horren lanketan Jose Ramon Beloki jarri zuen [1] [2]. Jaurlaritzako alderdi nagusia zen EAJko politikari batzuek mesfidati ziren Egunkariaren proiektua ezker abertzalearekin lerratuta ote zegoen, eta hala esan zuen Iñaki Zarraoa jeltzaleak ETBko eztabaida saio batean, ea Martin Ugalde Egunkaria Sortzenekoa "zertan zebilen Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko orbitan". [3]
Egunkari proiektu horretan gizarte zibileko eragileak ere inplikatu nahi izan zituen Jaurlaritzak, eta laguntza lortu zuen Ikastolen Federaziotik: egunkari instituzionalaren banaketa eredua izan behar omen zen ikastolen bidez dohahinik helaraztea etxeetara [1] [2].
Banatutako 'Egunero'
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990eko abenduan banatutako Egunero aleak egunkari baten itxura zuen, eta artikulu eta atal batzuk ere bai tankera horretakoak, baina artikuluak iraganeko data batekoak ziren (1990eko abuztuaren 4koak), eta konbinatzen ziren zortzi orrietan euskarazko egunkari hark izango zituen ezaugarriekin. Egunkariaren izena Egunero izango ote zen ez zen baieztatzen, baina diseinuaren tankerarako ale hark balio zuela aipatu zen. [4]
Egunkari posiblearen ezaugarri batzuk ere aurreratu zituen Egunerok: "bakarra, denona" eta "inorena ez" izan behar zuela,. "Pentsamolde eta jokabide desberdinen plaza eta topaleku izan behar du horretarako. Beti ere jakina, demokraziaren printzipio eta arauen errespetuan eta barnean". Egunkaria egiteko enpresa sendo eta publikoa behar zela aipatzen zen, hezkuntzaren munduarekin lotura eduki behar zuela, eta euskarazko komunikabide publikoekin harreman estua ere bai. "Euskararen multimedia moduko zerbaiten barneko elkarlanean bildu behar dute, alde honetatik, ETB1-ek, Euskadi Irratiak eta euskarazko egunkariak". [5]
Ale hura agertu ondoren, ez zen besterik jakin proiektu harena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Arbelaitz Mitxelena, Lander. (2015-12-02). «Euskarazko egunkaria aldarrikatzetik egitera» Argia (kontsulta data: 2025-12-09).
- 1 2 Etxeberria, Hasier. (1992-11-30). «Euskal kultura 1992 - Bandera piratak» Jakin 73: 40. (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ugalde, Martin. (1990-08-17). «Euskaldunen Egunkaria» El Diario Vasco: 14. (kontsulta data: 2025-12-09).
- ↑ Egunero (1990), 1. orria / azala.
- ↑ Egunero (1990). 2. orria.